Natillak

Zenbat eta sinpleagoak, hainbat hobeto

Hasiera batean, lau osagai aski dira natillak egiteko: esnea, arrautza, azukrea eta kanela. Baina merkatuan badira beste batzuekin egindakoak ere. Azaldu egingo dizugu zein diren.
1 iraila de 2024

Natillak. Zenbat eta sinpleagoak, hainbat hobeto

Postre klasiko garrantzitsuenen zerrenda egingo bagenu, natillak lehenengo postuetan egongo lirateke, zalantzarik gabe. Bi arrazoi egon litezke arrakasta horren atzean. Alde batetik, jende askori gustatzen zaizkio, kanela usaineko zapore gozoagatik eta testura krematsuagatik. Eta, bestetik, errezeta erraza du: esne eta arrautzarekin prestatzen da, osagai aski arruntekin alegia. Nolanahi ere, sukaldean ibiltzeko denborarik edo gogorik ez badugu, baditugu jateko prest dauden bertsioak ere.

Postre ezaguna.

Natillak ez dira berariaz agertzen legedian. Horrek esan nahi du ez dagoela horien ezaugarriak zehazten dituen definiziorik legean, eta osagaiak eta horien gutxieneko kopuruak ere zehaztu gabe daudela.

Hala eta guztiz ere, marka askok –La Lechera, Eroski, La Ermita eta Mahala– “natilla” hitza erabiltzen dute salmenta izen gisa, legediak aukera hori aurreikusten baitu izenarekin nahasmendurik eragiten ez den produktuetarako. Hala, herritar gehienek badakite esnezko postrea dela, esnez egina nagusiki, testura krematsuarekin, itxura horixkarekin eta kanela usainarekin.

Beste marka batzuek –Reina, Goshua, Dhul, Danone eta Eroski Seleqtia– produktuaren deskribapen bat darabilte salmenta izen gisa; adibidez, “banilla zaporeko esnezko postre aromatizatua”. Danet etxekoak, berriz, bi aukerak aipatzen ditu: “Esnezko postrea. Banilla zaporeko natilla aromatizatuak”.

Zer-nolako osagaiak dituzte?

Natillak lau osagairekin egiten dira: esnea, arrautza, azukrea eta kanela. Hortik aurrera aldaera asko dago, osagai kopuruaren eta barietatearen arabera: esne mota, eztitzaileak edo azukrea, lurrinak kanelaren ordez… Aztertu ditugun natilla guztietan, esnea de lehen osagaia. Hala ere, ez dugu modurik jakiteko zenbateko proportzioan ageri den, ia inon ez baita esaten. Salbuespenak La Lechera eta Eroski dira (%85 eta %75, hurrenez hurren); bi horietan esan egiten da zenbat daramaten, ontzian nabarmenduta ageri baita osagai hori.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, hamar natilla hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Azukre kopuruak baldintzatzen du nagusiki sistema horrek algoritmo berriarekin ematen duen puntuazioa.
  • Osagaiak. Bereziki zenbat esne, arrautza, azukre erantsi edo eztitzaile daukaten, eta lodigarriak edo koloragarriak erabiltzen ote dituzten.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2024ko ekainean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Zer-nolako esne mota daukate?

Esnea ez da modu berean ageri produktu guztietan. Gantz kopuruan dago alderik handiena. Aukera hauek ikusi ditugu:

  • Esne osoa %3,5 baino gehiago dauka gantza. Aztertu ditugun ia produktu guztietan erabiltzen da lehen osagai gisa: La Lechera, Goshua, La Ermita, Mahala, Eroski eta Eroski Seleqtia. Reina etxekoan bigarren osagai gisa ageri da.
  • Esne partzialki gaingabetua. Legediaren arabera, esne erdigaingabetuak %1,5 eta %1,8 artean eduki behar du gantza. Lehen osagaia da Danet eta Danone etxekoetan.
  • Esne gaingabetua. Gantza %0,5 baino gutxiago izaten du; Reina eta Dhul etxekoek darabilte lehen osagai gisa. Esne osoak kaloria gehiago ematen ditu gaingabetuak edo erdigaingabetuak baino, baina baita mantenugai gehiago ere (gantz gehiago eta bitamina lipodisolbagarri gehiago). Alderdirik garrantzitsuena, dena den, produktuaren egiturari eta zaporeari egiten dion ekarpena da.

Esne gaina eta arrautza: ohikoak bi horiek ere.

Esne gainak, hau da, esnearen gantzak, ukitu krematsua eta zaporea ematen ditu. Horregatik da hain ohikoa zenbait produktutan. Reina eta Dhul etxekoek darabilte; horrekin, berdindu egiten dute esne gaingabetuaren erabilera, natilla horietan lehen osagaia baita.

Goshua, Mahala eta Eroski Seleqtiak ere badarabilte, eta areagotu egiten du esne osoak ematen dituen ukitu krematsua eta zaporea. Arrautza gorringoa ere osagai nagusietako bat da esnearekin batera: hobetu egiten du testura (loditu egiten du eta gorputza eta ukitu krematsua ematen ditu), itxura (kolore horia ematen duten karotenoideak ditu) eta zaporea, eta mantenugai interesgarriak ere ematen ditu.

Nolanahi ere, arrautza erabiltzea ez da ezinbestekoa, eta aztertu ditugun hamar horietatik lauk bakarrik daukate. Ez da harritzekoa, garestia delako beste aukera batzuen aldean, eta horrek azaltzen du “gourmet” gisa merkaturatzen diren produktuetan bakarrik erabiltzea. La Ermita (%15), Eroski Seleqtia (%9), Goshua (%8) eta Mahala (%4,7) etxekoetan hain zuzen.

Zenbat kostatzen da etxean egitea?

Natilla komertzialek badituzte abantaila batzuk etxean egindakoen aldean. Iraupen nahiko luzea dute, nahi dugunean jan ditzakegu, denborarik eta ahaleginik eskaini gabe. Dena den, etxean egiten ditugunean, aukeratu egin dezakegu zer-nolako osagaiak eta zenbat erabili, eta, hala, aukera hobeak egin ditzakegu, azukre gutxiago gehituta edo kanela zotza jarrita lurrinen ordez. Ez da erraza kalkulatzea zenbat kostatzen den etxean egitea, gogoan hartzen ez ditugun edo baloratzen zailak diren elementuak kontuan hartu behar direlako, denbora edo kozinatzeko behar den energiaren kostua, baina ariketa bat egin dezakegu 100 gramo natilla egiteko osagaiak erosten zenbat gastatuko genukeen kalkulatuz:

  • Arrautza gorringoa (%15): 0,06 €
  • Azukrea (%10): 0,02 €
  • Esnea (%75): 0,08 €
  • Kanela zotza: 0,02 €

Guztira, 0,18 euro inguru izango lirateke, produkturik merkeena baino pixka bat gutxiago (Eroski, 0,21 euro) eta etxean egindako natillen antzekoak direnak baino askoz gehiago (La Ermita, esaterako, 1,38 euro).

Nola hobetzen dituzte ezaugarriak.

Natillen osagaietako batzuk garestiak dira; beraz, ohikoa da ordezko merkeagoak erabiltzea helburu bera lortzeko.

  • Kolorea. Gorringorik ez daukaten produktuetan koloragarriak darabiltzate. Normalean, karotenoak erabiltzen dira (La Lechera, Danet  eta Danone) eta bija norbixina edo E 160b (ii) (Reina, Goshua, Dhul eta Eroski). Azken horren izena bitxia izan daiteke, baina Hego Amerikako landare tropikal baten hazietatik lortzen den karotenoidea da.
  • Testura. Lodigarriak trinkotasuna lortzeko erabiltzen dira. Oro har, arto almidoia erabiltzen da (Goshua, Danone, Mahala, Eroski eta Eroski Seleqtia). Gainerako produktuetan, beste konposatu batzuk erabiltzen dira testura trinkoagoa lortzeko eta osagaiak ez bereizteko, adibidez karragenanoak, xantana goma, guar goma eta garrofin goma.
  • Zaporea. Natillen erakargarritasun handienetako bat zapore gozoa da, eta, gehienetan, azukrearekin lortzen da. Horixe gertatzen da produktu guztietan, honako hauetan izan ezik: Reina, Danone eta Dhul; horietan eztitzaileak erabiltzen dira, normalean sukralosoa eta potasio azesulfamoa. Zapore gozo horri beste osagai aromatiko batzuen ñabardurak eransten dizkiote, besteak beste, limoiarena edo banillarena eta, batez ere, kanelarena. Baina horiek aski garestiak direnez, lurrinak erabiltzen dituzte horien ordez. Hain zuzen, hiru bakarrik daude kanelaz eginak: Reina, La Ermita eta Mahala.

Berezko azukreak eta erantsiak.

Mantenugaiei dagokienez, azukre kantitatea da gauzarik aipagarriena. La Ermita etxekoak %17 ditu eta Eroski Seleqtiak %11, eta gainerakoak tartean dabiltza (batez beste, %15 daukate azukrea, dezente alegia). Zifra horiek, halere, guztizko azukreei dagozkie, hau da, berez ageri direnei –esnearen zati direlako – eta fabrikatzaileak gehitzen dituenei. Azken horiek dira osasunaren ikuspegitik benetan kezka sortzen dutenak, baina ezin dugu jakin zehazki zenbat duten, legediak ez baitu behartzen informazio hori banaka ematera.

Eztitzaileak dituzten hiru produktuek –Danone, Dhul eta Reina– % 4,8 eta % 7,5 artean dituzte berezko azukreak. Horrek ideia bat eman diezaguke gainerakoek zenbat azukre erantsi duten jakiteko: kontuan hartzen badugu azukre guztien batez besteko kopurua %15ekoa dela eta berezko azukreena %5 ingurukoa, ondoriozta genezake azukre erantsien kopurua %10 ingurukoa dela.

Hobeak al dira kaloria gutxiago eta eztitzaileak dituztenak?

Merkatuan eskuragarri dauden natillen artean, aukera batzuek ohikoak baino kaloria gutxiago ematen dituzte (80 kcal/100 g eta 125 kcal/100 g, hurrenez hurren), eta hori esne gaingabetua edo erdigaingabetua erabiliz lortzen da, arrautza gorringorik gabe eta azukrea eztitzaileekin ordezkatuz. Horrek zenbait abantaila eduki ditzake. Eztitzaileek, adibidez, ez dute kaloriarik ematen eta ez dute txantxarrik eragiten. Baina balizko eragozpenak ere kontuan hartu behar dira: gero eta ikerketa gehiagok adierazten dute eztitzaileek eragin kaltegarriak izan ditzaketela hesteetako mikrobiotan. Produktu horietan, gainera, gantza murrizteak eta azukreak ordezkatzeak eragin kaltegarria izan dezake testuran edo zaporean. Garrantzitsua da, era berean, elikagai osasungarriak direla pentsaraz diezaguketen estrategiei men ez egitea, adibidez zeruko kolore urdina darabiltela ikusteak ez gaitu engainatu behar edo ekarpen energetiko txikia aipatzeak ere ez, ezta “oreka” hitza erabiltzeak ere, Reina etxekoaren ontzian egiten den moduan. Azken batean, ez dugu ahaztu behar produktu hori ez dela jaten nutrizioaren ikuspegitik interesgarria delako, gozatzeko baizik. Kontua litzateke gehien gustatzen zaizkigunak aukeratzea, eta oso noizbehinka jatea, bizi ohitura osasungarrien testuinguruan, hau da, jarduera fisikoa eginez eta elikagai osasungarrietan oinarritzen den dieta eginez.

Ba al dago alderik proteinatan?

Proteina gehien Danone etxekoak du (%5) eta gutxien Eroskikoak (%2,3). Danonek, hain zuzen, alderdi hori nabarmendu egiten du ontzian. Hori irakurrita, pentsa liteke mantenugai hori kopuru aipagarrietan izango duela, baina aldea ez da hain handia beste produktu batzuekin alderatuta. Mahala etxekoak, adibidez, %4,24 dauka.
Eredutzat ontzia hartzen badugu, natilla horrek proteina gehiago ditu Danone etxekoak baino (6,4 gramo Mahalak eta 6 gramo Danonek). Mahalaren ontziak, izan ere, 150 gramo ditu eta Danonerenak 120 gramo. Danone etxekoak esne hauts gaingabetua erantsiz lortzen du proteina kantitate hori. Baliorik handienak dituzten beste produktuak (Goshua, Mahala, La Ermita eta Eroski Seleqtia) arrautza gorringoa erantsiz iristen dira zifra horietara. Proteina kantitatea argigarria izan daiteke osagai interesgarri batzuen berri izateko, adibidez esnea edo arrautza gorringoa zein neurritan daramatzaten susmatzeko. Baina ez da hutsik gabeko informazioa, formulazio batzuetan interes gutxiagoko osagai proteikoak erabiltzen baitira, adibidez esnetik datozen solidoak.

Gantzak eta kaloriak.

La Ermita etxeko natillan %5,1 dira gantzak eta beste muturrean, Dhul etxekoak %0,9 ditu. Kantitateak handiagoak dira esne osoarekin eta arrautza gorringoarekin egindako produktuetan (Goshua, La Ermita, Mahala eta Eroski Seleqtia). Balio txikienak esne gaingabetuz eta arrautzarik gabe eginda dauden produktuetan ageri dira (Reina, Danone eta Dhul), %2,5etik %0,9ra bitarteko zifrekin.

Osasunaren ikuspegitik, pentsa genezake hobe dela gantz gutxiko natillak aukeratzea, baina gantz guztiak ez dira berdinak, eta ez dago arrazoirik arrautzatik eta esnetik datozenak deabrutzeko. Aztergai dugun produktu mota hau, gainera, ez da jaten osasun kontuengatik, gozamenagatik baizik, eta, alde horretatik, gantzek zeregin garrantzitsua dute, testura eta zaporea ematen baitute.

Energia kantitateari dagokionez, zifra handiena esne osoarekin eta arrautzarekin egindako produktuetan badaude (La Ermita, Mahala, Goshua eta Eroski Seleqtia): eta 125 kcal eta 161 kcal artean dabiltza 100 gramo bakoitzeko. Esne gaingabetua daramatenek eta arrautzarik eta azukre erantsirik ez dutenek (Danone, Reina eta Dhul) 62 kcal eta 97 kcal arteko balioak dituzte. Ideia bat egiteko, banana batek edo lau Maria galletak 90 kcal ematen dituzte; 160 kcal, berriz, ahuakate batek edo zazpi galletak ematen dituzte.

Nutri-Score: “C” letra ia guztietan.

Azukre kantitateak erabat baldintzatzen du Nutri-Score sistemak algoritmo berriarekin ematen duen puntuazioa. Horregatik, produktu guztiek C bat lortzen dute, eztitzaileak dituzten hiru produktuek izan ezik: Danone etxekoak B ageri du eta Reina eta Dhul etxekoek A. Hala ere, horrek ez du esan nahi azken horiek osasungarriak direnik, baizik eta hobeak izan litezkeela nutrizioaren ikuspegitik.

Erosteko gomendioak
  1. Osagaiak. Hobe balio komertzial, gastronomiko eta nutrizional handiena dutenak erabiltzen badira, adibidez esne osoa, arrautza gorringoa, esne gaina edo kanela.
  2. Azukrea edo eztitzaileak? Bi aukerek dituzte abantailak eta eragozpenak; beraz, gure lehentasunen edo beharren araberakoa izango da aukeraketa.
  3. Azukreak. Azukre erantsia duten bertsioak aukeratzen baditugu, balio txikienak dituztenak hautatzea komeni da.
  4. Gantzak eta proteinak. Oro har, zuzenean lotzen dira produktuaren kalitatearekin, osagai interesgarrietatik baitatoz, adibidez esne osotik, esne gainetik edo arrautza gorringoetatik.
  5. Prezioa. Alde handiak egon litezke. Erabili dituzten osagaien ezaugarriak kontuan hartuta aztertzea komeni da (esne mota, arrautzarik baduen edo ez…).

Kalitate prezioak.

100 gramoko kopurua eredutzat hartuta, alde nabarmenak daude prezioan. Merkeenak (Eroski) 0,21 euro balio du eta garestienak (La Ermita) 1,38 euro. Hau da, merkeenak halako zazpi balio du garestienak. Garestienen taldean Goshua (1,25 euro) eta Eroski Seleqtia (0,99 euro) daude. Balio komertzial handiko osagaiekin egindako produktuak dira –esne osoa eta arrautza gorringoa–, eta, gainera, beirazko edo buztinezko banakako ontzietan merkaturatzen dira. Merkeenen artean, Eroskiz gain, Reina (0,38 euro) eta Dhul (0,40 euro) daude. Azken bi horietan, litekeena da osagaiek baldintzatzea prezio merkea (esne gaingabetua daukate eta arrautza gorringorik ez).

Produktu guztien artean bereziki nabarmentzen dira Eroski (0,21 euro) eta Mahala (0,55 euro), kalitate-prezio onenak dituztelako. Esne osoarekin eginak dira biak, eta bigarrenak, gainera, arrautza gorringoa eta kanela zotz bat ere badu.

Ondorioak

Natillen ezaugarriak hobeto ulertzeko, hiru multzotan sailka ditzakegu.

  • Gourmet natillak. Balio komertzial handiko osagaiak dituztenak, esaterako esne osoa, esne gaina, arrautza gorringoa edo kanela, eta ezaugarri horiek bereizteko moduko formatuetan merkaturatzen direnak: beirazko edo buztinezko ontzi indibidualetan. Talde horretan sartzen dira La Ermita, Goshua eta Eroski Seleqtia. Aukerarik onena Eroski Seleqtia izango litzateke.
  • Natilla komertzialak. Esne osoarekin eta arrautzarik gabe egiten dira, eta horien artean daude La Lechera, Danet eta Eroski. Aukerarik onena Eroski litzateke.
  • Kaloria gutxiko natillak. Eztitzaileak dituzte azukre erantsien ordez, ez dute arrautza gorringorik eta esne gaingabetuarekin eginak daude (Dhul eta Reina) edo partzialki gaingabetuarekin (Danone). Talde horretan, Dhul litzateke aukerarik onena.

Azkenik, aipamen berezia behar dute Mahala natillek: gourmet natillen osagaiak dituzte, adibidez esne osoa, arrautza gorringoa eta kanela, baina natilla komertzialen antzeko ezaugarriak ere bai, besteak beste formatua (polipropilenozko ontzia duten lau unitateko paketea) eta antzeko prezioa, pixka bat garestiagoa bada ere. Esan liteke, beraz, natilla guztien artean ere horixe dela aukerarik onenetakoa. Dena den, kalitate-prezioak kontuan hartuz gero, Eroski etxekoa da aukerarik onena.