Eskola-menuak: 209 ikastetxeren eguneroko menuak aztertu ditugu, bi aste osoz, Estatuko 19 probintziatan

Okerrera egin du kalitateak, eta hirutik batek elikadura-gabeziak dauzka

Bisitatu ditugun ikastetxeen % 30 inguruk ez dute berdurarik jartzen, gutxienez, astean behin, eta hamarretik bitan, gehiegi jotzen dute aurrez prestatutako jakietara eta haragiz egindakoetara
1 iraila de 2011
Img tema listado 180

Okerrera egin du kalitateak, eta hirutik batek elikadura-gabeziak dauzka

/imgs/20110901/tema1.jpg
Eskolan gauza asko ikasten dira: batuketak eta biderkaketak egiten, hiriak eta herrialdeak mapan kokatzen… eta jaten ere bai. Bi milioi ikasle inguruk eskolako jantokietan egiten dute eguneko otordu nagusia astelehenetik ostiralera. Horrexegatik, ikastetxeek eskaintzen dituzten menuen dieta-kalitatea aztertu du EROSKI CONSUMERek, eta okerrera egin dutela egiaztatu du: orain dela hiru urte ere antzeko azterketa bat egin genuen, eta ordukoarekin alderatuta, hiru menutatik batek elikadura-gabeziak dauzkala ikusi dugu. Ondorio horixe atera dugu 209 ikastetxetako eskola-menuak aztertu ondoren, bi aste osoz, Estatuko 19 probintzia hauetan: A Coruña, Alacant, Almeria, Araba, Asturias, Bartzelona, Bizkaia, Gipuzkoa, Granada, Kantabria, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Nafarroa, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Ikastetxe horietako % 62 publikoak izan dira, % 36 itunpekoak eta % 2 soilik pribatuak. Gainera, txosten honetan ageri diren ikastetxerik gehienek Haur eta Lehen Hezkuntzako zikloak ematen dituzte, eta bostetik bik Bigarren Hezkuntzakoa ere bai.

Batez-beste, gurasoek egunean 5 euro ordaintzen dituzte eskola-menuagatik

Guztira, 418 menu aztertu ditugu. Azterketa egiten hasita, oinarrizko elikagaiak astean zenbatetan eskaintzen dituzten ikusi dugu, menuetan ezinbestekoak diren horiek, alegia: berdurak, entsaladak, lekaleak, arraina eta fruta freskoa. Perseo programan ageri den Eskola-jantokien gidak egiten dituen gomendioak hartu ditugu aintzat, zeina Espainiako Osasun Ministerioak zuzentzen baitu. Kontuan hartu dugu, halaber, aurrez prestatuta datozen jakiak asko edo gutxi eskaintzen dituzten (kroketak, enpanadillak, saltxitxak…), eta berdin postre gozoak ere. Gutxieneko hauek jarri dizkiogu aste osoko menu bati: astean behin, gutxienez, barazkiak, lekaleak eta arrain freskoa eduki behar du, eta arrain izoztua bada, prestatu gabea izan behar du; aurrez prestatuta datozen jakiak eta gozoak, gehienez ere, astean bitan eskaini behar ditu; eta fruta freskoa, astean bitan, gutxienez.

/imgs/20110901/tema2.jpg
Azterketak ez digu utzi ondorio onik, menuen dieta-kalitateak okerrera egin baitu 2008. urtean egin genuen azterketarekin alderatuta. Oro har, menuek badute zer hobetua berdurei, jaki prestatuei eta gozoei dagokienez: astean behin, gutxienez, berdura eskaintzen ez duten ikastetxeak 2008an baino % 10 gehiago dira; jaki prestatuetara neurriz kanpo jotzen dutenen kopurua laukoiztu egin da ia (% 5,3 ziren 2008an eta % 19,6 dira 2011n); eta gozoak ere gehiegitan -astean bitan edo gehiagotan- eskaintzen dituztenak % 10 gehiago dira (duela hiru urte inor ez zen ibili neurriz kanpo, eta orain, berriz, hamarretik bat).

Laburbilduz, elikadura arloko gure adituek ikusi dute eskola-menuek badutela zer hobetu dietaren alderdi jakin batzuetan. Alde batetik, oinarrizko elikagaietan (berdurak eta arrainak) eskaintza ugariagoa egin behar dute, eta elikagaiak prestatzeko moduetan ere aniztasun gehiago behar dute. Izan ere, aurrez prestatuta datozen jakiak maizegi ageri dira, eta beti berdintsu prestatuta: frijituta eta arrautza-irinetan edo ogi-birrinetan pasatuta. Ikastetxe batzuetan, adibidez, ia egunero izaten dituzte frijitukiak, eta horrek esan nahi du gantz eta kaloria asko hartzen dituztela ikasleek, eta eskaintza aski eskasa dela.

Bestetik, goarnizio-aukerak ere urriak eta eskasak dira, nahiz eta zertxobait hobetu den atal hori: patata frijituak baino zerbait gehiago erabiltzen hasi dira jakiak laguntzeko, baina, egia esan, bai entsaladak eta bai gainerako goarnizioak ere aski sinpleak izaten dira, eta ez batere erakargarriak (letxuga edo uraza jartzen dute maizenik).

Horiek horrela, guk aztertu ditugun menuen batez besteko emaitza ‘onargarria’ baino ez da izan, eta ez dira iritsi, beraz, 2008. urteko batez bestekora (emaitza ‘ona’ lortu zuten orduan). Lurraldeka hartuta, honako hauek eskaini dituzte menurik egokienak (emaitza ‘ona); Bartzelona, Granada, Kordoba, Malaga eta Nafarroa; Kantabria ibili da okerren (‘txarra’). Arabak eta Madrilek emaitza ‘onargarria-ona’ eskuratu dute; Alacant, Almeria, Gipuzkoa, Sevilla, Valladolid eta Zaragoza batez bestekoaren parean ibili dira, eta A Coruñak, Asturiasek, Bizkaiak, Murtziak eta Valentziak ez dute gainditu azterketa (‘hala-holako’ emaitza).

Berdurak eta barazkiak, 'ezkutaketan'

Elikadura-balio handia daukate berdurek eta barazkiek, eta, horrexegatik, egunaren buruan bi edo hiru errazio jatea komeni da: horietako bat gordinik (adibidez, entsaladan). Guk aztertu ditugun ikastetxeen % 27, ordea, gutxieneko irizpidera ere ez dira iristen, eta horien menuetan, ez da berdurarik ageri astean behingo maiztasunez, gutxienez. Probintziaka, honako hauek ibili dira eskasen: Sevillako lau ikastetxetatik hiru, Valentziako hirutik bi, Kantabriako eta Alacanteko bostetik hiru, eta Asturiasko erdiak. Zehazki, Sevillako ikastetxeen % 40tan, sekula ez dute berdurarik eskaintzen lehen plater gisa. Beste muturrean, Araba, Bizkia, Madril eta Nafarroa daude: guk aztertu ditugun bi asteetan, frutak eta barazkiak eskaini dituzte menuetan.

Ontzat jotzeko alderdien artean, gure teknikariek egiaztatu dute, Valladolid, Valentzia, Sevilla, Alicant eta Almeriako ikastetxerik gehienetan, entsalada jartzen dutela ia egunero, bai sarrera gisa edo bai bigarren platera laguntzeko. Gainera, Bartzelonako menuetan, landare-goarnizio askotarikoak eta ikusgarriak eskaintzen dituzte: letxuga, soja eta azenarioa; kuiatxoa; laranja-saltsa; hur-saltsa; artoa, erremolatxa…

Lekaleak: ahaztuta bezala

Elikadura-adituen esanetan, astean 2-3 aldiz jan behar dira lekaleak. Karbohidrato asko dituzte, proteinak, zuntza, bitaminak, mineralak eta herdoilaren aurkako gaiak. Eskola-menu batzuetan, ordea (hamarretik batean), ez dute lekalerik eskaintzen astean behingo maiztasunarekin. Duela hiru urte egindako ikerketarekin alderatuta, okerrera egin dute ikastetxeek: 2008. urtean, % 6 ziren astean behin lekalerik jartzen ez zuten eskolak, eta orain, berriz, % 9 izan dira. Lurraldeka, honako herrialde hauetako menuak nabarmendu behar dira onerako: Araba, Asturias, Gipuzkoa, Kantabria, Kordoba, Nafarroa, Sevilla eta Zaragoza. Txarrerako, berriz, beste hauek: A Coruña (ia ikastetxeen erdiak geratu dira atal horretan azterketa gainditu gabe), Almeria eta Murtzia (hamarretik bi), eta Bartzelona eta Valentzia (bi ikastetxe). Dena den, ikastetxe bakarra egokitu zaigu bi asteetako bakarrean ere lekalerik eskaini ez duena (A Coruñako bat); azterketa gainditu gabe geratu diren gainerakoek, bi asteetako bakarrean eskaintzeagatik lortu dute emaitza hori.

Eta haurra alergikoa bada edo elikagai batzuk ezin jan baditu?

Antolaerak edo instalazioek aukera ematen dietenean, haur eskolek eta ikastetxeek menu berezi eta egokituak prestatu beharko dituzte elikadura-alergiak edo intolerantziak dituzten ikasleentzat. Halaxe agintzen du elikadura arloko segurtasunari eta nutrizioari buruz berriko onartu den legeak 17/2011 delakoak, hain zuzen, uztailaren 5ekoak. EROSKI CONSUMERek jaso dituen menuetan, % 2k soilik agertu dute menuen orrian elikadura-alergiei eta intolerantziei buruzko aipamena (aukera hori eskaintzen duten edo ez). Hala ere, hamarretik bederatzik baieztatu digute menu bereziak eskaintzen dituztela zeliakoentzat, diabetikoentzat, alergikoentzat…

Elikadura-behar bereziak dituen ikaslerik bada, eskolako jantokiak neurri batzuk hartu behar ditu:

  • Medikuaren ziurtagiria eskatu, gaizki-ulertuak saihesteko.
  • Haurrak jango duen menuaren inguruko informazio eman gurasoei.
  • Menua prestatzeko erabiliko diren elikagaiek zer-nolako osagaiak dituzten irakurri beti.
  • Alergenoen zerrenda eskura eduki, zerbait begiratu behar bada ere.
  • Ez erabili latexezko eskularruak.
  • Lehenbizi alergikoen platerak prestatu, kutsadurak saihesteko, besteetatik bereizi eta halaxe eduki zerbitzatu aurretik.
  • Tresnak kontu handiarekin eskuztatu; alergikoentzat tresna bereziak erabiltzea litzateke egokiena, haien otordua prestatzeko soilik.
  • Lanerako gainazal guztiak higienizatu, kutsadurak saihesteko.
  • Gainerakoek jango dutenaren antzeko jakiak prestatzen saiatu alergikoarentzat ere.
  • Alergenoa erabat desagerrarazi menutik, bai elikagaia bera, bai osagai edo gehigarri gisa alergenoren bat eduki dezaketen produktuak.
  • Olio berria erabili beti eta lapiko garbiak, kutsadura gurutzatuak saihesteko. Ez du balio olioa iragazteak, ez baitzaio osagaia kentzen.
  • Beharrezko sendagaiak beti ikastetxean eduki.
  • Gehigarri eta osagai galarazien zerrenda gogoan eduki, etiketa bat irakurtzean produktu egokia den edo ez jakiteko.
  • Zalantzaren bat sortuz gero (elikagairen batek alergenoa ote duen edo ez), sekula ez eman haurrari.

Dena den, ikastetxeak ez baditu betetzen baldintza horiek eta menu berezi eta egokituak eskaintzeko modurik ez badu, etxetik ekarritako bazkaria hozkailuan gordetzeko eta berotzeko bitartekoak eskaini beharko dizkio alergiaren bat duen ikasleari, eta bitarteko horiek ikasle horrek soilik erabiltzekoak izan beharko dute.

Hamarretik bat, arrain freskorik gabe

Arraina ez da izaten haurren begikoa. Hala ere, elikadura-osaera ona dauka (proteina asko ditu, gantz onak bai odol hodientzat eta bai bihotzarentzat, eta bitaminak eta mineralak ere ez gutxi, burdina batik bat), eta, beraz, ezinbestekoa da arraina astean lautan, gutxienez, jatea (urdina izan daiteke, zuria, moluskuak edo krustazeoak). Baina EROSKI CONSUMERek ikusi ahal izan du hamar ikastetxetatik batean oraindik ere ez diotela arau horri jarraitzen. Gabezia hori, bereziki, Murtzian antzeman dugu (ikastetxeen erdiek ez dute arrainik jarri bi asteetan), eta Zaragozan eta Kantabrian ere berdin ibili dira hamar ikastetxetatik hiru. Hala ere, azterketa osoan hiru ikastetxe soilik izan dira ikerturiko bi asteetan arrainik -fresko edo izozturik- behin ere jarri ez dutenak (Asturiasen, Murtzian eta Zaragozan), baina horren ordez, aurrez prestatuta datozen arrain-fijitukiak eskaini dituzte: legatz-ziriak edo arrain- eta txibia-gutiziak. Eredutzat hartzeko modukoak dira, berriz, A Coruñan, Araban, Almerian, Bartzelonan, Granadan, Nafarroan, Sevillan eta Valladoliden aztertu ditugun menuak. Bereziki, Nafarroakoak: erdiek baino gehiagok arraina izaten dute astean bitan; legatza izaten da gehienetan, baina limanda-oilarra, meroa eta bakailaoa ere jartzen dituzte.

Arraina prestatzeko moduan, dena den, bada zer hobetua: gehienetan, arrautza-irinetan edo ogi-birrinetan pasatuta jartzen dute, eta huts-hutsean frijituta bestela, eta teknika horiekin kaloriak pilatu egiten dira menuan.

Jaki aurrez prestatuak, gehiegi

Hamar ikastetxetatik bik aurrez prestatutako jakiak eskaintzen dituzte guk aztertu ditugun bi asteetako batean (2008an, % 5 ziren). Jaki horietan sartzen dira sanjakoboak, kroketak eta enpanadillak (etxean eginak direnean, ez ditugu hartu aurrez prestatutzat), arrain-ziriak eta/edo -gutiziak eta gisakoak, txibiak erromatar erara…

Gehiago dira azterketa gainditu duten itunpeko eskolak publikoak baino

Merkeagoak dira, erraz eta azkar prestatzen dira, eta haurrei izugarri gustatzen zaizkie, eta, beraz, lekua hartzen ari dira eskola-menuetan (gehiegi ere bai zenbaitetan). Lurraldeka aztertuta, neurriz kanpo ibili dira A Coruñako eta Kantabriako ikastetxeen erdietan baino gehiagotan, Asturias eta Valentziako % 40tan, Arabako eta Almeriako % 30etan, eta Gipuzkoako, Madrilgo eta Murtziako % 20tan. Beste zenbaitetan, aldiz, astean behin ere ez dituzte jartzen jaki mota horiek. Halaxe gertatu da Alacanten, Kordoban, Nafarroan, Sevillan eta Valladoliden. Besteentzat ere eredu behar luke ohitura osasungarri horrek. Bistan da, beraz, haurrentzat gustagarri diren menuak presta daitezkeela, ongi orekatuak, era horretako jakietara hain maiz jo gabe.

Gozoak postrean? Hobe da ez jartzea

Zaila gertatzen da menuetatik gozoak desagerraraztea, erakargarriak dira eta. Dena den, mugatu egin behar lirateke, eta egun berezietarako utzi (jaiegunetarako, adibidez). 2008. urtean egin genuen azterketan, ikastetxe bakarrak ere ez zituen jartzen gozoak postrerako (opilak, tartak, izozkiak edo txokolateak); orain, aldiz, atal horretan azterketa gainditu gabe geratu da hamarretik bat, asten bitan edo gehiagotan eskaintzen dituelako gozoak. Menurik kaskarrenak, Bizkaian, Valentzian, A Coruñan, Kantabrian, Murtzian eta Valladoliden aurkitu ditugu atal horretan. Onenak, berriz, mota horretako gozorik eskaintzen ez dutenak, honako lurralde hauetakoak izan dira: Granada, Araba, Alacant, Asturias, Almeria, Bartzelona, Kordoba, Malaga, Nafarroa, Sevilla eta Zaragoza.

Jantokian jaten badute, zer jarriko diegu afaltzeko?
  • Afariak osatu egin behar du egunean zehar jan dena, eta elikagai hauek eduki behar ditu:
Bazkaritan jan dena Afaritan jan behar litzatekeena
Laboreak (arroza edo pasta), fekulak (patatak) edo lekaleak Berdura sukaldatuak edo barazki gordinak
Berdurak Laboreak (arroza edo pasta), fekulak
Haragia Arraina edo arrautza
Arraina Haragi giharra edo arrautza
Arrautza Arraina edo haragia
Fruta Esnekia edo fruta
Esnekia Fruta
  • Arina izan behar du: ez da prestatu behar kaloria asko duen platerik (frijituki prestatuak, gisatu gantzatsuak), ez eta gantz ugari dutenak (hobe da plantxan edo labean egitea, adibidez).
  • Familian afaltzea komeni da, zeren hainbat ikerketak diotenez: fruta eta berdura gehiago jaten da, eta, ondorioz, mantenugai gehiago hartzen (bitaminak, mineralak, zuntza…) eta solasean aritzeko aukera ematen du, eta horrela hobetu egiten dira gizarte- eta elikadura-ezagutzak.

Publiko eta pribatuen arteko aldeak

Guztira Estatuko 209 ikastetxek parte hartu dute azterketa honetan: publikoak izan dira % 62, itunpekoak % 36 eta pribatuak, berriz, % 2 baino ez. Duela hiru urte egindako lanean, ikastetxe pribatuen eta itunpekoen menuak hobeak izan ziren elikadura-ikuspegitik, publikoenak baino; oraingoan, berriz, ikastetxe publiko gehiagok gainditu dute azterketa: publikoen artean, % 81ek lortu dute azterketa gainditzea, eta pribatu eta itunpekoen artean, % 71k. Esan behar da, dena den, azterketa gainditu duten ikastetxe publikoen % 32k emaitza ‘onargarria’ baino ez dutela atera.

Otorduak prestatzeko orduan, ez da gauza bera ikastetxean bertan prestatzea edo kanpotik ekartzea. Guk aztertu ditgunen artean, bost ikastetxetatik batek eskolan bertan prestatzen du, baina gero eta ohikoagoa da catering zerbitzuetara jotzea: 2008an % 47k egiten zuten hori, eta gaur egun, % 70ek. Beste batzuek (22 ikastetxek, hain zuzen), dena cateringen esku utzi beharrean, haiekin batera prestatzen dituzte bazkariak. Emaitzei erreparatuta, antzematen dira alde batzuk: otorduak eskolan bertan prestatzen dituzten ikastetxeek emaitza ‘onargarria’ atera dute (orain 3 urte bezalaxe), cateringen esku uzten dutenak ‘onargarriaren’ eta ‘onaren’ artean ibili dira. Menurik egokienak, hala ere, eskolako sukaldarien eta kanpoko enpresen artean lantzen dituztenak dira.

Gurasoentzako informazioa

/imgs/20110901/tema5.jpg
Ikastetxeak dira ikasleek jaten dutenaren arduradun, eta, gainera, gurasoei informazioa ematera behartuta daude. Hain zuzen, elikadura arloko segurtasunari buruzko 17/2011 legeak, uztailaren 5ekoak, gurasoei edo haurren tutoreei informazio ematera behartzen ditu haur eskolak eta ikastetxeak, eta hilabete osoko menuen berri jakinarazi behar diete. EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez, azterketan parte hartu duten ikastetxe guztiek helarazi diete informazioa gurasoei, Kordobako eta Nafarroako pare batek izan ezik. Informazio hori idatziz bidaltzen dute % 95ek, eta % 27k eskolaren webgunean argitaratzen dute, gurasoek ikus dezaten (kopuruak hobetzen ari dira urtetik urtera). Garrantzitsua da, gainera, gurasoek beren begiz ikus ditzaten instalazioak, eman dieten informazioa eta egiazko egoera bat ote datozen ikusteko eta beste xehetasun batzuen berri izateko: eskolako jantokia nolakoa den, zenbat begirale aritzen diren haurrak zaintzen bazkari garaian (batez beste, 5 begirale txanda bakoitzean)…. Araudiak gehiago ere esaten du, ordea: informazioak argia izan behar du, eta ahalik eta xeheena; zer elikagai mota den esan behar da, nola prestatua dagoen, bigarren platerek zer-nolako goarnizioak eta saltsak edukiko dituzten, eta zer postre eskainiko dieten. EROSKI CONSUMERek ikusi du hala egiten dutela hiru menutatik bitan. Horietatik, xehetasun guztiekin egiten dute % 19k (zehaztasun osoz adierazten dute zer-nolako osagaiak dituzten platerek, entsaladek, eta zer esneki edo fruta mota izango duten), eta argi jakinarazten dute nola prestatuko dituzten plater guztiak (gisatuta, plantxan, oliotan, arrautza-irinetan pasatuta…). Gainerakoen artean, % 33k informazio gutxi ematen dute menua osatzen duten plateren inguruan, edo batere ez.