Zenbatean geratuko zait erretiro-saria?
Ilbeltza joan zaigu, eta argi erakutsi digu etorkizunak ere kolore horixe bera edukiko duela, bai, behintzat, erretiroari erreparatzen badiogu. Izan ere, pentsioen erreforma onartu du berriki Espainiako Ministroen Kontseiluak, eta gauzak aski ilun jarri ditu erretiratuen kolektiboarentzat: murriztu egingo dizkiete hurrengo urteetan jasoko dituzten erretiro-sariak. Bi dira, bereziki, aldaketa aipagarriak: erretiroa hartzeko legezko adina, 65 urtetik 67ra igo dute, eta kotizazio-oinarria, berriz, 15 urtetik 25era eraman dute. Langile batek, oro har, 67 urtetan hartu ahalko du erretiroa, baldin eta, gutxienez, 37 urtez kotizatu badu Gizarte Segurantzan. Aldatu egin dituzte, beraz, joko-arauak, eta berriz kalkulatu beharra dago zenbat kobratuko duen norberak adin horretara iristen denean. Ia seguru, pentsioak % 20 inguru murriztuko dira egungoekin alderatuta. Aldaketek berdin eragingo diete beren kontura ari diren langileei eta besteren kontura ari direnei, funtzionarioei, langabeei, kotizatzen duten bekak dauzkaten ikasleei… Zenbatean geratuko da horien erretiro-saria? Nola kalkula liteke orain zenbatekoa izango den sari hori?
Gakoak
Lan-merkatuarekikoak egin eta erretiro aldian zenbateko saria jasoko dugun kalkulatzeko, erreformaren ezaugarri nagusiak zein diren jakin beharra dago. Alderdi asko hartu behar dira kontuan, eta salbuespenak ere badira tartean; kasuistika, beraz, askotarikoa da. Ikus dezagun zein diren alderdi nagusiak:
Adina: horixe da erreformaren punturik polemikoena, eta eztabaida gehien ere horrexek sortu du gizartean: erretiroa hartzeko legezkoa dina 65 urtetik 67ra pasatu da. Ondorioz, langileak erretiro-sariaren % 100 jaso dezan, 37 urtez kotizatu beharko du, eta ez 35 urtez, orain arte bezala. Adinaren atalean, dena den, zenbait salbuespen ere egiten ditu erreformak, eta hauxe da guztietan aipagarriena: 38,5 urtez kotizatu duten langile guztiek 65 urtetan hartu ahalko dute erretiroa, % 100 kobratuz. Lanbide batzuentzat ere egin dituzte salbuespenak proiektu berrian, eta horietan ari direnak ere 67 urteak bete aurretik erretiratu ahalko dira sari osoarekin. Horixe gertatuko da lanbide bereziki gogorretan edo arriskutsuetan ari direnekin: meatzaritzan, arrantzan, eraikuntzan, segurtasun indarretan edo substantzia kimikoen alorrean.
Erretiro aurreratua: erretiro aurreratua hartu ahal izateko gutxieneko adina ere igo dute erreformarekin, eta 61 urtetik 63ra pasatu da. Langileek, beraz, adin horretan hartu ahal izango dute borondatezko erretiroa. Lanetik bota badituzte, ordea, aukera izango du 61 urtetan erretiratzeko. Baina kasu horietan, jakina, ez lukete oso-osorik jasoko erretiro-saria; 67 urteetara heltzeko falta zaien urte bakoitzagatik, % 8 murriztuko diete saria, eta 40 urtez edo gehiagoz kotizatu badute, % 7. Orain arte ez bezala, langile autonomoei ere aitortzen zaie erretiro aurreratua hartzeko aukera, gainerako langileen baldintza berberetan. Horixe da erreformaren berrikuntzarik garrantzitsuenetakoa (eta gauza on apurretakoa). Salbuespenezko erretiro aurreratua hartzeko aukera ere onartu dute: krisi egoeretarako da, eta 61 urte bete aurretik erretiratzeko modua izango luke langileak. Horretarako, baina, 33 urtez kotizatu beharko du.
Kotizazio-oinarria: erretiro-saria zenbatekoa izango den kalkulatzeko, kotizatu diren azken 15 urteetako soldata hartzen zen aintzat orain arte, baina orain, erreforma honekin, lan-ibilbideko azken 25 urteak hartuko dira kontuan. Aldaketa hori ezartzeko modua, hala ere, mailakatua izango da, eta bi fasetan jarriko dute abian. 2013. urtetik 2018ra, igarotzen den urte bakoitzeko, kotizazio-urte bat igoko dute. Ondorioz, 2018an, azken 20 urteetako kotizazioa erabiliko dute erretiro-saria kalkulatzeko. Bigarren fasea 2022tik 2027 joango da, eta azken ekitaldi horretan, azken 25 urteak kontuan hartuta kalkulatuko dute saria. Aldaketa horrek kalte nabarmena egingo die langileei, oro har jaitsi egingo zaie-eta jaso beharreko diru kopurua; izan ere, langilea zenbat eta hurbilago egon erretiro-adinetik, orduan eta soldata handiagoa izaten du, hobetu egiten zaizkiolako soldata-osagarriak, antzinatasunari dagozkion gehigarriak, lan-hitzarmenak, eta abar. Langile gehienek lan-bizitzako azken urteetan izaten dituzte soldatarik onenak. Kalkulu-epea handitzen bada eta oinarri txikiagoko ekitaldiak aitzat hartzen badira, jaitsi egiten da erretiro-sariari dagokion kopurua.
Gutxieneko kotizazioa: prestazioa jaso ahal izateko, orain artean bezala, 15 urtez kotizatu beharko da, gutxienez, baina denbora horrekin, langabezi sariaren oinarri arautzailearen % 50 soilik kobratuko du langileak.
Familia-bizitza: Gauza onak oso bakan dauzka lege berriak, eta horietako bat, hain zuzen, familia-bizitza eta lana bateratzeari buruzko araua da. Seme-alabak zaintzeko lana uzten duen langileak, alaba edo seme bakoitzeko, bederatzi hilabeteko kotizazio berezia izango du Gizarte Segurantzan, haurrak bi urte egiten dituen arte.
Ikasleak: Bekadunek eskubideak irabazi dituzte erretiro-aldirako. Lege-proiektu berriak esaten duenez, karrera amaitua duten ikasleek enpresetan formazio-programak edo ikerketa-programak egiten ematen duten denbora aintzat hartuko da kotizaziorako, baina bi urteko mugarekin.
Nola egin dezaket kalkulua?
Alderdi eta aldagai horiek guztiak gogoan hartu, eta kalkula liteke zenbateko saria jasoko duen norberak erretiroa hartzen duenean. Saria kobratu ahal izateko, dena den, bada oinarrizko beste betebehar bat ere: Gizarte Segurantzan izena emanda egon behar da, edo altaren pareko den egoeran.
Kalkulagailuarekin kontuak ongi egiteko, zenbat urtez kotizatu den eta oinarri arautzailea zenbatekoa den jakin behar da, lehenik eta behin. Bi alderdi horiek lagunduko digute kalkulatzen hilean zenbat eurokoa izango den saria. Horretarako, azken bi urteetako kotizazio-oinarria hartu behar da, eta horri gehitu behar zaio aurreko 23 ekitaldietan kotizatu dena. Horrez gain, KPIa ere aintzat hartu behar da (eguneratzea). Ondoren, kopuru hori, zeina egiazko kotizazio-oinarria baita, 12rekin biderkatzen da (12 hilabetez ordaintzen zaiolako Gizarte Segurantzari), eta 14rekin zatitzen (aparteko bi pagak ere aintzat hartzen baitira). Kalkulu hori eginda aterako dugu zenbatekoa den oinarri arautzailea.
Kotizatutako urte kopurua oinarrizko kontzeptua da kalkulua egiteko, kopuru horren arabera portzentaje bat edo bestea ezarriko zaiolako oinarri arautzaileari, eta horrek baldintzatuko du erretiro-saria zenbatekoa izango den. Adibidez, 15 urtez kotizatuta, oinarriaren % 50 jasoko du langileak, eta % 100 jasotzeko, berriz, 37 urtez??? kotizatu beharko da.
araua da lege berriaren gauza on bakanetako bat
Extremadurako eta Valentziako unibertsitateek pentsioen erreformaren inguruan egin duten azterketa batek dioenez (saria eman diote, gainera, Edad & Vida fundazioak eta VidaCaixak), erretiro-adina bi urtez atzeratuta, 65etik 67ra, % 12 eta % 15 artean murriztuko da batez besteko pentsioa (erretiratuko den langilea zenbat urtean egon den Gizarte Segurantzan izena emanda, gutxiago edo gehiago). Bestalde, saria kalkulatzeko epea luzatzeak, % 8 inguru jaitsiko du diru kopurua. Kotizatutako azken 15 urteak aintzat hartuta, azken soldataren % 80 izaten da erretiro-saria, eta azken 25 urteak aintzat hartzen hasita, azken soldataren % 68 baino ez da izango.
Gutxieneko eta gehienezko pentsioak
Erreformak gauza asko aldatu eta berritu dituen arren, gauza batzuei lehengoan eutsi die; adibidez, gutxieneko eta gehienezko pentsio batzuk izango dira aurrerantzean ere, orain arte izan den bezalaxe. Ekitaldi honetarako, 65 urte dauzkan erretiratuak, eta ezkonlaguna bere gain badu, urtean 10.225 euro jasoko ditu, gutxienez (hilean 852 euro). Ezkonlagunik gabe, berriz, hilean 601,4 euro. Gehienezko kopurua, aldiz, hilean 2.497,91 eurokoa da 2011. urterako.
Lehengo egoera eta orain izango dena alderatzeko ariketa erraz-erraz batekin, segituan ohartuko gara pentsio publikoak nabarmen murriztuko direla abian jarriko dituzten aldaketekin.
Autonomoak: lege-aurreproiektuak atal berezia eskaintzen die autonomoei. Esaten duenez, Langile Autonomoen Erregimen Bereziari ematen zaion babesa hobetu nahi dute, eta Erregimen Orokorreko langileek daukatenera hurbildu; bi erregimenen baldintzak berdintzea jartzen du helburutzat. Beren kontura ari diren langileentzat ere, 15 urtetik 25era luzatuko da kotizazio-aldia. Egungo erregimenarekin, ohikoa izaten da autonomoek kotizazio-oinarria igotzea lan-bizitzako azken urteetan, hartara gehiago kobratuko dutelako erretiratzean. Arau berria indarrean sartzen denean, ordea, hori egin nahi duenak luzaroago ordaindu beharko ditu kopuru handiagoak. Autonomoek ere, dena den, 15 urtez kotizatuta erretiratu ahalko dute. Egoerak okerrera egingo duela esan dugu, eta adibide batekin ikus liteke hori: bere kontura ari den igeltsero batek, urtean 16.000 euroren irabaziak aitortzen baditu, hilean 887 euroko saria jasoko luke orain; aldiz, lege berriak ekarriko dituen aldaketekin (kalkulu-epea 15 urtetik 25era luzatzea eta erretiro-adina 65 urtetik 67ra igotzea), 715 euro jasoko lituzke hilean, orain arte baino 85 euro gutxiago.
Besteren kontura ari diren langileak: Besteren kontura ari diren langileei ere eragingo die aldaketak. Urtean, batez beste, 22.000 euro irabazten dituen funtzionario bati, zeinak hilean 1.200 euroko saria jasoko bailuke gaur-gaurkoz, aurrerantzean, 90 euroan murriztuko litzaioke hileroko saria.
Ikasleak: ikasleek ere sumatuko dituzte aldaketak. Itxuraz, bekadunei mesede egingo die, zeren, lege-proiektuak aurreikusten duenez, enpresek aukera izango baitute ikasle horien alde kotizatzeko, eta hori beren alde izango dute erretiro-saria kalkulatzeko garaian. Besteak beste, MIR ikasleak mesedetuko ditu, karrera-hasieratik bertatik kotizatuko baitute.