Hortz-inplanteak: irribarrea errotik aldatzeko
Ez da adinarekin edo pertsonaren sexuarekin zerikusia duen arazoa. Edozeinek gal dezake hortz bat edo beste. Gaur egun, inplanteak jarrita konpon liteke hori, baina tratamendua ongi atera dadin, beharrezkoa da oinarri onaren gainean lan egitea; hau da, ahoa osasuntsu edukitzea, hortzoietan hanpadurarik, infekziorik edo eritasunik ez izatea, alegia.
Hortz baten lekuan, beste bat
Galdutako hortzak ordezkatzeko, koroak edo protesiak jartzen dira, eta hain zuzen, hortz-inplanteen gainean bermatzen dira horiek. Masailezurrean finkatzen dira inplanteak, eta hortzoiek inguratuta egoten dira, hortzak izango balira bezala; hortz-erroaren ordezko gisa funtzionatzen dute, eta gaur egun, horixe da tratamendurik erabakigarriena galdutako hortzak ordezkatzeko. Pertsona batek hortz-hagin guztiak galdu dituenean, arazoak izan ditzake ohiko protesi bati eusteko (ordezko hortz-haginei), eta galera funtzionalak sor dakizkioke. Inplante bidezko tratamenduarekin, berriz, hortz-haginak berreskura ditzake, eta bereak balira bezala geratuko litzaizkioke, gainera.
Inplanteetan, aukera terapeutiko ugari daude, eta prezioan ere alde handiak batetik bestera. Zer inplante mota eta zenbat jartzen diren, zer-nolako zaharberritze-tratamendua ezartzen den eta horien gainean zer eratako protesia erabiltzen den, horren araberakoa izango da prezioa, Espainiako Periodontzia Elkarteak (SEPA) dioen bezala. Odontologia-tratamendu gehienekin gertatzen den moduan, Espainiako Estatuan hortz-inplanteak ez dira sartzen Gizarte Segurantzan, nahiz eta beste herrialde batzuetan, Suedian, adibidez, Estatuak ordaindu egiten duen gastuaren zati bat.
Inplanteen tipologia askotarikoa dela nabarmendu behar da; inplante mota asko daude, nahiz eta gehienak titanio kimikoki puruarekin egiten diren. Eta are garrantzizkoagoa dena: inplante guztiek ez daukate arrakasta-aukera berbera, enpresa ekoizleek kalitate-eta ikerketa-estandar bat baino gehiago erabiltzen dituzte eta. Horregatik, aurrekontuak alderatzean, prezioari ez ezik, inplante motaren ezaugarriei ere erreparatu behar zaie.
Jartzen den protesi motaren araberakoa ere izaten da prezioa. Ezin dira konparatu beheko masailezurrean bi inplanterekin eusten zaion osoko protesi aldagarri bat jartzea edo portzelanazko protesi bat jartzea zortzi inplanteren gainean. Bi kasuetan, hortz kopuru bera ordezkatzen da, baina tratamenduaren irtenbidea ez da bera. Horregatik da garrantzitsua tratamendua ezarriko duen profesionalarekin hitz egitea eta kasu jakin bakoitzarentzat zer aukera dauden jakitea.
Zergatik dira beharrezkoak?
Inplanteak jartzeko arrazoi nagusia hortz-hagin batzuk edo guztiak galtzea izaten da. Eta galtzeko arrazoirik ohikoenak, berriz, periodontitisa (lehen piorrea esaten zitzaion), txantxarra eta traumatismoak izaten dira.
SEPAk emandako datuen arabera, 35 eta 45 urte bitarteko pertsonen artean, hirutik batek dauka periodontitisa, eta 65 urtetik gorakoetan, erdiek inguruk. Bakterioek eragina da, eta eritasun hori pairatzeko joera genetikoa duten pertsonei erasaten die; behar bezala aurre egin ezean, hortzak erori egiten dira. Beste batzuek, berriz, txantxarra pairatzeko joera izaten dute, higiene-ohitura txarren eta dieta desegokiaren eraginez.
Bi arrazoi horiek direla medio, pertsona batzuek arrisku gehiago izaten dute hortzak galtzeko, eta, beraz, inplanteak behar izateko. Espainiako Estatuan, dena den, ezin da ziur jakin zenbat pertsonak daramatzaten inplanteak eta zer-nolako ezaugarriak dituzten, oraindik ez baita egin horretarako epidemiologia-ikerketarik. Jakina da, hala ere, adin handia duten pertsonek eta peridontitisa daukatenek arrisku gehiago dutela hortzak galtzeko eta inplanteekin ordezkatu behar izateko. Eta jakina da, halaber, inplanteen eta protesien kirurgia-tekniketan aurreratu ahala, gero eta jende gehiagok erabiltzen dituela.
Funtsezkoa da aldez aurretik osasun ona edukitzea
Nornahiri gerta dakioke hortz edo hagin bat galdu eta ordezkatu behar izatea, eta inplante bidezko tratamendu batekin egin nahi bada, odontologoak osasun-azterketa egingo dio gaixoari, bai ahokoa eta bai orokorra. Izan ere, gaizki kontrolatuta dauden zenbait eritasun orokorrekin (diabetesa, adibidez), eta ahoko eritasun infekzioso eta hanpadurazkoekin (gingibitisa edo periodontitisa), ezin da inplanterik jarri. Prozesu horiek, txantxarra bezala, aurretik tratatu behar dira, eta behin inplanteak jarri ondoren, mantentze-tratamendu bat egin behar da. Gainerakoan, arriskuan jarriko litzateke inplanteen arrakasta (berehala eror daitezke edo denbora baten buruan).
Gainera, inplante-tratamendu bat egin aurretik, aztertu egin behar da gaixoak nola ixten duen ahoa edo geratzen zaizkion hortz-haginek nola hozkatzen duten, eta, batik bat, erradiografia bat egin behar zaio, ahoan zenbat hezur eta non daukan ikusteko, tratamendu hori ezin baita gauzatu ahoan hezurrik ez daukaten gaixoekin. Egoera horretan, bestelako teknika batzuk erabili beharko lirateke ahoa osatzeko.
Emaitza ona
Inplanteekin egiten diren tratamenduen % 95ek emaitza ona ematen dute eta arrakastatsuak gertatzen dira, SEPAk emandako datuen arabera. Horrek esan nahi du inplanteak ongi lotzen zaizkiola hezurrari; hau da, hezurrean behar bezala osteobarneratzen dira, eta gainean koroak jartzeko aukera ematen dute, galdutako hortzen ordezko. Erretzaile direnek arrisku gehiago izaten dute osteobarneratze hori ez gertatzeko eta tratamenduak huts egiteko. Kasu horietan, kendu egin behar izaten dira, eta aukera bada, beste inplante batzuk jarri. Baina tratamenduak huts egiteak ez du esan nahi organismoak arbuiatu edo errefusatu egin duela sartu den gorputz arrotzetik babesteko. Hori ez da gertatzen tratamendu horiekin.
Inplanteak arrakastaz gauzatzeko, aurretiaz kontu handiz planifikatu behar da guztia. Jartzeko orduan, tokiko anestesia erabiltzen dute (haginak kentzeko edo enpasteak egiteko erabiltzen dena), eta, beraz, ez du minik egiten. Gainera, gaixoak urduri jartzeko joera badu edo tratamendua luze joango bada, lasaigarriren bat ematen diote lehenago edo tratamenduan zehar, baina oso gutxitan erabiltzen dute anestesia orokorra.
Inplanteak sendo atxiki behar zaizkio hezurrari, horien gainean joan behar baitute protesiek edo hortz-pieza artifizialek. Hori dela eta, inplantea jartzen denetik protesia jarri arte, bi eta sei hilabete artean igaro daitezke, nahiz eta batzuetan bi gauzak aldi berean egiten dituzten. Denboraldi bat itxarotea egokitzen bazaio gaixoari, behin-behineko protesi bat eraman dezake.
Kirurgia egin ondoren, hanpadurak ager daitezke, handiagoak edo txikiagoak. Inplanteek, egia esan, nekez egiten dute minik, baina horiek jarri ondoren, hanpaduren aukako sendagaiak eta antibiotikoak har ditzala agintzen diote gaixoari, infekzioak eta minak saihesteko.
Elikadurari dagokionez, ez da arazorik izaten, non eta gaixoak ez dituen hortz guztiak falta. Hortzik gabe badago eta protesiak ez badizkiote berehala jarriko, bere ohiko protesiak erabil ditzake eta elikagai gogorrak saihestu.
Inplanteen onurak eta mugak
Ordezko hortz-haginekin edo bestelako odontologia-interbide batzuekin alderatuta, inplanteek badituzte abantailak: berezko hortz-haginen itxura eta funtzionaltasuna ematen dute, inguruko hortz edo haginak euskarri gisa erabili beharrik gabe. Ohiko protesiak, berriz, inplanterik egin gabe hortz-haginak ordezkatzeko erabiltzen direnak, finkoak edo aldagarriak izan daitezke (jarri eta kendu egiten direnak). Finkoak badira, beharrezkoa izaten da inguruko hortzak zizelkatzea edo txikitzea; aldagarriak badira, aldiz, kako edo euskailu bat behar izaten da hortzetan. Gaixoari hortzik geratzen ez bazaio, inplanteek lagundu egiten dute protesia gutxiago mugi dadin jaterakoan edo mugimendu bat egitean, eta itsasgarriak edo kolak erabili beharra ere saihesten da.
Inplanteak norberaren hortz-hagin bihurtzen dira, eta, arrazoi horrexegatik, berezkoak bezala zaindu beharra dago. Baten batek pentsa dezake berezko hortzak kendu eta inplanteak jarrita, ez duela arazo gehiagorik edukiko, baina uste hori guztiz okerra da. Aho-higiene txarrak handitu egiten du inplanteak galtzeko arriskua. Hori dela eta, dentistak ahoa maiz-maiz begiratu behar die inplanteak dauzkatenei, eta azterketak egin behar dizkie sei hilez behin.
Kontrol horiek beharrezkoak dira denborarekin inplanteak ez galtzeko; izan ere, protesiaren osagaiak eta inplantea inguratzen duten ehunak (hortzoiak eta azpian dagoen hezurra) zaindu ezean eta egoera onean daudela egiaztatu ezean, erori egin daitezke inplanteak. Azterketa horietan, inplante-inguruko eritasunei aurre hartzeko bitartekoak jartzen dira; periinplantitisa da eritasun horietako bat, zeina inplantea inguratzen duten hortzoietako bakterioek sortzen baitute, eta inplanteari eusten dion hezurra galtzea ekar baitezake (periodontitisak hortzei eusten dien hezurra hondatzen duen bezala). Hortzoiak odoletan hasten badira, izan daiteke gisa horretako prozesu bat hasi delako, nahiz eta sarritan asintomatikoa izaten den odol-jarioa. Horrexegatik da garrantzitsua azterketak egitea, horrelakoak garaiz antzemateko.
- Egunean bi aldiz, gutxienez, garbitu behar dira hortz-haginak eskuilaz eta diziplina handia eduki behar da aho-higienearekin; hortzetako haria edo gisakoak erabili behar dira hortz-tarteak ongi garbitzeko.
- Erretzailea izanez gero, erretzeari uztea komeni da, ohitura txar horrek kalte egiten baitio hortz-haginen osasunari.
- Saihestu egin behar da, ahal den neurrian, hortzak estutzea edo karraskatzea. Bruxismoa edukiz gero, odontologia-azterketak egiteko ohitura hartu behar da.
- Sei hilez behin joan behar da dentistarengana: Ahoko eritasunei aurre hartzeko eta hortz-haginak zaintzeko. Konplikazioak eta gastu handiagoak saihesteko. Inplanteak kontrolatzeko eta inplante-inguruko eritasunak saihesteko.
Iturri: Nuria Vallcorba, periodonzista eta SEPAren lehendakaria, eta David Herrera, SEPAren lehendakariordea