Humusa. Lekaleak ere zabalduta jan daitezke
Duela urte gutxi batzuk, humusa elikagai exotikoa zen gure inguruan, nahiz eta oso erraz egiten den, gure gastronomiaren parte diren osagaietatik abiatuta gainera, adibidez garbantzuetatik. Oso denbora gutxian, Ekialde Hurbiletik heldu den prestakin horrek leku bat irabazi du gure dietan, aurrerapen teknologikoei esker eta, batez ere, elikagai osasungarriak lortzeko nahiari esker. Ezaugarri askok egiten dute erakargarria plater hori: lehen begiratuan, interesgarria da nutrizioaren ikuspegitik, gustagarria eta oso moldakorra.
Gaur egun era askotakoak daude. Gure gustuetara ongiena egokitzen dena hautatzeko, komeni da etiketak irakurtzea eta zer-nolako aldeak dituzten aztertzea.
Garbantzua da protagonista
Humusa krema bat da, garbantzuekin, sesamo orearekin (tahinia), olioarekin, gatzarekin eta ongailuekin egiten dena, adibidez, piperrautsarekin. Hau da, garbantzua da erabateko protagonista. Aztertu ditugun produktuei begiratuz gero, ikusiko dugu lekale hori dela osagai nagusia guztietan. Gainera, zehaztu egiten da zer-nolako proportzioan dagoen; izan ere, nahitaezkoa da, ontzian nabarmendu egiten delako (adibidez, salmenta izenean aipatzen da) eta, gainera, produktua bereizten duen oinarrizko osagaia delako.
Adierazten diren zifren arabera, garbantzu proportzio handiena duten produktuak honako hauek dira: Terra Nostra (%80), Sorribas (%74,3) eta Veritas freskoa (%68). Kontrako muturrean, berriz, hauek daude: Pekis (%37), Veritas kontserba (%37) eta Taverna (%35).
Erosketa gida hau egiteko, 10 humus hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Score puntuazioa. Algoritmo berriarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten du gatz, proteina, zuntz, gantz saturatu eta garbantzu kantitateak.
- Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, eta batez ere zenbat garbantzu duten eta zer-nolako olioa darabilten ikusteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2025eko otsailean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Tahinia: sesamo krema
Garbantzuekin batean, tahinia da beste osagai bereizgarrietako bat. Sesamo hazi txigortuekin egindako krema bat da. Kontuan hartzen badugu elementu hori funtsezkoa dela elikagaia definitzeko eta antzeko beste batzuetatik bereizteko, adierazi egin beharko litzateke zer proportziotan dagoen, legediak agintzen duen bezala (1169/2011 ED). Hala egiten dute zenbait produktutan, zehazki Veritas freskoa, Sorribas, Granovita eta Eroskiren bi produktuetan. Osagai horrek produktuaren %10 hartzen du Eroski originala delakoan eta %3koa Granovita etxekoan. Horiek dira bi muturrak.
Baina humusa ez dago zehaztuta legedian, eta, beraz, legezko hutsune bat dagoenez, ezin da esan tahinia funtsezko elementua eta bereizgarria denik, eta interpretazio horren arabera, zer proportziotan dagoen ez adierazteak ez luke urratuko legedia. Dena den, badago lege hauste bat gai horri lotuta: Veritas kontserba delakoak tahinia nabarmentzen du izenean (“Garbantzu krema eta tahinia”), baina ez du zehazten zenbateko proportzioan duen.
Olio mota
Garbantzuekin eta tahiniarekin batean, olioa ere ezinbesteko osagaia da humusa egiteko. Aztertu ditugun produktuetan, hiru olio mota erabiltzen dira: oliba olio birjina estra, ekilore olioa eta nabinarena.
- Oliba olio birjina estra. Aukerarik onena da nutrizioaren ikuspegitik. Eragozpen nagusia prezioa du, oliorik garestiena da eta. Gainera, zapore sendo samarra izaten du, eta gerta daiteke norbaiti ez gustatzea. Terra Nostra etxeak olio mota hori bakar-bakarrik darabil (%1,5). Sorribas, Pekis, Vegetalia, Granovita eta Veritas etxeko bietan ere badago, baina ekilore olioa proportzio handiagoan ageri da.
- Ekilore olioa. Produktu bakar bat ere ez dago ekilore olio hutsez egina. Olio hori darabilten guztiek oliba olio birjina estra ere badute. Gauza jakina da ekilorearenak interes gutxiago duela nutrizioaren ikuspegitik aurrekoarekin alderatuta, baina abantaila bat du: produktuari zaporerik ez dio ematen eta, batez ere, merkeagoa da. Funtzio teknologikoengatik (emultsioa egitea) eta organoleptikoengatik (ahogozoa) erabiltzen da olio hori, kostuak askorik handitu gabe.
- Nabina olioa. Agian izen hori ez zaigu ezaguna egiten, baina koltza olioari deitzeko modu bat da, olio mota horrek gure herrialdean duen ospe txarra saihesteko erabili ohi dena. Egia esan, olio segurua da, eta, gainera, nutrizio osaera interesgarria du, baina ez oliba olio birjina estrak bezain ona. Taverna etxekoak eta Eroskiren biek darabilte.
Merkatuan bi eratako aurkezpenekin izaten da humusa: freskoa eta kontserbakoa. Bakoitzak ditu alde onak eta ez hain onak, eta aztertu egin behar ditugu erosi aurretik.
- Kontserbazioa. Kontserbako humusa esterilizaturik egoten da, eta luzaroan irauten du giroko tenperaturan. Produktu freskoari ez zaio ematen tratamendu termikorik, eta horregatik, hozkailuan gorde behar da, eta askoz ere laburragoa izaten du bizitza.
- Osagaiak. Aztertu ditugun produktuen artean, kontserban aurkezten direnek daukate garbantzu gutxien.
- Lurrina eta zaporea. Tratamendu termikoak aldarazi egiten ditu ezaugarri horiek. Arlo hauetan freskoak irabazten du, zeinak antz handiagoa duen etxean egiten denarekin.
- Ontzia. Kontserbakoetan, beirazkoa da ontzia, eta freskoetan plastikozkoa. Bakoitzak ditu abantailak eta desabantailak: erresistentzia, pisua, berrerabiltzeko aukera…
- Prezioa. Aztertu ditugunetan, kontserbakoak dira garestienetakoak. Ontziagatik izan daiteke edo garraiatzeko moduagatik.
Gantz dezente
Osagai nagusia garbantzua denez, askok uste dute humusa proteinek osatzen dutela nagusiki. Baina gogora dezagun osagaien artean olioa ere baduela, osorik gantzez osatua, eta tahinia ere bai, non gantza den %60. Beraz, biek ematen dute kopuru handietan mantenugai hori, batez ere lehenbizikoak (horixe dago proportzio handienean).
Gantz gehien dutenak Taverna (%30,1) eta Pekis dira (%27), olio asko dute eta. Gainerakoak tartean dabiltza: %19 ditu Eroski original ak eta %23,9 Veritas kontserbak. Gantz gutxien dutenak Eroski piperrak (%17), Veritas freskoa (%16) eta Terra Nostra dira (%13,9).
Gantz kopuruak baldintzatu egiten du gantz saturatuen proportzioa ere, eta, beraz, Taverna eta Pekis dira kantitate handiena dutenak (%3,6 eta %3,2, hurrenez hurren); gutxien, berriz, Eroski piperrak, Veritas freskoa eta Terra Nostra k daukate, %1,6 eta %2 artean. Nolanahi ere, gantz saturatuak direnean, kantitatetik harago, garrantzitsua da nondik datozen aztertzea, denak ez baitira berdinak. Ildo horretan, ekilore olioak ematen ditu interes gutxien duten gantzak aztertu ditugun produktu guztietan.
Erne gatzarekin
Zalantzarik gabe, gatza ere garrantzi handiko osagaia da eta zaporea indartzea du zeregin nagusia. Osasunaren ikuspegitik, ahalik eta gutxiena izatea komeni da. Alde aipagarriak daude aztertu ditugunen artean, eta hiru multzo egingo ditugu:
- %1 baino gutxiago dutenak. Multzo horretan daude produkturik gehienak; Terra Nostra etxekoak du gutxien, %0,23, eta Veritas freskoak gehien, %0,97.
- %1 eta %1,25 artekoak. Pekis (%1,1) eta Eroski originala (%1).
- %1,25 baino gehiago dutenak. Elikagai horiek gatz gehiegi dutela esaten da. Taverna (%1,5), Vegetalia (%1,3) eta Sorribas (%1,3) daude multzo horretan.

Funtsean, garbantzu, olio, tahini, gatz eta ongailuekin egindako produktua da humusa. Beraz, nutrizioaren ikuspegitik interesgarria dela esan dezakegu. Hala ere, merkatuan aurkitzen ditugun aukera guztiak ez dira berdinak zentzu horretan, ezta gutxiago ere. Aukerarik interesgarrienak egiteko, osagai motak eta kantitateak aztertzea komeni da: garbantzu proportzio handia izan dezala, gatz gutxi eta nutrizio kalitate oneko olioa (ahal dela, oliba olio birjina edo birjina estra). Ez da ahaztu behar, gainera, gantzak eta energia kopuru handietan agertu daitezkeela produktu batzuetan. Horrek ez du zertan txarra izan, baina kontuan hartzea komeni da.
Eta zer gertatzen da proteinekin?
Humusean, garbantzuek emanak dira proteinarik gehienak, non %6 inguru izaten den mantenugai hori. Tahiniak gehiago izaten du (%25 inguru), baina osagai hori askoz ere kopuru urriagoan ageri da humusean. Gehienek %4-%5 inguru dituzte proteinak, nahiz eta batzuetan gutxiago diren (Veritas kontserba, %3,3rekin) eta beste batzuetan gehiago, Eroski piperrak (%6,8) eta Eroski originala (%7,6).
Terra Nostra k ageri du proteina gehien: %8,4. Era berean, karbohidrato gehien duena ere produktu hori da, gainerakoek baino zifra askoz handiagoekin (%48,1 ematen ditu eta gainerakoek %9,8, batez beste). Garbantzu gehien duen produktua bada ere (%80), horrek ez ditu zifra horiek azaltzen (garbantzu egosiek %12 izaten dituzte karbohidratoak). Eta tahiniak ere ez du azaltzen, %3 baino ez baitira karbohidratoak produktu horretan. Ekoizleari galdetu diogu, baina ez du jakin azaltzen zergatik dituen balio horiek; beraz, baliteke etiketan akats bat egotea.
Zenbat energia ematen du humusak?
Terra Nostra da energia gehien ematen duen produktua, 400 kcal 100 gramo bakoitzeko, eta hori ere etiketak akats bat duelako izan daiteke. Izan ere, makromantenugaien zifrak ez datoz bat kaloria kopuru horrekin (gantzen, proteinen eta karbohidratoen baturak 350 kcal inguru ematen ditu). Ondotik heldu dira Taverna (334 kcal) eta Pekis (301 kcal), gantz gehien duten produktuak dira eta.
Gainerakoetan, 100 gramo bakoitzeko ematen duten energia kopurua (ontzi erdi bat izango litzateke, gutxi gorabehera) 214 kcal (Veritas freskoa) eta282 kcal artekoa da (Vegetalia).
Erreferentzia bat izateko, bi arrautzako tortilla batek gehienez 200 kcal ematen dituela esan dezakegu, eta jarduera normala duen gizonezko heldu batek egunero 2.500 kcal inguru behar dituela, edo 2.000 kcal inguru emakume heldu batek.

Etxean humusa egitea oso erraza izan daiteke osagai prestatuetatik abiatzen bagara, adibidez tahini ontziratutik eta garbantzu egosietatik. Garbantzuak birrindu, tahinia erantsi, olioa bota (ahal dela oliba olioa) eta ongi nahasi besterik ez genuke egin behar, gustuko ditugun beste osagai batzuk eransten dizkiogula, esaterako piperrautsa, limoi zukua, gatza, baratxuria, kuminoa… Kostu hau izango luke dirutan:
• Garbantzu egosiak (%80) (0,4 €/100 g): 0,32 €
• Tahinia (%10) (1,47 €/100 g): 0,147 €
• Oliba olio birjina estra (%5), (7 €/1 l): 0,0385 €
• Limoi zukua (%3) (1 €/250 ml): 0,012 €
• Gatza (1%) (0,5 €/ 1kg): 0,0005 €
• Piperrautsa (1%) (2,5 €/100 g): 0,025 €
PREZIOA, GUZTIRA
0,54 €/100 g*
Bertsio komertzialen batez besteko prezioa (1,55 €) baino hiru aldiz merkeago ateratzen da, baina Eroskiren produktuen oso antzekoa (0,65 €).
Nutri-Score: askotariko emaitzak
Osagai gutxiz osaturiko produktu sinple samarra izan arren, Nutri-Score sistemak eman dituen notetan era askotako emaitzak ageri dira. Garbantzu kopuruak, proteinek, zuntzak, gantz saturatuek eta gatzak sortzen dituzte alde horiek.
- A nota. Ugari dute zuntza, proteinak eta garbantzuak eta kopuru txikian gatza eta gantz saturatuak. Eroski piperrak, Veritas freskoa eta Terra Nostra.
- B nota. Aurrekoentzat esan dugun gauza bera esan dezakegu, baina zertxobait garbantzu gutxiago dute. Eroski originala.
- C nota. Batzuek gatz gehiago daukate aurrekoek baino (Vegetalia eta Sorribas), garbantzu gutxiago (Granovita) edo zuntz gutxiago (Sorribas).
- D nota. Gatz asko dauka, gantz saturatu gehiago, eta garbantzu eta zuntz gutxiago. Taverna etxekoarekin gertatzen da hori, besteek baino tahini gehiago du eta.
Kalitate-prezioak
Prezioari dagokionez, alde handiak daude. Eredu gisa 100 gramoko zifrak hartzen baditugu, ikusiko dugu merkeenak, Eroski piperrak delakoak (0,65 euro) hiru aldiz gutxiago balio duela garestienek baino, Terra Nostra (2,10 euro) eta Granovita (2,05 euro). Gainerakoak euro bat eta bi euro artean dabiltza: 1,40 euro Taverna k eta 1,94 euro Veritas kontserba delakoak. Pentsa liteke prezioak zerikusia duela garbantzu kopuruarekin, adibidez Terra Nostrari erreparatuta, zeina garestiena den eta osagai hori kopururik handienean duen. Baina beste adibide batzuekin ez da hori betetzen; adibidez, Veritas kontserba izenekoa da garestienetakoa eta, aldiz, garbantzu gutxien duenetakoa.
Beste aukera bat da formatuak baldintzatzea prezioa, garestienen artean kontserba eran datozen bi daude eta (Granovita eta Veritas). Baliteke kontserban datozen produktuen prezioa garestiagoa izatea ontziak kostu handiagoa duelako (beira) edo garraioak igo egiten dituelako kostuak (ontzia astunagoa delako). Baina produktu freskoak ere baditu kostu aipagarri batzuk (hotzean eduki behar da garraiatzean eta saltzean, eta alferrik galtzeko joera handiagoa izaten du, bizitza askoz ere laburragoa du eta). Terra Nostra etxekoan argi ikusten da hori: freskoa da eta guztietan garestiena.
Kalitate prezioak kontuan hartzen baditugu, hauek dira aukerarik onenak, ordena honetan: Eroski piperrak, Eroski originala eta Terra Nostra.
- Formatua. Kontserbako humusa eta freskoa ditugu aukeran. Oro har, hobea da freskoa, osaera hobea duelako eta ezaugarri organoleptikoak ere bai.
- Garbantzu kantitatea eta tahinia. Zenbat eta gehiago, hainbat hobeto.
- Olioa. Hiru eratakoak daude. Aukerarik onena oliba olio birjina estra da.
- Gatza. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. Elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25 baino gehiago duenean.
- Prezioa. Alde handiak egon litezke. Kontuan hartu behar genuke formatua, garbantzu kantitatea, olio mota eta proteina kantitatea.
Ondorioak
Produktu horiek ebaluatzeko orduan, bi talde egin ditzakegu formatuaren arabera, eta horrek gauzak erraztu egingo dizkigu erosketak egiteko orduan:
- Humusa kontserban. Talde horretan, Veritas kontserba, Pekis eta Granovita daude. Aukerarik onena Granovita litzateke, gatz gutxien duena delako (%0,79) eta garbantzu gehien (%43).
- Humus freskoa. Beste guztiak sartzen dira talde honetan. Oro har, hobeak dira aurrekoekin alderatuta, batez ere garbantzu gehiago dutelako (aurreko taldean proportzioa %37 eta % 43 artekoa da, eta honetan, berriz, gehienak %55 eta %80 artean dabiltza, Taverna izan ezik, %35). Gainera, kontserban datozen bi dira garestienetakoak.
Osaera kontuan hartzen badugu, aukera onena Terra Nostra izango litzateke: garbantzuen proportzioa oso handia da (%80), gatz oso gutxi du (%0,23), oliba olio birjina estra darama eta formulazio oso sinplea du, osagaiak ere gutxi, eta, beraz, etxean egindakoaren antzekoagoa da. Bigarren lekuan Veritas freskoa legoke. Osaera interesgarria du, garbantzu proportzio handia (%68) eta gatz dezente baina ez gehiegi (%0,97), nahiz eta materia gantzatsu nagusia ekilore olioa izan.
Dena den, aurreko guztia kontuan hartzeaz gain, prezioa ere kontuan hartzen badugu, aukerarik onenak Eroski piperra eta Eroski oroginala izango lirateke.
