Hiru eraikin publikoren irispideak aztertu ditugu (udaletxekoak, ospitalekoak eta tren-geltokikoak), 18 hiritan

Hiriek hobetu egin dituzte ezindu fisikoentzako irispideak, baina ez itsu eta gorrentzakoak

Braillez idatzitako informazio gutxi dago eta zeinuen hizkuntza ulertuko duten interprete profesional gutxi daude; horiek dira oztopo nagusiak entzumen- eta ikusmen-ezintasunak dauzkatenentzat
1 martxoa de 2011
Img tema listado 158

Hiriek hobetu egin dituzte ezindu fisikoentzako irispideak, baina ez itsu eta gorrentzakoak

/imgs/20110301/tema1.jpg
Guztientzako irispide egokiekin. Halakoak izan behar lukete gure hiriek, baina beti ez dira halakoak izaten. Eta hori aski ongi dakite ezintasunen bat daukaten pertsonek (3,9 milioi dira Espainiako Estatuan). Oztopo arkitektoniko ugari desagerrarazi dira irisgarritasun unibertsala lortzeko asmoz, baina oraindik bada zer egin ugari. Halaxe egiaztatu du EROSKI CONSUMERek 18 hiritan egin berri duen azterketa batean: eraikin publikoen irispideak aztertu ditu, gurpil-aulkian doazen pertsonek eta entzumen- eta ikusmen-ezintasunak dituztenek zer egoera pairatu behar izaten duten jakiteko. EROSKI CONSUMERen teknikariak hiru eraikin publikotan izan dira otsailean, eta eurekin, gurpil-aulkian dabilen pertsona bat bisita batean, itsu bat bestean eta gor bat hurrengoan (pertsona ezinduak biltzen dituzten hainbat erakunderen laguntza eduki dute horretarako). Honako hiri hauetan ibili dira, hain zuzen: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Donostia, Iruñea, Gasteiz, Granada, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Bisita horiekin, zer-nolako irispideak dauden ikusi nahi izan dute, bai udal-eraikin batean, bai ospitale bateko kanpo-kontsultetan eta bai tren-geltoki batean. Horretarako, prozedura hau erabili dute: lehenik, bost minutuko ibilalditxoa egin dute eraikinera iristeko, eta bideko irispideei erreparatu diete; gero, eraikinera sartu dira, eta sarrera bera eta barreneko instalazioak aztertu dituzte, komunak barne.

Emaitza orokorra ez da izan apartekoa (‘onargarria’ baino ez), eta azterketa gainditzeko ere larri ibili dira, oro har. 18 hirietatik 13k, emaitza horixe bera atera dute (‘onargarria), eta Kordobak, Malagak eta Valladolidek soilik lortu dute emaitza ‘ona’. Gure txostenak ondorio nabarmen bat utzi digu: hiriek ahalegin gehiago egin dute gurpil-aulkian doazenen beharretara egokitzeko (18 hirien batez besteko emaitza ‘ona’ izan da atal horretan), baina ez dute berdin jokatu ikusmen-ezintasunak dituztenekin (emaitza ‘onargarria’ eskuratu dute), eta zer esanik ez entzumen-ezintasunak dituztenekin (‘hala-holako’ emaitza). Gurpil-aulkian doazen pertsonentzako irispideak aztertu ondoren, 18 hiriek gainditu dute azterketa. Emaitzetan, hala ere, bada aldea hiri batzuetatik besteetara: Bartzelonak, adibidez, emaitza ‘oso ona’ lortu du, eta Bilbok, Cadizek eta Oviedok, aldiz, ‘onargarria’ baino ez. Gainerako hiriak, batez bestekoaren mailan geratu dira.

Gauzak okerrago daude itsuentzat, oztopo gehiago izaten baitituzte bizitza normala egin ahal izateko eta hiru eraikin horietako zereginak aurrera eramateko. Azterketaren emaitzak ere horixe islatzen du (‘onargarria’ izan da, batez beste). Bereziki, braillez idatzitako informazioa falta da leku horietan, eta soinu-elementuak ere, pertsona horiei orientatzen laguntzen dietenak, eskas dira. Hiri asko geratu dira gure azterketa gainditu gabe: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Donostia eta Sevilla. Emaitzarik onena Cadizek, Gasteizek eta Kordobak atera dute (‘ona’). Gainerako hiriek ez dute harrotzeko arrazoi handirik, maila ‘onargarria’ soilik eman dute eta.

Alacant eta Donostiak
ez dituzte
irispide egokiak

Eta itsuek baino are egoera okerragoa izaten dute entzumen-ezintasunak dituztenek, irispideei dagokienez. Hiri guztiak hartuta, batez besteko emaitza ez da iristen azterketa gainditzera (‘hala-holakoa’ izan da). Hiriz hiri aztertuta, honako hauek gelditu dira azterketa gainditu ezinik: Valentzia, Madril, Granada, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Bilbo eta Alacant. Gainerako hiriek emaitza hobea atera dute, eta guztietan onena, Malagak (irispide ‘oso onak’ dauzka gorrentzat).

Udal-eraikinak: guztientzat modukoak?

Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. Eraikin publiko horiek pertsona guztientzat izan behar lukete irisgarri. Baina, egiaz, besterik gertatzen da.

Udaletxeetara sartzea, hasteko, ez da dirudien bezain erraza. Eraikinera hurbiltzeko, 5 minutuko ibilalditxoa egin dute aztertzaileek, eta ezintasun motorrak dauzkaten pertsonek zailtasunak eduki dituzte aurrera egiteko, espaloiaren zabalera osoa ez delako egon oztoporik gabe (hori gertatu da A Coruñan, eta Kordoban, Murtzian eta Sevillan ere bai zenbaitetan). Gainera, hiri-altzariek eta ibilgailu gaizki aparkatuek traba egin dute A Coruñan, Alacanten, Iruñean, Kordoban eta Sevillan. Ikusmen-ezintasunak dituztenek ere hainbat oztopo aurkitu dituzte Iruñean, Gasteizen, Kordoban, Malagan, Oviedon, Sevillan eta Valladoliden, eta zoruari ere arreta berezia jarri behar izan diote A Coruñan, Bilbon, Gasteizen, Kordoban eta Sevillan, ezegonkor egon baita.

Errepidea gurutzatzea ere ez da arriskurik gabea. Oinezkoentzako igarobidea daukaten lekuetan, beti ez da egon semaforo bat, pertsona itsuek jakin dezaten handik gurutza dezaketela errepidea (hori gertatu da A Coruñan, Cadizen, Donostian, Iruñean, Malagan eta Murtzian zeharkatu ditugun igarobide guztietan). Entzumen-ezintasunak dituztenei dagokienez, berriz, oso hiri gutxitan ikusi ditugu horientzat egokituta dauden semaforoak: argia gorri jartzeko zenbat denbora falta den adierazten dutenak, adibidez, Bilbon, Gasteizen, Kordoban, Granadan eta Malagan soilik ikusi ditugu, eta soinu bidezko abisua ematen dutenak, Bartzelonan, Gasteizen, Kordoban, Sevillan, Valentzian eta Zaragozan.

Behin udaletxeen sarrerara iritsita, Donostian soilik aurkitu dugu oztopo izan litekeen elementu bat: ate birakaria dago sarreran, eta arazoak sortzen ahal dizkie ezintasun motorrak dituztenei eta pertsona itsuei. Ate horrez gain, dena den, badago eskuz irekitzen den beste bat ere. Egokien-egokiena, atea automatikoa izatea da (zortzi hirik soilik eduki dute), gardena edo kristal-guneekin, entzumen-ezintasunak dituztenek modua izan dezaten ikusteko zer dagoen beste aldean (A Coruñan, Madrilen eta Zaragozan ez da egon halakorik); sarbideak, gainera, kalearen maila berean egon behar luke (gurpil-aulkian joan diren pertsonekin egin ditugun ibilbideetan, ikusi dugu hirien erdiek ez daukatela kalearen maila berean udaletxerako sarbidea). Azken baldintza hori hiri guztiek bete ez arren, egia da, eskailerekin batera, arrapala ez-mekanikoak eduki dituztela, plataforma jasotzaileak eta igogailuak.

Behin eraikin barrenera sartuta, Gasteizko udaletxean izan ezik, gainerako guztietan aski leku izan da gurpil-aulkian doazen pertsonak ongi mugi daitezen, eta itsuentzat traba izan daitekeen oztoporik ere ez da egon. Itsuei, ordea, erakutsi egin behar zaie nondik joan daitezkeen, baina udaletxe bakarrak ere ez ditu eduki lerro edo gida bide-erakusgarriak, kolore eta testura desberdinetakoak, eta ateak, paretak eta zoruak ere ez dira egon kolorez nabarmenduak, gutxi ikusten duten pertsonentzat lagungarri izateko moduan (A Coruñak, Bilbok, Cadizek, Granadak, Malagak eta Murtziak soilik bete dute baldintza hori).

Udaletxeetan, mahai bat edo gune bat izaten da jendeari harrera egiteko, eta hara joan dira gure aztertzaileak. Udalerrian erroldatzeko informazioa eskatu dute, eta komunikazioa bideratzeko orduan, entzumen-ezintasunak dituztenek eduki dute arazo gehien. Nagusiki, udaletxeetan ez dagoelako zeinuen hizkuntza ulertzen duen interprete profesionalik: A Coruñan, Cadizen, Kordoban, Malagan eta Valladoliden soilik egon da (Granadan, administrazioko langileek ez dute jakin halakorik baden edo ez udaletxean). Bost hiri horiek interpretea eduki arren, A Coruñan eta Cadizen soilik erantzun dute unean bertan, bideo-dei baten bidez edo interpretea bera etorrita; gainerako hiruretan, aurrez egin behar da eskaria, edo interpretea asteko egun jakin batzuetan soilik egoten da han. Orduan, nola komunikatu da entzumen-arazoak dituen pertsona informazioa eskatzeko? Bada, keinuak eginez edo idatziz. Ezintasun fisikoak dituzten pertsonek ere zailtasunak eduki dituzte harrea-mahaiko langileekin komunikatzeko, zeren mahaiak garaiegiak izan baitira Alacanten, Bilbon, Cadizen, Murtzian, Oviedon, Sevillan eta Valentzian. Ikusmen-ezintasunak dituztenentzat ere ez da erraza informazioa eskuratzea, ez baita ohikoa administrazio publikoan braillez idatzitako oharrak aurkitzea.

Komunak funtsezko eremuak dira eraikin guztietan, eta edozein pertsonak erabiltzeko moduan egon behar dute horiek ere, irispide onekin eta behar bezala egokituak. Arau hori ez dute bete, ordea, A Coruñan, Gasteizen, Murtzian eta Sevillan. Eta gainerakoetan, faltan sumatu ditugu irisgarritasun-seinale unibertsalak, ateak ez dira izan behar bezain zabalak gurpil-aulkian doazenentzat, komunek ez dute eduki euste-barrarik, braillez idatzitako oharrik ez dugu ikusi eta pertsona gorrak ikusi ahal izateko seinalerik ere ez da egon, komunean norbait dagoen edo ez jakiteko.

Ospitaleak: badute zer 'osatu'

Funtsezkoa da herritar guztiek inolako arazorik gabe sartu ahal izatea ospitaleetara. Hala ere, oraindik badira oztopoak -ez nolanahikoak- guk aztertu ditugun hiru ezintasunak dituztenentzat. Ospitalera oinez joanda, elementu arriskutsuak aurkitu ditugu A Coruñan, Donostian, Murtzian, Oviedon, Sevillan eta Zaragozan, zorua ez delako izan egonkorra (koska handiak, galtzada hondoratua, lur zati solteak, baldosa irtenak, espaloi-koska garaiegiak), ez eta ez-labainkorra ere. Gainera, hiri-altzariak eta, batez ere, auto gaizki aparkatuak oztopo izan dira ezintasun motorrak dituztenentzat honako hirietan: Donostia, Kordoba, Granada, Madril eta Malaga.

Ospitalerako bidean, behin baino gehiagotan gurutzatu behar izan dugu errepidea, eta gehienetan, semaforo bat eta/edo oinezkoentzako pasabidea egon da. Ikusmen-ezintasuna duenarentzat, ezinbestekoa da hark entzuteko moduko seinale batek ohartaraztea errepidea gurutza dezakeen edo ez, baina semaforoa egon den lekuetan, hiri hauek soilik eduki dute entzuteko seinalea: Alacant, Bilbo, Granada, Kordoba, Madril, Oviedo eta Valladolid. Entzumen-ezintasunak dituztenek, berriz, ikusteko seinaleak behar dituzte inguruan, baina 18 hirietan egokitu zaizkigun semaforoetatik, Kordobakoetan soilik ikusi ditugu argia gorri jartzeko zenbat denbora falta den adierazten duten pantailak.

Ospitalera sartzeko atea Bilbon eta Valladoliden soilik izan da birakaria, nahiz eta bi horietan egon diren eskuz irekitzeko ateak ere. Entzumen-arazoak dituzten pertsonei gauzak errazteko, ateak gardenak edo kristal-gunez hornituak izan dira aztertu ditugun ospitale guztietan. Ezintasun motorrak dituzten pertsonekin egin dugun ibilbidean, ohartu gara sarbidea ez dela egon kalearen maila berean 18 hirietatik 13tan; horietako 10etan, gainera, eskailerak egon dira, nahiz eta arrapala ez-mekanikoak eta igogailuek ere eduki dituzten.

Ospitale barrenean, bisitatu ditugun kanpo-kontsulta guztiek banaketa egokia eduki dute, ezintasun fisikoak dituztenak ongi mugitzeko modukoak; Gasteizen soilik antzeman ditugu mugikortasuna oztopatu duten elementuak. Era berean, ikusmen-ezintasunak dituztenei bidea erakusteko lerroak edo gidak, kolore eta testura desberdinetakoak, Bilbon eta Donostian soilik ikusi ditugu. Gainera, Gasteizen eta Sevillan baino ez ditugu aurkitu oztopoak eraikinen barrenean, ikusmen-arazoak dituztenen trabagarri izan daitezkeenak, nahiz eta zorua egonkorra izan den leku guztietan.

Informazioa eskatzeko, harrera-mahaira joan dira gurpil-aulkian dabiltzanak, baina Bilbon, Granadan eta Oviedon, esaterako, bat bera ere ez da egon altuera egokian. Ospitaleetan ere entzumen-ezintasuna daukatenek izan dute arazo gehien langileekin komunikatzeko, Malagan soilik eduki dute-eta zeinuen hizkuntza ulertzen duen interprete profesionala, nahiz eta zerbitzua ez duen ematen unean bertan. Ondorioz, idatziz eta keinuen bidez adierazi behar izan dituzte beren eskabideak, eta horrek nabarmen zaildu du administrazioko langileek eskaini ahal izan dioten arreta. Eta zenbait lekutan, hain zuzen, tratua ez da izan egokia: Bartzelonan, Donostian, Cadizen, Iruñean, Kordoban, Sevillan eta Valentzian gertatu da hori; batik bat, zaila gertatu zaielako informazioa ematea, nahiz eta zenbait langileren jarrerak ere ez duen askorik lagundu: ez dute ahalegin eta interes handirik jarri horretan. Itsuei ere zail gertatu zaie informazioa eskuratzea ospitaleetan, kartel, esku-orri eta inprimaki gehienak ez daudelako braille hizkuntzan: ez mapak, ez kokapen-planoak eta ez kontsulten informazioa. Azkenik, ospitale gehienetako komunak irisgarritasun-seinale unibertsalarekin adierazita egon dira, eta sarrerako atea aski zabala izan da gurpil-aulkiarekin sartzeko. Barrenean, hala ere, zenbat gabezia antzeman ditugu: ikusteko seinaleak falta izan dira, komunean inor baden edo ez jakiteko, eta txorrotek ez dute eduki sistema automatiko bat eskuak azpian jarri eta ura isuraraziko diena (erabilgarria da ikusmen-ezintasunak eta ezintasun fisikoak dituztenentzat).

Geltokiak: oztopo ugariko bidaia

EROSKI CONSUMERen teknikariak, entzumen- eta ikusmen-ezintasunak eta ezintasun fisikoak dauzkaten pertsonak lagun hartuta, eraikinen kanpoaldean eta barrualdean zer-nolako irispideak dauden aztertzen aritu dira. Ikusmen-arazoak dituzten pertsonentzako irispideetan aurkitu ditugu gabeziarik nabarmenenak eraikinen kanpoaldean: hirien erdietan ia (Alacant, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Malaga, Oviedo eta Zaragoza) oztopoak edo elementu arriskutsuak aurkitu ditugu tren-geltokiaren inguru hurbilean: hiri-altzariak gaizki jarrita (zutabeak, zuhaitzak, kale-argiak), zorua hondatuta…

Zer egoera aurkituko dute itsu batek, gor batek edo gurpil-aulkian doan batek tren-geltokien barrenean? Ezintasun fisikoa duten pertsonentzat, geltoki guztietan bada laguntza-zerbitzu bat (Atendo esaten diote, eta Renfek sustatua da); gainera, eraikin barreneko banaketak ere arazorik gabe mugitzeko aukera eman die guk aztertu ditugun 18 hirietan. Nasara joateko bidean, ordea, oztopo batzuk ikusi ditugu (Donostian), eta harrera-mahaietarako bidean ere bai (Alacant, Iruñea, Kordoba, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza). Mahai horiek, gainera, garaiegiak izan dira zazpi hiritan, eta berdin gertatu da txartelak erosteko makinekin ere (A Coruña, Bilbo, Gasteiz, Granada, Murtzia, Oviedo eta Valentzia); hori oztopo handia da gurpil-aulkian doanarentzat.

Itsuei dagokienez, geltoki ia gehienek ez daukate entzuteko seinalerik, ez informazioa emateko eta ez kokapena zehazteko ere. Ateak, hormak eta zoruak ere ez daude margotuak kolore nabarmenekin, gutxi ikusten duen norbaitek bereizteko modua izan dezan. Alacanteko, Iruñeko eta Valentziako nasetan, ez dago segurtasun-marrari zoruaren gainean, ezta Valladolideko batzuetan ere. Gainera, bisitatu ditugun tren-geltokien erdietan baino gehiagotan, txartelak saltzeko makinek ez dituzte eduki argibideak braillez edo erliebean emanak (horixe gertatu da A Coruñan, Alacanten, Bartzelonan, Iruñean, Kordoban, Malagan, Murtzian, Oviedon, Valladoliden eta Zaragozan). Dena den, geltokiko langileek tratu egokia eman diete ikusmen-arazoak dituztenei, salbu eta hiri hauetan: Donostia, Madril, Zaragoza eta Alacant. Leku horietan, ezinduarekin zegoen teknikariari hitz egin dio langileak, ezinduari berari hitz egin beharrean (nahiz eta hura joan zaien informazio eske).

Entzumen-ezintasunak dauzkatenentzat, berriz, ikusteko seinaleen falta da arazorik handiena, larrialdiren bat gertatu dela ohartarazteko erabiltzen direnak, adibidez (A Coruñan, Bilbon, Malagan, Murtzian, Sevillan eta Valentzian soilik ikusi ditugu halakoak). Hori gabezia handia bada ere, bada komunikatzeko orduan pertsona horiei eragozpen are handiagoa eragiten dien beste bat: zeinuen hizkuntza ulertuko duten interprete profesionalen falta. Honako hiri hauetako geltokietan soilik eskaini dute zerbitzu hori: Bartzelona, Madril, Valladolid, Kordoba, Oviedo, Iruñea eta Malaga. Entzumen-arazoak dituen pertsona langileengana galdezka joan denean, ongi hartu dute geltokien erdietan baino gehiagotan, baina ez hala Donostian, Zaragozan eta Cadizen, non tratua txarra edo oso txarra izan baita.

Bisita amaitzeko, geltokiko komunek zer-nolako irispideak dituzten aztertu dugu. Oro har, ezindu fisikoei dagokienez, gabezia gutxi antzeman ditugu. Geltoki guztietan, irisgarritasun-seinale unibertsalak ageri dira komunen ateetan. Sarbidea aski zabala eduki dute, gurpil-aulkiarekin lasai sartzeko modukoa. Ordea, A Coruñan, Bilbon eta Zaragozan aztertu ditugun komunek ez dute eduki aski leku barreneko aldean. Gainera, A Coruñako komunari euste-barra falta izan zaio ondoan.

Komunetako atea kolore deigarriz margotu ezean edo braille bidez ongi seinalatu ezean, itsu batek edo gutxi ikusten duen pertsona batek nekez aurkituko du, eta horixe gertatu da, hain zuzen, hiri hauetako komunetan: A Coruña, Bartzelona, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valladolid eta Zaragoza. Horrez gain, hiru geltokik soilik eduki dituzte ikusteko seinaleak, komunean inor baden edo ez jakiteko (Kordoba, Murtzia eta Sevilla); sistema hori beharrezko izaten da pertsona gorrentzat. Hiri bakoitzaren alderdirik onenak eta txarrenak

Hirien alderdirik onenak eta konparaketako taula

A CORUÑA: ‘onargarria’

  • Onena: Ezintasun fisikoa duten pertsonentzako irispideak (emaitza ‘ona’ lortu du atal horretan): udaletxeko harrera-mahaiak altuera egokian egon dira, ospitaleko komunak egokituak, eta geltokian, aparkalekuak bereizi egiten dituzte ezintasun motorrak dituztenentzat.
  • Txarrena: Itsuentzako irispideak (ez du gainditu aldizkariaren azterketa): tren-geltokiaren barrenean ez dago soinu-seinalerik informazioa emateko edo/eta kokapena zehazteko; ospitaleko igogailuaren botoiak ez dira egon braille hizkuntzan edo erliebean; eta udaletxeko zorua labainkor egon da zenbait tokitan.

ALACANT: ‘hala-holakoa’

  • Onena: Gurpil-aulkian doazenentzako irispideak: ez da egon arrapala mekanikorik tren-geltokira eta ospitalera sartzeko, eta udaletxeko komun guztiak ez dira egon egokituak.
  • Txarrena: Gorrentzat eta itsuentzat egindako egokitzapenak (‘hala-holako’ emaitza): hiru eraikinetako batek ere ez ditu eduki gida edo lerro bide-erakusgarriak ikusmen-arazoak dituztenentzat, ezta larrialdien berri emateko ikusmen-seinaleak ere entzumen-ezintasunak dituztenentzat.

BARTZELONA: ‘onargarria’

  • Onena: Gurpil-aulkian doazen pertsonentzako irispiderik onenak hiri honetan aurkitu ditugu (emaitza ‘oso ona’ lortu du atal horretan).
  • Txarrena: Ikusmen-arazoak dituztenek arazo ugari eduki dituzte guk aztertu ditugun hiru eraikinetan, eta horrexegatik gelditu da azterketa gainditu gabe atal horretan (‘hala-holako’ emaitza atera du). Gainera, udaletxerako bidean egokitu zaizkigun semaforoek ez dute ematen soinu bidezko seinalerik, eta ospitaleko igogailuaren botoiak ez dira egon braillez idatziak edo erliebean jarriak.

BILBO: ‘onargarria’

  • Onena: Irispideak ez dira bereziki onak, baina aurkitu dugu gauza on bat edo beste. Udaletxerako bidean, adibidez, gurutzatu beharreko leku guztietan egon da semaforoa, ospitaleko komun guztiak egon dira egokituak arazo motorrak dituztenentzat, eta tren-geltokiaren barrenean ez dugu ikusi oztopo bat bera ere.
  • Txarrena: Entzumen-ezintasunak dituztenentzako irispideak (‘hala-holako’ emaitza): tren-geltokian ez dute eduki zeinuen hizkuntza ulertuko duen interprete profesionalik; ospitaleko itxarote-gelan ez dugu ikusi ikusmen-seinalerik, gaixoak jakin dezan kontsultara sartzea dagokiola, eta udaletxeko komunetan ere ez da egon ikusmen-seinalerik, erabiltzaileak jakin dezan komunean inor baden edo ez.

CADIZ: ‘onargarria’

  • Onena: Eremu horiek itsuentzat egokitzeko neurriak (emaitza ‘ona’): ospitaleko sarrera kalearen maila berean dago, udaletxerako bidean dagoen zoruak ez du eduki arriskurik eta tren-geltokira sartzeko atea automatikoa da.
  • Txarrena: Gurpil-aulkian dozenentzako edo entzumen-arazoak dituztenentzako irispideetan antzemandako gabeziak (emaitza ‘onargarria’): harrera-mahaiak garaiegiak izan dira ospitaleetan, udaletxera sartzeko atea eskuz irekitzekoa izan da, eta zeinuen hizkuntza ulertzen duen interprete profesionalik ez da egon tren-geltokian.

KORDOBA: ‘ona’

  • Onena: Ezindu fisikoentzako, itsuentzako eta gorrentzako irispideak (emaitza ‘ona): tren-geltokiak interprete-zerbitzua eskaintzen du zeinuen hizkuntzarentzat, bideo-deiaren bidez; udaletxeko sarreran, arrapala ez-mekanikoak jarri dituzte; eta ospitaleko komunen ikurrak braille hizkuntzan edo erliebean jarriak gaude, edo kolorez nabarmenduta.
  • Txarrena: Emaitza ona lortu arren, badira hutsegiteak ere: udaletxeko komunetan ez dago ikusmen-seinalerik, entzumen-ezintasuna dutenek jakin dezaten komunean inor baden edo ez; ospitaleko zoruan ez da egon gida edo lerro bide-erakusgarririk (itsuen lagungarri izaten dira); eta oztopoak ikusi ditugu gurpil-aulkian joan behar duenarentzat (hiri-altzariak).

GRANADA: ‘onargarria’

  • Onena: Hiru eraikinen irispideei buruzko azterketa, emaitza ‘onaren’ eta ‘hala-holakoaren’ artean ibili da: ezindu fisikoentzako neurrietan, emaitza ‘ona’ lortu du, eta entzumen-ezintasunak dituztenei zuzendutako neurrietan, berriz, ‘hola-halakoa’. Onerako nabarmentzekoak dira, adibidez, ezindu fisikoei aparkalekuak gorde edo bereizten zaizkiela ospitale inguruan, eta tren-geltokiko harrera-mahaiak altuera egokian daudela.
  • Txarrena: Tren-geltokian ez dute eduki interpreterik zeinuen hizkuntzarentzat, eta udaletxean, ikusteko moduko larrialdi-seinaleak falta izan dira gorrentzat.

MADRIL: ‘onargarria’

  • Onena: Gurpil-aulkian doazenentzako irispideak (emaitza ‘ona’): tren-geltokira iristeko bide guztiak zoru ez-labainkorra dauka, udaletxe inguruan aparkalekuak gordetzen dizkiete ezinduei, eta ospitaleko komun guztiak egokituak daude.
  • Txarrena: Entzumen-arazoak dituztenentzako irispideetan antzeman diren gabeziak (emaitza ‘hala-holakoa’): tren-geltokian, ez dago ikusteko moduko larrialdi-seinalerik; zeinuen hizkuntza interpretatuko duen profesionalik ere ez dago tren-geltokian, ezta udaletxean eta ospitaleko kanpo-kontsultetan ere.

MALAGA: ‘ona’

  • Onena: Entzumen-arazoak dituzten pertsonentzako irispiderik onenak dauzkate (emaitza ‘oso ona): zeinuen hizkuntza interpretatzeko zerbitzua eskaintzen dute, adibidez, hiru eraikin publikoetan.
  • Txarrena: Ikusmen-arazoak dituzten pertsonentzako irispideetan antzemandako gabeziak (emaitza ‘onargarria’): udaletxearen inguru hurbila ez dago aski egokitu aitsuentzat, tren-geltokiaren barreneko aldea ez da oztoporik gabea eta ospitaleko sarrera ez dago kalearen maila berean.

MURTZIA: ‘onargarria’

  • Onena: Ezintasun motorra duten pertsonentzako irispideak (emaitza ‘ona’): ezindu fisikoei aparkalekuak bereizten edo gordetzen dizkiete hiru eraikinen inguruetan, sarrerako ateak automatikoak dira eta komunak ongi seinaleztatuak eta egokituak daude (udaletxean salbu, non ez baitago).
  • Txarrena: Ikusmen- eta entzumen-ezintasunak dituztenentzako irispideak (emaitza ‘onargarria): gida edo lerro bide-erakusgarriak falta izan dira hiru eraikinetan, eta interprete-zerbitzua ere bai zeinuen hizkuntzarentzat.

OVIEDO: ‘onargarria’

  • Onena: Tren-geltokian zeinuen hizkuntza interpretatzeko zerbitzua eskaintzen dute unean bertan, bideo-dei bidez; udaletxeko eta ospitaleko sarreran irispide egokiak daude, eta hiru eraikinen barreneko aldea ere ongi egokitua dago (oztoporik gabe).
  • Txarrena: Gurpil-aulkian doazenek antzeman dituzten gabeziak: hiru eraikinetako harrera-mahaiak ez dira egon altuera egokian, eta zentzumen-ezintasunak dituztenentzat, berriz, ez da egon gida bide-erakusgarririk, eta komunek ere ez dute eduki ikusteko moduko seinalerik, erabiltzaileak jakin dezan komunean inor baden edo ez.

IRUÑEA: ‘onargarria’

  • Onena: Ezintasun motorra dutenentzako irispideak (emaitza ‘ona’): hiru eraikinek banaketa egokia eduki dute, gurpil aulkiarekin arazorik gabe mugitzeko modukoa; aztertu ditugun komun guztien ateak aski zabalak izan dira gurpil-aulkientzat, eta euste-barra eduki dute komunaren ondoan.
  • Txarrena: Entzumen-ezintasuna dutenentzako irispideak (‘hala-holako’ emaitza): tren-geltokian soilik eduki dute interprete zerbitzua zeinuen hizkuntzarentzat (nahiz eta ez eskaini unean bertan), eta ospitaleko itxarote-gelan ez da egon ikusmen-seinalerik, kontsultara sartzeko txanda iritsi dela adierazten duenik.

DONOSTIA: ‘hala-holakoa’

  • Onena:Ezintasun motorra dutenentzako irispideak (emaitza ‘ona’): hiru eraikin publikoen harrera-mahaiak altuera egokian egon dira, eta eraikinaren banaketa egokiari esker, arazorik gabe mugi liteke.
  • Txarrena: Itsuentzako eta gorrentzako irispideak (emaitza ‘hala-holakoa’): braillez idaztitako kartelak falta izan dira, batez ere udaletxean, txanda hartzeko makinetan, eta tren-geltokian ere bai, txartela erostekoetan.

SEVILLA: ‘onargarria’

  • Onena: Ezindu fisikoentzako irispideak (emaitza ‘ona’): hiru eraikin publikoetan aparkalekuak bereizita edo gordeta eduki dituzte gurpil-aulkian doazenek, sarbideak ere egokituta egon dira hiruretan, eta, or ohar, eraikinen banaketa ere egokia izan da, arazorik gabe mugitzeko modukoa (udaletxeko zenbait tokitan izan ezik).
  • Txarrena: Ikusmen-ezintasuna dutenentzako irispideak (‘hala-holako’ emaitza): hiru eraikinetako batean ere ez ditugu ikusi gida bide-erakusgarriak, testura eta kolore desberdinez nabarmenduak, pertsona itsuak errazago ibil daitezen; braillez idatzitako informazio gutxi egon da (komunetan, adibidez, ikurrak ez dira egon hizkuntza horretara itzuliak).

VALENTZIA: ‘onargarria’

  • Onena: Aztertu ditugun hiru eraikinak ongi egokituta egon dira ezintasun motorra duten pertsonentzat (emaitza ‘ona’ izan da, batez beste): hiru sarbideek eduki dituzte arrapala ez-mekanikoak, ateak automatikoak dira ospitalean eta udaletxean, eta tren-geltokian, altuera egokian egon da txartel-makina.
  • Txarrena: Entzumen-ezintasuna dutenek aurkitu dute zailtasun gehien Valentziako hiru eraikin publikoetan (‘hala-hokako’ emaitza lortu dute atal horretan). Komunikazioaren arazoa da larriena: eraikin batek ere ez dauka interprete-zerbitzurik zeinuen hizkuntzarentzat.

VALLADOLID: ‘ona’

  • Onena: Entzumen-ezintasuna eta arazo motorrak dituztenentzako irispideak (emaitza ‘ona’): udaletxean eta tren-geltokian, interprete profesionala daukate zeinuen hizkuntzarentzat, eta hiru eraikinen harrera-mahaiak altuera egokian egon dira gurpil-aulkian doanarentzat.
  • Txarrena: Ikusmen-ezintasuna dutenentzako irispideak. Komunak emakumeentzat edo gizonentzat diren adierazteko ikurrak ez daude braillez jarrita, ezta erliebean ere. Gainera, eraikinen barrenean ez da egon gida edo lerro bide-erakusgarririk.

GASTEIZ: ‘onargarria’

  • Onena: Aztertu ditugun eraikinak ongi egokituak daude ezintasun motorra dutenentzat eta ikusmen-ezintasuna daukatenentzat. Bi ataletan ere, emaitza ‘ona’ atera du, batez beste: tren-geltokian eta udaletxean, kalearen maila berean dago sarrera, atea automatikoa da hiru eraikinetan, eta tren-geltokian izan ezik, ez dago oztoporik barreneko aldean.
  • Txarrena: Entzumen-ezintasuna dutenentzako irispideak (‘hala-holako’ emaitza): hiru eraikinetako batean ere ez dute eskaini interprete-zerbitzurik zeinuen hizkuntzarentzat, eta, beraz, komunikazio-arazoak sortzen dira.

ZARAGOZA: ‘onargarria’

  • Onena: Ezintasun motorra dutenentzako irispideak (emaitza ‘ona): hiru eraikinen sarbideak egokituta egon dira, eta harrera-mahaiak altuera egokian.
  • Txarrena: Zentzumen-ezintasuna dutenentzako irispideak (emaitza ‘onargarria’): ez dago gida bide-erakusgarririk zoruan, kolorez eta testuraz nabarmendutakorik, eta soinu bidezko seinalerik ere ez dago informazioa emateko edo kokapena zehazteko (itsuentzat lagungarria izaten da hori, eraikin barrenean hobeki moldatzeko); interpreterik ere ez dute eduki hiru eraikinetan.