Arrain birrineztatua

Arraina, baina ongi estalia

Ultraizoztu hauekin denbora eta lana aurrezten ditugu sukaldean, eta arrainaren onurak eskuratzen ditugu. Baina ongi aukeratu beharra dago, batzuek oso arrain gutxi izaten dute eta.
1 azaroa de 2025

Arraina, baina ongi estalia

Arrain birrineztatua klasiko bat da ultraizoztuen artean. Legatz xerrek edo makilatxoek badituzte urte batzuk, baina gaur egun beste aukera asko ere bada, beste formatu batzuekin eta bestelako arrain batzuekin eginak. Ongi aukeratzeko, nolako arrain mota duten begiratu behar genuke lehenbizi:

  • Arrain zuria. Gantz gutxi izaten du (%3). Zaporea leunagoa du eta, ondorioz, arraina askorik maite ez dutenentzat errazagoa izan daiteke jateko. Produktu mota horretan legatza erabili ohi da, baina badira beste aukera batzuk ere, adibidez bakailaoa (Findus Bakailao Xerrak) eta Alaskako abadira (Findus Fish and Chips).
  • Arrain urdina. Gantz gehiago izaten du (%8 inguru) eta zapore sendoagoa. Espezie bat baino gehiago erabiltzen da horiek egiteko, besteak beste izokina (Pescanova Peskitoak) eta antxoa (Delfín).

Gehienean, ontziaren aurrealdean argi eta garbi adierazten dute zer-nolako arrainarekin egina den. Halaxe gertatzen da produktu guztietan, Findus Fish and Chips delakoan izan ezik, non “Arrain xerra birrineztatuak” jartzen duen. Osagaien zerrenda begiratuta, Alaskako abadirarekin egina dela esaten du, legatzak eta bakailaoak baino balio komertzial apalagoa duen espezie batekin.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, arrain birrineztatuz egindako hamar produktu ultraizoztu hautatu ditugu, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute proteina eta gatz kantitateak.
  • Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, eta batez ere zenbat arrain eta nolakoa duten ikusteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2025eko irailean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Zenbat arrain daukate?

Produktu gehienetan %50-%55 artean dabil arraina. Findus legatz hagaxkak nabarmentzen dira, beste guztiek baino gehiago daukate eta (%60), eta beste muturrean, Pescanova legatz makilatxoak daude (%35) eta Pescanova izokin Peskitos delakoak (%38). Itxura batean, bi produktu horiek haurrentzat eginak dira berariaz, diseinuak behintzat hori iradokitzen du: bien ontzietan haurrentzako irudiak ageri dira eta Peskitos delakoetan arrain forma dute piezek. Azken horiek, gainera, kalabaza egosia dute hirugarren osagaia. Berdura horrek zer-nolako kolorea eta testura duen kontuan hartuta, pentsa liteke produktuak egiaz duen arraina baino gehiago duela sinetsarazteko erabili dutela.

Zer gehiago daramate?

Arraina ez ezik, ogi birrina ere izaten dute produktu horiek. Gehienetan irina, ura eta olioa erabiltzen dira birrineztatzeko, eta olioa ekilorearena edo nabinarena izaten da. Estalgarriak ez dauka arrautzarik, eta harrigarria gerta daiteke, etxean beti erabiltzen baita zerbait birrineztatzen dugunean. Arrazoi bat baino gehiago dago arrautzarik ez erabiltzeko: garestiagoa da, izoztean ez da ongi gelditzen, delikatua da ikuspegi mikrobiologikotik eta alergenoa ere bada, nahitaez adierazi beharrekoa.

Funtzio teknologikoak betetzen dituzten beste osagai batzuk ere badituzte, adibidez gatza eta espeziak, zeinak hobetu edo indartu egiten duten zaporea; kurkuma, erriboflabina, erremolatxa estraktua edo azukreak, kolorea emateko; eta almidoia, guar goma, sodio karbonatoa edo legamiak, testura hobetzeko.

 

Merezi al du?

Produktu horiek badituzte abantaila batzuk, hitz bakarrean bildu daitezkeenak: erosotasuna. Denbora eta lana aurrezteko balio dute. Gainera, hilabeteetan irauten dute izozkailuan, eta edozein unetan eskura edukitzeko aukera ematen dute. Baina desabantailak ere badituzte arrain fresko birrineztatuaren aldean: ezaugarri organoleptikoak ez dira hain atseginak (zaporea, lurrina, testura eta itxura) eta ez dira hain interesgarriak nutrizioaren ikuspegitik: gehienek arrain gutxiago izaten dute, eta interes gutxi duten osagaiak eduki ohi dituzte.

Gainera, garestiagoak izan daitezke. Ideia bat izateko, hiru produkturik garestienak har ditzakegu (1,6 euro inguru balio dute 100 gramo bakoitzeko). Merkatuan, 100 gramo legatz freskok 1,2 euro inguru balio du. Gainera, produktu ultraizoztu horiek 55 gramo inguru izaten dute arraina, eta etxean birrineztatzen den legatzak, berriz, 85 gramo inguru izango luke legatza eta 15 gramo birrina.

Antxoetan ere oso ongi ikusten dira aldeak. Freskoan, 0,80 euro inguru balio dute 100 gramok, hau da, Delfín etxeko produktua baino merkeagoak aterako lirateke, zeinak 1,05 euro balio duen eta arraina 50 gramo baino ez duen.

Zenbat da birrina?

Bi produktutan bakarrik ageri da zer-nolako kopuruak erabili dituzten birrineztatzeko: Boquerones Delfín (%50 da tenpura) eta Cocinarte legatz birrineztatua (%45). Gainerakoek ez dute esaten, egin behar luketen arren legea eskuetan hartuko bagenu (1169/2011 Araua), zeinak behartu egiten duen osagai baten edo multzo baten kantitatea adieraztera elikagaiaren izenean ageri denean edo etiketan nabarmentzen denean.

Batzuetan berariaz esaten da birrineztatua dagoela, adibidez Pescanova legatz birrineztatua, Findus bakailao xerrak, Findus legatz hagaxkak eta Pescanova legatz makilatxoak, eta gainerakoetan, berriz, produktuaren izenaren zati da.

Proteinak eta arrain kantitatea

Arraina elikagai proteikoa da nagusiki, eta horrek esan nahi du proteina dezente duela. Gehienek %10 inguru dute, nahiz eta badiren salbuespenak ere: Pescanova legatz makilatxoek, esaterako, %6,8 baino ez dute, eta Pescanova hagaxkek eta Findus bakailao xerrek %13 eta %12, hurrenez hurren.

Proteina kantitatea beti ez dago zuzenean lotuta arrain kopuruari. Pescanova Peskitos delakoak, esaterako, %38 darama arraina, baina proteina gehien duenetakoa da (%9,4), arraina %55 duten beste produktu batzuen antzera. Nolatan? Peskitos delakoek ilar proteina daramatelako.

Erosteko gomendioak
  1. Arrain kantitatea. Alderdirik garrantzitsuena da. Alde aipagarriak egon daitezke. Arreta berezia jarri behar zaie haurrei zuzentzen zaizkienei, arrain gutxiago izaten dute eta.
  2. Arrain mota. Zuriak gantz gutxiago izaten du eta zapore leunagoa urdinak baino.
  3. Olio mota. Gehienean ekilore edo nabina olioa darabilte. Azken hori interesgarriagoa da nutrizioaren ikuspegitik.
  4. Gatz kantitatea. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. Hobe da ez izatea %1,25 baino gehiago.
  5. Prezioa. Alde handiak egon daitezke. Arrain mota eta kopurua kontuan hartuta aztertu behar da.

Uste baino gantz gehiago

Produktu horietan bi iturritatik dator gantza. Arrainak berak ematen duena da bat. Horregatik, arrain urdinarekin eginda dauden produktuek gantz gehiago dute: Delfínek, antxoekin eginak, %16 du gantza, eta Peskitos delakoak, izokinatekin eginak, %13,3.

Beste iturria olioa da. Horrek azaltzen du beste produktuek zergatik duten hainbeste gantz, nahiz eta arrain zuriarekin eginak egon, zeinak gantza ez duen izaten %3 baino gehiago. Ideia bat izateko, batez besteko gantz kopurua %8koa da: %13 dauka Findus Fish and Chips delakoak eta %6,6 Eroski hagaxkek eta %4,1 Pescanova legatz makilatxoek. Balio horietatik abiatuta, olio erantsia %5-%10 artean dabilela ondorioztatu daiteke.

Baina gantz guztiak ez dira berdinak. Adibidez, Delfín etxekoarena antxoetatik dator eta, beraz, arrain urdinaren gantza da, aski interesgarria dena, gantz azido saturatugabeak dituelako, batez ere omega-3. Baina arrain zuriarekin eginda dauden produktuetan, gantzaren zatirik handiena nabina edo ekilore oliotik dator. Lehenbizikoak profil ona du gantz azidoetan, nahiz eta arrainaren gantzak hobea duen. Ekilore olioak interes gutxi du nutrizioaren ikuspegitik.

Hidratoak eta gatza

Karbohidrato kopuru aipagarria dute produktu hauek, %20 inguru hain zuzen. Birrineztatzeko erabili den irinari zor zaio hori. Horregatik, produktuak hidrato asko samar duenean, izan liteke irinez egindako birrina asko samar izatea eta arraina gutxi, eta horixe gertatzen da Pescanova legatz makilatxoetan, non karbohidratoak %30,4 diren (besteetan baino gehiago) eta arraina %35 (besteetan baino gutxiago).

Bestalde, produktu batzuek gatz gehiegi daukate, hau da, %1 baino gehiago. Zehazki, Pescanova letza makilatxoek (%1,1) eta Delfínek (%1,3). Gainerakoetan, %0,8koa da batez bestekoa.

Kaloriak eta Nutri-Score

Kaloria kopurua zuzenean lotuta dago gantz kantitateari: gantz gehien dutenek daukate kaloria gehien (Peskitos, 257 kcal; Delfín 248 kcl; eta Fish & Chips 238 kcal), eta alderantziz (Eroski, 180 kcal; Pescanova makilatxoak 190 kcal, eta Pescanova hagaxkak, 195 kcal). Ideia bat izateko, 100 gramo izokinek, plantxan eginda, 180 kcal ematen dute, eta 100 gramo legatzek 90 kcal, hori ere plantxan eginda.

Nutri-Scoreri dagokionez, produktu gehienek B bat lortu dute, baina badira salbuespenak. Hiruk C letra lortu dute (Peskitos, Pescanova legatz birrineztatua eta Pescanova makilatxoak), batek A letra lortu du (Pescanova hagaxkak) eta beste batek D letra (Delfín). Gatz eta proteina kantitateek sortzen dituzte desberdintasun horiek.

Kalitate-prezioak

Alde handiak daude prezioan: Cocinarte etxekoek 0,94 euro balio dute, Eroski etxekoek 0,95, eta beste muturrean, Findus Fish & Chips Findus delakoak 1,87 euro. Hau da, merkeenek halako bi balio du garestienak, nahiz eta arrain kopuru antzekoa eduki (%55-%56). Horrek pentsarazten digu prezioan dauden aldeak ez daudela osaerari lotuta, ez baitute zerikusirik arrain motarekin eta kantitatearekin.

Ondorioak

Produktu gehienetan, %50-%60 inguru da arraina, etxean birrineztatzen denean baino gutxiago (%85 inguru izaten du etxekoak). Azken hori, gainera, interesgarriagoa izaten da nutrizioaren ikuspegitik: etxean birrineztatzen dugunean, frijitzeko baino ez dugu erabiltzen olioa eta arrautzarekin egiten dugu. Eta etiketa irakurtzea beti den arren garrantzitsua, produktu hauekin are gehiago. Esan dugun bezala, produktu batzuetan kalabaza eta ilar proteina darabiltzate osagai gisa. Osasungarriak diren arren, kontsumitzaileak jakin behar du, arrainaren ordez, beste osagai horiek hartzen ari dela.

Arrain kantitatea kontuan hartzen badugu, Findus etxeko legatz makilatxoak lirateke gomendagarrienak, %60rekin. Gainera, bestelako alderdi interesgarriak ere baditu beste produktu batzuen aldean: ez dauka gatz askorik (%86) eta nabina olioa darama.

Arrain kantitatea, nutrizio osaera, kalitate-prezioak eta etiketa kontuan hartzen baditugu, honako hauek izango lirateke produkturik interesgarrienak, hurrenkera honetan: Cocinarte legatz birrineztatua, Eroski legatz hagaxkak eta Findus legatz hagaxkak.

Azkenik, nabarmendu beharrekoa da itxuraz haurrentzat eginak diren produktuek daukatela arrain gutxien, Pescanova Peskitos delakoak (%38) eta Pescanova legatz makilatxoak (%35).