Terrinako izozkiak

Esne gain gehiagorekin, zapore gehiago

Ontzietan nabarmenduta ageri dira zenbait osagai, besteak beste frutak, fruitu lehorrak eta txokolatea, baina garrantzitsuena esnezko osagaiak dira, bereziki esne gaina. Osagai horrek baldintzatzen ditu zaporea eta testura.
1 uztaila de 2023

Terrinako izozkiak. Esne gain gehiagorekin, zapore gehiago

Makiladunak edo makilarik gabeak izan daitezke izozkiak, baina bi eratakoak betiere: izotzezkoak eta esne gainezkoak. Horregatik, terrinan datozen izozkien artean ere -horiek aztertuko ditugu gida honetan- batzuk esnez eginak daude, eta beste batzuk urez.

Guztiak ez dira berdinak.

Sailkapen zorrotzagoa nahi badugu, legeari begiratu ematea komeni da. Sei multzo ezartzen ditu izozkien artean (osagaien eta osaeraren arabera sailkatzen ditu). Kremazko izozkiak gutxienez %8 izaten du gantza eta %2,5 proteinak, biak esnearenak bakarrik. Esnezko izozkiak, berriz, gutxienez %2,5 izaten du esne gantza eta gutxienez %6 estraktu lehor giharra. Esne gaingabetuarekin egindako izozkiak gehienez ere %0,3 ematen du esne gantza, eta gutxienez %6 esnearen estraktu lehorra. Izozkiak gutxienez %5 dauka elikadurako materia gantzatsua, eta proteinek esnearenak bakarrik izan behar dute. Urezko izozkiak gutxienez %12 eduki behar du guztizko estraktu lehorra, eta sorbeteak, gutxienez %15 frutak eta %20 guztizko estraktu lehorra.

Sailkapena irizpide horien arabera egiten da, irizpide horiek izozkien ezaugarriak zehazten dituztelako, batez ere balio gastronomikoari eta komertzialari dagokienez. Horrela, kremazko izozkiak dira preziatuenak, esnetik datozen osagaiak direlako nagusi, batez ere esne gaina, eta beste muturrean, berriz, urez egindakoak daude.

Zein multzotakoak dira?

Izozki bakoitza zer motatakoa den jakiteko, salmenta izena irakurtzea komeni da. Normalean, osagai zerrendaren ondoan egoten da. Gida honetan hiru mota aztertu ditugu: kremazko izozkiak (Ben & Jerry’s, Häagen-Dazs eta Magnum), izozkiak (Eroski Seleqtia, Carte D’Or, Sammontana eta Mahala) eta sorbeteak (La Lechera).

Bi izozki ez datoz bat legerian ezarritako multzoekin. Casa Xanceda  da horietako bat, zeinaren etiketan “jogurtezko izozkia” ageri baita idatzita. Horren ordez, “esnezko izozkia” agertu behar luke. Bestea Pink Albatross etxekoa da, zeina “izozki %100 begetala” izenarekin saltzen baita. Azken hori ez da “izozkia”, ez baitauka esnezko proteinarik. Hasiera batean, “sorbeteen” multzoan sartzen da, baina sail horretako produktuentzat ohikoa dena baino askoz gantz gehiago du, osagaien artean anakardoak eta koko olioa dituelako. Horregatik dauka antz gehiago “izozkien” multzokoekin.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, frutazko 10 izozki hautatu ditugu, terrinan datozenak eta merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Oso kontuan hartzekoak izan dira gantzak, gantz saturatuak, azukreak eta kaloriak.
  • Osagaiak. Esneak, esne gainak, esnearen beste osagai batzuek, frutak eta fruitu lehorrek eragina dute kalitate komertzialean, eta horiek aztertu ditugu.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2023ko maiatzean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Osagai nagusia.

Osagai nagusiak, zerrendan lehenbiziko lekuan ageri denak, produktuaren ezaugarriak zehazten ditu neurri handi batean. Eta horrek normalean zerikusia izaten du multzo edo sailarekin.

  • Kremazko izozkiak. Esne gantz dezente izaten dute, eta horrek esnearen zaporea ematen die eta testura ere zehazten du (krematsua izaten da). Horregatik, espero izatekoa da lehen osagaia esne gaina izango dela horietan: Ben Jerry’s eta Häagen-Dazs. Kremazko izozkietan Magnum da salbuespen bakarra: bere lehen osagaia esne gaingabetua da, baina esne gaina bigarren lekuan ageri da, proportzio adierazgarrian (%17).
  • Izozkiak. Sail horretako produktuetan ere esnetik dator lehen osagaia: esnea (Mahala), esne gaingabetua (Sammontana), esne gaina (Eroski Seleqtia) eta hartzitu ondoren pasteurizaturiko jogurta (Carte D’Or). Eta berdin gertatzen da Casa Xancedarekin ere, zeinak esnea duen lehen osagaia.
  • Sorbeteak. La Lechera etxeko produktua engainagarria izan liteke, lehen begiratuan izozkia ematen baitu; izan ere, ontziaren aurrealdean “marrubiak esne gainarekin” aipua nabarmentzen da, eta “esne gain freskoarekin egindakoa” dela adierazten du. Baina sorbete bat da, eta horrexegatik ageri da ura osagaien lehen lekuan. Esnearen multzoko osagaiak ere baditu, adibidez esne gaingabetua, gurina eta esne gaina, baina azken hori askoz kopuru txikiagoan kremazko izozkiek baino: %8 dauka, eta Häagen-Dazs etxekoak, berriz, %15.

Pink Albatross etxekoaren lehen osagaia mango purea da (%30). Produktu horrek ez dauka esnezko osagairik, eta koko olioa darama horien ordez (“koko esnea” ageri da etiketan). Horrek urratu egiten du legedia, Espainian izen hori ez baita onartzen osagai horretarako.

Zenbat fruta daukate?

Aztertu ditugun izozki guztiek frutak edo fruitu lehorrak dituzte, ontzietan nabarmentzen den bezala. Hain zuzen ere, nabarmenduta agertzen direlako, adierazi egin behar da zenbat daukaten. Salmenta izenak ere ematen ditu argibide batzuk; adibidez, fruta duen produktua dela esan ahal izateko, gutxienez %15eko proportzioan eduki behar du osagai hori, kasu jakin batzuekin izan ezik, zitriko edo fruta exotikoak daramatzanean (adibidez, mangoa), zeinak %10eko proportzioan egon baitaitezke gutxienez. Fruitu lehorrak dituen izozkia dela esan ahal izateko, berriz, gutxienez %7ko proportzioan egon behar dute.

Izozki frutadunen artean, osagai hori oso kantitate desberdinetan ageri da. Pink Albatross  nabarmentzen da, zeinak %44 duen fruta, nagusiki mango purea (30%). Eroski Seleqtia etxekoan ere osagairik garrantzitsuenetakoa da: %9 du mango purea, eta fruta %11 osotara. La Lechera, Häagen-Dazs eta Ben & Jerry’s  etxekoetan marrubia da fruta nagusia, baina proportzio eta formatu desberdinekin: lehenak %20 darama marrubi purea; bigarrenak %21, zatietan; eta azkenak, bien nahasketa, %10 guztira.

Casa Xanceda eta Carted’Or  etxeetakoek jogurta daukate frutekin, eta, beraz, ez zaizkie ezartzen lehen aipatu ditugun mugak.  Lehenengoak ahabiak ditu (%9) eta bigarrenak basoko fruituen nahasketa bat (%11). Magnumen fruta kantitatea %5,7 baino ez da, eta horregatik adierazten da “fruta-zaporea” duela, ez “frutaduna” dela, ez baita iristen mezu hori erakutsi ahal izateko eskatzen den gutxienekora.

Damurik gabe gozatzea

Dietak garrantzi erabakigarria du gure osasunean, eta horregatik komeni da elikagai osasungarriak aukeratzea. Oro har, izozkiek azukre eta kaloria asko eta elikagai interesgarri gutxi izaten dute. Horrek esan nahi du noizbehinka jan behar genituzkeela. Hori gauza jakina da gehienontzat. Baina garrantzitsua da, halaber, janariarekin harreman ona izatea, eta horretaz gutxi hitz egiten da.  Hau da, egun batean izozki bat jan nahi badugu, ez genituzke nutrizio osaeraren xehetasunak zehatz-mehatz neurtu behar. Izozkiak ez ditugu hartzen elikatzeko, gozatzeko baizik. Garrantzitsua da hori kontuan hartzea, produktu horiek kontsumitzen direnean pertsona askok erru sentimenduak pairatzen dituztelako, eta hori ere ez da batere osasungarria. Horregatik komeni da mezu negatiboetatik ihes egitea, izozkiak sustatzeko batzuetan erabiltzen diren horietatik adibidez, “eman amore tentaldiari” eta gisakoak. Eta gauza bera esan daiteke itxuraz positiboak diren eta ildo beretik doazen mezuei buruz ere, hala nola Casa Xancedak darabilena, “damurik gabe” jateko gonbita egiten baitu, ustez gantz gutxiko izozkia delako.

Eta fruitu lehorrak?

Fruitu lehorrak dituzten izozkien artean, Mahala  etxekoak bakarrik esan dezake osagai hori duela, %10,71 dauzka-eta hurrak. Sammontana  etxekoak pistatxoak nabarmentzen ditu ontzian eta salmenta izenean aipatzen ditu, baina ezin du esan pistatxoduna denik, fruitu lehor hori oso kantitate txikian ageri delako (%3,15). Hau da, legedia betetzen du, baina nahasia edo engainagarria izan daiteke; izan ere, salmenta izenari eta ontziaren oharrei erreparatuz gero, pentsa dezakegu pistatxo gehiago duela.

Zer da estraktu lehorra.

Izozkietan funtsezkoa da estraktu lehorra, ura ez den beste osagai guztiek osatzen dutena: gantzak, proteinak, karbohidratoak, mineralak… Konposatu horiek zehazten dituzte izozkiaren ezaugarriak, hala nola testura eta kontsumitzeko garaian duen portaera; adibidez, erraz urtzeko joera duen edo ez.

Gantza da osagairik garrantzitsuenetakoa, zaporea eta ukitu krematsua ematen baitu. Izozkiaren masa osatzen duen zatia da adierazgarriena, ez beste osagai konposatu batzuetatik datorrena, adibidez txokolatetik edo galletatik, baina etiketako informazioarekin ez dugu modurik osagai bakoitzari zenbateko ehunekoa dagokion jakiteko. Kremazko izozkiak esne gain kantitate handiarekin egiten direnez, horiek izaten dute gantz gehien, eta gantz saturatua ere gehiago: Magnum (%19 gantza eta %13 gantz saturatuak), horietako batzuk kakao gantzetik datozenak (txokolatearenak); Ben & Jerry’s (%15 gantza eta %7,4 gantz saturatuak), soja oliotik eta gazta tartaren eta galletaren nabina oliotik datozenak eta Häagen-Dazs (%15 gantza eta %10 gantz saturatuak), oso-osorik esne gainetik datozenak.

Sorbeteek gantz gutxi dute, La Lechera etxekoak esaterako (%3,5). Pink Albatross  sail horretan sartuko litzateke fruta kopuruagatik eta esnekirik ez duelako, baina gantz dezente du (%11,6), asko sorbete batentzat, anakardoak eta koko olioa dituelako. Azken osagai horrek azaltzen du, halaber, zergatik duen hainbeste gantz Sammontana  etxekoak (%15), zeinak kakahuete olioa ere baduen. Mahalak ere gantz dezente du (%12,5), baina izozki horretan hur kantitate handiari zor zaio. Hori dela eta, gantz saturatuak (% 3,2) askoz gutxiago ditu esne gaina edo koko olioa nagusi den izozkietan baino. Adibidez, Sammontana, Pink Albatross, Magnum eta Häagen-Dazsen %9-13 artean dabiltza gantz saturatuak.

Eroski Seleqtia etxekoan gantz kantitatea aipagarria da (%9,8), baina ez da gauza bera gertatzen sail bereko beste izozki batzuetan, hala nola Carte D’Or eta Casa Xanceda izenekoetan, non proportzioa txikia den (%5,3 eta%3,4, hurrenez hurren). Azken horrek, hain zuzen, ezaugarri hori nabarmendu egiten du ontzian, eta amu nagusi gisa darabil. “Gantz gutxikoa” aipua darabil, baina ez ditu betetzen hori erabili ahal izateko baldintzak.

Produktuak gantza %3 baino gehiago ez badu bakarrik sar daiteke mezu hori. Izozki horrek %3,4 dauka gantza, zertxobait gehiago.

Proteinek ere funtzio garrantzitsua dute izozkietan, lagundu egiten baitute haien egitura osatzen eta gorputza eta egonkortasuna ematen. Gehien Mahala (%5,4) etxekoak dauka, baina ez da izozkiaren gorputza osatzen duten proteinengatik, hurretatik datozenengatik baizik. Esne proteina asko dutenak kremazko izozkiak dira, zehazki Häagen-Dazs eta Magnum, biak ere %4 inguruan. Beste muturrean La Lechera eta Pink Albatross daude, biak %1,1ekin.

Azukre gehiegi.

Espero izatekoa denez, azukre asko daukate izozki hauek: 20-25 gramo inguru 100 gramo bakoitzeko ia guztiek, salbu eta Eroski Seleqtia etxekoak, zeinak 14 g dituen. Gozotasuna emateaz gain, beste funtzio garrantzitsu batzuk ere betetzen ditu azukreak. Lagundu egiten du egitura eratzen eta murriztu egiten du izozte puntua, eta horrek baldintza onak sortzen ditu izotz kristalak eratzeko. Gainera, saihestu egiten du tamaina handiko izotz kristalak sortzea eta laktosa kristalizatzea (horrek egitura hareatsua emango luke).

Nola egiten dituzte

Izozki bat egiteko, osagai guztiak modu homogeneoan nahasi behar dira —adibidez, esne gaina, esnea, fruta purea, azukrea, glukosa jarabea, egonkortzaileak…— modu uniformean banatu daitezen. Zenbait orduz hoztu ondoren, izoztu egiten da -6 °C inguruan, irabiatu bitartean, izotzezko kristalak sortzeko eta, aldi berean, nahasketari airea eransteko. Egokiena da kristal horiek tamaina txikikoak izatea, ongi banatuta egotea eta egonkor mantentzea, ez daitezen elkartu. Gauza bera esan daiteke aire burbuilei buruz, zeinak kantitate egokian egon behar baitute. Izotzezko kristalak oso handiak balira edo elkartuko balira, testura hareatsua izango litzateke.

Aire gehiegi egonez gero, izozkia ez litzateke egonkorra izango, eta gutxiegi balu, trinkoegia izango litzateke. Horrek guztiak, gainera, baldintzatu egiten ditu izaera krematsua eta beste alderdi garrantzitsu batzuk, hala nola urtzeko behar duen denbora. Proteina eta gantz kantitatea funtsezkoa da alderdi horietarako, beste osagai batzuek bezala: azukreak esaterako, izotz kristalak eratzen laguntzen du; egonkortzaileek, elementuak elkartzea atzeratzen dute, eta emultsionatzaileek, gantza eta ura nahastea errazten dute.

Kaloria askoko produktuak.

Izozki bakoitzak ematen duen energia kantitatea gantzaren araberakoa izaten da batez ere. Horregatik, kremazko izozkietan ageri dira baliorik handienak: 240 kcal/100 g inguru Ben & Jerry’s eta Häagen-Dazsek eta ia 290 kcal/100g Magnumek (beste guztiek baino gehiago). Gantz asko duten gainerako izozkiek ere kaloria asko ematen dute: Sammontana (262 kcal/100 g), kakahuete eta koko olioarekin, eta Mahala, zeinak 231 kcal ematen dituen 100 g bakoitzeko hurren eraginez. Beste muturrean daude gantz gutxiko produktuak, kaloria gutxien ematen dutenak hain zuzen ere, La Lechera (156 kcal/100 g) eta Casa Xanceda (137 kcal/100 g). Ideia bat izateko, leka eta patata egosiek 160 kcal ematen dituzte, eta izokin plater batek labean barazkiekin prestatuta, 250 kcal inguru.

Nota txarra Nutri-Score sisteman.

Izozki gehienek D bat lortzen dute, ugari ematen dituztelako gantzak, gantz saturatuak, azukrea eta kaloriak. Nota horretatik lau bakarrik bereizten dira, eta C letra ageri dute, hainbat arrazoirengatik: La Lechera eta Casa Xanceda, gantz gutxi dutelako; Mahala, gantz saturatu gutxi duelako, eta Eroski Seleqtia, gainerakoek baino azukre gutxiago duelako. Nolanahi ere, puntuazioek argi erakusten dute elikagai horiek ez direla oso gomendagarriak, eta noizean behin jan beharko genituzkeela.

Prezioa eta kalitatea.

Prezioari dagokionez, alde handiak daude. 100 gramoren prezioari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu garestienak, hau da, Casa Xanceda etxekoak (2,17 €/100 g) ia hiru aldiz gehiago balio duelako merkeenak baino, La Lechera  etxekoak baino (0,86 €/100 g). Azken hori da euro batetik beherako prezioa duen bakarra, ur asko duelako (gogoratu sorbetea dela). Bestalde, badirudi ez dagoela justifikatuta Casa Xancedak halako prezioa izatea, oso gantz gutxi duelako nagusiki (esnez eta jogurtez egina dago). Baliteke osagai garestiak erabiltzeagatik izatea (ahabiak, adibidez) eta ekoizpen ekologikotik datozen lehengaiekin egina egoteagatik.

Beste hiru produktu bi euroan edo hortik gora dabiltza: Pink Albatross (2 €), non kokoa, mangoa eta anakardoak erabili dituzten eta hori izan daiteke arrazoia; Magnum (2,09 €), non prezioa fruta tropikalak erabiltzearen ondorioz izan daitekeen hain handia, hala nola mangoa eta marakuia, baita esne gaina eta txokolatea ere; eta Mahala (2,11 €), hur asko duen izozkia. Gainerako produktuetan, euro bat eta bi artekoa da prezioa. Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio ona duten hiru izozki nabarmendu behar dira: kremazko bi izozki (Ben & Jerry’s eta Häagen-Dasz), 1,7 € inguruko prezioa dutenak, eta Eroski Seleqtia, 1,1 € balio duena.

Erosteko gomendioak

Izozkiak aukeratzea ez da beti erraza izaten, batez ere osagai zerrenda luzea izaten dutelako maiz. Erabakia hartzeko, alderdi hauek izan behar dira kontuan:

  1. Izozki mota. Sail bat baino gehiago dago. Kremazko izozkiak dira preziatuenak. Krematsuagoak dira eta esne zaporea izaten dute, esnearen gantza dutelako.
  2. Osagaiak. Esne gaina nagusi den horiek dira estimatuenak. Osagai sinpleko izozkiak aukeratzea komeni da; adibidez, esne gaina eta fruta. Ezaugarri hobeak izaten dituzte eta etiketak ulergarriagoak dira.
  3. Gantzak eta proteinak. Testura eta zapore hobea izaten dute gantz (%8 baino gehiago) eta proteina (%3-4 inguru) ugari dutenek.
  4. Azukrea. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto.
  5. Kantitatea. Bolumen eta pisuan adierazia egoten da. Azken horrek argibide gehiago emango digu egiazko kantitateari buruz. Bolumena handia denean, izan liteke aire burbuilen eraginagatik.

Ondorioak

Gatazka dago kalitate komertzialaren eta izozkien nutrizio osaeraren artean. Kontuan hartzen badugu produktu horiek noizbehinka jatekoak direla eta ez luketela dietaren zati izan behar, lehen alderdia lehenetsi dezakegu, hau da, kalitate komertziala. Irizpide horren arabera, onena litzateke lehen osagai gisa esne gaina duten izozkiak aukeratzea, eta gantz eta proteina ugari dutenak, hau da, “kremazko izozkien” sailekoak.

Frutari edo fruitu lehorrei dagokienez, osagai interesgarriak dira, baina gehiago ezaugarri organoleptikoengatik nutrizioaren arloan dituzten ondorioengatik baino. Fruta edo fruitu lehorrak izateak ez du esan nahi osasungarriak direnik. Nolanahi ere, osagai estimatua da, eta, beraz, interesgarria da kantitate handian egotea. Ildo horretan, La Lechera, Pink Albatross eta Häagen-Dazs nabarmentzen dira.

Azukreari dagokionez, ahalik eta gutxiena edukitzea komeni litzateke. Ildo horretan, Eroski Seleqtia bakarrik nabarmentzen da, besteek baino dezente gutxiago duelako (%14, eta gainerakoek %20-25 artean).

Azkenik, kalitate-prezioei dagokienez, hauek dira aukerarik onenak esne gain kantitatea, gantz eta proteina kopurua, eta fruta eta azukreak kontuan hartuz: Ben & Jerry’s eta, batez ere, Häagen- Dasz, esne gainez eta marrubiz egina dagoelako nagusiki. La Lechera etxekoak ere kalitate-prezio onak ditu sorbete bat nahi izanez gero. Oro har, aukerarik onena Eroski Seleqtia da; esne gaina eta mango eta mugurdi purea ditu, gantz dezente (%10) eta esnearen proteinak (%2), fruta (%11), azukre nahiko gutxi eta prezio eskuragarria (1,10 €/100 g).