Larruazala: udan babestu eta udazkenean zaindu
Jendeak gero eta arreta gehiago jartzen dio larruazalari, eta kontzientzia hartzen ari delako, orain ez da mugatzen udan soilik zaintzera, eguzkia hartu aurretik eta ondoren. Ondorioz, dermatologoak lanez gainezka dabiltza, udazkenean, batik bat. Izen ere, sasoi hori da egokiena larruazalari tratamendu bat emateko, udako eguzkiak utzi dituen arrastoak (orbanak eta zimurrak) desagerrarazte aldera. Udan, izan ere, gogor jotzen du eguzkiak, eta behar bezain zuhur jokatu ezean, larruazala zigortu egiten du. Oso ohikoa izaten da, adibidez, lehendik orbanak dituzten pertsonei horiek ugaritzea eta berriz agertzea. Oreztak eta melasmak izaten dira ohikoenak. Lehenengo horiek orban biribilduak dira, izar itxurakoak, batik bat sorbaldetan eta bizkarraren goialdean agertzen direnak. Melasma, berriz (kloasma ere esaten diote, eta haurdunaren bainua ere bai), hormona-erako orbana da, ilun arrea kolorez; kopetan, masailetan eta bibotean agertzen da, eta ertzak zehaztugabeak izaten ditu.
Aurpegia, bizkarraldea eta sorbaldak aipatu ditugu, horiek dira-eta, izan ere, gorputzeko gunerik agerikoenak eta eguzkiak gehien erasaten dienak. Berdin gertatzen da bularraldearekin ere, eta guri iruditu ez arren, eskuen gainaldeek ere gogotik jasaten dute eguzkiaren emana: eguzkiak zuzenean jotzen du hor, eta ohikoa izaten da oreztak agertzea, zeinak adin handiaren adierazgarri izaten diren eta zahar itxura nabarmena ematen dioten halakoak dauzkan pertsonari. Hain zuzen, eguzkiaren urteetako eraginak (hainbat udatakoak) behar baino lehenago zahartzen du larruazala.
Eguzkiaren bi aurpegiak
Onura eta zigorra, bi horiek ditu eguzkiak. Nola hartzen den, hori da kontua. Udan, haurrek izaten dute eguzkiaren kalteak jasateko arrisku gehien, bi urtez azpikoek gehienbat, krema eta arropa egokiekin babestu ezean. Fototipo jakin batzuk dituzten pertsonak ere zigortzen ditu eguzkiak, 1 fototipoa (larruazal oso argia) eta 2 fototipoa (larruazal argia) dutenak, hain zuzen; eguzkiari alergia diotenek ere kontu handiarekin ibili behar dute, baita argi-erupzio polimorfoa dutenek ere eta eguzkia hartzeko debekua eragiten duten sendagaiak hartu behar izaten dituztenek, besteak bete antibiotiko batzuk (minoziklina eta tetraziklina) edo hipertentsioaren aurkakoak.
Eguzkitik babestu beharra dagoela adierazi dugu, baina ez da ibili behar eguzkiari iheska, eguzkiak lagundu egiten baitu D bitamina xurgatzen, eta alderdi hori, bitxia bada ere, funtsezkoa da gorputzaren zahartze-prozesuari aurre egiteko. Hormona batek bezala jokatzen du bitamina horrek, erraztu egiten du kaltzioa xurgatzea -osteoporisia eragozten du-; immunologia mailan, organismoaren defentsak murriztea ekar dezake D bitaminaren faltak.
Udako eguzkiaren eraginez, gainera, hobera egiten dute zenbait eritasun dermatologikok: psoriasia, dermatitis atopikoa, aknea, bitiligoa edo alopezia areata. Are gehiago, psoriasiak okerrera egiten du udazkenean, eta alopezia areatarentzat medikuek gomendatzen dituzten tratamenduen artean, eguzkia modu dosifikatuan hartzea dago (helioterapia edo eguzki-sendabidea esaten zaio).
Udazkenetik aurrera hartu beharreko neurriak
Zenbait pertsonak medikuaren jarraipena behar izaten dute -lehendik orbanak dauzkatelako edo aipatu dugun eritasun horietako bat daukatelako-, eta maizago joan behar izaten duten dermatologoaren kontsultara, baina badira beste talde batzuk eguzkia modu kronikoan hartzen dutenak eta horretaz ohartzen ez direnak: aire zabalean lan egiten dutenak dira, kirolariak eta beste hainbat. Adituek diotenez, pertsona horiek dermatologia-azterketa bat egin behar lukete urtean behin, gutxienez, larruazala nola daukaten kontrolatzeko eta gomendioak hartzeko. Gainerako herritarrek, oro har, urtean behingo prebentzio-bisita bat egin behar lukete dermatologoarengana (dentistarengana edo ginekologoarengana joaten den bezala). Urte sasoi horretan, dermatologoarengana joatea komeni da, baina horretaz gain, larruazala zaintzeko, honako hiru prebentzio-neurri hauei egin behar zaie jaramon:
- Hotzetik babestu: udan, pertsona batzuek gorriegia edo eguzkiarekin erreta izaten dute larruazala; urte-sasoirik hotzenetan, berriz, bestelako koloreak ikus litezke larruazalean: pertsonarik hozberenei ospelak agertzen zaizkie eta aldatu egiten zaie larruazalaren kolorea; hau da, kolore zuri edo zurbila izatetik, zian edo urdin kolorekoa izatera, eta hortik gorri edo gorri bizira (teknikoki, Raynaud fenomenoa esaten zaio horri). Ondorioz, oso hozbera diren pertsonek saihestu egin behar dute hotza.
- Krema koipetsuak erabili: urteko hilabeterik hotzenetan, udako krema hidratatzaileek baino eszipiente koipetsuagoak dituztenak erabili behar dira, edo gel erako jariakinak, krema-gelak edo gel silikonatuak, salbu eta aknea daukatenek: horiek sekula ere ez dituzte eman behar krema oso koipetsuak.
- Eguzki-iragazkia: larruazal-fototipo apala duten pertsonek (1 fototipoa), alegia larruazal zuria dutenek eta eguzkiarekin erre ohi direnek, eguzki-iragazki handiak erabili behar dituzte (sekula ez 30etik beherakoak), zeren izpi ikusezinak larruazalera iristen baitira udazkenean eta neguan ere. Bat edo beste hautatzeko orduan, pertsona bakoitzaren ezaugarri fisikoak eta egoera hartu behar dira kontuan. Bulegoan ordu luzeak egiten dituztenek eta herrialde euritsuan bizi direnek, segur aski, ez dute beharko inolako iragazkirik, baina Mediterraneoko herrialdeetan bizi direnek, aire zabalean lan egiten dutenek, larruazal argia edukiz gero, beharko dute iragazkia. Erraz erretzeko joera daukaten pertsonek, iragazki horiez gain, barneko fotobabesak ere erabil ditzakete; ahotik hartzen dira, eta herdoilaren aurkako gaiak eduki ohi dituzte, eguzkiaren eragin kaltegarriak saihesteko.
Gomendio orokor horiek, dena den, zertxobait moldatu behar dira eskia edo neguko beste kirolen bat eginez gero, elurrak askoz gehiago islatzen baitu eguzkiaren argia. Hori dela eta, larruazal zuri eta sentibera daukatenek babesik handiena behar dute: 50+ babes-iragazkia duten kremak erabili behar dituzte, eta kirola egiten ari direla, behin baino gehiagotan eman behar dute, horientzat ez baita aski etxetik irtendakoan soilik ematea.
Tratamendu integralak eta konbinatuak
Larruazala zaintzeko hartzen diren prebentzio-neurriak aski ez badira, eta udaldiek zigortutako larruazalari tratamenduren bat ematea komeni bada, udazkena da horretarako ere garairik onena, berriz hidratatu, biziberritu eta gaztetzeko; azken batean, azala itxuraberritzeko. Hona hemen udazkenean egin daitezkeen tratamenduak:
- Melasma eta diodo-argiaren bidezko bioestimulazioa: melasma agertzen den kasuetan, funtsezkoa da eguzkitik erabat babestea, eta horretarako, tratamendu integrala eman behar zaio, peeling batekin eta diodo-argiaren bidezko bioestimulazioarekin. Zelulei funtzio metabolikoa itzultzeko erabiltzen da argi hori, zuzen-zuzenean eragiten baitu nukleoan eta mitokondrietan (zelulak dituen zatiak), berriz ere normal funtzionatzen has daitezen eta melanina-jarioa erregula dezaten. Kasu horretan, laserra erabiltzeak kontrako eragina izan dezake.
- Orezta eta laser-argia: melasmarentzat ez bezala, oreztarentzat oso baliagarria izan daiteke laser-argia, eta berriz ager ez dadin, peeling bidezko zainketak erabil daitezke eta diodo-argia ere bai (zelulen funtzioak erregulatzen ditu).
- Peelingak eta orbanak: peeling esaten zaion tratamenduak, zenbait produktu kimikoren bitartez, mugitu egiten ditu larruazalaren geruzak, eta lagungarri gertatzen da zelula hilak desagerrarazteko eta gainaldeko geruzak berritzeko; erraztu egiten dute pigmentugabetzeko substantziak -orbanen kolorea ezkutatzen dute- larruazalean barnera daitezen.
- Larruazala biziberritzea azido hialuronikoarekin: larruazala biziberritzeko tratamendu horretan, azido hialuronikozko injekzioak eta bitaminak erabiltzen dira. Zimurrak eragoztea eta larruazalaren elastikotasuna hobetzea izaten da helburua.
- Zahartzearen aurkako tratamendu konbinatua: larruazalaren egoera zer-nolakoa den, era bateko edo besteko tratamendu konbinatua eman beharko zaio. Larruazala nabarmen zahartzen ari denean, peelinga eta diodo-argia izaten dira oinarrizko tratamenduak (ez dute minik ematen, eta nahigabeko ondoriorik ere ez daukate). Larruazalean orbanak ere ageri badira, laser eta IPL bidezko tratamendua eman dakioke (argi pultsatu bidezko laserra da IPL); zimurrak baditu, berriz, metodo bat baino gehiago erabil daitezke horiek betetzeko (botoxa eta azido hialuronikoa); eta zimurrik ez badu, betetze-teknikak beharrean, kolagenoa estimulatzeko balio dutenak erabil daitezke, argia eta bestelako tratamendu batzuk konbinatuz: mesoterapia izan daiteke horietako bat, zeinak azido hialuronikoa -estimulatzaile gisa- eta bitaminak baliatzen baititu.
Zahartzearen aurkako kremak: larruazal bakoitzari dagokion krema erabili behar da. Horien eraginkortasuna areagotzeko, larruazala prestatu egin daiteke egunero, argi-tratamendu batekin eta peeling batekin, zeinak eragin keratolitikoa baitu (larruazala leuntzen du), eta horri esker, kremak errazago barneratzen dira larruazalean eta eragin hobea lortzen dute.
Iturria: Cristina Schepers, Bartzelonako Planas klinikako Dermatologia Saileko zuzendaria.
- Krema hidratatzaile bat erabili egunero, 15eko babes-faktorea duena, eta 1. fototipoko larruazala badugu, 30ekoa.
- Elurretan, 50+ babes-iragazkia duten kremak erabili, eta behin baino gehiagotan eman.
- Udazkenean eta neguan krema hidratatzaile koipetsuagoak erabili.
- Hotza saihestu, batez ere pertsona hozberek.
- Urtean behin joan dermatologoarengana. Udazkena garai ona da horretarako.
Iturria: Aurora Guerra, AEDV Dermatologia eta Venereologiako Espainiako Akademiaren Zuzendaritza Batzordeko kide, Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko Dermatologia Saileko buru eta Madrilgo Unibertsitate Complutenseko irakasle tituluduna, eta Cristina Schepers, Bartzelonako Planas klinikako Dermatologia Saileko zuzendaria.