Kakao hautsa. Kakaoa baino azukre gehiago
Kakao hautsa klasiko handi bat da, batez ere haurren gosarietan, esnearekin batean. Nagusiki erabilera hori eman izan zaio duela berrogeita hamar urte baino gehiagotik, neurri handi batean publizitate kanpainetan halaxe sustatu izan dutelako. “Gosari eta askari ideala”, “atleten gosaria” eta beste eslogan batzuek sinetsarazi egin digute produktu osasungarriak direla, bereziki haurrak sendo eta osasuntsu haz daitezen. Baina, egia esan, gehienak ez dira diruditen bezalakoak.
Kakaoaren itxura guztiak.
Kakaoa da, jakina, osagairik garrantzitsuena. Theobroma cacao izeneko zuhaitzaren hazietatik lortzen da. Haziak hartzitu eta lehortu ondoren, lehortu egiten dira, eta, ondoren, prozesatu egiten dira mekanikoki, hauts bihurtzeko. Beste prozesu batzuk ere aplika daitezke.
- Gantzgabetzea. Kakao horrek %20 gutxiago izaten du gantza (prentsatze prozesuari esker lortzen da gantz gehiena kentzea). Aztertu ditugun produktu guztietan erabiltzen da, Nesquik Intenso izenekoan izan ezik; azken horrek nahasian ditu kakaoa eta kakao gantzgabetua, %42 eta %28ko proportzioan, hurrenez hurren. Gantzgabetuak ez bezala, kakaoak %20 gantz gehiago eduki behar du edo hortik gora. Horregatik du zapore leunagoa eta testura ez hain krematsua. Gainera, garestiagoa da, eta horregatik erabiltzen da, hein batean, gantzgabetua.
- Alkalinizatzea. Kakao naturalak zapore garratz eta mikatza izaten du. Azidotasun hori gutxitzeko eta haren zaporea leuntzeko, alkalinizatze prozesu bat egin ohi da; prozesu horretan, tenperatura handiak ezartzen dira alkaliak gehituta, hala nola potasio karbonatoa edo sodio hidroxidoa. Hala, pH-a jaistea lortzen da, eta horrek eragina du kolorean (ilundu egiten da), disolbagarritasunean (kakaoa hobeto nahasten baita esnearekin), eta zaporean (leunagoa geratzen da). Era horretan, onarpen handiagoa du, eta Europan kontsumitzen dugun kakaoari prozesu hori eman ohi zaio. Hala ere, gero eta gehiago eskatzen da alkalinizatu gabeko kakaoa, “naturalagotzat” hartzen delako eta ezaugarri hobeak ematen zaizkiolako, polifenol gehiago izaten ditu eta (konposatu antioxidatzaileak dira).
Valor eta Ethiquable dira bi adibide. Bi horien ontzietan adierazi egiten da ez dela alkalinizatua. Mezu horiek alkanilizazioari buruzko susmoak sor ditzaketen arren, prozesu segurua da, eta ez dio kalterik egiten kakaoari.
Erosketa gida hau egiteko, kakaoz egindako hamar produktu hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Azukreak, zuntzak eta gantzak asko baldintzatzen dute azken emaitza.
- Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko, batez ere zenbat kakao, azukre erantsi edo eztitzaile duten.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2023ko irailean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Zenbat kakao daukate?
Kakao motatik haratago, produktu horietan gauzarik garrantzitsuena kantitatea da. Horietako askotan, kakao proportzioa dirudien baino txikiagoa da. Eskuarki, proportzioa handia denean, fabrikatzaileak informazio hori nabarmendu egiten du ontzian. Valor etxekoan, tamaina handiko letrekin adierazten da “%100 kakao purua, naturala”, eta Ethiquable etxekoan berdin (“%100 kakao purua”); bi horiek kakaoz bakarrik daude osatuta, beste guztiak ez bezala. Nesquik Intenso delakoak ere nabarmendu egiten du (%70 kakaoa) eta Eroskik ere bai (%60 kakaoa); aurreko bien ondotik, horiek daukate kakao gehien. ColaCao Noir izenekoak “kakao sendoa” mezua nabarmentzen du, eta bere marka komertzialarekin (“Noir”) eta ontziaren kolore marroiarekin, pentsa dezakegu kakao kantitate handia duela. Egia esan, adierazpen horiek kakao konbinazioaren zapore sendoari dagozkio. Produktu horretan, kakaoa %50 da. Gainerakoetan, kakaoa tarte hauetan dabil: %42 dauka ColaCao Cero delakoak eta %18 Tierra Madrek. Nesquik eta ColaCao Original izenekoetan, proportzioa %23koa eta %22koa da, hau da, baliorik txikienetakoa dute aztertu ditugunen artean.
Azukrea da osagai nagusia.
Zer beste osagai dituzte produktu horiek? Gehienetan, azukrea. Horixe gertatzen da aztertu ditugun hamar produktutatik lautan: “ColaCao, Nesquik, Nesquik Noche eta Tierra Madre. Horietan, azukrea da osagai nagusia. Azukre kopurua %70etik (ColaCao Original %81,3ra bitartean daukate (Tierra Madre).
Hobe eztitzaileekin?
Duela urte batzuetatik hona, gizartean nolabaiteko kezka dago azukrearen inguruan, produktu batzuetan asko izaten delako eta osasunean ondorio kaltegarriak dituelako. Horregatik, kakao hautsetan gero eta bertsio gehiago daude azukre erantsirik gabeak, eta osagai horren ordez eztitzaileak erabiltzen dira helburu bera lortzeko: zapore gozoa ematea. Estrategia horri jarraitzen dioten hiru produktu daude: ColaCao Noir eta ColaCao Cero, non potasio azesulfamoa eta sukralosa erabiltzen diren, eta Eroski, zeinak aspartamoa duen. Konposatu horiek seguruak dira osasunerako, baina gero eta ikerketa gehiagok adierazten dute nahi ez diren ondorioak eragin ditzaketela hesteetako mikrobiotan edo gure garunak elikagaiak aukeratzeko darabiltzan moduetan; izan ere, elikagai horiek kontsumitzeak handitu egin lezake gozotasun handiko elikagaiak lehenesteko joera. Nolanahi ere, konposatu horiek badituzte abantaila batzuk: ez daukate kaloriarik eta ez dute eragiten txantxarrik, baina ez dute produktu bat osasungarri bihurtzen. Aztertu ditugun produktuetan eztitzaileak darabiltzatenek %42tik %60ra bitartean daukate kakaoa; hau da, zifra nabarmenak ageri dituzte, azukre erantsiak dituzten produktuek baino hobeak. Hor daude, esaterako, ColaCao Original eta Nesquik, baina oraindik ere urruti dabiltza %100etik (horixe litzateke onena).
Hainbat hamarkadatan, publizitateak sinetsarazi egin digu gosaritan kakao hautsarekin esnea hartzea ia ezinbestekoa zela, batez ere haurrentzat. Uste zen horrela energia lortzen zutela sendo eta osasuntsu haztea. Baina gaur egun badakigu ColaCao, Nesquik eta gisako produktuek azukre asko dutela (%70 eta %75, hurrenez hurren), eta kakoa, ustez propietate onuragarri horiek dituen osagaia, %22-23 besterik ez dela. Azken finean, noizbehinka hartu behar liratekeen produktuak dira, eta ez dira gomendagarriak egunero hartzeko.
Azukre erantsirik gabeko produktuetan, hala nola ColaCao Cero, ColaCao Noir eta Eroski markakoetan, osaera nabarmen hobea da, kakao gehiago baitute (%42-60) eta azukrerik ez osagaien artean, baina horrek ez du esan nahi osasungarriak direnik; izan ere, gero eta ikerketa gehiagok adierazten dute nahi ez diren ondorioak eragin ditzaketela hesteetako mikrobiotan edo gure garunak elikagaiak aukeratzeko darabiltzan moduetan. Osorik kakaoz osatuta dauden produktuek bai, leku bat eduki dezakete dieta osasungarri batean, adibidez Valor eta Ethiquable etxeetakoek.
Edonola ere, garrantzitsua da dieta bere osoan kontuan hartzea. Gure ohiturak osasungarriak badira, egunean baso bat esne kakao azukretsuarekin hartzeak ez du inolako eraginik izango. Baina azukre erantsiak edo eztitzaileak dituzten produktu horien kontsumoa dieta eredu jakin batekin lotu ohi da, non ohikoak diren gomendagarriak ez diren beste produktu batzuk, adibidez galletak eta opilak; kakaoa %100 duten produktuak, berriz, dieta eredu osasungarriago batekin lotu ohi dira.
Zer-nolako mantenugaiak ematen dituzte?
Arreta gehien merezi duen mantenugaietako bat azukrea da. Alde izugarriak ageri dira: Ethiquable etxekoak ez du batere (%0) eta Tierra Madre etxekoak, berriz, %81,3 dauka. Hiru multzo daude:
- Kakaoz bakarrik osatuta dauden produktuak. Kakaoak berez dituen azukreak bakarrik ageri dira, oso kopuru txikian (%0-1); sail horretakoak dira Valor eta Ethiquable.
- Kakaoa %100 baino gutxiago duten produktuak, azukre erantsirik gabeak. Nahiko azukre gutxi daukate. Multzo honetan sartzen dira ColaCao Cero (%3,5), ColaCao Noir (%4) eta Eroski (%11).
- Kakaoa %100 baino gutxiago duten produktuak, azukre erantsiekin. Azukrea da osagai nagusia. Multzo honetan daude ColaCao (%70), Nesquik (%75,1), Nesquik Noche (%75,7) eta Tierra Madre (%81,3). Nesquik Intenso ere hor sartzen da, %29,5ekin.
Proteinak eta gantzak.
Proteina eta gantz kantitatea zuzenean lotuta dago kakaoaren proportzioarekin. Hala, produktu proteikoenak osagai hori kopuru handietan dutenak dira, adibidez Valor eta Ethiquable, biak ere %25 dituztela proteinak. Eroski ere proteina gehien duen produktuetako bat da (% 21), kakaoa proportzio aipagarrietan izateaz gain (%60), osagaien artean esne gaingabetua ere badu eta (%17).
Gantz gehien dutenen artean daude, halaber, Valor eta Ethiquable, biak %11rekin. Zerrenda horretan lehenbizikoa, dena den, Nesquik Intenso da, %11,9rekin, bi kakao mota baitarabiltza: gantzgabetua eta gantzgabetu gabea. Gainerako produktuetan, gantz kantitatea honako tarte hauetan dabil: %2 dauka Tierra Madrek eta %6,5 ColaCao Noir etxekoak.
Erosteko orduan, gero eta gehiago erreparatzen diegu orain dela gutxi arte kezkatzen ez gintuzten alderdiei, esaterako ingurumenaren gaineko eraginari eta langileen eskubideei. Hori zenbait elikagairekin gertatzen da, adibidez kakaoarekin (ekoizten diren herrialdeetan alderdi horiek babes gutxiago dute Europan baino). Horregatik, ekoizle batzuek ziurtagiriak erabiltzen dituzte, adibidez Rainforest Alliance, deforestazioaren eta klima aldaketaren aurka eta landa garapenaren alde lan egiten duen gobernuz kanpoko erakundeak emana, edo Fairtrade, bidezko merkataritza babesten duena, gizarte eta ingurumen alderdiak kontuan hartuta. Zigilu ekologikoa ere aurki dezakegu, baina behar bezala interpretatu behar dugu, ez baitu esan nahi produktuak ingurumena gehiago errespetatzen duenik. Adibidez, Ethiquablek ez du kontuan hartzen zenbateko karbono aztarna uzten duen kakaoa Boli Kostan ekoizteak, Frantzian prozesatzeak eta Espainiara garraiatzeak. Horrek esan nahi du produktuak egoki betetzen dituela ekoizpen ekologikoari buruzko Europako araudian jasotako zenbait baldintza (besteak beste mugatu egiten du fitosanitario jakin batzuen erabilera).
Zuntz asko.
Produktu horietako batzuen ezaugarri deigarrienetakoa zuntz kantitate handia da. Batzuetan, kakao asko izatearen ondorioa da, osagai horretan zuntza berez ageri baita. Horixe gertatzen da Valor eta Ethiquablerekin, non zuntza %34 eta %46 den, hurrenez hurren. Nesquik Intensok ere ugari dauka: %21,4.
Ohikoa da, halaber, mantenugai hori kantitatea handietan agertzea azukre erantsirik gabeko produktuetan; izan ere, zuntz mota bat baino gehiago erabiltzen dira, bi funtzio betetzen dituztenak: batetik, karga eragile gisa jarduten dute, bolumena eta testura emanez, eta, bestetik, produktuari zapore gozoa ematen diote. Horixe gertatzen da produktu hauekin: Eroski, zeinak arto dextrina erresistentea duen eta zuntza %32; eta ColaCao Cero eta ColaCao Noirekin, non maltodextrina ageri den eta zuntza %24 duen lehenak eta %16 bigarrenak.
Zenbat kaloria daukate?
Kaloria gehien ematen duten produktuak azukre kopuru handia dutenak dira: ColaCao, Nesquik, Nesquik Noche eta Tierra Madre, zeinak 377 eta 391 kcal artean dabiltzan 100 gramo bakoitzeko. Beste muturrean Eroski eta ColaCao Cero daude: lehenak 302 kcal ditu 100 gramo bakoitzeko eta bigarrenak 324 kcal. Ideia bat izan dezagun, izokin zati batek (150 g) edo indioilarra, letxuga eta tomatea dituen sandwich batek 300 kcal izaten ditu.
Normalean, kakao hautsa ez dugu hartzen hain kantitate handietan, esneari zati txikitan (14 g inguru) gehitzeko erabiltzen baitugu. Baina, batzuetan, kopuru handiagoetan ere hartzen da, adibidez postreak egiteko erabiltzen denean; halakoetan, garrantzitsua da kaloria kopurua kontuan hartzea (azukrea ahaztu gabe).
- Kakao portzentajea. Osagai hori bakarrik duten produktuak aukeratzea komeni da. Gantzgabetua (gantza %20 baino gutxiago) edo gantzgabetu gabea izan daiteke (%20 edo gehiago).
- Azukrea. Alde handia dago, batez ere kakaoaren proportzioa handia ez denean. Produktu batzuek ez dute batere edo oso gutxi dute, eta beste batzuek %80 baino gehiago dute. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto
- Kontuz prezioarekin. Prezioa kakao kantitatea kontuan hartuta baloratzea komeni da: batzuk oso garestiak dira eta, hala ere, ia ez dute kakaorik.
- Kontuz mezuetan darabiltzaten amuekin. Produktu batzuen mezuek pentsaraz diezagukete osasungarriak eta egokiak direla haurrek egunero kontsumi ditzaten, baina ez da hala.
Modu bat baino gehiago Nutri-Score kalkulatzeko.
Ekoizleek bi aukera dituzte Nutri-Score-ren puntuazioa kalkulatzeko: produktua bera bakarrik kontuan hartuta edo esnearekin nahasita. Aukeratutako laginetik, Nesquik eta Eroski etxeetakoek esnea duen produktuarekin kalkulatzen dute (bi koilarakada 200 ml esne gaingabetutan), eta gainerakoek hauts erako elikagaiarekin kalkulatzen dute. Prestatzeko moduak nabarmen alda dezake nutrizio ekarpena: ez da gauza bera esne gaingabetua erabiltzea edo esne osoa hartzea, eta ez da gauza bera lau koilarakada kakao hauts botatzea edo bi koilarakada. Hori dela eta, konparazio objektiboak egin ahal izateko, gida honetan kakao hautsaren gainean kalkulatu ditugu Nutri-Score guztiak.
Horrela, Nesquik, Nesquik Noche eta Tierra Madrek D letra ageri dute, nagusiki azukre asko dutelako. Nesquik Intensok ere emaitza bera lortu du. Aukerarik onenak ColaCao Noir eta ColaCao Cero dira, A letrarekin biak, eta Eroskik B letra ageri du. Bestalde, nutrizioaren ikuspegitik ezaugarri onenak dituzten produktuek, Ethiquable eta Valorek alegia, B eta C letrak lortu dituzte. Izan ere, Nutri-Score-k zigortu egiten du gantzak eta gantz saturatuak edukitzea, eta mantenugai horiek ugariagoak dira %100 kakaoz eginda dauden produktuetan beste batzuetan baino, adibidez ColaCao Cero izenekoan baino.
Kalitate-prezioak.
Prezioa kalkulatzeko ere 100 gramoko eredua hartu dugu. Nesquik etxekoa 0,77 €-an dabil eta Ethiquable 2,50 €-an. Itxura batean, kakaoaren proportzioak zehaztu beharko luke prezioa, osagai garestia baita. Horixe gertatzen da, hain zuzen, produktu garestienetan: Ethiquable (2,50 €) eta Valor (1,72 €), biek kakaoa %100 dutenak, eta berdin merkeenetako batzuetan ere: Nesquik (kakaoa %23, 0,77 €) eta ColaCao (kakaoa %22, 0,99 €). Baina beste batzuekin ez da halakorik gertatzen, hala nola Tierra Madre etxekoarekin, zeinak 1,15 €-ko prezioa duen 100 gramo bakoitzeko eta kakaoa %18 baino ez. Kakao kopuruaren eta prezioaren arteko erlazioa kontuan hartuz gero, aukerarik onena honako hau da: Valor, ondoren Eroski eta Nesquik Intenso. Txarrenak, berriz, Tierra Madre eta Nesquik Noche.
Kakao hautsen artean hiru talde handi daude:
- • Azukredunak, kakaoa %100 baino gutxiago dutenak. Ez dira gomendagarriak ohiko kontsumorako, batez ere azukre proportzio handia (%75 inguru) eta kakao proportzio txikia izaten dutelako. Bat aukeratu beharko bagenu, Nesquik Intenso izango litzateke aukerarik onena, zeinak %70 duen kakaoa.
- • Eztitzailedunak, kakaoa %100 baino gutxiago dutenak. Horiek ere ez dira gomendagarriak egunero hartzeko, eztitzaileek eragin ditzaketen eragozpenengatik eta kakao asko ez dutelako, salbu eta Eroski etxekoak (%60).
- • Kakaoa %100 dutenak. Horixe da aukerarik onena. Produktu horiek badute lekua dieta osasungarriaren barrenean. Kakao kopuru hori dutenen artean, Valor etxekoa da egokiena (aztertu ditugun guztiak kontuan hartuta ere, horixe da aukerarik onena).
Edonola ere, garrantzitsua da produktu horiek zer-nolako testuingurutan kontsumitzen ditugun kontuan hartzea. Ez da gauza bera bi magdalena laguntzeko baso bat esne hartzea edo baso bat esne eta bi fruta ale hartzea.