Argindarra: watt gutxiago eta kontzientzia gehiago
Argindarra % 10 garestitu da urte aldaketarekin, eta ez da izango azkeneko aldia. Ordainagiriak gero eta zenbaki handiagoa erakusten duen honetan, kontsumitzaileek zenbait neurri har ditzakete; sakelak eskertuko du, eta ingurumenak ere bai.
Lehenik eta behin, arau nagusi bat ezarri beharra dago jokabidean, bista-bistakoa dirudien arren, jendea ohartzeke dagoela dirudi eta: energia aurrezteko modurik (eko)logikoena, energiarik ez kontsumitzea da, edo, gutxienez, zentzu pixka batekin egitea. Ohikoa izaten da, adibidez, logela batean inor egon ez, eta argiak piztuta edukitzea, edo neguan kamisetarekin eta udan jertsearekin ibiltzea, berogailua eta aire girotua neurriz kanpo erabiltzen direlako.
Etxetresna elektrikoek kontsumitzen dute energiarik gehien: argindarretan gastatzen denaren % 65 ere bai zenbaitetan. Baina guztiek ez dute berdin kontsumitzen. Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) emandako datuen arabera, hozkailu eta izozkailuek, adibidez, argindar guztiaren % 19 kontsumitzen dute. Hori dela eta, garrantzitsua da neurri egokia duen bat erostea, eta energia-eraginkortasun gehien daukanetakoa: A motakoa edo hortik gorakoa (A+, A++…).
Kontsumitzaile batek C motako hozkailua badu, eta haren lekuan A+ motakoa jartzen badu, hilean 3,72 euro aurreztuko ditu argindarretan (44,64 euro urtean). Arropa-garbigailuarekin gauza bera eginez gero, 2 euro; ontzi-garbigailuarekin, 2,42 euro; eta arropa-lehorgailuarekin, 4,61 euro.
Etxetresnarik eraginkorrenak garestiagoak dira, baina lau urteren buruan amortizatzen da hasierako inbertsioa. Tresna horiek hamar urteko bizia izaten dute, batez beste, eta denbora horretan, etxetresna ez-eraginkor batekin alderatuta, argindar-kontsumo guztiaren % 74,7 aurreztea lortzen da tresna eraginkorrekin. Administrazioek Renove planak eta gisakoak eskaintzen dituzte, jendeari diru laguntzak emateko gutxiago gastatzen duten gailuak eros ditzan.
Energia-kontsumoa gutxitzeko, hozkailu batek egiten duena, adibidez, neurri egokia da tresna hori leku fresko eta ongi haizeztatu batean jartzea, haren atzeko aldea garbi edukitzea edo izotz-kapa hiru milimetrokoa egin aurretik desizoztea. Ahalik eta gutxienetan irekitzea eta ateetako gomak aldatzea ere bai, ongi ixten ez badira; jaki beroak ez sartzea; elikagaiak hozkailuan desizoztea, haien hotzari etekina ateratzeko; eta hozkailua 3º eta 5º gradu artean edukitzea eta izozkailua -18º eta -15º artean. Horiek dira funtsezko aholkuak, hozkailu batek energia gutxiago kontsumi dezan.
Energia-xurgatzaileak
- Telebista: Hozkailuaren ondotik, telebistak kontsumitzen du energia gehien. Telebista lauak, urtetik urtera gero eta gehiago hedatzen ari diren horiek, banpiro energetiko aseezinak dira: stand by egoeran edo pausaldian daudela, energia xurgatzen dute eguneko 24 orduetan, nahiz eta inortxo ez egon hari begira, eta egiten duten gastu guztiaren % 15 izatera hel liteke pausaldiko kontsumoa. Horregatik, gainerako gailu elektriko txiki eta handiekin gertatzen den bezala (hirukoiztu egin da horien kontsumoa azken hiru hamarkadetan), aholku batzuei jarraitu behar diete kontsumitzaileek: eraginkorrenak hautatu, stand by egoera saihestu eta itzalita eduki, erabili behar ez direnean.
- Ordenagailua: Ordenagailuak ere modu ekologikoagoan erabiltzen saiatu behar da: pantaila itzali behar da, 20 minutu baino gehiago egingo baditugu hura erabili gabe, eta ordenagailu osoa itzaltzea komeni da, baldin eta 2 orduz edo gehiagoz ez badugu erabiliko. Teknologia berriak lagungarri izan daitezke argindar gutxiago gastatzeko; kontagailu adimendunek, adibidez, denbora errealean zenbat argindar kontsumitzen den esaten dute.
- Garbigailua: Gehien kontsumitzen duten tresnen artean, garbigailua dator hurrena. Erabiltzen duten argindarraren % 80-90, ura berotzeko izaten da. Garbigailurik eraginkorrenak erabiltzeaz gain, ur hotzarekin dabiltzan programak hautatu behar dira, horiexek izaten dira-eta, gainera, egokienak lixiba mota gehienentzat. Garrantzitsua da, halaber, garbigailua ahalik eta gehien betetzea arropaz, edo, gutxienez, karga-erdiko programak erabiltzea, zentrifugatu eta arropak eguzkitan lehortzea, lehorgailuak saihesteko, eta horrez gain, urari kaltzioa kentzekoak erabiltzea ere komeni da, eta iragazkia garbi edukitzea. Lehorgailua edukiz gero, hori ere eraginkorren sailekoa izatea komeni da, eta ezinbesteko denean soilik erabiltzea, ahal bezainbat betetzea eta programarik egokienak aukeratzea.
- Ontzi-garbigailua: Ontzi-garbigailua ere gero eta hedatuago dago. Espainian, adibidez, lau etxetatik batean daukate. Argindar-gastuaren % 2 egiten du, baina platerak eskuz ur beroarekin garbitzea baino merkeagoa da, baldin eta garbigailuentzat eman ditugun aholku berei jarraitzen badiegu.
- Sukaldea: Elikagaiak prestatzeko ere, energia dezente behar izaten da (% 11); etxe batzuetan argindarra erabiltzen dute, eta gas naturala beste zenbaitetan. Kontsumoa gutxitzeko, sua bera baino hondo handiagoa duten ontziak erabil daitezke, eltzeei tapa jarri, A motako labeak erabili eta behar denean baino ez ireki horien atea, espres ontzietan prestatu jakiak; plaka elektrikoak dituenak, irakiten hasi baino lehentxeago itzal dezake sua, eta gasa duenak, berriz, sua apaldu behar du ura irakiten hasten denean.
- Etxetresna elektriko txikiak: Beroa ematen duten tresna elektriko txikiek (lisaburdina, txigorgailua edo ile-lehorgailua) energia dezente behar izaten dute. Tresna horiek ahalik eta gutxien erabiltzea komeni da, eta ahalik eta etekin gehien ateratzea. Latak irekitzekoak, zukugailuak edo telefonoak, adibidez, badira argindarrik gabe dabiltzanak ere. Hala ere, tresna horietako batzuk aski egokiak izan daitezke. Mikrouhin-labe batek, esaterako, ohiko labe batek baino denbora gutxiago behar izaten du, eta energia ere, % 60-70 inguru aurrezten du. Eta bizarra egiteko makina elektrikoak egokiagoak dira erabili eta botatzeko bizar-labanak baino, ur berorik ez delako behar izaten eta hondakinak ere gutxiago sortzen direlako.
Argiztapena eta aire girotua
Argiztapenak eraman ohi du etxe bateko argindar-kontsumoaren laurdena edo bostena, nahiz eta erdia ere izan daitekeen, gauzak gaizki eginez gero. Gastu hori apaltzeko modu ona izaten da argi naturala erabiltzea ahal den guztietan, paretak eta sabaiak kolore argiz margotzea, argiak itzaltzea erabili behar ez direnean, tulipak eta bonbillak garbi edukitzea edo energia aurrezteko sistemak instalatzea.
erdia eraman dezake, gaizki eginez gero
Kontsumo txikiko bonbillak ere hor daude; ohikoak baino garestiagoak dira, baina % 80raino aurrezten dute energia, eta zortzi aldiz gehiago irauten dute; beraz, erraz amortizatzen da horiek erosteko gastua: 11-15 watteko bonbilla batek, bere iraupen-aldian, 68 euro aurreztu ditzake, eta, gainera, tona erdi CO2 isurtzeari uzten zaio horri esker (gas hori da klima-aldaketan eragin handienetakoa duena).
Berogailu elektrikoak, aldiz, ez dira batere onak, erruz gastatzen baitute argindarra. Baina energia gutxiago xahutzen duten beste sistema batzuk erabilita ere, bero-ponpak eta gisakoak, adibidez, modu arduratsuan egin behar da. Etxebizitza bat 20 ºC-tan badago, aski erosoa gertatuko da, eta logeletan, berriz, 3 edo 5 gradu gutxiago ere eduki daitezke. Termostatoari gradu bat kentzen diogun bakoitzeko, % 3-5 artean aurrezten dugu ordainagirian. Berogailua ez da zertan piztuta eduki egun guztian, eta are gutxiago gauez: etxea haizeberritu eta leihoak itxi ondotik, aski da ordu gutxi batzuetan jartzea.
Aire girotuari dagokionez, berriz, zentzu pixka batekin erabiliz gero, energia asko aurreztu daiteke, eta ingurumenaren gaineko eragina murriztu. Ez da komeni bero gehien egiten duen orduetan erabiltzea, goizeko lehen orduetan baizik; leihoak eta gortinak itxi behar dira, hotzik gal ez dadin, eta sekula ez da utzi behar sleep edo stand by egoeran (pausaldian).
Norabide edo orientazio egokia duten etxebizitzek, hormak, sabaiak eta leihoak ongi isolatuta dituztenek (laguntza publikoak eska daitezke horretarako), aurrezte-teknologiak edo energia berriztagarriak erabiltzen dituztenek, askoz etekin handiagoa ateratzen diote aire girotuari, eta apaldu egiten dute argindarraren faktura eta ingurumen-eragina.
- Erabiltzen ez diren argiak itzali. Oso ohitura hedatua
da gela batetik irten eta argiak piztuta uztea. Alferreko
argia izaten da hori, inork ez baitu erabiltzen, eta alferreko
gastua ere bai. Badira salbuespen batzuk, dena den:
lanpara fluoreszenteak, adibidez. Ohiko goritasunbonbillek
baino energia gutxiago gastatzen dute, baina
pizteko unean kontsumitzen dute, hain zuzen, energia
gehien. Hobe da fluoreszenterik ez jartzea argia maiz piztu
eta itzali behar den geletan (logelak, korridoreak?). - Ahal dela, iluntzen duenean soilik piztu argia, ez
eguzkia sartzen hasten denean. Arratsalde bukaeran,
apaldu egiten da argi naturala, baina nahikoa izaten da
etxeko lan gehienak egiteko. - Zeregin bakoitzak eskatzen duen argiztapen-sistema
hautatu. Argigune bat baino gehiago jarri diren lekuetan,
egokiena hautatu behar litzateke jarduera bakoitzerako:
egongela batean irakurri egin nahi bada, ez da komeni
lanpara nagusia piztea; hobe da hurbilagoko argiren
bat piztea, irakurketa eremua argituko duena. Askotan,
zeharkako argiak errentagarriagoak izaten dira normalak
baino; energia gutxiago kontsumitzen dute, eta argi
uniformea ematen dute geletan. Badira kontsumo txikiko
bonbillak, erabili ahala amortizatzen direnak.
Argi naturalari ahalik etekin gehien ateratzeko, honako hauek
hartu behar dira kontuan:
- Etxe barreneko hormak kolore argiz margotzen badira
(zuriz, batez ere), argia indar handiagoarekin islatuko da
horietan. Egunean zehar, eguzki-argia dagoen bitartean,
argitasun gehiago izango da etxean. - Ispiluak modu estrategikoan jarriz gero, egunean zehar
argitasun gehiago edukitzen lagun dezake. - Saretak edo pertsianak ongi ireki; geletako argiak piztea
baino egokiagoa da.