Elikadura

Betekada. Nola egin aurre eguberrietako “opariei”

Gabon kantak eta zuhaitza bezalaxe, otordu oparoak ere tradizioaren barnean sartzen dira. Gatza, koipea, azukre findua eta alkohola gehiegizko kopuruetan nahasteak urdaileko arazoak eragin ditzake. Nahiz eta gehienetan ez duten okerrera egingo eta ordu gutxiren buruan desagertuko diren, konplikazio larriagoak sor ditzakete. Betekadek hainbat buruhauste eragiten dituzte Eguberrietan, eta halakoak saihesten saiatu beharra dago. Hauxe da hori lortzeko bidea.
1 abendua de 2023

Betekada. Nola egin aurre eguberrietako “opariei”

Poza, aspaldian ikusi gabeko jendearekin elkartzea, opariak, argiak, emozioak… Gabonetan gauza asko gertatzen da, eta oso ohikoa izaten da otordu oparoekin ospatzea. Etxe askotan, pilatu egiten da maitasuna, baina baita kaloriak ere. Azken horiek, gainera, kalitate txarreko gantzetatik, gozoetatik eta edari alkoholdunetatik etortzen dira askotan. Nahasketa lehergarri horrek eragina du pisuan —hiru eta bost kilo artean hartzen ditugu garai horretan, halaxe dio Gizentasunaren Europako Institutu Medikoak (IMEO)— eta berdin digestio sisteman ere. Enpresako bazkariak, lagunartekoak edo familiakoak. Omenaldi handi horien eraginez, gure organismoak egunero behar dituen kaloriak baino %30 eta %50 gehiago hartzera irits gaitezke.

3.000 Kaloria otordu batean.

Espainiako Elikadura Zientzien Elkarteak egindako azterketa baten arabera (SEDCA), Gabonetako otordu bakoitzak, gutxienez, 1.100 kaloria ematen dizkigu, edari alkoholdunek ematen dituztenak kontuan hartu gabe. Batzuetan, 3.000 kaloriatara iristen dira otordu bakar batean, eta hori guztiz neurriz kanpokoa da; izan ere, gorputzak 1.600 eta 2.500 kcal artean behar izaten ditu. Baina gehiegikeria ez da hor bukatzen. Egun bakarreko kontua izan beharrean, hurrengo egunean ere berdintsu gertatzen da askotan. Har ditzagun, adibidez, Gabon gaueko afaria eta Eguberri eguneko bazkaria. Horietan 24 orduan baino gutxiagoan kontsumitzen dugu hiru egunetarako gomendatuta dagoen energia. Eta horrek eragina izaten du osasunean. Horren erakusle, larrialdietan eta ospitaleetan nabarmen ugaritzen dira esku-hartzeak (%25 inguru). Gizentasuna Aztertzeko Espainiako Elkartearen arabera (SEEDO), honako hauek dira arrazoi nagusiak: hipertentsio krisiak, diabetes desorekatuak eta elikadura arloko gehiegikeriek digestio aparatuan eragiten dituzten askotariko patologiak.

Eguberrietako betekadek, hesteetan enbarazu ez oso atseginak eragiteaz gain, festa zapuztu diezaiokete edonori (sintoma hauek ager daitezke, besteak beste: berrahoratzea, sabelaldea puztea, sabeleko ondoeza eta haizeak); lehendik zeuden digestio arazo batzuk larritzeko bidean ere jar ditzakete, adibidez errefluxua, heste minbera, gastritisa eta intolerantziak. Horregatik, digestio aparatuko espezialistek gomendatzen dute neurrian jatea eta edatea eta betekadak saihestea. Norbaitek hainbeste tentaldiri eutsi ezin badio eta janariarekin neurria gainditu badu, sintomak arintzen lagun dezaketen trikimailu batzuk ere badaude.

Nola arindu eragozpenak

Lagungarria da

Kaloria gehiegi hartu ondoren, txortalo menda edo kamamila bat hartzeak arindu egiten ditu astuntasuna eta urdail-hesteetako ondoeza. “Landare jatorriko produktu batzuek frogatu dute gai direla betekadaren sintomak hobetzeko. Izpilikua, erromeroa, aloe vera, eukaliptoa, ezkaia, mihilua, kardua, menda-hostoak, kamamila eta melisa lagungarriak izan daitezke digestioa errazago egiteko eta gehiegizko haizeak saihesteko”, adierazi du Maria del Mar Calvok. “Infusioen benetako onura likido bero gehiago edatea da. Baina inoiz ez da irakin behar infusio bateko ura, landareak propietate batzuk gal ditzakeelako”, erantsi du Sampedrok. Baina erremedio horrek ez du balio kasu guztietarako. Hestegorrian kalteak eragiten dituen errefluxu bat (esofagitisa) diagnostikatu zaien pazienteetan, hau da, urdaileko azidoak hestegorrian zauriak sortzen dituenean, urdaileko babesa (omeprazola) baraurik hartzea gomendatzen da otordu oparoa egingo den egunean”, azaldu du Clavok.

Siesta, kafea edo paseo bat?

Bazkari oparo baten ondoren, siesta ez da gomendagarriena. “Etzanda, errazago gertatzen da errefluxua, eta moteldu egiten ditu urdaileko mugimenduak”, azaldu du Clavok. Adituak paseatzea gomendatzen du, baina ohartzen da Eguberrietako bazkariaren ondoren ez dela izaten gauzarik atseginena. Era berean, kafeak, ondorio hepatikoengatik edari gomendagarria bada ere, areagotu egin ditzake azidotasuna eta errefluxuaren sintomak, eta, beraz, hobe da neurrian hartzea.

Txupitoak ez dira digestiboak

Alkoholak erraztu egiten du urdail-hesteetako errefluxua; urdaileko azidotasuna, gainera, handiagoa izaten da eta kardia erlaxatu egiten da (hestegorriaren eta urdailaren arteko esfinterra). Hori dela eta, oro har, digestioaren sintomak ez dira hobetzen, eta okerrera egiten dute. “Egun horietan alkoholik ez kontsumitzea ez da oso errealista, baina komenigarria izan daiteke egunean gradu gutxiko edari bat edo bi baino gehiago ez hartzea”, dio Sampedrok.

Oinazea, puztualdia, bihotzerrea, goragalea...

“Betekada ez da medikuntzako terminoa, baina, normalean, otordu oparo baten ondoren sortzen diren eragozpen gisa ulertzen ditugu (“transgresio dietetikoa” esaten zaie medikuntzako hizkeran), eta besteak beste goragalea, sabelaldeko ondoeza eta sabeleko mina agertzen dira goiko aldean eta erdialdean”, dio Susana Jimenezek, Digestio Aparatuaren Espainiako Fundazioko bozeramaileak (FEAD). Sintoma horiek oso ohikoak dira egun horietako otordu oparoen ondoren, eta faktore asko izaten dute jatorrian.

Eragozpen horiek sortzen dira, batez ere, irensten ari garen aparteko kopuru horri lekua ematekotan, urdailak neurriz kanpo zabaldu behar izaten duelako. Zabaltze horren efektuari beste batzuk ere gehitu behar zaizkio: edari alkoholdunek narritadura eragiten dute urdailaren paretetan eta urdailak azido gehiago sortu behar izaten du digestioa egiteko; ondorioz, gainezka egin eta hestegorrirantz mugitzen da, eta bihotzerrea eragiten du.

Digestioa zailtzen duten jakiak.

“Janari koipetsuek, saltsa edo osagai minak dituztenek, lagundu egiten dute azido hori areagotzen. Bestalde, edari gasdunak hartzean, kardia lasaitu egiten da (urdailerako sarbidea), eta azidoa errazago igotzen da hestegorrira. Janari koipetsuenek, gainera, atzeratu egiten dute urdaila husteko prozesua, eta horrek distentsio eta deserosotasun sentsazioa eragiten du: asetasun goiztiarra sumatzen dugu eta mina sabelaren goialdean”, azaldu du Blanca Sampedrok, digestio aparatuko espezialistak.

Digestioa prozesu konplexua da, zalantzarik gabe, eta bere denbora behar izaten du. Pertsona bakoitzaren araberakoa da, eta patologiarik baduen edo ez duen ere kontuan hartu behar da, baina, oro har,15-72 ordu behar izaten dira egiteko. Digestio prozesu normaltzat jotzen da denbora tarte hori, baina batzuetan okertu edo atzeratu egin daiteke. Toxikoak eta botikak hartzeak, oso azkar jateak, estresak edo nahasmendu psikologikoren batek mantsoago egitea eragin dezakete, baina baita janari ugari eta koipetsuak hartzeak edo elikagai prozesatu eta azukre gehiegi hartzeak ere.

Turroiak, mazapanak eta polboroiak, hobe begien bistatik urruti

Egun horietako gozo tipikoek ugari izaten dituzte gantzak, azukreak eta irin finduak. Polboroiak edo mantekadoak dira kaloria gehien ematen dutenak, txerri gantzez eginak daude eta. Zati batek 150-200 kaloria inguru ematen du, osagai guztiak kontuan hartuta (irinak, kakaoa eta almendrak gehitzen dizkiete). Mazapan iruditxoa 170 kaloria inguruan dabil, eta turroiak, 35 gramoko pusketa bakoitzeko, 175 kcal ematen ditu (500 kcal 100 gramoko). Tentazioan etengabe ez erortzeko trikimailu txiki batzuk badaude, hala nola erretilurik ez prestatzea eta denak ebakita eta agerian ez edukitzea egun osoan. Zatitxo bat nahi badugu, puskatxo bat ebaki eta berriro gordetzea da onena.

Ez da digestio astunarekin nahasi behar.

Betekada bat izatea ez da digestioa etetea. “Betekada bat egiten dugunean, digestioa ez da eteten uneren batean ere, baina mantsoago joaten da”, azaldu du Blanca Sampedrok. Besterik gertatzen da egoera txarrean dauden jakiak hartzen ditugunean. Maria del Mar Calvok zehaztu duenez, “horrek eragiten du irentsitako elikagaia oka eginez kanporatzea, eta orduan bai, digestioa eten egiten da; gastroenteritis izeneko infekzio prozesu baten ondorioz gertatzen da hori”. Betekada egitea eta digestio mantsoa izatea ere ez dira gauza bera. Batzuetan nahasi egiten dira terminoak, baina azken horiek ez dute zertan lotuta egon janari kopuruarekin. Digestio zailak kronikoak izan daitezke, bizitzeko eta elikatzeko ohitura osasungarriak izan arren. Dispepsia esaten zaio nahasmendu horri, eta populazioaren %25i eragiten dio. “Betekadarekin sumatzen diren eragozpen berberak ere ager daitezke kronikoki, baita otordu oso arinen ondoren ere. Gehienetan, Helicobacter pylori bakterioak eragiten duen infekzio batek agerrarazten du; bakterio horrek kolonizatu egiten du urdaila eta gastritis kronikoa eta ultzerak sortzen ditu”, azaldu du Digestio Aparatuaren Espainiako Fundazioaren bozeramaileak.

“Pertsona batzuetan modu kronikoan atzeratu daiteke urdaila husteko prozesua zenbait patologiaren ondorioz, adibidez diabetesaren ondorioz, eta horrek urdaileko nerbio sistemari eragiten dio, eta zaildu egiten du haren funtzioa. Hiatoko hernia ere egon daiteke (urdaileko atea beti irekita egotea bezala da), eta erraztu egiten du urdail-hesteetako errefluxua gertatzea ohiko otorduetan. Beste batzuetan, hipersentiberatasunak eragozpenak sor ditzake elikagai osasungarrien digestioa egitean. Baina elikagaiak jan ondoren sintoma horiek behin eta berriz errepikatzen direnean, medikuari galdetzea komeni da, patologiarik baden edo ez azter dezan”, adierazi du Sampedrok.

Zerbait larria adierazten duten seinaleak.

Gehiegi jatea, definizioz, gorputzak elikatzeko behar duena baino gehiago irenstea da (pertsona bakoitzaren araberakoa izaten da hori). Behar ditugun kaloriak otordu bakar batean hirukoiztea gehiegikeria da, zalantzarik gabe. Noizbehinkako transgresioak direnean, egun batean edo bitan egiten direnak, urdailak lehengoratu egiten du bere funtzioa eta aurreko egoerara itzultzeko aukera izaten du, osasunerako ondorio larririk gabe eta sintomak osorik desagertuta. “Beti bezala, medikuntzan, gertaeren maiztasuna da garrantzitsuena. Otordu oparo eta ugariak noizbehinka egiteak ez du osasunerako arriskurik ekartzen, drogak neurri gabe hartzeak izan ezik, alkohola barne”, dio Maria del Mar Calvo digestio aparatuko espezialistak. Arrisku faktoretzat jotzen da, halaber, bihotz-hodietako arazoa izatea —batez ere, otordu horietan gatz gehiegi kontsumitzen delako— edo diabetesa edukitzea, elikagai horiek odoleko azukre maila igo dezaketelako, eta gaixotasunaren kontrol onik ez badago edo gaixotasuna dagoela ez badakigu, desoreka sor daiteke. Kontuan hartu behar da, era berean, hirugarren adineko pertsonen urdailetan eta haurtxoenetan askoz ere janari gutxiago sartzen dela, eta, beraz, jai hauetan gehiegi jateak eragozpen handiak sor ditzake horiengan, loaren nahasmendua barne. Gainera, urdaileko minak eta betekada baten ondoren sor daitezkeen gonbitoak arriskutsuagoak izaten dira beti zaharretan edo haur txikitan gertatzen direnean, deshidratatzeko edo beste konplikazio batzuk sortzeko arrisku handiagoa baitute.

Ospakizun bera, baina ondoriorik gabe

 

Honela saihestu dezakezu betekada bat egitea.

  1. Jarri arreta asetasun irudipenari. Gorpuzkera ertaineko pertsona baten urdailean 2 litro elikagai sartzen dira —solidoen eta likidoen artean—; beraz, otordu bakarrean kantitate horretatik pasatzen bagara, organo hori gainzamatzen ariko gara, eta aukera gehiago izango dugu betekadaren sintomak sentitzen hasteko. Zifra horiek adieraz dezakete “janari kopuruarekin pasatzeak” zer esan nahi duen, baina funtsezkoena asetasunaz jabetzea da, norbera beteta dagoen edo ez ohartzea.
  2. Ez utzi dena afaritarako. Ez dugu egon behar egun osoan jan gabe, gero sekulako afaria egin nahi dugulako. Egun horietan, espezialistek gomendatzen dute eguneko hiru otorduak egiten jarraitzea, modu arinean bada ere.
  3. Diseinatu menu osasungarri bat. Eguberrietako bazkari eta afarien menua programatzeko, arrautza-irinetan pasatutakoek edo elikagai frijituek baino gantz gutxiago ematen duten teknikak erabil daitezke. Plantxa, erregosiak, irakinak, papillote eran edo labean eginak dira teknikarik onenak egun horietarako.
  4. Kontuz sarrerakoekin. Hasteko, aukera osasungarriak eta proteikoak sartzen saiatu behar da (begetalak edo itsaskia), eta saihestu egin behar dira hestebeteen gantzak. Haragirik koipetsuenak bazkaritarako utz daitezke, eta afaritan arraina jarri.
  5. Zaindu errazioak eta edariak. Errazio txikiak zerbitzatu eta bazkalorduan ur asko edan; horrela, ardoa edo beste edari alkoholdun batzuk (hidratatzen ez dutenak) bakanago hartuko ditugu.
  6. Mantso jan. Jaten dugun bitartean airea sartzeak haize gehiago eta sabelaldeko distentsioa sor ditzake; beraz, poliki jatea gomendatzen da, eta jaten ari den bitartean familian izaten diren eztabaidetan ez berotzea.
  7. Ongi murtxikatu. Listuak amilasa izaten du, janaria ahoan bertan deskonposatzen duen entzima bat. Mantso murtxikatu ezean, urdailak lan gehiago egin beharko du amilasaren lana ordezkatzeko, eta ondorioz, azido gehiago sortuko du eta ugaritu egingo da azidotasuna.
  8. Postre on bat aukeratu. Turroiak eta polboroiak neurrian jan daitezke, baina onena beti postrerako fruta ateratzea da eta, horrela, aukera osasungarria ere mahai gainean izatea. Egun horietan anana gomendatzen da. Hanturaren aurka egiten du eta lagundu egin dezake digestioa egiten.