Zer diote zure hortzek jaten duzunari buruz

Modu osasungarrian elikatzea, azukre, gatz eta gantz gutxi hartuz, eta fruta eta berdura asko janez, lagungarria da txantxarra eta periodontitisa agertzeko arriskua murrizteko; patologia horiek, gainera, lotura dute beste zenbait gaitzekin: endekatze kognitiboa, diabetesa eta bihotz-hodietako gaitza.
1 urria de 2023

Zer diote zure hortzek jaten duzunari buruz

Aho-hortzetako Osasunaren Atlasak emandako datuen arabera, 35 eta 44 urteko arteko herritarren %94k txantxarra dute Espainian. Batez beste, horietako bakoitzak zazpi hortzetan ditu kalteak, eta %40 tratatu gabe daude. Ahoko gaixotasunik ohikoena da —eta patologia kroniko arruntena munduan—, baina aho osasuntsu bat edukitzea hortz eta hagin zulaturik ez izatea baino gehiago da. “Lehenik eta behin, gure hortzoiak hartu behar ditugu kontuan. Formak, trinkotasunak eta koloreak egokiak izan behar dute —arrosa argia edo koral kolorekoa—, eta, batez ere, ez dute odolik isuri behar: ez eskuilatzean, ez murtxikatzean, ez eta berez ere. Hau da, aho osasuntsua txantxarrik eta infekzio eta hanturarik gabekoa da”, azaldu du Cristina Serranok, Espainiako Periodontzia Elkarteko bozeramaileak (SEPA). Hortzoi osasuntsu batzuk izateaz gain, Oscar Castro Espainiako Dentisten Kontseilu Nagusiko lehendakariak adierazi bezala, “hortzak inguratzen dituen hezur-ehunak ere egoera ezin hobean egon behar du; hortzek egoki egin behar dute itxi eta zabaltzeko jokoa, eta giltzadura tenporomandibularrak –masailezurra eta buruaren alboko zatia lotzen dituen bisagra moduko batek– ez du inolako patologiarik izan behar, ez eta minik ere. “Aho osasuntsua da, halaber, arrisku faktorerik ez duena; esaterako, bakterio plaka gehiegi izatea, higiene eskasagatik, tabakismoagatik, alkohol asko hartzeagatik edo nutrizio desegokiagatik”, zehaztu du.

Eta ahoko osasuna egokia izan dadin, ezinbestekoa da behar bezala elikatzea. “Funtsezko mantenugaiak hartzea ezinbestekoa da bizitzarako, hala nola mineralak eta bitaminak; horien gabeziak, izan ere, gaixotasun garrantzitsuak eragiten ditu”, azpimarratu du Cristina Serranok.

Ahoak behar dituen mineralak

Magnesioa, kaltzioa eta fosforoa egiturazko osagaiak dira hortzetan (gogortasuna ematen diete) eta hezurretan. Horregatik da garrantzitsua mineral horiek dituzten elikagaiak jatea. “Organismoak behar bezala xurgatzen ez baditu, hainbat arazo ager daitezke, adibidez haurren hortzak beranduago ateratzea, hortz bigunagoak izatea, txantxarra sortzea, hortzoiek odola jariatzea, hezurrak urritzea eta hortzak galtzea”, azaldu du Cristina Serranok. Kaltzioa eta fosforoa behar bezala xurga daitezen, magnesioa eta D bitamina behar dituzte. “Funtsezkoa da bitamina horren maila egokiak izatea, hanturaren aurka egiteko gaitasuna duelako, eta horrek lagundu egiten duelako txantxarra eta periodontitisa saihesten”, dio odontologoak. Zenbait elikagai eta edarik, besteak beste gaztak, jogurtak eta esneak, ahalmena dute hortzak desmineralizaziotik babesteko. Behi esneak kaltzioa, fosfatoa eta kaseina ditu, eta horiek prebentzio lana egiten dute txantxarraren aurka. “Baina, esnekietan ez ezik, beste elikagai batzuetan ere izaten da kaltzioa, hala nola arrain urdinean, almendretan eta hurretan, krustazeoetan edo garbantzuetan; azken horiek, gainera, magnesio eta D bitamina ugari dute”, erantsi du Oscar Castrok.

Urak on egiten dio ahoaren osasunari

Ura bereziki ona da gure organismorako, eta baita irribarrerako ere. Honela lagundu dezake gure ahoa.

  1. Urak arrastatu egiten ditu hortzetako elikagaien hondarrak eta lagundu egiten du arnasari fresko eusten, eta horrek, aldi berean, ezabatu egiten ditu usain txarra eragiten duten bakterioak.
  2. Lagundu egiten du orbanen eragina murrizten, modu naturalean ezabatzen baititu hortzei itsatsitako partikula guztiak.
  3. pH-aren oreka osasungarria mantentzen du ahoan, eta horrek murriztu egiten du txantxarra eta esmaltearen higadura izateko arriskua. Otorduaren amaieran baso bat edo bi ur edatea gomendatzen da, aho barrunbea ongi garbitzeko eta geratzen diren janari hondarrak, bakterioak eta azidoak desagerrarazteko.
  4. Saihestu egiten du ahoko lehortasuna (lehortuz gero, behar baino listu gutxiago sortzen dugu).  Lagundu egiten du, halaber, aftak (ultzera txikiak) eta ahoko zauri txikiak orbaintzen.

Babesten duten bitaminak.

“A, C eta E bitaminak antioxidatzaileak direnez, zalantzarik gabe horiek dira garrantzitsuenak ahoko osasunaz ari garenean. Bereziki aipagarriak dira periodontitisaren prebentzioan (hortzei eusten dieten ehunak kaltetzen dituen gaixotasuna, infekzio eta hantura bidez sortzen dena) eta ahoko minbiziarenean”, adierazi du Castrok. Bitamina horiek neutralizatu egiten dituzte erradikal askeak, hanturaren, infekzioen edo hantura-eragileak diren elikagaien ondorioz sortzen direnak, eta saihestu egiten dute oxidazio bidezko estresa gertatzea, hau da, erradikal aske horien eta organismoan horiei aurka egiteko dauden antioxidatzaileen arteko desoreka agertzea. Hortzoien osasunaz ari garela, horri buruz egin diren azterketa zientifikoek nabarmentzen dute C bitamina oso garrantzitsua dela —haren gabeziak hortzoien hantura handia eragiten baitu—, eta berdin E bitamina, D bitamina, karotenoideak, polifenolak eta omega 3a ere. “Oro har, konposatu horietan guztietan aberatsa den dieta batek, hau da, askotariko frutak, barazkiak eta arrain urdina dituen batek, erakutsi du lagundu egin dezakeela gure hortzen eta hortzoien osasuna hobetzen”, dio Cristina Serranok.

Gantzak eta ahoko osasuna.

Gantzak funtsezko makromantenugaiak dira gure osasunerako, eta organismoak funtzio askotarako erabiltzen ditu, besteak beste energia sortzeko, bitamina lipodisolbagarriak (A, D, E eta K) eta gantz azido esentzialak xurgatzeko (azido linoleikoa eta linolenikoa), baina gantz guztiak ez dira berdinak. Trans gantzek, produktu ultraprozesatuetatik eta opil industrialetatik datozenek, eta saturatuek (haragi gorrian, esne osoan, gaztetan, gurinean edo izozkietan daudenek) hantura eragiteko gaitasuna dute gehiegizko kopuruan hartuz gero. “Hantura horrek hortzoiei ere eragiten die, eta ikerketek diotenez, gantz horietan oinarrituta dagoen dieta egiten duten pertsonek arrisku handiagoa izan dezakete periodontitisak izateko. Aitzitik, oliba olioan, ahuakatean edo izokinean dauden gantz saturatugabeek –mono edo polisaturatugabeak–, triglizeridoak eta LDL kolesterola murrizteaz gain, hanturaren kontra egiteko gaitasuna ere badute”, azaldu du SEPAko ordezkariak.

Fruta eta azukre “ona”.

Kontsumitzen den azukre motak ere garrantzi handia du txantxarra eta hortzoietan hantura agertzeko garaian. Oscar Castrok dioenez, “animaliekin egin diren azterketek erakusten dute sakarosak (azukre arruntak) ahalmen handiagoa duela txantxarra eragiteko beste azukre batzuek baino, hala nola fruktosak, maltosak, laktosak eta glukosak. Baina, hori bai, hobe da fruta osorik jatea, zukuak egin beharrean, batez ere zitrikoak (laranja, pomeloa, limoia edo mandarina). Zuku eginda hartuz gero, zuntz gutxiago izaten dute, goraldi gluzemikoa handiagoa izaten da (odoleko azukre maila azkar handitzen da) eta arrisku handiagoa dago hortzetako higadura eragiteko”, erantsi du. Baina gure ahoak fruta kuttunik baldin badu, zalantzarik gabe, sagarra da. Elikagai horrek hortzak garbitzen omen dituelako mitoak badu bere oinarria. Alegia, ez da hortzak behar bezala eskuilatzearen parekoa, baina osatu egiten du. “Zuntz ugariko elikagaiek —sagarrak, baina baita azenarioak edo apioak ere— txantxarraren prebentzioan duten garrantziaren adibide bat besterik ez da, lagundu egiten duelako hortzak berez garbitzen —suspertu egiten du listuaren ekoizpena— eta bakterio plaka kentzen. Baina kontuan hartu behar da hortzak garbitzen jarraitu beharra dagoela beti”, azaldu du Cristina Serranok.

“Aho txarraren” gaitzak

Txantxarra eta diabetesa

Odolean azukre asko denean, listuan ere hala izaten da. Hortzetako plakan dauden bakterioak azukretik elikatzen dira, eta hortzoietako txantxarra eta gaixotasuna eragin ditzakete. Patologia hori larriagoa izan daiteke diabetesa duten pertsonentzat, zailagoa izaten baita maneiatzen. Zenbait ikerketaren arabera, harreman estua dago diabetesaren eta hortzoiekin lotutako gaixotasunen artean, eta frogatu da diabetikoek gingibitis, periodontitis eta txantxar gehiago dutela.

Gingibitisa eta endekatze kognitiboa

Azterketa askok lotzen dituzte bakterio bidezko infekzioak (hortzoietako gaixotasunak, esaterako) endekatze kognitibo arinaren eta ondorengo dementziaren balizko kausetako batekin. Neurology aldizkarian argitaratu zen azterlan batek (Ameriketako Neurologia Akademiak argitaratzen du) 20 urtez behatu zuen pertsona talde baten hortzetako osasuna, eta ikusi zuen azterketaren hasieran periodontitis larriagoa zutenek, gutxi gorabehera, bi aldiz arrisku handiagoa zutela endekatze kognitibo arina edo dementzia izateko aho osasuntsuarekin abiatu zirenek baino.

Hortzoiak eta bihotzeko arazoak

Europako Kardiologia Elkarteak bihotz-hodietako arrisku faktore gisa sartu du periodontitisa. Hortzoietako patologia hori duten pertsonek %25 probabilitate handiagoa dute bihotzeko gaixotasun koronarioa izateko. Periodontitisarekin ahoan agertzen diren mikroorganismoak odolera pasatu daitezke, eta sortzen den hanturazko erantzuna organismo osora zabaldu daiteke, eta, horren ondorioz, bihotz-hodietako gaixotasun bat izateko edo okerrera egiteko arrisku handiagoa izan dezakete hura pairatzen duten pertsonek.

Elikagai osasungarriak, baina azidoak.

Normalean jan ohi diren eta osasungarritzat jotzen diren elikagai batzuk oso azidoak dira, adibidez limoia eta beste zitriko batzuk. Organismorako osasungarriak diren arren eta hortzoien osasunean eragin onuragarria duten arren, baliteke hortzen esmalterako eta dentinarako hain egokiak ez izatea. Elikagai azidoek hortzetan sor dezaketen higadura baldintzatu egiten dute substantzien pH-ak eta azido horren eraginpean egin den denborak. Esmaltea disolbatzen has daiteke pH-a 5 eta 5,5 artekoa denean (mandarinek 2,92ko pH-a dute). “Azidoak higadura eragiten du, baina hortzetako lokatz hondarra kanporatu ere egiten du (hortzetako mikrotubuluak estaltzen dituen substantzia da, eta isolatu egiten du hortza). Lokatz hondarra galtzen delarik, hipersentiberatasuna sortzen da hortzetan, jaki beroak edo hotzak jatean, eta baita hortz-haginak eskuilatzean ere”, azaldu du odontologoak. Horregatik, garrantzitsua da jakitea jakian eta edarian ezkutuan dauden azidoak zein diren eta, horren arabera, horien kontsumoa murrizten saiatzea, bai maiztasunari bai kantitateari dagokienez. “Adibidez, hortzetako hipersentiberatasuna duten pertsonek ozpin baltsamikoa erabil dezakete ardo eta sagar ozpinen ordez, hortzetan higadura txikiagoa eragiten duena. Goizero kiwia baraurik hartu beharrean, txandakatu egin daiteke beste fruta ez hain azidoekin, ura limoiarekin edan daiteke lasto batekin eta, ondoren, ur ugariz garbitu ahoa”, aholkatu du Serranok.

Edari edo elikagai azidoak hartu eta berehala hortzak ez eskuilatzea gomendatzen du Oscar Castrok. “Baldintza normaletan, elikagai azido horiek jan eta minutu gutxira pH-a erori egiten da –azido bihurtzen da–, eta listuak moteldu egiten du azidotasun hori, eta balioak normaltasunera itzultzen ditu 20-30 minuturen buruan. Minutu horiek igaro arte, esmaltea desmineralizaturik egoten da, eta, beraz, hauskorragoa da; horregatik, komeni izaten da geroxeago eskuilatzea berriz mineralizatu arte”, azaldu du.

Egun guztia mokadutxoak egiten?

Elikagai batzuk jan ondoren, listu ekoizpenean goraldiak sortzen dira, eta, ondoren, bikarbonatoek eta listuaren fosfatoek neutralizatu egiten dituzte. Hortik aurrera, hortzak birmineralizatzeko prozesua hasten da. “Egun osoa mokadutxoak egiten ari bagara, ez dugu denborarik ematen hortzak otordu eta otordu artean birmineralizatzeko, eta txantxarrak errazago erasan diezaieke; beraz, garrantzitsua litzateke otorduak elkarrengandik urruntzea”, gomendatzen du Cristina Serranok. Nerbio sistema autonomoak kontrolatzen du listuaren ekoizpena. Jariorik handiena otorduaren aurretik, bitartean eta ondoren gertatzen da. Hori dela eta, “nahiz eta hortzak gauean eskuilatu, lo egiten dugunean egunean baino askoz listu gutxiago jariatzen da. Eta listua urritzen delarik, babesteko gaitasuna ere gutxitu egiten da. Horregatik, gauez lotara joan aurretik gozoa hartzea egunez jatea baino arriskutsuagoa izan daiteke”, adierazi du.

Gure hortzak babesten dituzten elikagaiak
  • Proteinak. Behar adina proteina janez gero, haurrei behar bezala aterako zaizkie hortzak. Saihestu egiten du hortzak ateratzeko prozesua atzeratzea, eta lagundu egiten du piezak gogorragoak eta sendoagoak izaten.
  • Fluorra. Mineral horrek murriztu egiten du txantxarra izateko arriskua. Hori gertatzen da hortzetako esmaltea birmineralizatzen duelako eta bakterioek azidoa sortzeko duten gaitasuna murrizten duelako. Hona hemen fluor asko duten elikagai batzuk: arraina, te mota batzuk eta esnea.
  • Elikagai kurruskatsuak. Zuntz asko duten jaki kurruskatsuek lagundu egiten dute hortzak eta hortzoiak garbitzen. Gainera, suspertu egiten dute listua sortzeko prozesua. Sagarra, azenarioa eta luzokerra sartzen dira hor.
  • Erriboflabina. B2 bitaminaren urritasunak hantura eragiten du mihian eta ezpainetan. Eta pitzadurak agerrarazten ditu horietan. Arrautzek, esnekiek, haragi gihartsuek eta hosto berdeko barazkiek ugari izaten dute bitamina hori.
  • Ura. Ezinbestekoa da osasun eta nutrizio ona izateko. Gure organismo guztia hidratatuta edukitzeaz gain, lagundu egiten du listuaren ekoizpena, eta doitu egiten du ahoko bakterioen ugalketa.
  • Elikagai azukretsu gutxiago. Produktu horiek, batez ere ahoan denbora gehien ematen dutenek, adibidez gozoki, txikle eta antzekoek, areagotu egiten dute txantxarra izateko arriskua.

Kontuz edari batzuekin.

“Nerabe eta heldu gazteen hortzetan higadura handia ikusten ari gara, edari freskagarriak kontsumitzen dituztelako, batez ere kolazko freskagarriak. Edari horiek azido zitrikoa, azido fosforikoa edo azido maleikoa dute, pH oso azidoa duten substantziak (2-3)”, dio Cristina Serranok. Erresuma Batuko nerabeen artean, %17raino iristen dira edari horiei lotutako higadura ageri dutenak hortzetan. Baina arazoa are larriagoa da kirolarietan. Ameriketako Estatu Batuetan unibertsitateko atletei buruz egindako ikerketa baten arabera, %35ek hortzetako higadura dute edari isotonikoen erruz. “Gainera, deshidratazio handieneko uneetan edan ohi dituzte, ariketa fisikoa egin ondoren; beraz, listuak azidoaren aurrean izan dezakeen babes efektua askoz txikiagoa da, eta horregatik dira handiagoak higadurak”, nabarmendu du.

Edari horiek duten azido motak eta kopuruak zehaztuko du, azukre erantsiez gain, zenbateko gaitasuna izango duen esmaltea disolbatzeko. Eta norberak hartu duen kopuruak ere bai, jakina. Espainiako Dentisten Kontseilu Nagusiko lehendakariak nabarmendu duenez, “edari horiek noizbehinka eta arduraz hartzeak eragin hutsala du hortzetako esmaltean, baina neurriz kanpo kontsumitzeak areagotu egiten ditu desmineralizatzeko eta txantxarra, hortzetako higadura eta sentiberatasuna agertzeko aukerak”.

Elikadura gogorra edo guria?

Elikagaien osaera edozein dela ere, batzuk kaltegarriak izan daitezke gure ahoaren osasunerako, hortzei atxikitzeko gaitasuna dutelako eta itsaskorrak direlako. Horri esker, bakterioek jarraitu egiten dute azidoa askatzen, desmineralizazio prozesua hasten da eta txantxarra agertzen da horren ondorioz. “Dieta bigunenak okerragoak dira aho inguruko giharretan eta masailezurrean ahalegin eta lan handiagoa eskatzen dutenak baino. Txantxarra eta hortzoietako gaixotasunak izateko arrisku handiagoarekin lotzen dira. Horregatik, besteak beste, garrantzitsua da mastekatzeko gaitasun egokia izatea, eta falta diren hortzak jartzea, egoerak okerrera egin ez dezan”, azaldu du Oscar Castrok. Elikagai haritsuagoek, berriz, adibidez sagarrek, hondakin gutxiago sortzen dute hortzetan, eta, gainera, sustatu egiten dute listuaren ekoizpena, gehiago lan egin behar baita murtxikatu eta irensteko, eta horrek lagundu egiten du hortzak garbitzen. “Haur txikietan, oso garrantzitsua da mastekatzea, masailezurreko giharren hazkunde egokia sustatzen baitu, eta horrek lotura estua du fonemen artikulazioarekin”, gogoratu du Cristina Serrano odontologoak.