Nola neurtzen da bainatzeko lekuen segurtasuna

Ur guztiak ez dira seguruak

Zenbaitetan, hondartzan bainua hartuko dugu sarbide onik, zerbitzurik edo salbamendurik gabe, edo bainatzea gomendatu ere egiten ez den tokian sartuko gara, ia erabili gabe dagoen kala batean adibidez, turistaz beterik dauden hondartzetako masifikaziotik eta zikinkeriatik ihesi. Baina, egiaz, kalitate egokia al du bainatzen ari garen urak? Nola bereiz ditzakegu poluzio gutxien duten urak?
1 uztaila de 2023

Nola neurtzen da bainatzeko lekuen segurtasuna. Ur guztiak ez dira seguruak

Bainatzeko Uren Kalitateari buruzko 2021eko Txostena egin du Espainiako Osasun Ministerioak —orain arte argitaratu duen azkena—, eta hor ageri denez, bainatzeko uren %96,6k gutxieneko kalitatea lortu zuten (“nahikoa”), eta %87,4k kalitate “bikainaren” baldintzak bete zituzten. Bainatzeko guneen %7,8k emaitza “ona” lortu zuten, %1,2k “eskasa” eta %2,2 sailkatu gabe geratu ziren, hau da, ezin izan zen neurtu horien kutsadura. Sailkapen horrek 2.261 gunetako uraren kalitatea aztertzen du; besteak beste, bainatzea onartzen den hondartza, kala eta ur kontinentaletakoa (ibaiak, ibai-igerilekuak eta aintzirak). Helburua da ur horiek Europako zaintza eta araudia betetzen duten egiaztatzea. “Bainatzeko uren kalitateak adierazten du gure kostaldeko eta kontinenteko urek zer-nolako osasuna duten ingurumenaren ikuspegitik, eta garrantzi aipagarria du Osasun Publikoan eta gure herrialdearen bilakaera turistiko eta ekonomikoan. Estatuko eta Europako araudien zeregina da herritarrek bainua hartzeko darabilten uraren kalitatea egokia dela bermatzea, herritarren osasuna babestuz”, adierazi du txostenean Pilar Aparicio Osasun Ministerioko Osasun Publikoko zuzendari nagusiak.

Nola aztertzen da ura?

Espainian, bainu denboraldia hastean, maiatzetik irailera bitarte, uraren hileko laginketak egiten dira itsasertzean —Kanarietan izan ezik, han ia urte osoan egiten da—, eta ekainetik irailera, barrualdeko uretan. Horrek esan nahi du udan gutxienez zortzi lagin hartuko zaizkiola urari. Eta zer aztertzen da laborategian uraren kalitatea ona den ala ez erabakitzeko? Bi bakterio fekal agertzen ote diren: hesteetako enterokokoa eta Escherichia coli delakoa, “unitate kolonia-eratzaileetan” (UKE) neurtuta 100 mililitro ur bakoitzeko. Kostaldean eta itsasertzean neurriak 185 UKEtik gorakoak direnean 100 ml bakoitzeko enterokokoentzat, eta 500 UKEtik gorakoak E. coliarentzat, uraren kalitatea “eskasa” izango litzateke eta ez da gomendatzen bainatzea. Bakterio horiek hiriguneetatik etor daitezke (gizakien gorozkiak), nekazaritzatik (simaurra) edo abeltzaintzatik (animalien gorozkiak).

Onena litzateke gorozkietako bakterioak ez iristea uretara, baina ez da beti lortzen. Zenbaitetan, muturreko gertaera meteorologikoek hutsegiteak eragin ditzakete kutsadura jatorrian kontrolatzeko garaian, adibidez lehorteek, uholde-euriteek edo isurketek, eta berdin masifikazio turistikoaren ondorioz ur beltzak kudeatzeko sistemen eta araztegien kolapsoak ere. Horregatik, bainatzeko uretan ur beltzak daudenean, aldi baterako itxi beharko da hondartza, aintzira edo ibaia, eta bainurik ez hartzeko oharra egin beharko zaie bainulariei.

Hondartzarik kutsatuenak.

2016. urtean, Alacanteko Unibertsitateko ikertzaile talde batek, Luis Aragonesek gidatuta, zeina Ingeniaritza Zibilaren saileko doktorea baita, ikerlan bat argitaratu zuen Science of the Total Environment aldizkarian Espainiako kostaldeko uren kalitatearen azterketa egin ondoren (1.392 hondartzaren lagina); bakterio fekalak zein neurritan agertzen ziren neurtu zuten eta inguruko klimarekin eta ingurumen-baldintzekin zer-nolako lotura zuten aztertu. Ikerketaren arabera, hareazko hondartzak bakterioen gordailu naturalak dira, legarrezko hondartzak baino gehiago, eta olatuen eta marea handien uhinaldiek okerragotu egiten dute kutsadura. Eguzki orduek, tenperaturak, uraren gazitasunak eta euriak ere eragina dute bakterio horien ugaltzean.

“Ikerketatik ondorioztatzen da argi orduak direla bakterioak ezabatzeko faktore garrantzitsuenak, eta, beraz, erradiazio ultramorearen ekintza, eta horrek konpentsatu ere egin dezakeela hondakin urak hain ongi ez araztea. Ikertzaileek adierazi dutenez, erradiazio horren eragina oztopatzen edo urritzen duten faktore guztiek, zuzenekoek bezala zeharkakoek, lagundu egiten dute bakterioen kontzentrazioak handitzen”. Hau da, Kantauriko hondartzek Espainia hegoaldeko hondartzek baino bakterio kutsadura handiagoa izan dezakete, eguzki egun gutxiago izaten delako, euri gehiago, uraren tenperatura hotzagoa, olatu handiak eta mareak. Alacanteko Unibertsitatearen txostenak dioenez, uraren kalitatea arautzen duen 2006/7/CE Europako zuzentarauak asmo handiko helburua du, baina agian huts egiten ari da, ez baitu bereizketarik egiten. Ez du bereizten hondartzako lurzoru moten artean, adibidez, eta protokolo bateraturik ere ez dauka laginak biltzeko, eta asko aldatzen dira bilketak egiteko orduak, ez dira berdin egun eguzkitsuak edo euritsuak, bilketa egiteko gunea (ura arreagoa edo gardenagoa egon liteke olatuen eta mareen erruz).

Udan zehar, ingurumen eta osasun arloko segurtasunaren ardura duten agintari autonomikoek ohartaraziko dute bainurako jolas eremu bat itxi beharra dagoela kutsaduraren ondorioz. Itxialdi horrek 48 edo 72 ordu iraun dezake, kutsadura dagoen lekuan ura lehengoratu den edo, kutsadura larria bada, denbora gehiago eskatzen duen. Gainera, uraren kalitatea gainbegiratzen duten teknikariek behaketa bidezko ikuskapenak egiten dituzte marmokak, galipota, plastikoak, gai flotatzaileak, hondakin organikoak edo beste edozein kutsadura antzemateko, eta hondartza ixtea komeni den ala ez erabakiko dute.

Honela daude Europako urak

‘Europako uren kalitateari buruzko txostenak’ ‘herrialdeen sailkapen bat egiten du bainatzeko guneen bikaintasuna kontuan hartuta. Hauek dira 2021eko datuak.

Nola jakin bainua hartzeko modurik baden.

Eremu baimenduren batean bainatzeko asmoa duten udatiarrek informazio kartelak ikusi ahal izango dituzte. Kartelek honela sailkatuko dute uraren kalitatea: “eskasa, nahikoa, ona edo bikaina”, eta piktogramak agertuko dira igerilari batekin, buruaren gainean lerro bat duela, edo izarrak (batetik hirura), uraren kalitatea txikitik handira erakusteko. Kalitate eskaseko ura duten lekuetan bakarrik debekatzen da bainua, osasunerako arriskua baitakar bakterio fekalak dauden lekuan sartzeak.

Analisi horiek beste gai batzuk ere antzeman ditzakete itsasertzeko uretan, harean eta legarrean: olio mineralen hondakinak, landare hondakinak, substantzia organikoak eta tentsioaktiboak, hondakin plastikoak, algak eta makroalgak, diatomeoak, deskonposizioan dagoen lohia, aparrak, zianobakterioak, marmokak, beira, zura, kautxua eta beste hainbat. 2008az geroztik, osasun informazioa biltzeko sistema bat dago, Náyade izenekoa. Sistema horrek uretako aisialdi guneen ezaugarriei buruzko datuak biltzen ditu, barnealdean eta itsasertzean, eta uraren kalitatea denbora errealean aztertzen du, udako denboraldiko laginketekin. Hala, Valentziara bidaiatu eta hango hondartza jakin batean bainatzeko asmoa badugu, adibidez, datuak bilatzailean sar ditzakegu eta bainatzeko eremu horren ohiko egoera eta azkenaldikoa zein den egiazta dezakegu. Bildutako datuekin, Bainatzeko Uren Kalitateari buruzko Espainiako Txostena eta Europako Uren Kalitateari buruzko Txostena lantzen dute ondoren. Txosten hori Europako Ingurumen Agentziak (EIA) argitaratzen du, eta monitorizatu egiten du bainatzeko eremuak zenbateraino diren osasungarriak eta araudia zein neurritan betetzen den. Europako azken txostenean (2021), non Europako Batasuneko 21.551 bainu eremu aztertzen diren, Espainia sailkapeneko 13. postuan ageri da, bainu guneen %87,4k kalitate “bikaina” baitute (Europako batez bestekoaren gainetik dago zertxobait).

Txostenek esaten ez digutena.

Bainularien arriskuak ez dira bakterio fekalak bakarrik. 2021. denboraldian, adibidez, udako uneren batean bainu kontinentaleko edo itsasertzeko 254 eremu ixtea erabaki zen, kutsadura agertu zelako une jakinetan, ohiz kanpoko gorabeherak gertatu zirelako, hondakinak antzeman zirelako edo lagina hartzeko modurik izan ez zelako. Horrekin batean, zaintza sistemak beste muga batzuk ere baditu. Ez da laginketarik egiten toki batzuetako udako sasoiak zortzi aste baino gehiago irauten ez badu baldintza meteorologikoengatik, hondartzara ezin bada iritsi edozein arrazoi dela medio edo agintari eskudunek uste badute ura ez dela arriskutsua osasunerako, adibidez, bost urtez jarraian emaitza “bikaina” lortu badu. Kasu horietan guztietan, ez dago aldizkako kontrolik, eta bainulariek ez dezakete jakin urak zer-nolako kalitatea duen benetan.

Kutsadura fekalik ez duten isurketekin ere badira muga batzuk. 2021eko maiatzean, adibidez, Sant Adrià de Besòseko Udalak (Bartzelona) itsasertzeko hondartza ixteko agindua eman zuen, ibaiaren ondoan dagoen industrialdeko hondakinek hondarra kutsatu zutelakoan. Zehazki, minbizia sor zezaketen substantzien hondakinak hauteman ziren baimenduta dauden gehienezko kopuruen gainetik: beruna, kobaltoa, benzopirenoa, banadioa, molibdenoa, nikela eta artsenikoa. Azkenik, Udalak berak galarazi behar izan zien bainulariei hondartzan sartzea, karteletako oharrak kontuan hartu ez eta hondartzara joanez jarraitu baitzuten. 2022ko ekainean, eremua deskutsatzeko prozesu konplexuari ekin zion Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak, eta 2023ko udan berriz irekitzea espero da, bi urteko itxieraren ondoren.

Abisu seinaleak

Bainatzeko eremu bakoitzaren sailkapenarekin batera joan behar duten sinboloak ezartzen ditu bainatzeko uraren kalitatea arautzen duen Europako zuzentarauak. Seinale horiek bilatu behar dira non sartzen ari garen jakiteko.

Zer gertatzen da han bainatuz gero?

Gune kutsatuetan bainatzeak osasunean izaten dituen ondorio ohikoenen artean, honako hauek aipa daitezke: beherakoak –hesteetako enterokokoak eta Escherichia coli delakoak eraginda–, digestio arazoak, muki mintzak eta azala narritatzea eta erreakzio alergikoak. Oraindik goiz da jakiteko kutsatzaileen eraginpean maiz egoteak epe luzean zer-nolako ondorioak izango lituzkeen osasunean. Ondorio horiek, batez ere, urte osoan han ibiltzen den biztanleriari eragingo liokete: kirola egiten dutenei, paseatzen eta eguzkia hartzen ibiltzen direnei edo kutsatuta egon daitekeen hondartza batean bainatzen direnei. 2021ean, Surfrider Foundation Europe erakunde ekologistak Ur Osasungarrietarako Europako Agiria plazaratu zuen (30 urte daramatza uretako hondakinak, uraren kalitatea eta osasungarritasuna, itsasertzaren bilakaera eta klima aldaketaren eragina aztertzen). Manifestu horretan, gaur egun kontrolatzen ez diren kutsadura moten zaintza eta tratamendua hobetzeko eskatu zuen. “Kutsadura horrek hainbat forma har ditzake: kutsadura bakteriologikoa, uretan mikroorganismo patogenoak metatu direlako, adibidez bakterioak, birusak eta parasitoak, hiri-hondakinetatik datozenak, isurietatik, bela-nabigaziotik edo itsas bidaietatik; lurzoruan, airean edo uretako inguruneetan dagoen kutsadura kimikoa. Gaur egun, 100.000 substantzia kimiko baino gehiago daude katalogatuta, non metal astunak izaten diren, hidrokarburoak, sendagaien hondakinak, pestizidak eta ongarriak”, ohartarazi dute agiriaren sinatzaileek. Erakunde horren arabera, gainazaleko uren %38 bakarrik sailkatzen dira egoera kimiko onean Europan (ibaiak, aintzirak, eta trantsizio urak eta kostaldekoak), eta datu hori ez dator bat Europako Ingurumen Agentziaren (EIA) txostenean aipatzen den kalitate bikaineko bainu guneen %84,7arekin.

Puntu beltzak.

Horretaz gain, Ekologistak Martxan GKEak Banderas Negras txostena argitaratzen du urtero, eta hor ageri denez, hutsuneak daude itsasertzeko kutsadura kudeatzeko eta zaintzeko garaian. Erakunde horrek 48 “bandera beltz” eman ditu –probintzia edo hiri autonomo bakoitzeko bi: Bandera Beltza Ingurumenaren Kudeaketa Txarrari eta Bandera Beltza kutsaduragatik–, urtean 8.000 kilometro baino gehiagoko itsasertza ikuskatu ondoren. “Banderas Negras txostena ez da mugatzen bainatzeko uraren kalitatea aztertzera, beste hauek ere kontuan hartzen ditu: industriarekin, gune babestuen gehiegizko ustiapenarekin eta planifikazio txarrak edo faltak eragindako masifikazio turistikoarekin zerikusia duten arazoak”, azaldu du Cristobal Lopezek, txostenaren koordinatzaile eta Ekologistak Martxan taldeko bozeramaile denak. Eta zera gaineratzen du: “Zenbait hondartzak isuriak izan ditzakete arazketa azpiegituretan akatsak daudelako —izan ere, udan bi edo hiru aldiz handitzen da populazioa zenbait lekutan—, eta araztegiak buxatu egiten dira eta zuzenean itsasora isurtzen dute. Gorozkien oxidazioak oxigeno asko eskatzen du, ur eremu batean lapurtu egiten du oxigenoa, arrainak ito egiten ditu, dena hiltzen du, eta bistan denez, inork ez du bainatu nahi izaten hondakin beltzez betetako hondartza batean. Eskaintzen duzun erakargarri naturala, zure baliabide naturalak, suntsitu egiten dituzu gaizki kudeatzeagatik, eta hori aurkitzen du turistak, eta ez du berriz etorri nahi izango. Ingurumen arloko arazoa ez ezik, arazo ekonomikoa ere bada”, azaldu du Cristobal Lopezek.

Náyade sistema. Herritarrek gure oporlekuko urak zer-nolako kalitatea duen kontsultatu dezakegu eta denbora errealean ikus ditzakegu osasun alertak edo kutsadura fekalaren ondoriozko aldi baterako debekuak.

BANDERA BELTZAK 2023

Ekologistak Martxan GKEak urtero zerrenda bat argitaratzen du kostaldeko puntu beltzekin, eta bi bandera beltz banatzen ditu probintzia eta hiri autonomo bakoitzeko; kutsaduraren eta ingurumen-kudeaketa txarraren erruz azterketa gainditu ez duten guneak dira. Honako hauek gelditu dira azterketa gainditu gabe uda honetan.