Taxiak: 180 ibilbide egin ditugu 18 hiritan, eta zerbitzuak eta tarifak alderatu ditugu

Taxien tarifak ia KPI halako lau igo dira azken urtean

Batez beste, % 5,2 igo da taxi-bidaien prezioa, eta urteko KPI, berriz, % 1,4 baino ez. Zerbitzuaren kalitatea, oro har, hobetu egin da, baina hamar taxitatik lautan ez da agerian egon prezioen zerrenda, nahiz eta derrigorrezkoa den
1 martxoa de 2009
Img tema

Taxien tarifak ia KPI halako lau igo dira azken urtean

/imgs/20090301/tema.jpg
Garraiobiderik erosoena taxia da eta, zenbaitetan, derrigor erabili beharrekoa ere bai, besterik ezean. Sekula ez da merkea izan, baina orain inoiz baino garestiagoa da. Gora eta gora doaz tarifak, eta azken urtean, adibidez, % 5,2 garestitu dira, batez beste, urteko KPI (% 1,4) halako lau ia. Taxien tarifak asko aldatzen dira hiri batetik bestera: Bilbon eta Donostian, adibidez, 0,65 balio du kilometro bakoitzak (lanegunetan eta egunez), eta Madrilen, Alacanten eta Valentzian, ia euroa ordaindu behar da (% 45 garestiagoa da, beraz). Eta zergatik agertzen dira halako aldeak, bada? Udal bakoitzak bere tarifak jartzen dituelako. Abiasariak eta gutxieneko ibilaldiak ez dute berdin balio leku guztietan (Gasteizen, adibidez, 3,64 euro kobratzen dute abiasaria, eta gutxieneko ibilaldia, berriz, 4,65 Donostian, beste inon baino gehiago); horrez gain, toki bakoitzean gehigarri bereziak eransten dizkiote gutxieneko ibilaldiari (ekipajea sartzeagatik, animaliak eramateagatik, gauez edo asteburuetan ibiltzeagatik, geltoki eta aireportuetara joateagatik…). Honako hau ez da CONSUMER EROSKI-k taxien inguruan egiten duen lehen azterketa; 2005. urtean ere egin zuen antzeko bat, eta ordukoarekin alderatuta, hobetu egin da taxilarien profesionaltasuna eta ibilgailuen erosotasuna. Informazioaren atala, aldiz, orduan bezain eskas dagoela egiaztatu ahal izan dugu, batik bat taxien tarifei dagokien alderdia: hamar ibilgailutatik ia lautan tarifak ez dira egon agerian, nahiz eta legeak hala jartzeko agintzen duen.

/imgs/20090301/tema-3.jpg
18 hiritan aztertu dugu taxi zerbitzua nolakoa den, eta ondorio horiek atera ditugu beste batzuen artean. Honako hiri hauetan ibili gara taxia hartuta: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Santander, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. CONSUMER EROSKI-ko teknikariek hamar ibilbide egin dituzte hiri bakoitzean, horietako bat gauez, eta aldiro taxi batean joan dira eta beste batean etorri. Proba hori bi egunetan egin dute, behin lanegunean eta beste behin jaiegunean. Orotara, 180 ibilbide egin dituzte taxien, hiri bakoitzean bost, eta bostak ere oso antzekoak izan dira: hiri erditik ospitale batera, erdiguneko hotel batetik aireportura, erdiguneko taxi geltoki batetik tren edo autobus geltoki batera, eta saltoki handi batera (beti joan eta etorri). Azterketa hori osatzeko, taxi zerbitzuarekin zerikusia duen informazioa eskatu diegu 18 udalei (zenbat lizentzia dauzkaten, zenbat taxi dauden egokituta erabiltzaile ezinduentzat, zer diru laguntza ematen dituzten…). Udal gehienek helarazi digute informazioa, baina ez Granada, Oviedo, Madril eta Santanderkoek, nahiz eta guk behin eta berriz eskatu.

Alderdi guztiak aztertu ondoren, azken emaitza ‘onargarria’ baina ez da, eta atal bakarrean soilik lortu dute taxiek emaitza ‘ona’: kalitate eta garbitasunaren atalean. Taxi zerbitzuak hiriz hiri zer emaitza atera duen aztertuta, honako sailkapen hau egingo genuke: A Coruñan, Alacanten, Bartzelonan, Granadan, Iruñean, Madrilen, Malagan, Oviedon, Sevillan, Valentzian eta Zaragozan, emaitza ‘ona’lortu dute, eta gainerakoetan (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Logroño, Murtzia, Santander eta Valladolid), ‘onargarria’.

Prezioen arteko konparaketa

Izugarrizko aldeak daude prezioan hiritik hirira

Tarifak, batez beste, % 5,2 igo dira guk aztertu ditugun 18 hirietan (KPI halako lau ia), baina tarifak ezartzen dituzten udal guztiek ez dituzte berdin igo. Igoerarik handiena A Coruñan (% 8,8) eta Oviedon (% 7,7) izan da, eta Donostian, Madrilen, Bilbon, Bartzelonan eta Gasteizen ere dezente igo dituzte (% 6 inguru). Igoerarik apalena, berriz, Iruñeko (% 3), Logroñoko (% 4,2) eta Valentziako (% 4,5) tarifek izan dute. Murtzia, berriz, salbuespena izan da, eta tarifak ez dira igo. Taxian egindako kilometro bakoitza, batez beste, 0,8 euro kostatzen da (lanegunetan eta egunez), baina Madrilen, Alacanten eta Valentzian ia euroa balio du; beste muturrean Bilbo eta Donostia daude, non 0,65 euro ordaindu behar baita kilometroa. Gaueko tarifa, abiasaria, gutxieneko ibilaldia eta gehigarriak aldatu egiten dira hiritik hirira.

Bartzelonan, adibidez, 12 orduz ezartzen dute gaueko tarifa (20:00etatik 08:00etara), baina hiririk gehienetan zortzi edo bederatzi ordurako izaten da (Iruñean zazpi ordukoa da, 23:00etatik 06:00etara). Taxia gauez har-tzea, batez beste, egunez hartzea baino % 30 garestiagoa da, baina Logroñon, Murtzian eta Valladoliden % 50 garestiago irteten da. Abiasaria, berriz (taxia erabiltzeagatik ordaindu behar izaten den gutxieneko kopurua), 3,64 eurokoa da Gasteizen, beste inon baino gehiago; Madrilen, Bartzelonan eta Iruñean 2 euro ingurukoa da, eta Sevillan 1,19 eurokoa. Bilbon eta Donostian ez dute erabiltzen tarifa mota hori, baina, ordainetan, gutxieneko ibilaldia ordain dezala eskatzen diote erabiltzaileari. Hiri guztietan ordaindu behar izaten da gutxieneko hori, salbu eta Gasteizen, Iruñean, Madrilen eta Bartzelonan. Gutxieneko ibilaldirik garestiena Donostiak dauka: 4,65 euro baino gu-txiagorekin ez dago inora joaterik (lanegunetako tarifa da hori, egunean zehar ordaindu behar dena); merkeena, berriz, Zaragozan daukate: ia 2,5 euro balio du gutxieneko ibilaldiak. Azkenik, zain emandako denbora ere kontatu behar da (autoa geldirik dagoen aldia hartzen du, bai bidaiariaren zain dagoelako edo bai zirkulazioa gelditu delako). Taxia zain edo geldi dagoen ordu bakoitza 20,35 euro kostatzen da Oviedon (egunean zehar), han da garestiena, eta 15,71 euro Bilbon; gaueko ordutegian, berriz, Zaragozan 29,53 euro balio du orduak, eta Madrilen, 18,35 euro.

Horrez gain, kontuan hartu behar da hiri guztietan kobratzen dituztela gehigarriak (Gasteiz, Donostia, Santander, Oviedo eta Alacanten ezik): ekipajea eramateagatik, adibidez, erdietan ordaindu beharra dago (euro bat Bartzelonan eta 35 zentimo Murtzian); ibilbidean garraio-geltokiren batera joan behar badu taxiak, gehigarri bat eransten dute zazpi hiritan, eta beste zortzi hiritan gauza bera egiten dute portura edo aireportura joateagatik. Era askotako gehigarriak aurki daitezke, eta batzuk bitxi samarrak ere badira: Iruñean, adibidez, taxiari telefonoz deitzen badiogu, 0,93 euro gehiago ordaindu beharko dugu lanegunetan, eta 1,54 euro jaiegunetan. Beste hiri batzuetan, erakustazoketara joateagatik ezartzen dituzte gehigarriak (Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan), eta egutegiaren araberakoak ere badira: hiriko jaietan, Aste Santuan edo azoka egunetan ibiltzea garestiago irteten da zenbait hiritan (Malagan, Sevillan, Valladoliden edo Zaragozan).

Aireportura, mesedez

Garraiobide publiko gutxi daudelako, edo guztietan erosoena taxia delako, bategatik izan edo besteagatik, hiri erdigunetik aireportuetarako bidaiarik gehienak taxian egiten dituzte herritarrek. Prezioa asko aldatzen da hiri batetik bestera, aireportu batzuk hiritik gertuago edo urrunago egon ohi direlako. Oviedon, adibidez, hurbilen dagoen aireportua 50 kilometrora dago, eta Bilbon, 20 kilometrora baino ez.

Bidaiarik garestienak: Oviedon (52,6 euro, batez beste) eta Murtzian (53 euro, batez beste) aurkitu ditugu. Duela lau urte egin genuen azterketarekin alderatuta, 12 eta 8 euro garestitu da bidaia hori Oviedo eta Murtzian, hurrenez hurren.

Merkeenak: Iruñean (9,22 euro, batez beste), Valentzian (13,50 euro, batez beste) eta Alacanten dituzte (14,7 euro, batez beste). 2005. urtean, hiribururik merkeenetako prezioak 9 eta 12 euro artean zebiltzan (orduan ere, Iruñea eta Alacant ziren merkeenetakoak).

Non aurkitu dugu alderik handiena ibilbide bera egiteagatik: Alacanten % 41eko aldea izan dugu joaneko bidaiaren eta itzulikoaren artean (taxi banatan egin dugu bakoitza). Gainerako hirietan, bi euro ingurukoa izan da aldea.

Tarifa finkoa: hiri erdigunetik aireportura joateagatik, tarifa finkoa kobratzen dute zenbait hiritan, aurrez ezarria. Valladoliden 20 eurokoa da lanegunetan eta 22 eurokoa gau eta jaiegunetan; Logroñon, 20 euroko astelehenetik ostiralera, eta 23 eurokoa igande, jaiegun eta larunbatetan; eta Sevillan, 20,70 eurokoa egunean zehar eta 23,08koa gau eta jaiegunetan. Malagan, berriz, hiritik aireporturako bidaiarentzat badute prezio ofiziala (20 eurokoa), baina ez itzuliko bidaiarako. Oviedon ez dute tarifa finko ofizialik, baina ia denek berdintsu kobratzen dute: 55 euro inguru.

Kalitatea, erosotasuna eta informazioa

Kalitatea: ona, baina ez gabeziarik gabea

Kalitatearen atalak lortu du azterketako emaitzarik onena (‘ona’). Gure teknikariek honako proba hau egin dute: kale ertzean jarri eta taxi bat gelditzeko saioa egin dute (geltokitik 50-100 metrora jarri dira, eta bost minutuz ahalegindu dira taxiren bat geldiarazten). Saioa ongi atera zaie % 28tan, baina gehien-gehienetan, taxi geltokiraino joan behar izan dute (% 57tan), eta beste zenbaitetan, telefonoz deitu behar izan dute (% 15etan). Aztertu ditugun 18 hirietan, gune berezi batzuei erreparatu diegu guk (ospitaleak, geltokiak, hotelak…), eta horietan guztietan ia beti egon izan da taxiren bat geltokian, nahiz eta batzuetan falta izan diren. Zerbitzua telefonoz eskatu dugunean, lehen deian erantzun digute gehienek (% 85), eta tratu egoki eta atsegina eman digute. Taxiek, batez beste, sei minutu behar izan dituzte deitu eta bila etortzeko.

Biderik motzena

Gabezien artean bat nabarmentzekotan, honako hau egingo genuke: 180 ibilbideetatik % 30ean, nora joan nahi dugun esan aurretik abiarazi du taxilariak taximetroa (duela lau urteko azterketan ere hori izan zen hutsegiterik deigarriena). Kasu bakan batzuetan (ez dira iritsi % 2ra ere), taximetroak ez du funtzionatu edo ez da egon jarria bidaiariak prezioa ikusteko moduan; 2 ibilbidetan, sistema hori gabe ikusi ditugu taxiak. Taxia hartzen duenak beldur bat izaten du askotan, batik bat hiri ezezagunean badabil: taxilariak biderik motzena hartuko ote duen edo ez. Guk egindako proban, prezio aldeak izan dira joaneko bidaiaren eta itzulikoaren artean (bidaien % 12tan gertatu da hori), eta ez nolanahikoak, gainera: bederatzi joan-etorritan, % 25-30eko aldea izan da, eta beste bitan, % 50ekoa. Alde hori, hala ere, zirkulazio gorabeherek eragin dute, eta ez beste ezerk. Donostian eta Gasteizen soilik ibili dira taxilariak bidea luzatu nahian eta alferreko itzulinguruak eginez.

Taxilari atseginak, baina maniobra arriskutsuak

Guri egokitu zaizkigun taxilari gehienek profesionaltasunez jokatu dute, tratu ona edo oso ona eman digute, ekipajea sartzen eta ateratzen lagundu digute, eta zuhurtziaz gidatu dute. Gidatzeko erari erreparatuta, aldiz, duela lau urte baino ardura gutxiagorekin ibili dira (mantsoago, hori bai): zenbait taxik modu arriskutsuan aurreratu dituzte beste ibilgailuak, beste ba-tzuek gehiegizko abiadura eraman dute, semaforoaren argia gorri egonda ere, aurrera jarraitu dute behin baino gehiagotan eta zirkulazio seinaleei jaramon gutxi egin diete beste zenbaitek (orohar halako 26 kasu egon dira).

Taxiaren legea: eskubideak eta betebeharrak
  • Informazioa argi eta agerian: Lizentzia zenbakiak, tarifak eta taximetroak (argiztatua eta manipulatu gabe) bidaiariak ikusteko moduan egon behar dute beti.
  • Zerbitzu profesionala: Taxilariak ez du taximetroa abiaraziko bidaiariak nora joan nahi duen adierazten ez dion arte. Ibilbiderik motzena hartu beharko du, eta ordainagiri ofiziala eman beharko dio bidaiariari. Ezin izango dio uko egin ibilbide bat egiteari, nahiz eta oso motza izan; taxian baimendutakoek baino lagun gehiagok sartu nahi badute, orduan egin diezaioke uko, edo Polizia jarraika duten pertsonak badira, edo kalteak egingo dituztela iruditzen bazaio (halakoetan, polizia edo udaltzain baten aurrean jakinarazi behar du zergatik egiten dion uko).
  • Ibilgailuaren ezaugarriak: TAXI jartzen duen kartela eraman behar du, eta SP dioten plaka arauzkoa, kanpoaldean modulu argitua, taximetro homologatua, su-itzalgailua, aire girogailua edo klimatizagailua, eta berogailua.
  • Erabiltzailearen eskubideak: Leihoak ireki eta itxi ditzake, aire girotua pizteko edo itzaltzeko eska dezake, eta irratia apaltzeko edo itzaltzeko ere bai. Gidariari eskatu behar dio leku seguruan geratu behar duela hura jaisteko, eta egoki gidatu behar duela.
  • Bidaiariaren betebeharrak: Ez du ibilgailua edo gidaria arriskuan jarri behar. Zerbitzuak balio duena ordaindu behar du, eta ez dio eskatu behar gidariari seguruak ez diren tokietan gelditu eta jaitsi nahi duela.

Informazioaren atala hobetu beharra daukate eta konparatzeko taula

Emaitzarik kaskarrena informazioaren atalean lortu dute taxi zerbitzuek (‘onargarria’ baino ez), eta hortxe sumatu dugu hobekuntza gutxien 2005. urteko azterketatik hona. 180 ibilbideak egiteko hartu ditugun ibilgailuen % 39tan, tarifarik ez da egon agerian jarrita, nahiz eta legeak horretara behartzen dituen (2005. urtean, ibilgailuen % 55etan falta ziren tarifak, eta, beraz, zertxobait hobetu da lau urtetan). Taxilariaren lizentzia, berriz, 2005. urtean bezala, hirutik batean falta izan da (ibilgailuaren kanpoaldean eraman behar izaten dute), eta taxien erdiek baino gehiagok ez dute jakinarazi gehienez zenbat lagun joan daitezkeen taxian (2005ean % 48tan falta zen informazio hori). Baina ez dira hor bukatzen gabeziak: taxien % 42k ez daukate uhala jarri behar dela ohartarazteko kartelik (“jarri uhala” edo antzekorik). Taxi gehienek jarrita eduki dute TAXI eta SP (Zerbitzu Publikoa) kartela, eta sabai gaineko adierazlea ere bai (libre edo beteta dagoen jakiteko). Ibilgailuen % 70ek bistan izan dute Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren itsastekoa, eta gainerako autoak berriak izan dira. Beti eman digute ordainagiria baina, gehienetan, guk eskatuta. Ordainagiri guztietan prezioa agertu izan da, baina % 13k soilik adierazi dute nondik abiatu diren eta % 11k soilik non bukatu den bidaia, eta legez, derrigorrezkoa da informazio hori ematea.

Taxi eroso eta ongi hornituak

Ibilgailuen % 95ek egoera ona edo oso ona eduki dute (2005ean, % 82k), eta taximetroak ere ongi egon dira, manipulazio zantzurik gabe. Hamar ibilgailutatik zor-tzik leiho elektrikoak eduki dituzte, guztiek eduki dute aire girogailua edo klimatizagailua, eta hamarretik ia seik GPSa. Txartelekin ordaintzeko sistema elektronikoak, aldiz, gutxi batzuek baino ez dauzkate oraindik. Lau taxitatik hirutan, eskura ordaindu behar izan dugu, eta taxien % 56k ez dute eduki ordainagiriak inprimatzeko gailurik ere. Ia guztiek eduki dituzte argi elektrikoak barrualdean, baina % 90ek ez dute agerian eraman su-itzalgailua.