Sojazko edariak: guztiak ez dira berdinak

Sojazko edariek gero eta leku gehiago hartzen dute erosketa saskian, eta ongi aukeratzeko, komeni da jakitea zer-nolako ezaugarriak dituzten
1 iraila de 2020
Consumer bebida soja

Sojazko edariak: guztiak ez dira berdinak

Orain dela urte batzuk, aski gauza arraroak ziren edari begetalak. Mantso-mantso, ordea, leku bat egin dute erosketa saskian, eta gaur egun edozein supermerkatutan aurkituko ditugu inolako arazorik gabe. Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak elikagai kontsumoaren panela argitaratu du, eta hor ageri diren datuen arabera, 2019. urtean ia 230 milioi litro edari begetal hartu zuten herritarrek Espainiako Estatuan; hau da, pertsona bakoitzak bost litro urtean.

Aukera gero eta ugariagoa da: almendrak, oloa, garia… nahiz eta ospetsuena, zalantzarik gabe, sojazko edaria den orain ere (antzinakoena ere hori da). Sojazko edarietan ere aukera handia da go gaur egun, orain urte batzuk ez bezala: azukre erantsirik gabea, soja proportzio batekin baino gehiagorekin, lurrinekin, bitamina eta mineralekin aberastua… Alde batetik, hori ona da, aukera gehiago dagoelako, baina bestetik zaildu egin dezake erosteko unea. Horregatik, etiketa irakurtzea komeni da eta argi edukitzea oinarrizko zenbait alderdi. Horrela lortuko dugu ongi aukeratzea.

Zer dio etiketak

Beste produktu prozesatu batzuekin gertatzen den bezala, sojazko edari gehienen ontziak amu tentagarriz beteta daude, eta nahasi egin gaitzakete hautatzeko unean: marka komertzialak, irudiak, logotipoak… Horregatik da garrantzitsua denboratxo bat eskaintzea garrantzitsua den informazioa aurkitu eta irakurtzeko, hau da, etiketa eta, zehazkiago, hor ageri diren hiru elementu nagusiak: produktuaren izena, osagaien zerrenda eta nutrizio arloko informazioa.

Produktuaren izena bereziki garrantzitsua da maila komertzial bat baino gehiago dituen produktu bat daukagunean esku artean. Adibidez, lagundu egiten digu urdaiazpiko egosia eta urdaiazpiko egosiaren fianbrea bereizten (azken hori maila komertzial apalagokoa da). Sojazko edarien artean, dena den, ez dago halako arazorik, ez baitago maila komertzial bat baino gehiago. Areago, ez dago legedi espezifikorik eta legezko definiziorik edari begetaletarako. “Esnearen” definizioa bai, hori arautua dago, eta hiltegiko animalien ugatzetatik ateratzen den likidoari esaten zaio, adibidez behiarenari edo ardiarenari. Horrek esan nahi du edari begetalak ez daitezkeela saldu “esne begetalak” izenarekin. Salbuespen bakarra dago: almendrazko edaria, zeina izendatu daitekeen “almendrazko esnea”, tradizio handia duen izena delako.

Legezko definizio espezifikorik ez duten produktuetan (hori gertatzen da sojazko edariarekin), etiketan ageri den legezko salmenta-izenak behar bezain zehatz izendatu behar du produktua, erosleak argi jakin dezan egiaz zer den eta ongi bereiz dezan nahasteko arriskua dagoen beste produktu batzuetatik. Arlo horretan, guk aztertu ditugun hiru edari nabarmendu behar dira, Don Simón, Alpro eta Eroski, non azaldu egiten den produktua zer den, hau da, “sojazko edaria”, baita mineralak eta bitaminak erantsi zaizkiola ere (aberastuta daudenean).

Azken bi marka horiek, Alprok eta Eroskik, esterilizatzeko erabili den tratamenduaren berri ere ematen dute: UHT (Ultra High Temperature ingelesez, “tenperatura ultra handia”). Esneari ematen zaion prozesu bera da, non 135 ºC-ra igotzen den tenperatura 2-8 segundoko tartean mikroorganismo patogenoak desagerrarazteko eta bizitza erabilgarria luzatzeko inolako kontserbatzailerik erabili gabe eta produktuaren ezaugarri organoleptikoak aldatu gabe (itxura, usaina, zaporea eta testura).

Analisia 

Erosketa gida hau egiteko, sojazko edariak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Proteinak, gantzak, azukreak eta kaloriak hartu dira kontuan balorazioa egiteko
  • Osagaiak. Arreta berezia jarri diegu soja kopuruari eta azukre erantsiei.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliogarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Zer-nolako osagaiak ditu

Produktu baten etiketa irakurtzen dugunean, lehenik eta behin nutrizio arloko informazioa irakurtzen dugu, zenbat energia, gantz eta azukre ematen duen jakiteko. Baina datu horiek modu isolatuan irakurtzeak nahasi egin gaitzake, eurek bakarrik ez baitute ematen aski informazio. Adibidez, ez da berdin osasungarria palma oliotik datorren gantza edo oliba oliotik datorrena. Horregatik da funtsezkoa mantenugai horiek nondik datozen jakitea, eta, hortaz, osagaien zerrenda aztertu behar genuke beste guztiaren aurretik.

Garrantzitsuena: soja

Begi bistakoa denez, edari horien osagai nagusia soja da (uraren baimenarekin, jakina). Lekale bat da soja, orain dela urte batzuk arte exotiko samarra zena gure inguruan, pertsona begetarianoek eta beganoek bakarrik hartzen zutena ia, animalia jatorriko produktuen ordezko gisa (haragia, esnea…). Ez da harritzeko soja hautatu izana. Lehenik eta behin, sojak proteina asko duelako, %36 zehazki, eta horretan nabarmen gainditzen du beste elikagai proteiko batzuen kantitatea, adibidez haragiarena (%26 ditu proteinak), arrainarena (%22) eta beste lekale batzuena (garbantzuek %19 eta dilistek %9). Baina ez da hori bakarrik. Beste lekale batzuena ez bezala, sojaren proteina balio biologiko handikoa da, aminoazido esentzial guztiak dituelako.

Horrek esan nahi du berekin dituela gure organismoak “ekoitzi” ez ditzakeen bederatzi aminoazidoak; ekoitzi ez ditzakeenez, dietaren bidez lortu behar ditu bederatziak (histidina, isoleuzina, leuzina, lisina, metionina, fenilalanina, treonina, triptofanoa eta balina). Sojazko edari batek egiten duen proteina ekarpena kontuan hartzekoa izan dadin, osagai horrek produktuaren %8-10 izan behar luke. Datu hori jakiteko, osagaien zerrendan begiratu dezakegu, eta hortxe agertuko da; izan ere, produktuaren izenean ageri denez ‘soja’ terminoa, nahitaez esan behar du zenbat daukan.

Aztertu ditugun marketan, %10,7koa da batez bestekoa, baina alde handiak daude batzuetatik besteetara: badira %5,5 dutenak (Alpro Ligera), eta badira %14 dutenak (Don Simón eta Eroski). Bestalde, sojak %20 inguru ditu gantzak, gehienbat gantz azido polisaturatugabez osatuak, adibidez azido linoleikoz. Hau da, gantz osasungarriak dira. Aztertu ditugun edarietan, batez beste %1,6koa izan da gantz proportzioa, eta alde txiki batzuk izan dira edarien artean: %1,1 ageri dute Vive Soy Ligera eta Alpro Ligera markek, eta %1,9 Don Simón eta Eroskik.

Beste osagai batzuk

Berez, era horretako edari bat egiteko, aski litzateke ura eta soja erabiltzea norberak nahi duen proportzioan. Baina hortik ateratzen den produktua nabarmen hobetu liteke ikuspegi organoleptikotik eta nutrizioaren ikuspegitik. Horregatik eransten zaizkio beste osagai batzuk.

Zaporea. Urarekin eta sojarekin bakarrik egindako edari batek “lekale” zaporea izango luke, eta hori ez zaie denei atsegin. Gustagarriagoa izan dadin, ohikoa izaten da beste substantzia batzuk erabiltzea, adibidez lurrinak (banilla gehienbat, eta guk aztertu ditugun guztiek badaramate, Yosoy etxekoak izan ezik); gatz pittin bat, zaporea indartzeko (marka guztietan, Don Simón etxekoan izan ezik) eta azukreak, gozotasuna emateko (produktu guztietan, salbu eta Yosoy eta Alpro azukre gabea markakoetan).

Egonkortasuna. Soja birrintzen edo zukutzen denean eta urarekin nahasten denean edari horiek egiteko, hainbat eratan gertatzen da bi osagaien arteko interakzioa. Sojaren zati bat ez da disolbatzen, gantza urarekin nahasi eta emultsio bat sortzen da, eta proteinak eta beste partikula handiago batzuk likidoaren gainaldean gelditzen dira. Denbora pasatu ahala, aldaketak gerta daitezke bat-batean: gantza bereizi eta gainazalera igotzen da, eta proteinak eta partikula handiagoak hondora joaten dira. Ontzietan horregatik esaten dute astindu egin behar dela kontsumitu aurretik. Era horretan, edaria homogeneoa izatea lortzen da berriro. Baina horrekin ere ez da beti aski izaten. Partikula solidoen prezipitazioa are handiagoa izan daiteke produktua kaltzioz aberastua dagoenean, bereziki edaria berotu eta zertxobait mikatzak eta oso beroak dauden beste likido batzuekin nahasten dugunean, adibidez kafearekin. Halakoetan, badirudi edaria “moztu” egiten dela. Fenomeno horiek guztiak eragozteko edo ahal den neurrian gutxitzeko, substantziak eransten zaizkio, adibidez gellan goma edo zelulosa, zeinak egonkortzaile gisa jokatzen duen, produktua homogeneoagoa izan dadin. Aztertu ditugun produktu guztiek dauzkate gehigarri horiek, Yosoy etxekoak izan ezik, eta seguruak dira dosi baimenduetan erabiliz gero. Halaxe gertatzen da elikagaietan erabiltzen dituzten guztiekin, eta ez dago, beraz, kezkatzeko arrazoirik.

Nutrizioari dagozkion alderdiak. Sojazko edaria behi esnearen ordezko gisa erabiltzen da gehienean. Baina ez dauzka azken horrek dituen bitaminak eta mineralak, eta, horrexegatik, ohikoa izaten da kaltzioa eranstea eta zenbait bitamina (A, D, B2 eta B12) osaera parekatzeko. Horixe gertatzen da aztertu ditugun produktu guztiekin, Yosoy etxekoarekin izan ezik, zeina ez dagoen aberastua (ez litzateke aukera ona izango esnearen ordez erabili nahiko bagenu).

Zergatik kontsumitzen da gehiago?

Sojazko edarien kontsumoa handitu egin da azken urteetan. Arrazoi bat baino gehiago aipatu dezakegu:

Osasuna. Gero eta maizago diagnostikatzen dira esnearen laktosarekiko intolerantziak edo haren proteinarekiko alergiak, eta pertsona horiek ez dezakete hartu elikagai hori. Askok edari begetalak hautatzen dituzte ordezko gisa, adibidez sojazko edaria, esnetik datorren osagairik gabe eginak daudelako arazo horiek saiheste aldera. Ohikoa izaten da, halaber, glutena duen osagairik ez erabiltzea produktu horiek egokiak izan daitezen substantzia horri atxikita dauden nahasmenduak dituzten pertsonentzat. Alergeno horiek guztiak gabe eginak direla agertu ohi da ontzietan, eta halaxe ikusi dugu guk aztertu ditugun produktu guztietan, nahiz eta Yosoy etxeak bakarrik ageri duen organismo arautzaile baten zigilua, Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioarena hain zuzen (FACE): galburu marraduna, glutenik gabekoa dela bermatzeko. Vive Soy produktuek antzeko logotipo bat daukate, baina ez da jatorrizkoa. Jendeak pentsa dezake produktu hori egiaztatua dagoela, baina ez da hala. Nolanahi ere, beti arretaz begiratzea komeni da, aipu horiek borondatezkoak direlako. Alergenoak zerrendatzea, hala ere, nahitaezkoa da, hori bai. Ez da ahaztu behar soja bera ere alergeno bat dela, eta nahitaez zerrendatu beharrekoa.

Alderdi etikoak. Animalien ongizateak gero eta kezka handiagoa eragiten du, eta hainbat pertsonak utzi egin dio animalia jatorriko elika gaiak jateari, adibidez haragia eta esnea, eta landare jatorrikoekin ordezkatu ditu. Horrexegatik ageri da produktu batzuen etiketan animalia jatorriko osagaien inguruko oharra: Alprok eta Vive soyk nabarmendu egiten dute ez daukatela halakorik. Kontsumo arloko jokabideen atzean erlijio arrazoiak ere egon daitezke. Hori dela eta, Yosoy markak Pareve zigilua darama ontzian, zeinak egiaztatu egiten duen produktuak egoki betetzen dituela erlijio juduaren arauak.

Ingurumenari dagozkion alderdiak. Oro har, landare jatorriko elikagaiak lortzea jasangarriagoa izaten da animalia jatorrikoak lortzea baino. Horrek bultzatu du jende asko esnea utzi eta edari horiek hartzera, adibidez sojazkoa. Horri jarraituz, ontzi batzuetan berariaz egiten dira jasangarritasunaren eta ingurumenaren aipuak, adibidez Yosoy, Don Simón eta Alpro etxekoetan. Azken horrek, gainera, zigilu batekin egiaztatzen du soja ez datorrela organismo genetikoki eralduetatik (OGE). Asko hitz egiten da elikagai mota horrek osasunean dituen eraginen inguruan, oraindik ere beldur handia sortzen duen gaia delako. Marka batzuek horregatik nabarmentzen dute ontzian ez daramatela OGErik, adibidez Vive Soy eta Yosoy etxeek. Dena den, OGEetatik datozen elikagaiak, saltzeko onespenarekin merkaturatu direnean, seguruak izaten dira osasunerako, zalantzarik gabe. Gainera, halakoak elikagaietan agertzen direnean, esan egin behar da etiketan, baina ia ez dago elikagai onarturik eta erabili ere ia ez dira egiten gizakiek jateko, hain zuzen beldurra eragiten dutelako.

Desinformazioa. Esamesa asko entzuten da bazterretan, eta horietako batek dio behi esnea arriskutsua dela osasunerako. Elikagai hori, ordea, segurua da eta balio biologiko handiko mantenugaiak ematen ditu, adibidez proteinak, gantza, bitaminak eta mineralak. Horrek ez du esan nahi, dena den, ezinbesteko elikagaia denik, ez baitago halakorik (amaren esnea izan ezik lehenbiziko hilabeteetan, edo formulakoa bestela).

Urteko gastua familiako*
  • Eroski: 171,55 €
  • Don Simón: 180,66 €
  • Kaiku calcio: 182,5 €
  • Yosoy: 191,66 €
  • Vive soy: 270,1 €
  • Vive soy Ligera: 270,1 €
  • Alpro Ligera: 282,89 €
  • Alpro Original: 282,89 €
  • Alpro sin azúcar: 286,53 €

*Bi kideko familia baten kontsumoa, bakoitzak egunean basokada bat hartuko balu.

Esnearekin dituen aldeak

Sojazko edariak ez dira esnearen antzekoak inondik ere, elikagai desberdinak direlako eta bakoitzak dituelako bere ezaugarriak. Hala ere, ezinbestekoa da biak alderatzea, biei erabilera bera ematen zaielako eta, esan dugun bezala, lehenbizikoak ordezko gisa erabiltzen direlako bigarrenentzat. Sojazko edarien proteina portzentajea esneak duenaren antzekoa da (%3aren inguruan dabiltza biak), eta biek ematen dituzte aminoazido esentzial guztiak. Materia gantzatsuari dagokionez, sojazko edariak %1,6 dauka batez beste, esne gaingabetu baten antzera (legeak dio %1,5 eta %1,8 artean ibili behar duela), nahiz eta edari begetalean osasungarriagoa den gantz azidoen profila, polisaturatugabeak direlako nagusi, adibidez linoleikoa.

Sojazko edariak azukre erantsiak izaten ditu. Batez bestekoa %2koa da, eta horrek esan nahi du ez dela oso handia. Kalkuluak eginda, dena den, kontuan hartu behar dugu sojazko edari errazio batek (250 ml) duen azukre kopurua ez dela hain txikia ere: Eroski(8,8 g), Don Simón (8,75 gramo), Alpro Original (7 g) eta Kaiku kaltzioduna (6,75 g). Hori dela eta, azukre erantsirik gabeak hautatzea da onena, adibidez Alpro azukre gabea edo Yosoy; biek ere 2 gramo azukre dituzte edalontzi bakoitzeko. Esnearen laktosa kopurua (horixe da berezko azukrea) %4,6koa da, baina ez dago ebidentziarik osasunari kalte egiten diola esateko; hortaz, dietan azukreak mugatzeko esaten denean, esnea ez da hor sartzen.

Esnearen aldean gabezia gehien duen alderdia kaltzioarena eta bitaminena da (A, D, B2 eta B12). Horregatik, edari asko aberastu egiten dituzte mantenugai horiekin. Landare jatorriko edari guztien artean, kaltzioz eta bitaminaz aberastua dagoen sojazko edariak du esnearen antzik handiena. Hain zuzen, horixe bakarrik gomendatzen dute ereduzkotzat hartzen diren erakundeek, adibidez Ameriketako Estatu Batuetako Nutrizio eta Dietetika Akademiak eta Estatu Batuetako Pediatria Akademiak.

Hori bai, ez dira egokiak urtebetez azpikoentzat, behi esnea ez den bezala. Bizitzako aro horretan, amaren esnea edo formulakoa hartu behar da. Proteinak, gantzak eta energia kopuru egokiak ematen dituzte sojazko edariek, azukre eta gatz gutxi daukate gainera, eta horregatik lortu dute hain puntuazioa handia Nutri-Score sisteman. Sailkapen horretan, dena den, ez da islatzen azukre erantsien kopurua, soja proportzioa eta bitamina eta mineral kantitatea, eta alderdi horiek funtsezkoak dira ongi aukeratzeko. Horregatik komeni da etiketa irakurtzea.

Erosteko gomendioak
  • Soka kopurua: gutxienez %8-10 artean
  • Azukre erantsirik gabea
  • Hobe kaltzioz eta bitaminaz aberastua A, D*, B2 eta B12 *Bereziki dieta beganoa jarraituz gero
  • Egonkortzailedunak hautatzen baditugu, ez zaie pikorrik egingo
  • Adi prezioari. Alde handia egon daiteke produktuen artean, inolako justifikaziorik gabe

Ondorioak

Sojazko edari bat hautatzeko garaian, azukre kantitatea izaten da irizpiderik garrantzitsuenetakoa. Azukre erantsirik gabeko produktuak osasungarritzat jo daitezke, adibidez Yosoy eta Alpro azukre gabea. Osagai horiek badituztenen artean, zenbateko kopuruan dituzten ikusi behar da. Batzuetan, ez dute asko izaten, adibidez Alpro ligera eta Vivesoy ligera etxekoek (basokada batek 4 gramo inguru), baina beste batzuetan handi samarra izaten da kopurua, adibidez Don Simón eta Eroski markakoetan (8,8 gramo inguru basokada batek, hau da, ia bi koilarakadatxo).

Kontuan hartu beharreko bigarren elementua soja kantitatea da. Komeni litzateke gutxienez %8-10 inguruan ibiltzea. Aztertu ditugun marka guztiek bete dute baldintza hori, Alpro Ligera izenekoak izan ezik (%5,5), baina alde nabarmenak daude besteen artean ere: %14 daukate Don Simón eta Eroski etxekoek, eta %8 Alpro Original delakoak.

Hain zuzen soja kantitateak baldintzatu behar luke prezioa, nagusiki urarekin eta sojarekin egindako produktuak baitira. Hortik harago ez dago alde handirik produktuen artean, ez behintzat prezioetan dauden aldeak justifikatzeko adinakoak: 0,94 € balio du merkeenaren litroak (Eroski), eta 1,57 € garestienarenak (Alpro azukre gabea). Bitxia bada ere, soja kantitatearen eta prezioaren arteko aldea alderantzizkoa da ia: soja gehien duten produktuak dira merkeenak, adibidez Eroski (%14 soja eta 0,94€/l) eta Don Simón (%14 soja eta 0,99€/l), eta, aldiz, soja gutxien dutenak dira garestienak (Alpro Ligera, %5,5 soja eta Alpro Original, %8 soja, eta biak 1,55 €-ko prezioarekin litroko).

Kontuan hartu beharreko hirugarren alderdia kaltzio eta bitamina kopurua da. Ezinbesteko baldintza da produktu hori esnearen ordez hartu nahi bada, baina ez bazaio emango erabilera hori, ez dauka hainbesteko garrantzirik. Pentsa liteke dieta beganoa egiten duten pertsonek B12 bitaminarekin aberastuta daudenak hautatu behar lituzketela, mantenugai hori animalia jatorriko produktuetan bakarrik ageri baita, baina egiaz ez da hain alderdi garrantzitsua, horiek bitamina hori gehigarrien bidez lortu behar luketelako, ezinbestekoak dira-eta dieta mota horretan.

Ildo horretan, sojazko edariak hautatzeko garaian, pertsona horiek D bitaminari eman behar liokete lehentasuna. Aztertu ditugunetan, guztiek daukate, Kaiku kaltzioduna eta Yosoy etxeetakoek izan ezik. Azkenik, ez bada nahi pikorrak eratzea edo gantza bereiztea, egonkortzaileak daramatzaten aukerak hautatu behar lirateke. Aztertu ditugun marken artean, denek dauzkate, Yosoy markakoak izan ezik.

Hautatzeko hiru gakoak: soja, azukrea eta bitaminak

Cuadro guia eus