Nutrizionista bat adimen artifizialarekin
Adimen Artifizialak (AA) inoiz ikusi gabeko iraultza ekarri du, eta gure bizitzetan aldaketa handiak eragiten ari da, orain gutxi arte zientzia fikziozkoak iruditzen zitzaizkigunak. Open AI enpresak 2022ko azaroan ChatGPT aurkeztu zuenetik, ordu arte ikerketa zentroek bakarrik erabiltzen zuten tresna zena gure bizitzako ia esparru guztietan agertzen da orain: gure ordenagailuetan, mugikorretan, telebistetan eta baita ehunka aplikaziotan ere.
Aplikazio horien artean, nutrizio arlokoak ere badaude. Batzuk xumeak dira, produktuen etiketak eskanerrean pasatzera mugatzen direnak erabaki batzuk hartzen laguntzeko, badira menuak proposatzen dizkigutenak edo elikagai baten argazkia ateratzeko gai direnak eta zenbat kaloria dituen esaten digutenak zehaztasun gehiagorekin edo gutxiagorekin. Eta badira benetan ausartak direnak ere, nutrizio plan osatuak eskaintzen dituztenak adibidez, gure helburuen araberako menuekin.
Artikulu hau idazteko, Beatriz Robles dietista-nutrizionistari eskatu diogu ezagunenak direnetako lau aztertu ditzala (Carmen IA, Foodvisor, MyFitnessPal eta Noom), eta esan diezagula zer-nolako alde onak eta ez hain onak dituzten, egiten dituzten proposamenak zentzuzkoak diren jakiteko eta, batez ere, ematen dituzten gomendioak ebidentzia zientifikoarekin bat datozen ikusteko eta profesional baten eta pazientearen artean testuinguru klinikoan landu daitezkeen ñabardurei eta gai benetan garrantzitsuei heltzeko modua ematen duten zehazteko. Erantzuna (spoilera egingo dugu) ezezkoa da; baina ikus dezagun zergatik, noraino iristen diren aplikazio horiek eta zertan bereizten diren nutrizionista trebatu batetik.
Lehen begiratuan
Aplikazio gehienek informazio zorrotza ematen dute elikagaiei edo kaloriei buruz, eta, alde horretatik, datu base handi baten gisa funtzionatzen dute, eta bisualizazio argi eta polita eskaintzen dute. Zentzu handiko mezuak ere jasotzen dituzte (“Bakarra zara eta zure programak ere hala izan beharko luke”, “Utzi dieta egiteari. Lortu itzazu behin betiko emaitzak”) eta coach artifizial batek bezala funtzionatzen dute, zeinak helburuak lortzera bultzatzen zaituen. Baina argiak itzala ere hurbil izaten du.
Lidia Folgar dietista-nutrizionista aho bizarrik gabe mintzo da era horretako aplikazioen inguruan. “Arriskutsuak iruditzen zaizkit; izan ere, aplikazio batek ez du aldez aurreko historia klinikorik, eta, adibidez, ezin du ebaluatu pertsona horrek elikadura nahasmendua duen edo arriskuan ote dagoen, eta horrek okertu egin dezake oinarrizko arazoa; oso litekeena da, gainera, arazo hori ez izatea aplikazioa kontsultatzeko arrazoia”, azpimarratu du Folgarrek.
Beatriz Robles guztiz bat dator eta, gaineratu duenez, aztertu ditugunetan, Foodvisorrek eta Noomek baino ez dute egiten aldez aurretik anamnesi zorrotza. Paziente baten historia klinikoari buruzko informazioa biltzeko prozesua da anamnesia; elkarrizketa kliniko zehatz baten bidez egiten da, eta sintomak, aurrekari medikoak, familiarrak eta ohiturak barne hartzen ditu. Diagnosia egiteko tresna hori funtsezkoa da dietista-nutrizionista batek tratamendu plan pertsonalizatua ezar dezan. “Bi aplikazio horiek argi eta garbi diseinatuta daude dietista-nutrizionisten laguntzarekin, anamnesi nahiko osoa baitute. Dietista-nutrizionista batek lehen kontsultan egingo lizkizukeen ohiko galderak egiten dizkizute”, azaldu du Beatriz Roblesek.
Muga batzuk
Baina “osatua” izateak ez du esan nahi “guztiz osatua” denik, eta zirrikitu horretatik arazo batzuk ager daitezke, larriak ere bai zenbaitetan. Adibidez, aurretiazko gaixotasunei buruz galdetzen dute aplikazioek eta zenbait aukera eskaintzen dituzte, besteak beste, gaixotasun kardiakoa, kolesterol handia edo depresioa. “Baina beste laukitxo bat ere izaten dute, ‘beste batzuk’ jartzen duena, gehiago zehaztu gabe”, adierazi du Roblesek. “Eta ‘beste’ hori auskalo zein den! 1.000 gaixotasun daude dietan eragina eduki dezaketenak…”. Eta are garrantzitsuagoa dena nutrizionistaren esanetan: “AAk ez dauka gaitasunik interpretazioak egiteko erantzun literaletatik harago eta berriz galdetzeko erantzun bat zalantzazkoa iruditu zaionean”.
Lidia Folgarrek argi utzi nahi izan du historia klinikoa zergatik den garrantzitsua: “Pertsona batek arrazoi jakin batengatik egin dezake kontsulta, eta profesionalak ohartu gaitezke benetan behar duena beste zerbait dela. Pazienteak ez du zertan jakin zer behar duen, eta dieta murriztaileak bila ditzake adibidez, edo kolesterola okertzen duten dietak, zeina analisietan jada goian ageri den”. Arazo horiei benetan larria den beste bat gehitzen zaie: nola antzeman dezake AA batek elikadura jokabidearen nahasmendu bat dagoela (EJN) erabiltzaileak pisua galtzeko erabiltzen duenean?
Noom da EJN diagnostikatu bati buruzko galdera zuzen bat egiten duen aplikazio bakarra, halaxe adierazi du Beatriz Roblesek, “baina gero aplikazioak nola baloratzen du? Nola hartzen du kontuan zure plangintza bidaltzen dizunean? Agian ez duzu EJN bat diagnostikatua, baina arrisku faktoreak dituzu. Edo agian baduzu nahasmendua baina oraindik ez dizute diagnostikatu. Ezinezkoa da makina batek hori baloratzea”. Alderdi horiek nekez geldituko dira oharkabean kontsultan. “Pazientearekin aurrez aurre zaude, eta hitz egiten uzten badiozu, ohartu zaitezke elikagai batzuek higuina eragiten diotela justifikaziorik gabe, elikagai jakin batzuekin murrizketak egiten dituela edo dieta modu murriztailean egiten ari dela ageriko arrazoirik gabe. Ikusi egiten dituzu gauzak, azken batean esperientziaren giza faktorea ere baduzulako ezagutzaz gain, eta hori aplikazio batek inola ere ezin dizu eman”, nabarmendu du Roblesek.

Eskola zaharreko nutrizioa
Aztertu ditugun aplikazio horietatik hiruk aukera ematen dute helburuak zehazteko, adibidez gaitasun fisikoa hobetzea, baina azkenean beti ematen dituzte pisua galtzeko jarraibideak. “Antzinako nutrizioa da. Gaur egun, oso arraroa da nutrizionista batek pisua hartzea helburu nagusi gisa. Zentzugabea da. Pisu galera jakin baten bila ari bagara, egiaz gantza galdu nahi izango dugu”, adierazi du Roblesek. Nutrizionista on batek ohitura onak jartzen ditu erdigunean gorputz osaera aldatzen joateko –gantz eta gihar proportzioa–, askoz ere mesedegarriagoa izan dadin transmisio bidezkoak ez diren gaixotasunen arriskua prebenitzeko (bihotz-hodietakoak, arnasketakoak, minbizia edo diabetesa, nagusien artean).
Garrantzitsuena ez da pisuaren zifra. “Gerta daiteke 10 kilo galdu nahi dituen norbaitek bi bakarrik galdu dituela ikustea, baina, agian, gorputzaren osaera erabat aldatu zaio, eta zortzi kilo gihar hartu ditu zortzi kilo gantz zeuden lekuan”, azaldu du Roblesek. Oraingoz, ñabardura horiek guztiak hautemanezinak dira aplikazio batentzat, ezin baititu neurtu gorputzaren osaeraren aldaketak, eta nutrizionista batek egin dezake hori kontsultan, pazientearen gorputz tolesturak neurtuta.
Beste arazo bat da aztertu ditugun aplikazioek bermatu egiten dutela denbora jakin batean pisua galduko dugula, “ eta dietista-nutrizionista profesional on bat ez litzateke inoiz ausartuko hori egitera”, azpimarratu du Beatriz Roblesek. Foodvisor-ek, gainera, helburuak lortu ez badituzu dirua itzuliko dizutela ere ziurtatzen du: “Bermea zertan datzan ikusi beharko litzateke terminoen eta baldintzen barnean, ezinbestean zalantzak sortzen baitira lorpena neurtzeko moduari buruz”, dio nutrizionistak.
Akabo nutrizionistak?
Amaierarako utzi dugu galdera potoloa: ordezkatu al dezakete nutrizionista bat? Bitxikeria gisa, ChatGPTri galdetu diogu, eta erantzun diplomatikoa eman digu: “Aplikazio hauek () erakusten dute AAk nola demokratizatzen duen nutrizio kontseiluetarako sarbidea, baina oraindik ere erronka handiak dituzte: algoritmoen lerratzetik hasi eta elikaduraren gehiegizko medikalizazioraino. Tresna batzuek osagai espezifikoen gainean hezten dute, eta beste batzuek osagai psikologikoari heltzen diote, baina etorkizuna eredu hibridoetan egon daiteke, zehaztasun teknikoa eta giza enpatia uztartuta”. Baina zer dio giza adimenak?
“Gehiago ikusten dut laguntza baliagarri gisa, ideiak emango dizkiguna etxean zer presta dezakegun eskura daukagunarekin edo erosketa zerrenda bat eskainiko diguna. Baina ez dut uste gu ordezkatu gaitzaketenik. AA baliagarria izan daiteke dietista-nutrizionistentzat praktika klinikoan”, dio Lucía Folgarrek. Beti nutrizionista baten gainbegiradapean, AA lagungarria izan daiteke kontsultan nutrizio arloko jarraibideak lantzeko edo laguntzaile birtualen moduko tresnak lantzeko pazienteen atxikimendua hobetu dadin. Gainera, patroiak aurkitzeko eta erlazioak ezartzeko duten gaitasunagatik, nutrizionistak anamnesi zorrotz bat egin badu eta datu zuzenak baditu, lagungarriak izan daitezke diagnostiko konplexuak egiteko, osasunaren beste eremu batzuetan gertatzen den bezala, medikuntza onkologikoan adibidez. Beatriz Roblesen iritziz, giza faktorea ordezkaezina da: “Eta ez sektore honetan bakarrik, sektore sortzaileetan ere halaxe dela uste dut. Nire ustez, AA inoiz ez da iritsiko maila batera, baina giza izaeragatik beragatik eta funtzionatzeko dugun moduagatik. Bada faktore bat hitz bidezko komunikaziotik haratago doana, intuizioa, ezagutza, esperientzia eta horren guztiaren gurutzaketa, baina AAk eman ezin digun ikuspegi kritiko batekin nire ustez. Edo hori da nire itxaropena”, nabarmendu du.
Aplikazio horiek aztertzeko, bi erabiltzaile mota zehaztu ditugu alderatu ahal izateko: gantza galtzea helburu duen 50 urte inguruko gizon bat eta gihar masa irabazi nahi duen 30 urteko emakume bat. Azkenean, bereizketa horrek ez du asko balio izan; izan ere, aplikazio gehienak pisu galerari bakarrik begiratzen diote, eta “gihar masa hobetzea” parametroa sartzeko modua ematen dutenak ere, azkenean kaloriak eta pisuak zenbatzera mugatzen dira. Eta kontrako beste alderdi bat ere badute: Noomek eta Foodvisorrek adierazten dute zenbat denboran galduko diren kiloak, baina aurreko galdera sortako galderak osatu ahala, epe hori murrizten doa, nahiz eta nutrizioaren ikuspuntutik zentzu handirik ez izan. “Adibide horrek argi erakusten du neurozientzian oinarrituriko marketin teknikak nola erabiltzen diren aplikazioan interakzioari eusteko. Kasu honetan, epea murriztea da erabiltzaileak aplikazioa erabiltzen jarraitzera bultzatzen dituen amua”, azaldu du Beatriz Roblesek.
Carmen AI
Guztietan sinpleena da. SinAzucar.org proiektu espainiarrak landua da, eta elikagaien eskaner gisa aurkezten du bere burua. Adimen artifizialarekin, produktuen informazioa aztertzen du nutrizioaren ikuspegitik, eta ebaluazio argia eta zehatza eskaintzen du, nahiz eta pixka bat sinplista den, 1etik 10era puntuatzen baititu elikagaiak; nutrizionista batek datu hori askoz ere testuinguru zehatzagoan jarriko luke, maiztasuna zehaztuta eta dieta bere osoan hartuta. Txat interaktibo bat du, eta kontsulta generikoak egin daitezke (“eman ideiak gosari osasungarri bat prestatzeko”), eta errezeta pertsonalizatuak eskaintzen ditu, sartzen ditugun osagaiekin, gantza galtzeko edo giharra irabazteko menu generikoak, menu begetariano eta beganoak eta erosketak egiteko aholkuak.
Egiten al du erabiltzailearen ebaluazioa aldez aurretik (anamnesia)? Ez.
Erabilgarria da… Gure ohiturak aldatzen hasteko.
Aldekoak. Gomendagarriak ez diren produktuen ordez nutrizio kalitate hobea duten produktuak sartzeko iradokizunak egiten ditu, eta zenbait osagai zergatik diren kaltegarriak azaltzen du (Sinazucar.org webgunearen sortzailearen dibulgazio misioarekin bat egiten du).
Kontrakoak. Ikuspegi zertxobait murriztailea du. Ez du anamnesirik egiten eta ez dio erabiltzaileari inolako daturik eskatzen; beraz, gantza galtzeko menuak erreferentzia bat baino ez dira.
Prezioa. Doakoa. Premium bertsioa du hilean 4,99 € ordainduta, baina deskontuak eskaintzen ditu harpidetza 6 hilabetekoa edo urtebetekoa bada.
Foodvisor
Frantziako aplikazio honek irudiak ezagutzeko sistema darabil, besteak beste argazkietan ageri diren platerak aztertzeko. Aldez aurreko galdetegi baten bidez, erabiltzailearen helburuak ezartzen ditu (“Urte gehiago bizitzea”, “Nire gorputzarekin gusturago sentitzea”… Era horretako 112 aukera eskaintzen ditu). Nahiz eta aukera mordoa agertu, hurrengo pausoan kiloak galtzera mugatzen da guztia. Anamnesi bat egiten du, baina oso eragin txikia du ondorengo gomendioetan, guk dakigula planak ez baititu egokitzen norberak zerrendatzen dituen gaixotasunen arabera. Adibidez, gaixotasunei buruz galdetzen du eta “beste batzuk” aukera ere ematen du, baina ez du gehiago zehazteko aukerarik uzten.
Egiten al du erabiltzailearen ebaluazioa aldez aurretik (anamnesia)? Bai. Aztertu ditugun lauretan osatuena.
Erabilgarria da… Gure platerek zer-nolako osagaiak eta zenbat kaloria duten jakiteko.
Aldekoak. Osagaiak identifikatzen ditu eta kaloriak kalkulatzen ditu, mezu pozgarriak bidaltzen ditu otorduak erregistratu ondoren (“zugan sinesten dugu”), eta horrek indartu egiten ditu ohitura onuragarriak. Nutrizio arloko informazio zehatza duten errezetak eskaintzen ditu eta aholkuak bidaltzen ditu egunero. Nutrizio arloko informazio zehatza duten errezetak eskaintzen ditu eta aholkuak bidaltzen ditu egunero, ebidentzia zientifikoan oinarrituta.
Kontrakoak. Helburu guztiak pisua galtzera daude bideratuta, eta hori lortzeko zenbat denbora behar den esaten du (sei kilo galtzea hilabetean). Hilabete batean “pisua galtzen” ez bada, dirua itzultzeko bermea eskaintzen du, baina prozesua ez da oso gardena.
Prezioa. Doakoa. Hilean 29,99 € premium bertsioak.
My Fitness Pal
Elikaduraren eta ariketaren jarraipena egiten duen aplikazio ezagunenetakoa da, eta 2005ean jarri zuten abian. Ez du anamnesi osaturik egiten Foodvisor eta Noom-ek egiten duten bezala, baina ariketari eta elikadurari buruzko datu base oso zehatza dauka. Elikagaien erregistroa ere eskaintzen du etiketak eskaneatuta, edo aldizkako barauaren jarraipena egiten du. Doako bertsioak aukera ematen du elikagaiak eta entrenamenduak erregistratzeko, baina publizitatea agertzen da eta funtzio mugatuak ditu. Premium erako bertsioak (ordainpekoa da) mantenugaien analisi aurreratuagoak eskaintzen ditu, helburuak jartzen dizkio otordu bakoitzari, ez dauka iragarkirik eta plan pertsonalizatuak biltzen ditu.
Egiten al du erabiltzailearen ebaluazioa aldez aurretik (anamnesia)? Ez.
Erabilgarria da… Elikagaien eta ariketen inguruko informazioa lortzeko.
Aldekoak. Foroak eta taldeak ditu, erabiltzaileek esperientziak eta aholkuak partekatzeko eta aplikazioekin, eta jardueretarako eskumuturrekoekin sinkronizatzen da: Fitbit, Garmin, Google Fit, Apple Health… Lagundu egin dezake ohitura osasungarriagoak sortzen.
Kontrakoak. Helburuak oso ongi bereizten dituen arren, praktikan dena kalorietara eta pisu galerara murrizten du, eta horrek obsesioa sor dezake pertsona batzuengan.
Prezioa. Doakoa. Premium plana 9,99 € kostatzen da hilean edo 49,99 € urtean.
Noom
Osasunari eta pisu galerari buruzko aplikazio honek elikaduraren jarraipena eta alderdi psikologikoak konbinatzen ditu, erabiltzaileei epe luzera ohiturak aldatzen laguntzeko. Kognizio konduktualeko teknikak erabiltzen ditu janariarekiko harremana aldatzeko (lagundu egiten du pentsamendu eta portaera ezkorrak aldatzen), eta horretan bereizten da besteetatik. Anamnesi osatu samarra egiten du, baina ez Foodvisor-ek bezain osatua. Aukera ematen du otorduak kontrolatzeko eta pisuaren helburuari jarraipena egiteko, eta coach birtual bat atxikitzen dio erabiltzaileari, laguntza emateko eta galderei erantzuteko. Babes talde bat ere osatzen du beste erabiltzaileekin.
Egiten al du erabiltzailearen ebaluazioa aldez aurretik (anamnesia)? Bai.
Erabilgarria da… Janariarekin dugun harremana hobetzeko teknika konginitibo-konduktualen bidez.
Aldekoak. Egunero artikuluak argitaratzen ditu, apetak, estres emozionala eta errazioak kudeatzen laguntzen dutenak teknika kognitibo-konduktualak erabiliz. Nutrizio arloan hezteko programa gisa aurkezten da, eta ez hainbeste kaloriak zenbatzeko aplikazio sinple gisa. Beste aplikazio batzuekin sinkronizatzen da: Google Fit, Apple Health…
Kontrakoak. Besteak bezala, batzuetan ez da batere errealista pisua galtzeko planetan. Erabiltzaileari ahalegin jarraitua eskatzen dio ematen zaion informazio guztia barneratzeko.
Prezioa. Harpidetza 27,25 €-koa da hilean, nahiz eta 1 €-rekin probatu daitekeen 14 egunez.