Kefirra. Modako esnekia

Produktu hori boladan dago azken urteetan, eta gaur egun gustu guztietarako bertsioak aurki ditzakegu merkatuan. Gako batzuk emango dizkizugu bakoitzak nolako ezaugarriak dituen jakiteko eta aukerarik onena egiteko.
1 maiatza de 2025

Kefirra. Modako esnekia

Kefirra boladan dago. Antzinako elikagaia da, baina orain dela oso gutxi hasi da dendetan agertzen. Gaur egun, berriz, hainbat eratakoak daude, eta ez da batere erraza aukeratzea. Bere “lehengusu” jogurta bezala, esnea hartzituz lortzen da, eta produktuan bizirik irauten duten mikroorganismoek eragiten dute hartzidura hori. Hau da, bi osagai nahikoak dira kefirra egiteko: esnea eta hartzigarriak. Horiexek aurkitu ditugu Casa Xanceda, Cantero de Letur, Veritas eta Pastoret etxeetakoetan. Aztertu ditugun beste produktu batzuek, berriz, esnetik datozen beste osagai batzuk ere badituzte, adibidez proteina eta esne gaina. Baina goazen atalez atal.

Esnea: zerrendan aurrena

Produktu batzuek esneari buruzko xehetasunak ematen dituzte; adibidez, behiarena dela esaten da, pasteurizatua eta osoa, baina ez litzateke horren beharrik. “Esnea” terminoa agertzen denean, behi esnea dela esan nahi du, pasteurizatua eta osoa, eta hala izango ez balitz, esan egin behar luke. Adibidez, beste espezie baten esnea erabiliko balitz, edo esne gordina, edo gaingabetua, esne hautsa…

Aztertu ditugun produktu guztiek behi esne pasteurizatua darabilte. Baina badira aldeak gantz kantitateari dagokionez:

  • Esne osoa. Gantza %3,5 izaten du, gutxienez. Hori darabilte Eroski terrina, Casa Xanceda, Vascolac, Cantero de Letur, Veritas eta Pastoret etxeetakoek.
  • Esne partzialki gaingabetua. Legez, esne erdigaingabetuak %1,5 eta %1,8 artean izan behar du gan tza. Partzialki gaingabetuari, berriz, kendu egiten zaio esne gaina, tarte horretakoek baino gutxiago eduki dezan. Horixe darabilte Eroski brik eta Kaiku etxeetakoek.
  • Esne gaingabetua. %0,5 baino gutxiago izaten du gantza. Nestlé eta Activia etxeetakoek darabilte. Azken horrek, gainera, esne hauts gaingabetua ere badu.
Analisia

Erosketa gida hau egiteko, 10 kefir hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Gantz saturatuek eta proteinek baldintzatzen dute puntuazioa.
  • Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko aztertu ditugu, batez ere nolako esne mota darabilten eta nolako osagaiak erantsi dizkioten jakiteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2025eko martxoan bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Esnetik datozen beste osagai batzuk

Esnetik datozen beste osagai batzuk eran tsita dituzten produktuetan, adibidez esnearen proteinak edo esne gaina, horiek konbinatu egiten dira esne guztiz edo par tzialki gaingabetuarekin; horrela, ekoizleak aukeratu egin dezake osagai bakoitza zenbateko proportzioan erabili, eman nahi zaizkion ezaugarrien arabera. Gehienetan, produktua lodiagoa, krematsuagoa eta leunagoa izateko erabiltzen dira.

  • Esnearen proteinak. Testura lodiagoa eta krematsuagoa ematen dute. Gainera, egonkortu egiten dute produktua, eta gazura ez da bereizten esnetik. Esne osorik ez duten produktuetan, gainera, berdindu egiten dute gantz falta. Baina dena ez da abantaila. Zapore eta lurrina soildu egin ditzakete eta ñabardurak desagerrarazi. Eroski terrina eta Kaikuk darabiltzate.
  • Esne gaina. Krematsuago egiten ditu. Gainera, leundu egiten du zaporea, eta ez da izaten hain azidoa. Bi funtzio horiek interesgarriak dira, baina beste alderdi ba tzuk ez dira hain erakargarriak: produktua astunagoa izan daiteke jateko garaian, eta energia eta gantza eransten dizkio dietari. Activia, Kaiku eta Nestlé etxeetakoek darabilte.

Bakterioak eta legamiak

Bi eratako hartzigarriak erabiltzen dira kefirra egiteko:

  • Bakterioak. Batez ere azido-laktikoak, Lactococcus lactis edo Streptococcus thermophilus beteren artean. Mikroorganismo horiek azido laktiko bihurtzen dute laktosa.
  • Legamiak. Kluyveromyces marxianus eta Saccharomyces cerevisiae erabiltzen dira gehien. Hartzidura alkoholiko bat egiten duten arren, kefirrak berak oso alkohol gutxi izaten du, bereziki bertsio komertzialek, horietan prozesua kontrolatu egiten baita alkoholik ez dezan eduki.

Prozesuan parte hartzen duten mikroorganismoak asko eta askotarikoak izaten dira. Casa Xanceda delakoak, adibidez, 14 hartzigarri laktiko dituela esaten du. Edonola ere, garrantzitsuena ez da espezie kopurua, kontsumitzeko unean bizirik egotea baizik, eta halaxe gertatzen da aztertu ditugun gehienetan.

Osasungarria bai, baina ez miragarria

Elikaduraz mintzatzen garenean, ohikoa izaten da exotiko samarrak diren elikagai batzuei ohiz kanpoko onurak atxikitzea osasunerako. Kefirra produktu interesgarria da: esneki hartzitua da, mantenugaiak kopuru onean ematen ditu eta, gainera, bakterio eta legamia biziak ditu. Baina ez du miraririk egiten. Eta produktu batzuetan ageri diren osasun aipuek beti ez dute izaten itxuraz ematen zaien zentzua.

  • Activia. “Digestioaren osasuna zaintzen” duela esaten du, baina ez da kefirrak zerbait berezia duelako, gatz mineralen kloruroengatik baizik (berez ageri dira esnean). Konposatu horiek lagundu egiten dute azido klorhidrikoa sortzen, zeinak digestioan parte hartzen baitu.
  • Kaiku. “Immunitate sistema” nabarmentzen du, baina ez da kefirraren berezitasun batengatik, B6 eta B12 bitaminak erantsi dizkiotelako baizik.
  • Nestlé. “Osasun iturria” dela nabarmentzen du. Hori ere ez zaio zor kefirrari, kaltzioari eta D bitaminari baizik, zeina ekoizleak erantsi baitio.

Nutrizio osaera

Oro har, esnearenaren antzekoa du nutrizio osaera: ur asko dauka berez, eta proteina, gantz eta azukre kopurua esnearen oso antzekoak, nahiz eta badiren desberdintasun txiki batzuk.

  • Proteinak. Aztertu ditugun produktuetan, Nestle etxekoak %5,5 dauka eta Vascolac eta Eroski brik delakoak %3,3. Gainerakoak, tartean dabiltza. Lehenbizikoak esne partzialki gaingabetua eta esne gaingabetua konbinatzen ditu, eta horregatik du proteina kopuru hori: lehenengoa proportzio handiagoan dauka, proteinak emateko, eta esne gain gutxiago, gantz gutxi emateko. Nutrizioari dagokionez, interesgarria da produktu horiek proteina kopuru handia izatea, makromantenugai estimatuena baita esnekietan.
  • Gantzak. Casa Xanceda nabarmentzen da, horrek du-eta gehien (%5), esne gainik gabea den arren (esnea ultrairagazia dago). Beste muturrean Veritas dago, zeinak %0,1 duen gantza. Dena den, etiketan akats bat dago, halaxe jakinarazi digu ekoizleak. Produktua esne osoarekin egina dagoenez, segur aski %3,5 izango ditu gantzak.
  • Azukreak. Aztertu ditugunek ez daukate azukre erantsirik. Hori nabarmendu egiten du Casa Xancedak nutrizio arloko informazioa ematen duen taulan, eta horrekin batean, kultibo laktikoen aipamena ere egiten du. Bi aipu horiek urratu egiten dute legedia, nutrizio arloko informazioa ematen duen taulak legeak ezartzen duen ereduari jarraitu behar baitio (1169/2011 Erregelamendua). Azukreak %4 eta %4,5 artean dabiltza. Esnearen laktosak ematen duena da eta ez da kopuru kezkagarria osasunerako.

Estraktu lehorra: zenbat eta gehiago, hainbat hobeto

Proteinen eta gantzen proportzio batu eta karbohidratoena gehitzen badiogu, zenbat estraktu lehor duten jakingo dugu. Propor tzio handian izatea komeni da, gainerakoa ura izango da eta. Estraktu lehor gehien dutenak hauek dira: Casa Xanceda (gantzari esker), eta Nestlé eta Eroski terrina, proteinei esker.

Erosteko gomendioak
  1. Osagaiak. Egokiena litzateke produktua esnez eta hartzigarriz bakarrik egina egotea. Zenbat eta soilagoa izan osagaien zerrenda, hainbat hobeto.
  2. Azukrea. Egiaztatu egin behar da ez duela azukre erantsirik.
  3. Proteinak. Zenbat eta gehiago, hainbat hobeto. Baina hobe ez badira erantsiak, horrek zaporea eta lurrina apaldu egin baititzake eta ñabardurak urritu.
  4. Gantzak. Ukitu krematsua eta zaporea ematen dute, baina izaera astunagoa ere eman diezaiokete produktuari, eta kaloriak ere gehiago.
  5. Prezioa. Alde aipagarriak egon daitezke. Ontziak garestitu egin dezake produktua.

Nutri-Score: ia guztiek B

Produktu gehienek B sailkapena lortu du Nutri-Score sisteman algoritmo berriarekin. Bi salbuespen daude: Kaikuk A bat dauka, gainerakoek baino gantz saturatu gutxiago duelako (%1,3), eta Casa Xancedak C bat, gantz horiek kopuru handiagoan dituelako (%3,4). Nolanahi ere, produktu hauek gantz dezente izateak ez gintuzke kezkatu behar (hartzituak dira eta ez dute azukre erantsirik), neurrian hartuz gero: bi edo hiru esneki egunean eta dieta osasungarri baten testuinguruan. Eroski brik delakoaren ontzi batzuetan A nota ageri da, antzinako algoritmoarekin markatuta daudelako oraindik.

Kalitate-prezioak

100 gramo bakoitzeko, Cantero de Letur etxekoa da garestiena (0,80 euro) eta Eroski brik merkeena (0,24 euro). Hau da, merkeenak halako lau balio du ia garestienak. Hiru multzo egin daitezke prezioaren arabera:

  • 0,30 euro ingurukoak. Eroski brik (0,24 euro), Vascolac (0,26 euro) eta Eroski terrina (0,31 euros).
  • 0,47 euro eta 0,66 euro artekoak. Pastoret, Veritas, Kaiku, Activia eta Nestlé.
  • 0,75 eurotik gorakoak. Casa Xanceda (0,76 euro) eta Cantero de Letur (0,80 euro).

Prezioa nolakoa den aztertzeko eta kalitatearekin zer-nolako harremana duen ikusteko, estraktu lehorraren kantitatearekin duen erlazioa har dezakegu kontuan, proteina, gantz eta karbohidratoen batura gisa ulertuta. Ildo horretan, Vascolac litzateke onena lehen multzoan, Pastoret bigarrenean eta Casa Xanceda hirugarrenean.

Produkturik garestienak beirazko ontzietan datoz, eta horrek eragina izan lezake prezioan. Oro har, produktu batzuen eta besteen arteko prezio desberdintasunak ez zaizkio zor osaerari.

Ondorioak

Osagaiak kontuan hartzen baditugu, hasiera batean, soilik esnez eta hartzigarriz osatuta dauden produktuak aukeratzea komeniko litzateke. Hala, etxeko kefirraren antzeko ezaugarriak izango dituzte, eta, itxura guztien arabera, lurrin eta zapore ñabardura gehiago proteina erantsiak dituzten produktuek baino.

Nutrizio arloko osaerari dagokionez, proteina eta gantz asko dituzten produktuak dira estimatuenak.

Alderdi horiek aintzat hartuz, Casa Xanceda litzateke onena.

Kalitate-prezioak ere kontuan hartuko bagenitu, berriz, eta gantz eta proteina kopuruak erdigunean jarriko bagenitu, hauek lirateke onenak, hurrenkera honetan: Vascolac, Eroski botila eta Eroski terrina.