Artrosia gazteetan
Gure hezurren ertzetan, justu beste batzuekin elkartu eta artikulazioa osatzen duten gune horretan, material guri eta harro bat izaten dugu, urreak adina balio duena. Zamari eusteaz eta zama hori banatzeaz arduratzen da eta erraztu egiten du mugimendua, hezurrek elkar igurtzi gabe. Baina zaindu ezean, gauzak hondatu egiten dira, eta alferrik izaten da kaltea sortu ondoren oroitzea. Kartilagoari buruz ari gara; ehun elastiko bat da, eta higatzen denean, osteoartrosia eragiten du (artrosia esaten diogu hizkera arruntean). Adinarekin agertzen den nahasmendutzat jo izan da oraintsu arte, eta horregatik, hogeita hamar urteko pertsonei kosta egiten zaie sinestea adibidez lepoaldeko edo gorputz adar bateko mina sumatzen dutenean gaitz horrekin lotuta egon daitekeela. Horregatik, kexatzen direnean, gisa honetako esaldiak erabiltzen dituzte: “Zerbikalak porru eginda ditut”, “belauna zamatu zait”, “astebete daramat eskuan zaintiratu batekin”… Artrosiarekin lotu ez arren, baliteke gaitz hori izatea.
40 Urtetik beherako pazienteak
Duela gutxi arte, 40 urte baino gutxiagoko pertsona batek arazo horietakoren bat zuenean, espezialistek hantura, zaintiratuak edo gaizki sendatutako beste lesio bat balira bezala tratatzen zituzten. Gaur egun, badakite artrosi goiztiarraren sintomak izan daitezkeela min horiek, eta, beraz, zabaldu egin dira patologia hori geldotzeko tratamendu aukerak, baina, batez ere, prebentziokoak. “Artrosia artikulazioetako gaitz nagusietako bat da, eta 40 urtetik gorako hiru herritarretatik bati eragiten dio Espainiako Estatuan, zazpi milioi pertsona ingururi. Hirugarren adinarekin oso lotuta egon den arren, patologia degeneratiboa denez, ez die eragiten adineko pertsonei bakarrik, eta urte gutxiago dituzten pazienteek ere pairatu dezakete”, azaldu du Enrique Calvo Madrilgo Infanta Leonor Ospitaleko Erreumatologiako espezialistak. Halaxe berretsi du Francisco Castrok ere, Teknon Zentro Medikoko Erreumatologiako buruak (Bartzelona): “Gazteengan prebalentziarik ezarri ez den arren, goiz antzemateak agerian utzi du artrosi kasuak ugaritu egin direla 30 eta 40 urte bitarteko pertsonetan”. Zerk eragin ote du hori? Bi espezialistek baieztatu dute faktore bat baino gehiago hartu behar dela kontuan. “Joera genetiko bat egoten da, gizentasuna ere hor dago eta kolpe handiko lanak edo kirolak egiteak ere badu eragina, artikulazioak zamatu egiten dituzte eta”, azaldu du Calvok.
Lehen mailakoa
Kasurik gehienak mota horretakoak izaten diren arren, oraindik ez dakigu zergatik agertzen den. Batzuetan artikulazio espezifikoei eragiten die, eskuetakoei, belaunekoei eta aldakakoei adibidez, eta besteetan artikulazio askori aldi berean.
Bigarren mailakoa
Beste gaixotasun batek eragiten du, infekzio batek adibidez, artikulazioetan jaiotzatik daukagun anomalia batek, lesio batek, nahasmendu metaboliko batek, artikulazioetako kartilagoan lesio bat eragin duen nahasmendu batek, adibidez artritis erreumatoideak edo hezueriak.
Nola esku hartu gazteekin
Hain zuzen ere, hainbat faktoreri loturik dagoen gaixotasuna denez, artrosi goiztiarrari aurre egiteko moduak indibidualizatua izan behar du, eta kontuan hartu behar ditu pertsona horren arrisku faktoreak. “Funtsezkoa da ongi bereiztea trauma osteko artrosia den, artrosi mekanikoa, metabolikoa, hanturazkoa edo genetikoa, bakoitzak era bateko esku-hartzea eskatzen baitu”, azaldu du Francisco Castrok. Pazienteak zer-nolako artrosia duen jakiteak lagundu egin dezake gaixotasuna geldotzen, eta egia den arren kartilagoa higatzen denean ez dagoela atzera egiterik, badago hobetzeko itxaropena garaiz tratatzen bada. “Beste ehun batzuek ez bezala, artikulazioetako kartilagoak oso gaitasun mugatua du birsortzeko, baskularizazio txikia duelako eta zelula ama egoiliarrik ez dagoelako, zeinak ahalmen handia duten egoera lehengoratzeko. Ikusi denez, ordea, artrosiaren hasierako faseetan, hain zuzen, estrategia batzuek gehiago mantsotu dezakete bilakaera, eta ehunen nolabaiteko lehengoratzea ere eragin dezakete”, azaldu du Castrok. Horregatik, tratamendua aukeratu aurretik, aztertu egin behar da pazientea zerk eraman duen artrosia pairatzera.
77 Generen eragina
Lehenbiziko arrisku faktorea joera genetikoa izaten da gazteetan. Zenbait ikerlan espezifikok aztertu egin dute artikulazio kaltetuagatiko artrosia, adibidez Santiagoko Ospitale Klinikoko Osasuna Ikertzeko Institutuak egindakoak, eta frogatu dute oinordetzan jasotako gaixotasunak direla %35-65 inguru, gorputz atalaren arabera. Belauneko artrosian, esaterako (gonartrosia esaten zaio), geneak daude %40aren atzean; aldakakoan (koxartrosia), %60an; eskuko artrosian, %65ean; eta bizkarrezurrekoan (espondiloartrosia), %70ean.
Osteoarthritis Genetics Consortium erakundeak egindako beste ikerketa batek erakutsi duenez, 77 gene daude patologia horri lotuta. Nazioarteko ikerketa ekimen bat da horrako hori, eta osteoartritisarekin lotuta dauden faktore genetikoak ezartzen ditu (117.517 artrosi kasuren meta-analisian oinarritu da). Enrique Calvok badaki, esperientzia klinikoa dela medio, genetikak zer-nolako pisua duen gaixotasun horretan: “Nire paziente askoren familian ere izan dira edo badira gaitz hori dutenak, eta kide horiei ere garaia baino lehen agertu zaie batzuetan eta artikulazio berberean. Ikerketari esker, gaur egun badakigu genetikak zerikusia duela kolagenoaren nahasmenduetan eta kartilagoa lehengoratzeko prozesuan, eta DNAren aldaketa batzuek eragina izan dezaketela hanturarekin lotuta dauden molekuletan ere. Dena den, azpimarratu behar da beste faktore askok ere aldatu egin ditzaketela artrosia izateko aukera eta haren bilakaera, adibidez giroak, bizi estiloak…
Sendotasun gehiago giharretan eta min gutxiago
Gure seigarren zentzumena da propiozepzioa. Erabat ezezaguna da ia, baina funtsezkoa gertatzen da, lagundu egiten digulako gorputzaren zati bakoitza non dagoen jakiten begiratu gabe edo pentsatzeari ekin gabe. Jakintzat ematen dugu, modu subkontzientean egiten dugun zerbait da, baina propiozeptoreak arduratzen dira mugimendua kontrolatzeaz (giharretan dauden nerbio errezeptoreak, artikulazioak eta lotailuak). Erreumatologoek eta errehabilitatzaileek ikusi dute sistema hori entrenatzeak lagundu egiten diela artrosia duten pazienteei, batez era belaunekoa eta eskukoa.
- Zer da? Entrenamendu propiozeptiboaren helburua da gorputzaren eta gorputz jarreraren gaineko kontzientzia areagotzea. Horrek lagundu egin dezake giharretako desorekak konpontzen, gorputzaren lerrokadura hobetzen eta gorputz jarrera desegokiei lotuta dauden minak eta lesioak prebenitzen.
- Oreka eta koordinazioa. Fisioterapeutak propiozepzioa lantzeko eta hobetzeko berariazko ariketak diseinatuko ditu, adibidez gainazal ezegonkorretan oreka lantzea (kuxin, burko edo koltxoneta baten gainean), koordinazio ariketak (artikulazioen mugimendu leunak, esaterako errotazioak eta flexioak edo luzaketak) eta plano eta norabide desberdinetan mugimendu kontrolatuak egitea.
- Kontrol handiagoa. Ohiko ariketak izaten dira zango batekin mugimenduak egitea, adibidez zango bakarra bermatzea lurrean edo zango bakarrarekin pausoak ematea.
- Erresistentzia. Banda elastikoak eta pisu librea ere behin eta berriz erabiltzen dira entrenamendu hori diseinatzerakoan, erresistentzia gehigarria ematen dutelako eta lagundu egiten dutelako giharrak eta artikulazioak probatzen, kanpoko edozein kargatara egokitzeko gai izan daitezen.
Gizentasunaren zama
Gizentasuna da bigarren arrisku faktorea gazteetan. Espainiako Erradiologia Elkartearen esanetan, gorputz masaren indizea (GMI) 30 kg/m2-koa edo handiagoa duten helduek ia zazpi aldiz aukera gehiago dituzte artrosia izateko. “Gizentasunarekiko lotura argi ikusi da zama artikulazioetako artrosian, aldakakoen eta belaunekoan, eta berdin zamakoak ez diren artikulazioetan ere, adibidez eskukoan eta artrosi orokortuan berean”, adierazi du Francisco Castrok. Gehiegi zamatzeak kartilagoari egiten dion kalteaz gain, gizentasunak areagotu egiten ditu gorputzeko beste atal batzuetan ere artrosia jasateko arriskua, nahiz eta berez ez izan kiloak jasateko eginkizunik, eskuetan adibidez. “Gizentasunak eragiten duen hanturaren ondorioz (nahasmendu metabolikoa da), kartilagoa higatzen laguntzen duten molekulak sortzen dira”, ziurtatu du erreumatologoak.
Kolpeko kirolak
Eliteko kirolarien %30ek artrosia izaten dute bere kirol ibilbidean, halaxe diote Artrosiaren Nazioarteko Fundazioak (OAFI) eta Espainiako Olinpiar Batzordeak (COE). Erakunde horien arabera, eliteko futbolarien %29k belauneko artrosia izaten dute, eta profesionalak ez direnen artean %3k. Kasu aski ezagunak izan dira kirolaren munduan. Carl Lewis atleta artrosiaren erruz erretiratu zen, eta berdin Andy Murray eta Rafa Nadal tenislariak ere. Baina kontraesana dirudien arren, kirolak ez du artrosirik eragiten. Lesioak bai, etengabe eragiten ditu: meniskoa apurtzea, lotailuak urratzea, leku berean zauriak agertzea edo artikulazioetan kolpeak hartzea (belaunaren gainean erorita, adibidez). Kirol bizitzan zehar, horrek guztiak kalte egin diezaioke artikulazioen egonkortasunari, marruskadura areagotu eta osteoartritisa eragin.
Baina hori ez da gertatzen eliteko kirolariekin bakarrik. Egunero kirola bizi-bizi egiten duten gazteek ere badute arrisku hori. Artikulazioen gainazaletan karga mekanikoak eragiten dituzten jarduerez ari gara, zeinak, azkenean, hezur subkondralaren mikrohausturak eragiten baitituzte (kartilagoak duen hezurra da). Batzuetan, ez da uzten lesioetatik osatzeko denborarik, eta horrek ere eragiten du. Ondorioz, egoera ezin aproposagoa da artrosi goiztiarra agertzeko.

Kartilagoa bortxatzen duten lanak
Artritisa, azkenean, kartilago higatu baten ondorioa da, baina, egia esan, ez da ehun delikatu bat. Guztiz bestela. Pertsona baten bizitzan behin berriz tentsioak jasateko diseinatuta dago kartilagoa. Nonbait bermatzen garen bakoitzean, artikulazio horri dagokion kartilagoak karga bati eusten dio (gorputzaren pisua halako lau eta sei bitartekoa izan daiteke). Arazo nagusia da artikulazio bat edo batzuk luzaroan behin eta berriz behartzea.
Erreumatologoek beren esperientzia klinikoan ikusi dute artikulazioei mekanikoki bibrarazten dieten lanbide batzuk eta makinen, erreminten edo objektu batzuen kolpeak pairarazten dituztenak aproposagoak direla artrosia agertzeko. Zenbait azterlanek berariaz aipatzen dituzte mailu pneumatikoarekin egiten diren lanak, lurrak mugitzekoak eta eraiste lanak, non zigilatzeko pistolak, iltzatzekoak eta errematxatzeko makinak erabiltzen diren. Arrisku handiagoko jarduera gisa nabarmentzen dira keinuak eta gorputz jarrerak errepikatzen dituzten lanbideak, adibidez palazkatzaileak, errementariak, zizelkariak, metalurgiako langileak, giharrekin lan handia egitea eskatzen dien jarduera dutenak (lur mugimenduetan aritzen diren langileak, zamaketariak eta kargatzaileak), edo aldizka zamak garraiatzea eskatzen duten lanak egiten dituztenak. Era berean, hatzen osteoartritis kasu asko ikusi dira jostunetan, pianistetan eta mailu pikatzaileekin edo aire konprimatuko tresnekin aritzen diren langileetan.
Prebentzioa da garrantzitsua
Arrisku faktore horiek guztiak hor egonik, prebenitu al daiteke artrosi goiztiarra? Bai. “Traumatismo errepikakorrak eta kolpe handiko noizbehinkako traumatismoak saihestea, artikulazioen inguruko giharrak indartzea eta gehiegizko pisua murriztea edo saihestea funtsezkoak dira patologia hori atzeratzeko. Gainera, funtsezkoa da elikadura zaintzea”, gomendatzen du Francisco Castrok. Azkenean, dieta orekatu batek, elikagai osasungarrietan oinarritzen denak, lagundu egiten du hantura murrizten eta artikulazioak indartzen, eta horrek atzeratu egiten du artrosia agertzea kasu guztietan. “Funtsezkoa da omega 3 gantz azidoak, antioxidatzaileak eta oinarrizko mineralak sartzea; hantura areagotzen duten elikagaiak saihestea, adibidez azukre finduak, trans gantzak eta gantz prozesatuak eta karbohidrato finduak, eta lehentasuna ematea hanturaren aurkako elikagaiei, barazkiei, frutei, lekaleei eta osoko zerealei. Eta ez da ahaztu behar ongi hidratatzea”, erantsi du erreumatologoak.
Baina zer egin jadanik artrosi goiztiarra badugu? “Gaur egun, pazientea berreziketa biomekanikoarekin tratatzeko aukera dago, hau da, fisioterapia aurreratuko programen bidez gorputz jarrera entrenatzeko aukera, eta giharra indartzeko terapiekin ere bai, entrenamendu propiozeptiboarekin”, azaldu du Francisco Castrok. Entrenamendu mota horrek indartu egiten du gure gorputzak orientazio espaziala antzemateko duen gaitasuna, artikulazioen kokapena, sinkronizazioa eta mugimenduak egiteko abiadura. Indarra lantzen da, koordinazioa, oreka eta elastikotasuna.
Jakina, paziente horien eskura dago tratamendu farmakologikoa ere, hau da, noizbehinka hanturaren aurkakoak hartzea eta azido hialuronikoa edo plaketa ugariko plasma infiltratzea. Era berean, ikerkuntza fasean badaude ere, zenbait terapiak nolabaiteko ahalmena erakutsi dute kartilagoa lehengoratzeko, adibidez hazkunde faktoreek eta zelula amek. Aurrerapen horiek adierazten dute artrosiaren tratamenduan badela itxaropena, baina gure artikulazioak zaintzeak lehentasuna izan behar du. Aurrez neurriak hartzea beti da hobea ondoren sendabideen bila aritzea baino.
Errizartrosia gazteetan
Erpuruaren artrosiari errizartrosia esaten zaio, eta trapezio-metakarpianoko artikulazioari eragiten dio. Mina eta hantura izaten dira erpuruaren oinarrian, eta, ondorioz, zailtasunak agertzen dira eguneroko jarduerak egiteko. Orain arte, prebalentzia handiagoa izan du 50 eta 60 urte bitarteko emakumeen artean eta eskuzko lanak egiten dituzten pertsonen artean, adibidez, etxeko garbitzaileak, igeltseroak, ile-apaintzaileak, etxekoandreak eta pianistak. Baina azken hamarkadan, errizartrosia duten gazteen kasuak ikusten ari dira espezialistak, denborarekin okerrera baino egiten ez duen gaixotasuna. Arrazoia? Mugikorraren erabilera. The Lancet aldizkari ospetsuak Granadako Unibertsitateko mediku batek 2014an sortu zuen whatsappitis terminoa jaso zuen duela urte batzuk. Ines Fernandez Guerrerok izen horrekin modernizatu zuen errizartrosia, paziente gazte batek whatsapp mezuak masiboki bidali ondoren erpuruetan eta eskumuturretan ahulezia eta mina jasan zituela ikustean. Ekintza horrek trapezio-metakarpianoko artikulazioaren endekapena eragin zion. Minak eta higadura horrek zer-nolako bilakaera duten, hanturen aurkako sendagaiekin tratatu daiteke, ferula bat jarriz, infiltrazioekin edo errehabilitazio saioak aginduz. Ebakuntza egitea da azken aukera.