Bezeroak beti du arrazoi... lehen sei hilabeteetan
Edozein produktuk bi urteko bermea dauka, eta erabiltzaileak eskubidea du behin erosi zuen produktua -ustez arazorik ez zuena- konpon diezaioten, aldatu edo, hala komeni bada, diru itzul diezaioten. Hori hala da, baina hori jakiteak jada ez du deus askotarako balio. 1/2007 Errege Legegintza Dekretuarekin (azaroaren 16koa da, eta Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorraren testu bategina onartzeko balio izan du), kontsumo ondasunen bermea arautu dute, eta saldu ondoren egin beharreko konponketen atala eta eman beharreko zerbitzua ere bai.
Legeak bi urteko bermea ezartzen du ondasunentzat eta kontsumitzailea babesten jarraitzen du produktuak osaera-akatsak dituenean; horretan ez dago aldaketarik, baina badu berritasun bat: babes hori, batik bat, lehen sei hilabeteetan ematen du. Epe horretan, gehien-gehienetan, saltzaileak automatikoki onartuko du bere erantzukizuna. Seigarren hilabetetik aurrera, ordea, aditu batek ikerketa egin beharko du, espezializatua eta inpartziala, eta hark esango du zergatik agertu den akatsa, eta horren arabera erabakiko da zer erantzukizun duen aldeetako bakoitzak. Bestalde, iraupen handiko produktuetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileek eskubidea izango dute zerbitzu tekniko egokia jaso ahal izateko, eta ordezko piezak eskuratu ahal izango dituzte produktua ekoizteari utzi eta hurrengo bost urteetan, gutxienez.
Edozein matxurarentzat balio du bermeak?
Osaera-akatsak soilik hartzen ditu kontuan bermeak. Saltzaileak, publizitateak edo etiketak esan dezake produktuak ezaugarri batzuk dituela eta erabilgarria dela gauza bat edo beste egiteko, baina gerta daiteke ez hala izatea. Produktu batek matxura bat eduki dezake ekoizpen-akats baten eraginez, saltzaileak okerreko instalazio bat egin duelako, erabilera oharrak gaizki idatzita daudelako… baina matxura sor liteke, halaber, erabiltzaileak kolpe bat eman diolako nahi gabe, gaizki erabili duelako edo behar bezala zaindu ez duelako. Lehenengo horiek dira osaera-akatsak, eta horiei erantzuten die bermeak, ez besteei.
kolpeek sortzen dituzten matxurak eta okerreko erabilerak eragiten dituenak
Produktu baten osaera ontzak jo ahal izango da bat datorrenean saltzaileak egin duen deskripzioarekin eta egokia denean egunero erabiltzeko eta erosleak eman nahi dion edozein erabilera berezi emateko, baldin eta saltzaileak esan badio horietarako ere erabil daitekeela. Horrez gain, erositako ondasunek ustez eskaintzen dituzten kalitate eta aukerak eskaini behar dituzte, berez dagozkien horiek, eta saltzaileak edo ekoizleak esango balu -publizitate edo etiketa bidez- produktu batek berezitasun jakin batzuk dituela, horiek ere bete egin behar ditu.
Lehen sei hilabeteetan desberdina da bermea?
Lehen sei hilabeteetan sortzen diren akatsak jatorrizkotzat hartzen dira, baina ez epe horretatik aurrera agertzen direnak. Horrek eztabaida handiak eragiten ditu bermatzaileen eta kontsumitzaileen artean, ez baitira gai izaten akatsa edo matxura zergatik agertu den adosteko. Bien artean gatazka sortzen bada, legeak kontsumitzailearen alde egingo du lehen sei hilabeteetan, inolako frogarik eskatu gabe, gainera, epe horretan produktuen akatsak jatorrizkotzat jotzen baitira, esan bezala. Bermatzaileak automatikoki hartzen du bere gain erantzukizun guztia. Sei hilabete horiek igarota, ordea, eta bi urte arteko epean -legezko bermea bukatu arte, alegia-, aditu baten txostena behar izaten da, espezializatua, objektiboa eta inpartziala, eta hark esan behar du zergatik sortu den matxura; txosten hori oinarri hartuta erabakiko da zer erantzukizun duen aldeetako bakoitzak. Akatsa jatorrizkoa bada, bermea sinatu duen saltokiak doan konpondu beharko dio erosleari, edo dirua itzuli, edo produktu akastuna hartu eta berri bat eman. Zenbaitetan, prezioa merkatuta konpon liteke arazoa.
Nola egin behar da erreklamazioa?
Lehenik eta behin, erreklamazio orri bat eskatu behar dugu saltokian, eta bete. Saltzaileari eskatu behar genioke hark ere bere argudioak jar ditzala eta sina dezala. Saltzaileak kopia bat hartuko du, eta Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegora eramango dugu jatorrizko dokumentua. Bi aldeak ados jartzen saiatu beharra dago hortik aurrera, eta ezinezkoa balitz, auzitara edo ebazpen batzordeetara joko genuke.
Noiz da une egokia erreklamazioa egiteko?
Akatsa antzeman bezain laster egin behar da. Legeak dionez, akatsa agertu eta hurrengo bi hilabeteetan egin behar da. Gatazkaren bat sortzen bada, erreklamazio orria eska dezakegu unean berean, edo bestela, kontsumoko zerbitzu publikoetara jo dezakegu aholku eske; komeni bada, hantxe bertan aurkeztuko dugu kexua. Auzitara jo nahi izanez gero, produktua jaso dugunetik hasi eta hurrengo hiru urteetan egin behar dugu.
Zer eskatu dezakegu?
Produktua doan konpontzea, kontratua baliogabetu eta dirua itzultzea edo beste produktu bat ematea gaizki dagoenaren ordez. Legeak aukera horiek eskaintzen ditu, eta adostasun gehien daukana hautatu ohi da: zenbait produkturekin, zer prezio eta zer matxura duten kontuan hartuta, merkeago irteten da berria ematea, hondatua konpontzea baino. Gerta liteke, akatsak akats, produktuak ongi funtzionatzea; halakoetan, agian aski izan liteke zertxobait merkeago eskuratu ahal izatea.
Produktua aldatzea edo konpontzea, zer komeni izaten da?
Etxetresna elektriko txikiak konpontzea, adibidez -irabiagailuak, zukugailuak, ile lehorgailuak, eta abar-, gehiago kostatzen zaie bi aldeei, aldatu eta berria ematea baino. Egoera horietan egokiagoa izan daiteke produktua aldatzea, eta ez konpontzea.
Arazoa auto batekin sortuko balitz, ikuspegia aldatu egingo litzateke, agian. Halakoetan, erosketa kontratua eten eta erosleari dirua itzultzea, edo auto berria ematea lehengoaren ordez, hori galera izan liteke saltzailearentzat, eta ez du zertan bere gain hartu, baldin eta autoaren matxura konpontzeko modukoa bada teknikoki eta ekonomikoki, eta baldin eta eragozpen handi-handirik sortzen ez badio erosleari. Egoera hori suertatuko balitz, matxura konpontzea izango litzateke irtenbide onena bi aldeentzat.
Altzari batek urratu txiki bat duelako, adibidez, ezin da eskatu berri bat eman diezagutela; neurrigabea litzateke. Kalte txiki hori ordaintzeko, saltzaileak zertxobait merkeago saldu diezaguke. Baina tiraderak eta ateak itxiko ez balitzaizkio edo behar bezain egoki doituta ez balitu, elementu horiek aldatzea eskatu genuke, eta, agian, altzaria bera ere bai.
Egoera bakoitzari nola erantzun jakiteko, zuhur jokatzea komeni izaten da, eta ezer egin baino lehen, kontsumo zerbitzuetara jotzea aholku eske.
Eta ekoizleak denbora asko pasatzen badu produktu berria ekartzeko?
Zenbaitetan, denbora behar izaten da ondasun bat aldatzeko ere, berria iristen ez delako, eta kontratua eten ahal izateko ados jartzea ere ez da berehalakoan lortzen beti. Legeak, hala ere, aintzat hartzen du produktua konpontzeagatik sortzen den atzerapena eragozpen handia izan litekeela erabiltzailearentzat. Bi aipamen hauek egin ditu:
- Batetik esaten du produktua konpontzeko edo aldatzeko hartzen den denborak zentzuzkoa izan behar duela, eta erabiltzaileari ez diola sortu behar eragozpen handirik.
- Bestetik adierazten du kontsumitzaileak eskubidea duela produktua alda diezaiotela eskatzeko, baldin eta zentzuzko denbora baino gehiago hartu badute matxura konpontzeko.
Hala ere, eskuko telefonoak hilabeteetan eduki ohi dituzte konpontzen zerbitzu teknikokoek.
Halakoetan, saltzaileari galdetu behar genioke zenbatsu denbora beharko duen matxura konpontzeko. Denbora hori igaro denean, edo aski denbora igaro dela iruditzen zaigunean, saltzailearekin ados jartzen saia gaitezke ordezko produktu bat utz diezagun bere borondatez -autoa konpondu bitartean-eta egiten dituzte halakoak-; bestela, erreklamazio bat egin dezakegu, eta produktua aldatu edo dirua itzul diezagutela eskatu.
2007. urteko legeak badu beste berritasunik?
Bai. Saldu ondorengo zerbitzuari dagokion atalean, hain zuzen. Honelaxe esaten du: iraupen handiko produktuetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileek eskubidea izango dute zerbitzu tekniko egokia jaso ahal izateko, eta ordezko piezak eskuratu ahal izango dituzte produktua ekoizteari utzi eta hurrengo bost urteetan, gutxienez.
- Ondasuna konpontzea eta aldatzea doan izan behar du. Kontsumitzaileak ez du zertan ordaindu ez garraio gasturik, ez bestelakorik ere.
- Bermearen iraupen-aldia eten egiten da produktua konpontzeko edo aldatzeko uzten dugun unean, eta konponduta itzultzen digutenean hasten da berriz. Data horiek ageri dituzten ordainagiriak saltokian aurkeztu behar dira.
- Produktua aldatu eta ordezko bat eman badigute, sei hileko bermea izango du.
- Bigarren eskuko produkturen bat erosiz gero saltoki batean, horiek urtebeteko bermea edukiko dute, gutxienez, baina ez norbanakoei erosiek. Horiei sei hileko epea ezartzen zaie, Kode Zibilekoa (epe horrek, gainera, iraungitze-data ere adierazten du).
- Ekoizleak eskaintzen duen merkataritza-bermea gehigarritzat hartzen da, legezko bermearen baldintzak hobetzen dituen gehigarritzat.
- Erosketa txartela edo ordainagiria gorde egin behar da derrigor, eta emate-agiria ere bai.
Nabarmentzeko: Bermeak ez ditu bere gain hartzen guk emandako kolpeek sortzen dituzten matxurak eta okerreko erabilerak eragiten dituenak