Haurrentzako pasteltxoak

Oso noizbehinka jateko gutizia

Ez da harritzekoa azukrez, gantzez eta kaloriaz beterik egotea. Noizean behin bakarrik jan beharko liratekeen opilgintzako produktuak dira. Hala ere, aukera batzuk besteak baino hobeak dira, eta horiek egiteko erabiltzen diren osagaiak hartu behar dira kontuan. Gako batzuk emango dizkizugu egoki hauta dezazun.
1 urria de 2023

Haurrentzako pasteltxoak. Oso noizbehinka jateko gutizia

Duela lau hamarkada baino gehiago, pasteltxoek eta opilgintzako beste produktu batzuek lekua egin zuten haurren elikaduran. Askarirako sustatzen dituzte bereziki; batzuetan, mezu osasungarrietan oinarritzen dira, eta energia-ekarpena edo osagai aipagarriak nabarmentzen dituzte, adibidez esnea edo kakaoa. Horien osaera, hala ere, ez da oso osasungarria. Normalean, produktu horiek zati nagusi bat izaten dute, opil harroa edo bizkotxoa.

Batzuek, gainera, betegarria izaten dute, kakaoarekin egina adibidez edo fruta konfiturarekin. Estalgarria ere izan dezakete, gantzez, azukrez eta, batzuetan, kakaoz osatua. Gidaliburu honetan, honako hauek aztertu ditugu: Tigretón, Bony, Pantera Rosa, Phoskitos, Tosta Rica, Bollycao, Donettes, Donuts, Weikis eta Lulu Fontaneda.

Zerekin daude eginak?

Osagai nagusiak gari irina, azukrea eta gantzak dira. Hori bai, aldeak daude erabilitako gantz motaren eta proportzioaren arabera. Gari irina da osagai nagusia Donettes, Donuts, Weikis, Bollycao eta Lulu Fontaneda pasteltxoetan. Bai horietan, bai aztertu ditugun gainerako produktuetan, irin findua da, eta, beraz, ez da oso interesgarria nutrizioaren ikuspegitik. Beti hobe da osoko irina lehenestea, mantenugai gehiago ematen dituelako eta, finduarekin ez bezala, ez delako lotzen 2. motako diabetesa izateko arriskua handitzearekin. Opilgintzan irin findua erabiltzen da ezaugarri organoleptiko eta funtzional egokiak dituelako: pasteltxo harroagoak egiteko aukera ematen du, atseginagoa da ahosabaian, itxura hobea ematen du eta zapore neutroagoa du, merkeagoa izateaz gain. Nolanahi ere, funtsezkoa da irin horiek non ageri diren jakitea: ez da gauza bera ogi txigortua tomate freskoarekin eta oliba olioarekin jatea edo opilgintzako produktuak jatea; pasteltxo horiek noizbehinka jateko izaten dira, nahiz eta osoko irinarekin eginak izan.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, hamar pasteltxo hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Oso kontuan hartzekoak izan dira azukreak, gantzak, gantz saturatuak, eta kaloriak.
  • Osagaiak. Nolako kalitate komertziala duten jakiteko; batez ere, zer-nolako gantza erabil duten.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2023ko uztailean bildu ditugu. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Azukrea da osagai nagusia.

Azukre arrunta da osagai nagusia Tigreton, Bony, Pantera Rosa, Phoskitos eta Tosta Rican. Zapore gozoa emateaz gain, funtzio teknologikoa ere betetzen du. Bizkotxoetan atxiki egiten du ura eta oreari fresko eusten dio denbora luzeagoan, hau da, harro eta heze mantentzen du. Horretarako, beste azukre batzuk erabiltzen dira produktu horien formulazioan. Kasurik nabarmenena Donuts da, non osagai nagusietako bat trehalosa baita, ohiko azukrea baino proportzio handiagoan dagoena. Etiketan ohar bat ageri da, eta bertan azaltzen da konposatu hori “glukosa iturri bat” dela, seguruenik bere izena kontsumitzaileari ez emateko. Disakaridoa da, hau da, almidoitik ateratzen den azukrea.

Honako azukre hauek ere aurki ditzakegu lagin honetan: glukosa jarabea, glukosa eta fruktosa jarabea, destrosa eta laktosa. Horiek guztiak ura atxikitzeko gai dira, eta hobetu egiten dute testura, harroagoa eta mamitsuagoa izan dadin, eta atzeratu egiten dute gogortze prozesua. Betegarriari trinkotasuna emateko ere balio dute azukreek, eta horixe gertatzen da, hain zuzen ere, Bony  eta Tigreton  pasteltxoekin, eta sendotasuna ematen diote estalgarriari. Hala gertatzen da, hain zuzen, Phoskitos eta Pantera Rosa etxeetakoekin. Itxurari ere eragiten diote. Bollycao pasteltxoan, adibidez, lagundu egiten dute kanpoko tonu txigortuak ematen dituzten konposatuak eratzen.

Osagai horiek guztiak batuta, bistakoa da produktu horiek guztiek azukre kantitate handia izaten dutela. Oro har, kopurua handiagoa da estalgarria eta betegarria dutenen artean: Pantera Rosa (%29), Bony (%32) eta, batez ere, Phoskitos (%35) eta Tigretón (%37). Lulu Fontanedan ere oso handia da(%31), nahiz eta betegarria baino ez duen, eta Donettesen ere bai (%28), zeinak estalgarria bakarrik duen. Azukre gutxien Bollycao (%23), Donuts (%21) eta Weikis (%17) pasteltxoek dute, ez baitute estalgarririk.

Hirugarren gonbidatua: gantzak.

Testura egokia emateko duten eginkizunagatik erabiltzen dira gantzak. Azukreak bezala, lagundu egiten du bizkotxoa harroa eta hezea izan dadin. Horretarako, ekilore olioa erabili ohi dute batzuek, adibidez Weikis, Bollycao, Tigretón, Pantera Rosa, Bony eta Tosta Rica etxeetakoek, eta nabina olioa, Tosta Rica, Lulu Fontaneda eta Phoskitos etxeetakoek. Salbuespen deigarrienetako bat Donuts da. Palma olioz egiten da, eta gantz saturatuen proportzio handiagoa duenez, testura sendoagoa lortzen du (merkeagoa ere bada). Horrexegatik erabiltzen dira antzeko olioak (palmiste olio erabat hidrogenatuak, koko olioak edo palma olioak) Phoskitos, Donettes, Bony, Tigretón edo Pantera Rosaren estalgarrietan.

Palma eta palmiste olioen osaera antzekoa da (alde bakarra da lehenengoa palmondoaren fruituaren zati mamitsutik lortzen dela, eta bigarrena, berriz, hezurretik). Merkeak izateaz gain, olio horien osaerak, gantz saturatu ugarikoak, trinkotasuna eta irmotasuna ematen dio estaldurari, ez da giroko tenperaturan urtzen eta atsegina eta koipetsua da ahoan. Horien osaera, ordea, ez da osasungarria.

Aipatu berri ditugun materia gantzatsu gehienek nahiko zapore neutroa dute, eta ez dute eragin handirik produktuaren zaporean. Baina pasteltxo batzuetan, zaporeari laguntzeko erabiltzen dira gantzak, adibidez, Bollycao  etxekoan, non gurina erabiltzen den.

Olioak daramatzatenez, gantz kopurua nabarmena da: %13tik %14ra bitarte Tigretón, Weikis eta Tosta Rican, eta %20tik %26ra bitarte Pantera Rosa (%20), Donuts (%22) eta Donettes (%26) etxekoetan. Gantz saturatuen kopurua handiagoa da, oro har, estalgarria duten produktuetan: Phoskitos (%11), Bony (%14), Pantera Rosa (%15) eta Donettes (%16). Kopururik txikienak, berriz, estalgarririk ez dutenetan daude: Bollycao (%5), Weikis (%3,6) eta Lulu Fontaneda (%3,1).

Ez dira osasungarriak... nahiz eta hori sinetsarazi

Hasiera batean, bistan da pasteltxoak ez direla oso gomendagarriak: gantz, azukre eta kaloria ugari dituzte, eta ez lirateke egunero kontsumitu behar. Baina horietako batzuek mezuak erakusten dituzte beren ontzietan, eta mezu horiek nahasgarriak izan daitezke. Gida honetan aztertu ditugun produktuetan, adibidez, hauek ageri dira:

  • Bollycao. “Berraurkitu askaria”, zeinak ulertaraz dezakeen produktu egokia dela askaritan hartzeko eta egunero jateko modukoa dela.
  • Tosta Rica. Alde batetik, aurrekoaren antzeko mezu bat ageri da: bizkotxo baten irudia dauka fruta atal baten ondoan, eta esaldi hau: “Askaritarako adibide bat Tosta Ricarekin”. Bestalde, nabarmendu egiten da produktua aberastu egin dela bitamina, burdina eta kaltzioarekin, eta esnea %46 duela. Azken hori, gainera, nahasgarria eta are engainagarria gerta daiteke, produktuak egiaz esne hautsa duelako, %4,5, eta berregin ondoren iristen da esne portzentaje horren baliokide izatera.
  • Lulu Fontaneda. Ontzian adierazten da “bizkotxo elikagarria” dela, eta esnea duela. Egia esan, esne gaingabetua %1 du, eta esne osoa %0,8, hauts eran, eta berregin ondoren, %17 gelditzen da esnea, etiketaren arabera.

Batzuek arrautza daukate.

Arrautza ere produktu askotan ageri da. Osagai nagusietako bat da honako pasteltxo hauetan: Phoskitos, Bollycao, Tosta Rica, Lulu Fontaneda, Bony, Tigretón eta Pantera Rosa. Garrantzitsua da orea egiteko, hainbat arrazoirengatik: proteinek lagundu egiten dute egitura bereizgarria eratzen eta hezetasuna atxikitzen, bizkotxoa samurrago gera dadin. Gainera, lezitina du berez, eta emultsionatzaile gisa jarduten du, eta osagaien nahasketa errazten.

Beste osagai erantsi batzuk.

Produktu hauetan beste osagai noble batzuk ere aurki ditzakegu:

  • Frutaren mamia. Betegarria egiteko erabiltzen da (Bony  eta Tigretón).
  • Kakaoa. Estalgarri gisa erabiltzen dute Phoskitos, Tigretón eta Donettes etxeetakoek; betegarria egiteko Bollycao, Lulu Fontaneda eta Tosta Rican, eta Weikis etxekoaren txokolatezko hazietan ere bai.
  • Fruitu lehorrak. Bollycaok darabiltza, betegarria hurraz egina du eta. Fruitu lehor hori irudi batekin nabarmentzen da ontzian, baina kopurua ez da oso handia (%3,6).
  • Esnea. Gehienek hauts eran darabilte, merkeagoa delako eta luzeago irauten duelako. Produktu batzuetan gaingabetua erabiltzen da –Tigretón, Weikis eta Lulu Fontaneda–; beste batzuetan, berriz, osoa edo bien konbinazioa. Osagai horrek zaporea ematen du, adibidez Weikis etxekoaren txokolate esnedunean, eta samurrago egiten ditu bizkotxoak.

Gehigarriak ere izaten dituzte produktu horiek, hainbat funtzio betetzen dituzte eta: gasifikatzaileak, bizkotxoari harrotasuna ematen diotenak; koloratzaileak, kolorea ematen dutenak; emultsionatzaileak, osagaien nahasketa homogeneoa errazten dutenak; kontserbatzaileak, bizitza erabilgarria luzatzen eta mikroorganismoen garapena eragozten dutenak; hezetzaileak, ura harrapatu eta bizkotxoa samur geratzea lortzen dutenak; eta egonkortzaileak, osagaiak banandu ez daitezen.

Haurren osasuna arriskuan jartzen duen publizitatea

Produktu horietako askok beren ontzietan mezuak ageri dituzte haurren arreta erakartzeko. Batzuetan, markak berariaz  haurrentzat sortu dituen pertsonaiak dira, hala nola Tigretón, Bony, Waikis eta Fontaneda. Beste batzuetan, berriz, film edo telesailetan  haurrentzat ezagun egin diren pertsonaiak erabiltzen dituzte, adibidez Pantera Rosa, Phoskitos eta Tosta Ricak. Erakartzeko beste modu bat zuzenean opariak ematea da edo sustapenak egitea zozketa edo antzekoen bidez.

Estrategia horien arazoa da normalean adingabeei zuzentzen zaizkiela, eta horiek ez dutela irizpiderik produktuak osasungarriak diren interpretatzeko eta komenigarriak diren ala ez erabakitzeko. Eta gero haiek egiten dute lan zaila, hau da, helduak konbentzitzea produktua eros dezaten. Estrategia horiek produktu horiek maiz kontsumitzea bultzatzen dute, eta, ondorioz, haurren artean handitu egiten dute gizentasuna eta eritasun metabolikoak izateko arriskua (2. motako diabetesa, esaterako). Espainian, PAOS kodeak, industriak berak elikagaien publizitatea arautzeko sortu duen gidak, ez du onartzen ontzia publizitate euskarri bat denik; beraz, ez du murrizten horrelako opari eta sustapenak sartzea.

Pasta platerkada batek adina kaloria.

Kaloria asko ematen dute pasteltxo hauek, gantz eta azukre ugari dute eta. Weikis eta Tigretónek 363 kcal dituzte 100 gramo bakoitzeko, eta Donettesek 457 kcal. Alderaketa bat egiteko, bolognar eran prestaturik dagoen espageti platerkada batek, esaterako, 450 kcal ematen ditu. Kasu honetan, ez dirudi lotura argirik dagoenik kaloria kopuruaren eta produktuaren ezaugarrien artean. Kaloria gehien ematen dutenen artean, estalgarria dutenak daude, adibidez Donettes (457 kcal), Pantera Rosa (426 kcal) eta Phoskitos (415 kcal), baina Tigretón eta Bony  ere talde berekoak izanik, 400 kcal-en azpitik dabiltza. Estalgarririk ez dutenen artean, Bollycao (367 kcal) eta Weikisek (363 kcal) zifra txikiagoak ageri dituzte Donuts (409 kcal) eta Lulu Fontanedak baino (400 kcal).

Nutri-score balorazioa.

Ikusi duguna kontuan hartuta, ez da harritzekoa produktu hauek guztiek nota txarra lortzea Nutri-Score sisteman: Bony, Donuts, Tosta Rica eta Lulu Fontaneda pasteltxoek D letra lortu dute, eta Tigretón, Pantera Rosa, Donettes eta Phoskitosek E letra. Puntuazio zertxobait hobea lortu dutenak Weikis eta Bollycao dira: C letra ageri dute, kaloria gutxiago ematen dutelako eta kopuru txikiagoetan dituztelako gantzak, gantz saturatuak  eta azukreak.

Zenbat ematen du pasteltxo bakoitzak?

Orain arte, produktuaren 100 gramok zenbat mantenugai eta kaloria ematen duten aipatu dugu. Hori oso baliagarria da konparazioak egiteko, baina ez da oso errealista, aleka jaten baititugu. Horregatik da garrantzitsua errazioaren neurria kontuan hartzea. Adibidez, Pantera Rosa, Bony eta Tigretón  etxeko pasteltxoen pisua 50 g eta 53 g artekoa da, eta Tosta Rica eta Lulu Fontaneda,  25 g eta 30 g artean dabiltza. Pisu gutxien Donettes pasteltxoek dute, 19 gramo bakoitzak, eta normalean ez da ale bakarra jaten, bat baino gehiago baizik. Horietan, errazioaren tamaina bi unitatekoa (38 g) dela joko dugu, baina kontuan hartu behar da ontziak zortzi ale dituela, eta horiek, gainera, ez daudela banaka ontziratuta; ondorioz, gehiago jatera eraman gaitezke.

Aleka hartuta, azukre gehien ematen dutenak Tigretón, Bony eta Pantera Rosa  dira: 15,4 g eta 18,5 g artean ematen dute (lau koilarakadatxo azukre izango lirateke). Azukre gutxien dutenak, berriz, Lulu Fontaneda, Tosta Rica eta Weikis dira, 9,3 eta 6,8 gramo arteko zifrekin (bi koilarakadatxo inguru). Gantz gehien dutenak (errazio bakoitzeko) Donettes  (11,4 g), Pantera Rosa (10,6 g), Bony (9,9 g) eta Donettes  dira (9,9 g). Gantz saturatu gehien ere azken hirurek dute (7,95 eta 6,1 gramo artean). Beste muturrean Lulu Fontaneda  eta Tosta Rica  daude: 4,8 eta 3,5 gramo artean ematen dute, eta gantz saturatuak ere horiek dituzte gutxien (2 g-0,9 g).

Erosteko gomendioak
  1. Osagaiak. Komeni da begiratzea produktua osagai noblez osatuta dagoen eta osagai horiek zerrendako lehen postuetan dauden. Hauek dira onenak: arrautzak, gurina, esnea, fruitu lehorrak…
  2. Olio mota. Hobea da ekilore eta nabina olioei ematea lehentasuna, eta ez gantz azido saturatuak ugari dituzten beste gantz batzuei (palma edo palmiste olioei, esaterako).
  3. Gantz, azukre eta kaloria kopurua. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. Baina obsesionatu gabe.
  4. Prezioa. Arreta jartzea komeni da, alde handiak daudelako, itxuraz justifikatu gabeak.
  5. Kontuz mezuetan darabiltzaten amuekin. Bi eratakoak daude: alde batetik, haurrak erakartzeko sustapenak eta pertsonaiak. Bestetik, osasunarekin zerikusia duten mezuak, ezaugarri osasungarriekin apaindu nahi dituztenak, nahiz eta, egiaz, noizbehinka jateko produktuak izan.

Prezioan ez da islatzen kalitatea.

Prezioari begiratuta ere alde handiak ageri dira (100 gramoren eredua hartu dugu). Bi eurotik gora dabiltzan bi produktu dude: Phoskitos (2,56 €) eta Tosta Rica (2,39 €), eta gainerakoak ez dira iristen 1,75 €-ra; merkeenak Lulu Fontaneda (1,33 €) eta Weikis  dira (1,07 €). Hau da, prezio merkeena duen produktuak (Weikis) guztietan garestiena denaren erdia balio du (Phoskitos). Prezioan ageri diren alde horiek ez daude justifikatuta itxura batean. Izan ere, produktu merkeenetako batzuk osagai baloratuak dituztelako nabarmentzen dira, adibidez Bollycao, zeina arrautzarekin, hurrekin, gurinarekin eta kakaoarekin egina dagoen, edo nutrizio profil hobea dutelako.

Ondorioak.

Produktu hauek, normalean, ugari izaten dituzte gantzak (askotan saturatuak), azukreak eta kaloriak, eta ez dute ematen mantenugai interesgarririk. Noizean behin eta dieta osasungarri baten testuinguruan kontsumitzen badira, ez luke eraginik izan behar pertsona osasuntsuen osasunean. Horrek esan nahi du ez dela burua galdu behar pasteltxo “osasungarrienaren” bila. Izan ere, osasunarekiko obsesioa arazo ere bihur daiteke, elikadura arloko nahasmenduak agertzeko bidea izan baitaiteke (anorexia edo bulimia, esaterako). Horregatik, jateko erabakia hartzen badugu, komeni da erru-sentimendurik eta damurik gabe gozatzea, kontuan hartuz, hori bai, noizbehinka jateko produktuak direla.

Aukeratzeko orduan, osagai nobleak bilatu beharko lirateke, besteak beste arrautza, kakaoa edo fruitu lehorrak; ekilore olioak edo nabina olioak lehenetsi beharko lirateke, eta ez palma olioa edo palmiste olioa (gantz saturatu ugarikoak dira) eta kaloria, gantz eta azukre gutxiago duten produktuak. Hori guztia kontuan hartzen badugu eta, gainera, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioari ere begiratzen badiogu, gehien nabarmentzen diren produktuak hauek dira: Weikis, Bollycao eta Fontaneda.