Fabadak. Kantitatearen eta kalitatearen artean
Fabada oso plater ospetsua da hainbat lekutan eta aspaldidanik saltzen da on tziratuta jateko prest (lehenbizikoetakoa izan zen gure inguruan). Hamarkada batzuk joan dira produktu hori saltokietara iritsi zenetik, eta gaur egun garai batean baino aukera gehiago ditugu eskura, eta komeni da gako batzuen berri izatea gure gustu eta beharrizanetara ongien egokitzen dena hautatzeko.
Itxuraz plater erraza da, oinarrizko lau osagairekin egina (fabeak, txorizoa, odolkia eta hirugiharra), baina alde handiak egon daitezke fabaden artean, osagai kopurua eta horien kalitatea aldatu egiten baita batzuetatik besteetara.
Erosketa gida hau egiteko, 10 fabada hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute ga tzak eta gantz saturatuek.
- Osagaiak. Nolako kalitate komertziala duten jakiteko, batez ere zenbat eta nolako lekaleak, txorizoa, odolkia eta hirugiharra duten.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2025eko azaroan bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Izenaren atzean dago osagaia
Osagai nagusia fabea izaten du fabadak, eta hortik datorkio izena; babarrun mota jakin bat da fabea (Phaseolus vulgaris). Asturiasko fabea da benetakoa, zeinak Adierazpen Geografiko Babestua duen. Neurriz handia da, azal fina izaten du eta testura leun eta koipetsua. Gainera, egosaldian ez da desegiten. Badira beste fabe batzuk kalitate zigilu horren barnean ez daudenak eta antzeko itxura duten beste babarrun mota batzuk ere bai, bestelako ezaugarriak eduki ditzatenak (azal gogorragoa, testura ez hain koipetsua…).
Lekale motak bereizten du fabada bat bestetik. Baina erosteko garaian nekez jakin dezakegu hori, etiketak ia ez baitu ematen horri buruzko informaziorik. Aztertu ditugun produktu guztietan “babarruna edo babarrun zuria” ageri da, La Ermita etxekoan izan ezik, non “fabeak” jartzen duen. Kopurua bai, hori jakin dezakegu, informazio hori nahitaez eman beharrekoa delako, oinarrizko osagaiekin hala gerta tzen da eta. Ia produktu guztiek egoki ematen dute informazio hori, eta badakigu babarrunak %55 (Eroski) eta %45,9 artean dabiltzala (Litoral). Albo etxekoa da salbuespena, non datu hori ez den ageri.
Hainbat jende ez da fidatzen produktu prozesatuekin, ez dakitelako zer-nolako osaera duten edo nola eginak dauden. Baina batzuek ez dute ezer arrarorik, fabada hauek adibidez. Etxean egingo genukeen bezala eginak daude: osagai berberak erabiltzen dira –fabeak, compangoa eta gatza– eta latetan sartu eta tratamendu termiko bat ematen zaie kozinatzeko eta, aldi berean, esterilizatzeko. Abantaila handiak lortzen dira horrela: kontsumitzeko prest egon daitezela eta luze iraun dezatela hozkailuan sartu beharrik izan gabe. Carretilla etxeko bat erretiluan heldu da, eta horrek badu beste abantaila bat: arinagoa da eta zuzenean berotu daiteke mikrouhin labean. Oso erabilgarriak dira, beraz.
Osasunarekin zerikusia duten alderdiei dagokienez, bistan da fabadak daramatzan lekaleak aski interesgarriak direla: proteinak ematen dituzte, zuntza, bitaminak eta mineralak. Baina beste elementu batzuk ez dira hain interesgarriak, gatza esaterako (dezente daukate) eta compangoa, zeinak gantza ematen duen eta aipatu berri dugun gatz hori ere bai.
Osasunaren ikuspegitik, hortaz, fabada ez genuke maiz-maiz jan behar. Adibidez, astean behin jan beharrean, komeni litzateke errezeta osasungarriagoetan datozen lekaleekin txandakatzea, adibidez berduraz erregosita dauden lekaleekin.
Compangoa, zaporea ematen duena
Etxe bakoitzean modu jakin batean kozinatzen da fabada. Baina “berezko” modua fabeak uretan egostea da compango delakoarekin batean, hau da, txorizo, odolki eta hirugiharrarekin. Era horretan, haragi horiek dituzten osagai batzuk saldara pasatzen dira (gan tza, gatza, piperrautsa…) eta, horiekin batean, errezeta honen lurrinaren eta zaporearen zati handi bat. Horregatik da garrantzitsua kalitatezko compangoa aukeratzea.
- Txorizoa. Txorizoaren osaera hau izaten da gehienean: txerri giharra eta urdaia, baratxuria, gatza eta piperrautsa. Baina produktu batzuetan aldaketa txiki batzuk ageri dira. Carretilla lata delakoan, aurreko osagai horiek ez ezik, txerriaren lepapea eta abelgorriaren haragia ere badaramatza. Eroski etxekoak, berriz, txerri giharra eta urdaia beharrean, lepapea besterik ez dauka. Eta abelgorri haragia ere badu, baita produktua merkatzen duten osagaiak ere, adibidez ura, patata fekula eta txerri proteina. Litoral etxeko bi produktuek ere lepapea daukate giharrarekin eta urdaiarekin batean. Biek estra mailako txorizoa darabilte. Horrek esan nahi du haragi gihar gehiago eta gantz gutxiago duela txorizo konbentzionalak baino. Txorizo kantitateari dagokionez, gehienek %6 inguru daukate.
Eroski eta Carretilla lata nabarmentzen dira, kopuru txikiena dute eta (%3,5 lehenak eta %3 bigarrenak). Albo etxekoak ez du esaten zenbat txorizo duen eta compangoa osatzen duten gainerako elementuak zer-nolako kopuruan dituen ere ez, eta horrek urratu egiten legedia (1169/2011 Erreg.), compangoa fabadaren oinarrizko zatia dela esan daiteke eta.
- Odolkia. Produkturik gehienetan, urdaia, tipula, odola, piperrautsa eta gatza daramatza odolkiak. Baina txoriozoarekin gertatzen den bezala, badira aldaketatxo batzuk. Carretilla erretilua delakoak arroz irina dauka, zeina osagaiak bateratzeko erabiltzen den. Eroski etxekoak odol hautsa dauka eta, gainera, ura eta patata fekula ere baditu. Litoral etxeko produktuek lepapea, urdai ketua, txerri giharra, iberiar txerriaren urdaia eta oreganoa daukate; osagai nobleagoak beraz. Produkturik gehienetan %4 eta %5,5 artean dabil odolkia. Berriz ere, gutxien dutenak Eroski eta Carretilla lata dira.
- Hirugiharra. Gehienek txerri urdaia darabilte, baina hor ere badira bestelako aukerak. Litoral etxekoetan ketua da urdaia, eta ke lurrina eransten dio errezetari. Eroskik urdaia darabil hirugiharraren ordez, zeina gantzatsuagoa den. Badira, gainera, bestelako materia gantzatsuak darabiltzaten produktuak, adibidez ekilore olioa (Albo), oliba olioa (La Ermita), txerri gantza (Carretilla lata eta Eroski ) edo iberiar txerriaren gantza (Litoral). Testura hobetzeko egiten da hori, baina baita zaporea emateko ere (ekilore olioak ez du zapore berezirik ematen, zapore neutroa izaten du eta).
Kantitateari dagokionez, La Ermitak dauka gehien (%7), eta Carretilla latak eta Eroskik gutxien (%3), Litoral %30 delakoarekin batean (%2,9). Azken horretan, hirigihar gutxi duelako lortzen da gantza %30 murriztea Litoral konbentzionalaren aldean.

Zer-nolako mantenugaiak ematen ditu?
Lekaleek fabadaren %50 inguru osatzen dute. Horrexegatik izaten du hainbeste proteina, karbohidrato eta zuntz; proteinak %6-7 inguruan dabiltza gehienetan, karbohidratoak %9 inguruan eta zuntza %3,5 inguruan.
Compangoak ere laguntzen du zertxobait proteinak ugaritzen, eta zehazki txorizoaren haragi giharrak eta odolkiaren odolak. Gehien, ordea, gantzak ematen ditu. Hor alde handiak nabari dira gantz gutxien dutenen (Albo %5ekin eta Litoral %30 %4,1ekin) eta gehien dutenen artean: Eroski %9rekin, Litoral eta Carretilla erretilua biak %7 ingururekin.
Gantzetan dagoen alde hori compango kopuruak eragiten du batzuetan. Litoral %30 ek dauka hirugihar gutxien (%2,9) eta gantz portzentaje txikiena. Beste batzuetan ez da hala. Eroski eta Carretilla lata dira compango gutxien dutenak (%3 bakoitzak), baina gantz dezente dute biek (%9 eta %6,1).
Fabada komertzial gehienak latan ontziratuta heldu dira, baina badira erretiluan eta beirazko ontzian datozenak ere. Bakoitzak ditu bere alde onak eta ez hain onak, eta kontuan hartu behar dira gure gustu eta beharrizanen arabera aukeratzeko.
- Lata. Formaturik merkeena eta gehien irauten duena da. Tratamendu termiko sendoa ematen ahal zaio, eta horrekin askoz luzaroago irauten du. Hauxe du eragozpen nagusia: ontzi bat behar izaten da fabada berotu eta jateko.
- Erretilua. Lata baino arinagoa da, mikrouhinean berotu daiteke eta ez da platerik behar (ontzitik jan daiteke zuzenean). Baina ez du irauten hainbeste eta garestiagoa izaten da.
- Beira. Irudi hobea ematen dio produktuari eta, gainera, kanpotik ikusi egiten da. Baina lata baino garestiagoa da eta hauskorragoa.
Gatz gehiegi...
Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren arabera, produktu batek gatz asko izango du %1,25etik gora dabilenean. Aztertu ditugun produktuen artean, Carretilla erretiluak bakarrik gainditzen du %1a (zehazki, %1,18 dauka). Gainerakoetan, gatz kantitatea %0,6tik (Eroski, Litoral %30 eta La Ermita) %0,8ra dabil (Albo, Carretilla lata eta Litoral). Zifra horiekin, pentsa liteke gatz gutxi dutela, baina errazio batek (435 gramokoa) zenbat ematen duen aztertuz gero, ikusko dugu kopuru aipagarrietan dabiltzala: gehienak 3 gramoren inguruan. Carretilla erretilua nabarmentzen da, 4,1 gramorekin; asko da, kontuan hartuta, gainera, Osasunaren Mundu Erakundeak zer gomendatzen duen: egunaren buruan ez hartzea 5 gramo baino gehiago.
…eta kaloria asko
Kaloria kopuruarekin gauza bera gertatzen da: 100 gramo bakoitzeko ez dirudi asko ematen dutenik: 100 kcal eta 150 kcal artean. Baina errazio bakoitzak zenbat ematen duen aztertuz gero, zifrak dezente handiagoak dira. Gehienak 500 kcal eta 600 kcal artean dabiltza. Ideia bat egin dezagun, bi arrautzako tortilla batek 200 kcal ematen ditu. Hiru fabada nabarmentzen dira: alde batetik, Litoral %30 eta Carretilla erretilua, 400 kcal-ekin lehena eta 500 kcal-ekin bigarrena (gutxien dutenak), eta bestetik, Eroski, 661 kcal-ekin. Gantz kopuruari lotuta dago hori.
Nutrizio arloko informazio horrekin, Nutri-Score sistemaren puntuazioa honela gelditu da 2024ko algoritmo eguneratuarekin: B bat ageri dute Albo, Carretilla lata, Eroski eta Litoral %30 etxeetakoek, eta C bat Carretilla erretiluak, Litoralek eta La Ermitak. Gantz kopuruan eta gantz saturatuetan daude aldeak.

- Fabeak. Gutxienez produktuaren erdia izan daitezela (%50). Asturiasko fabea bada, askoz hobeto, baina marka askok ez dute zehazten nongoa den.
- Compangoa. Aztertu zenbateko proportzioan ageri den eta nolako kalitatea duen. Ez erosi fekulaz edo irinez hornituta daudenak.
- Gatza. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. Produktu batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25etik gora duenean. Fabadak gutxiago eduki ohi du, baina errazio bakoitzari begiratu behar zaio, eta hor 5 gramo ingurukoa izaten da kopurua (egunaren buruan ez genuke hartu behar hori baino gehiago).
- Ontzia. Eragina izan dezake prezioan. Erretilua eta beira garestiagoak izan daitezke lata baino.
- Prezioa. Osagaien kalitatea, kopurua eta ontzi mota hartu behar dira kontuan prezioa egokia iruditzen zaigun erabakitzeko.
Kalitate-prezioak
Prezioari begiratzen badiogu, alde handiak antzematen dira 100 gramo bakoitzeko: 0,34 euro balio du merkeenak (Eroski) eta 1,39 euro garestienak (La Ermita). Hau da, merkeenak halako lau balio du garestienak. Gehienak, dena den, 0,50 eta 1 euro artean dabiltza, nahiz eta tarte horretan ere badiren alde aipagarriak; Carretilla erretilua eta Litoral %30, esaterako, besteak baino garestixeagoak dira, eta 0,94 eta 0,74 euroan dabiltza. Produktuen artean dauden alde horien atzean zenbait alderdi daudela dirudi, besteak beste ontzi mota –La Ermita beirazko ontzian eta Carretilla erretiluan dira garestienak– eta compangoaren kalitatea: Litoral etxeko produktuak dira garestienak, eta Eroski etxekoa merkeena.

Itxura batean produktu sinplea da fabada, lau osagai nagusirekin egina egoten da eta: fabeak, txorizoa, odolkia eta hirugiharra. Baina, egiaz, elementu horietako bakoitzak zer-nolako ezaugarriak dituen –kopurua eta osaera–, fabadak kalitate hobea edo apalagoa izango du. Egokiena litzateke oreka bat lortzea fabadak nutrizio osaera interesgarria eduki dezan (gantz eta gatz gehiegirik gabe), eta aldi berean ezaugarri organoleptiko onak (usain eta zapore ona, salda ongi loditua, fabe finak eta koipetsuak…).
Aukeratzeko garaian, beraz, xehetasun txiki horiek hartu behar ditugu kontuan. Fabe edo babarrun kopurua bakarrik hartzen badugu kontuan, hauek izango dira produkturik interesgarrienak: La Ermita eta Eroski.
Baina beste alderdi batzuei ere erreparatzen badigu, adibidez compango kantitateari eta haren osaerari, Litoral etxekoak izango lirateke interesgarrienak.
Eta prezioa ere aintzat hartzen badugu, hauek lirateke produkturik gomendagarrienak: Eroski, Litoral eta Carretilla lata.