Eskoletako jantokiak
Aldaketa handia dator Espainiako Estatuko eskoletako jantokietara. Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta2030 Agendaren Ministeriok errege dekretu berri bat onartu zuen urte honetako apirilean, eta aurrerantzean ikastetxe guztiek astean bost otordu osasungarri eskaini beharko dituzte –publikoek, itunduek eta pribatuek– Haur Hezkuntzan (2. zikloa), Lehen Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian, Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta oinarrizko Lanbide Heziketan eta erdi mailakoan.
Errege dekretu hori onartu aurretik, autonomia erkidego bakoitzak egiten zituen bere gomendioak eta ez zegoen estatu osorako araudirik irizpide zorrotzak ezartzeko modu osasungarri eta jasangarrian elikatzeko eskoletako jantoki guztietan. Neurri horren helburua da neska-mutil eta nerabe guztiek eskura eduki dezatela modu osasungarri, elikagarri eta askotarikoan elikatzeko aukera eskoletako jantokietan, familien errenta dena delakoa izanda ere. Zer esan nahi du horrek, ikasle guztiek gauza bera jango dutela ikastetxe guztietan? Inola ere ez. Ministerioko iturriek adierazi dutenez, kontua ez da eskolako jantokiak uniformizatzea, oinarri bateratu batzuk ezartzea baizik: “Gutxieneko batzuk ezartzen ditu otordu osasungarriak bermatzeko, baina hortik aurrera, ikastetxeek erabateko askatasuna eta malgutasuna izango dute beren ereduak lantzen jarraitzeko”.
- Berdura freskoa. Ikastetxeen %37tan astean bi errazio edo gutxiago izaten dira (3-4 izatea gomendatzen dute).
- Fruta. %16k ez dute betetzen gomendioa: astean 4-5 errazio eskaintzea.
- Lekaleak. %14k ez dute eskaintzen astean errazio bat gutxienez.
- Arraina. %7k ez dute inoiz izaten arraina.
- Barazkiak. %12k ez dute betetzen astean gutxienez errazio bat emateko gomendioa.
- Olioa. %70ek gaino gehiagok ez dute erabiltzen olio egokia frijitzeko (oliba olioa gomendatzen da edo oleiko ugariko ekilore olioa).
- Jaki frijituak. Ikastetxeen %30etan astean 3 errazio edo gehiago izaten dira (2 baino gehiago ez ematea gomendatzen dute).
- Aurrez kozinatuak. Hirutik batek astean lautan edo gehiagotan izaten ditu.
- Edariak. %16,42k ura ez den edariren bat eskaintzen dute.
- Menu bereziak. %11,19k ez dute eskaintzen osasun arazoei loturiko menu berezirik.
- Gainbegiratzea. Ia %34 dira nutrizionistek gainbegiratu gabekoak.
…Eta nolakoak izango dira
Honako hauek dira funtsezko alderdiak eskola jantokietarako:
- Astean bost otordu osasungarri egingo dira ikastetxeetan, adituek nutrizio arlorako onartu dituzten gomendioak aintzat hartuz (AESANek eta OMEk ere horien alde egiten dute).
- Egunero eskainiko dira fruta eta berdura freskoak; eta lekaleak eta arraina.
- Menuetatik kendu egingo dira edari azukretsuak eta energetikoak eta galarazi egingo da ikastetxeetako vending makinetan eta kafetegietan saldu ditzaten. Zehazki, ezingo da saldu zati ontziratu bakoitzean gehienez 5 gramo azukre duen produkturik, eta zati ontziratu bakoitzaren energia balioa ezingo da izan 200 kcl baino gehiagokoa.
- Opil industrialak kendu egingo dira eta mugatu egingo dira jaki frijituak eta aurrez kozinatuak.
- Sustatu egingo dira sasoiko elikagaiak, jasangarriak eta tokikoak.
- Bermatu egingo da modu elikagarri eta askotarikoan elikatzeko eskubidea ikasle guztientzat, familiaren errenta gorabehera.
Iturria: Informe anual 2023 del Plan Nacional de Control Oficial de la Cadena Alimentaria 2021-2025 (Elikadura Katea Ofizialki Kontrolatzeko Espainiako 2021-2025 Planaren urteko txostena 2023). Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioa.
Paperetik platerera
Menuak aldatu egingo dira eta jakien maiztasuna ere bai. Postrerako egunero fruta jartzea ez da gomendioa izango, betebeharra baizik; berdurak leku finkoa hartuko du egunero, lehenbiziko plater gisa edo guarnizio gisa, eta produktu fresko eta sasoikoek izango dute lehentasuna; lekaleek leku handiagoa hartuko dute astero, eta hainbat modutan prestatuko dituzte (gisatuak, entsaladak eta kremak); haragien oreka berregin egingo da landare jatorriko plater osatuei protagonismo handiagoa emateko eta ahal denean osoko zerealekin konbinatzeko; eta arraina maizago jarri beharko da, labean, plantxan edo gisatuta. Ildo horretan, arauak dio arrainaren errazio bat eta hiru errazio artean eskaini behar dela asteko menuan, eta horrek esan nahi du arrain kontsumoa nabarmen handituko dela ikastetxeetan; izan ere, Kontsumo Ministerioak egin dituen kalkuluen arabera, Espainiako Estatuan 1.200 ikasle daude sekula arrainik jaten ez dutenak eskolan.
Edari azukretsuak eta energetikoak desagertu egingo dira vending makinetatik eta menuetatik, eta opil industrialak ere ez dira izango ohiko menuaren zati. Jaki frijituak oso noizbehinka emango dituzte eta aurrez prestaturik dauden jakiak ere bai.
2025-2026 ikasturtea. Ezarri beharreko alderdirik errazenak sartuko dira indarrean, baina osasunean eragin handiena dutenak, adibidez elikagai jakin batzuen maiztasuna eta kantitatea handitzea eta produktu batzuk kentzea.
2026-2027 ikasturtea. Beste zenbait alderdi sartuko dira indarrean, adibidez elikagaiak jasangarriak izatea, hurbilekoak eta sasoikoak, egokitzapen horiek egiteko aldaketa handiagoak egin behar direlako eskoletako jantokietan eta/edo zerbitzua emango duten enpresetan.
2026-2027 ikasturte amaieran. Aldaketa guztiek eginak egon behar dute.
Zergatik da garrantzitsua?
Ekimen sinplea dela pentsa liteke, baina astean bost otordu osasungarri bermatzeak ondorio onuragarriak izango ditu neska-mutilen osasunean eta, gainera, eskolatik kanpo ere eragin nabarmena izango du familietan. Halaxe dela azpimarratzen dute Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN), hainbat ikerlanek eta, bereziki, beste herrialde batzuetako esperientziek, adibidez Frantzia eta Britainia Handikoak. Ministeriotik adierazi dute formulak “arlo guztietan” funtzionatzen duela.
Espainiako Estatuan oso kezkagarriak dira haurren gehiegizko pisuaren zifrak, eta gizarte desberdinkeriak eragin handia duela ikusten da, baliabide gutxien dituzten etxeetan ageri direlako daturik kaskarrenak. “Datuek erakusten dute neska-mutil asko, batez ere egoera ekonomiko okerragoan daudenak, gosaldu gabe joaten direla eskolara edo gaitasun gutxiago dutela elikagai osasungarriagoak eta freskoak eskuratzeko, adibidez frutak eta berdura”. Aladino txostenean ageri denez, 6 eta 9 urteko haurren artean, ikasleen %49,5ek eskolako jantokian egiten dute gehienetan otordu nagusia: “Horrek esan nahi du pertsona askok jaten dutela egunero jantokian. Hortaz, funtsezkoa da gizarteko geruza batzuek otordu oparo eta osasungarri bat egingo duela bermatzea”. Haur askorentzat, eskolako jantokian jaten dutena da eguneko otordu orekatu bakarra.
Noiz sartuko da indarrean?
Espainiako Estatuko ikastetxe guztiei eragingo die neurriak eta 2025-2026 ikasturtean hasiak dira ezartzen, Ministeriotik azaldu dutenez: “Ikasturte honetan aldatu egin behar lituzkete baldintzen pleguak alderdirik funtsezkoenak indarrean sartu daitezen menuak aldatzeari ekiteko, batez ere osasunean eragin gehien duten alderdiak. Heldu den ikasturtean indarrean sartuko dira sasoiko elikagaiei eta ekologikoei loturiko kontuak. Ikastetxeek, beraz, badute denbora oraindik ere. Ministeriotik ulertzen dute zentzuzko denbora tarte bat utzi behar dela ikastetxeak eta zerbitzua eskaintzen duten enpresak aldaketetara egokitu daitezen: “Iruditzen zaigu badagoela nahiko denbora eta, gainera, lehenago sartuko diren funtsezko alderdiak dira ezartzen errazenak”.
- Zereal eta patatatik datozen karbohidrato gehiegi, eta, aldiz, lekale gutxi.
- Berdurak: gutxi, pure eginda edo guarnizio gisa (platerean gelditzen dira).
- Arrautza gutxi.
- Aurrekozinatu gehiegi: kroketak, flamenkitoak, sanjakoboak eta patata frijitu izoztuak.
- Haragi gorri gehiegi.
- Fruta gutxi eta beti berdina (bananak, sagarrak eta udareak).
- Esnezko postre azukretsuak.
- Arrain urdin gutxi, sardinen edo amuarrainaren erakoak.
Osasunetik harago
Dekretuak ez du aipatzen zuzenki osasunean duen eragina bakarrik, zeharka dituen beste onura batzuk ere naba rmentzen ditu, adibidez jasangarritasuna, sasoian sasoikoa jatea eta hurbiltasuna: eskaintzen diren fruta eta barazkien %45ek, gutxienez, hurbilekoak izan beharko dute. Horrek eskatuko du planifikazioa berriz pentsatzea eta gertuko ekoizleekin kanalak irekitzea. Horrela, 2026-2027 ikasturtean plana ezarrita eduki beharko dute autonomia erkidego guztietako ikastetxeek. Ministeriotik ez dute uste arazorik izango denik, arauak adostasun handia lortu baitu: “Zentzuzko gauzak direla iruditzen zaigu eta, gainera, AEASAN erakundearen gomendioetan oinarrituta daude, eta aldi berean, gainera, bat egiten dute erkidegoetako agentzia eta erakunde askok ezarri dutenarekin. Autonomia erkidego horietako asko egiten ari direnaren ildoan doa guztia”.
Dekretua egiteko, gainera, hainbat proiektu bisitatu dituzte, lehendik hainbat aldaketa eginak dituztenak eredu askoz ere osasungarriagoak eta jasangarriagoak eskaintzeko, adibidez Ecocomedores Kanarietan, Horta Cuina Valentziako Erkidegoan eta Menjadors Ecològics Katalunian. “Alderdi desberdinek gobernatzen dituzten erkidegoak dira, argi baitago ez dela kontu ideologikoa”, adierazi dute. Gainera, ez da ezartzen elikatzeko eredu bat, gutxieneko irizpide batzuk baizik. “Hortik aurrera erabateko askatasuna eta malgutasuna dute beren ereduak lantzen jarraitzeko. Osasun publikoari loturiko edozein alderdirekin gertatzen den bezala, ez du zentzurik desberdintasunak egotea kokalekuaren edo titulartasunaren arabera. Inork baino lehen, erakundeek ohartu behar dute zer-nolako garrantzia duen elikadurak, zer-nolako eragina duen osasunean eta ingurumenean”, nabarmendu dute Ministeriotik.

Behin betiko irtenbidea al da?
Araua lantzen aritu direnen esanetan, gutxieneko batzuk finkatzeak lagundu egiten du araua ezartzen, baina denak ez daude ados. Nani Moreren iritziz (Menjadors Ecològics proiektuaren arduraduna da), aukera galdu bat da: “Eskertzen dugu araudi bat egotea, oinarritzat balio duelako lan egiteko eta bateratu egiten duelako autonomia erkidego guztietan zegoen desberdintasuna. Arazoa da gutxienekoetan gelditu dela oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigun hainbat gauzatan”. Menjadors Ecològics proiektuak aholkularitza eskaintzen die eskoletako jantokiei orain dela 12 urtetik, menuak osagai ekologikoekin landu ditzaten eta osasungarriak, sasoikoak eta hurbilekoak izan daitezen. “Errege dekretuan parte duten ia guztiak nutrizioaren arlokoak dira, eta uste dugu begiratuak zabalagoa izan behar duela: pentsatu egin behar da, halaber, zer ekoizten dugun, nondik ateratzen dugun, ordaindu dezakegun eta kozinatu dezakegun”, nabarmendu du Morek.
Anbizioa falta izan dela uste dute: “Produktu freskoa bakarrik aipatzen da, baina berdura guztiak Marokotik ekar daitezke eta lekaleak Mexikotik. Hurbilekoaren alde ez egitea gauza bat da, baina Espainian ekoitzitakoen alde ere ez da egiten”, adierazi du Nani Morek. Antzera gertatzen da sasoian sasoikoaren kontzeptuarekin ere, zeinari %45eko portzentajea eman zaion: “Zergatik ez %100ekoa? Bi urtean [araua ezartzeko jarri den tartea] baduzu denbora munduko berdura guztiak landatzeko. Badira jantoki batzuk urteak daramatzatenak %100ekoarekin funtzionatzen eta Espainian badago aski gaitasun ekoizpen hori bermatzeko”, erantsi du adituak.
Moreren beldurra da dekretuak ezarri dituen gutxienekoak aitzakia gisa erabiliko dituztela helburu handiagoetarantz ez joateko: “Katalunian oso lan ona egin dute Osasun Agentziatik eta ikastetxe batzuek landare jatorriko proteina eskaintzen ari dira astean bitan. Orain atzera egingo dute eta bakarra jarriko dute [dekretuak dio astean behin eman behar dutela gutxienez eta bost aldiz gehienez]. Eskola komunitate gehienek nahiago dute haragia eta murriztu egingo dute landare jatorriko proteina astean behingora, ez delako nahitaezkoa”, azaldu du adituak.
“Ezarri diren arauekin, kostua ez litzateke garestitu behar”, onartu du Nani Morek, Menjadors Ecològics proiektuko arduradunak. Aditu horren esanetan, elikagaien kalitateak ez luke eraginik izan behar kostuan: “Ez da prezio kontua, kudeaketa kontua baizik”. Hortaz, prezioek lehengo berak izan behar lukete. Baina zein dira?
Administrazio publikoek ezartzen dute menuaren gehienezko prezioa eta alde handiak daude erkidegoen artean. Ikasleen Guraso Elkarteen Espainiako Konfederazioak emandako datuen arabera, zeinak Bankinter-ek eguneratu egin dituen 2024-2025 ikasturterako, Andaluzian familia bati 5,54 euro kostatzen zaio zerbitzua eskola publikoan (aurreko ikasturtean baino %11,2 gehiago); Madrilen 5,50 euroan dago (%12,7 gehiago) eta Katalunian 7,25 euroan batez beste (%5 gehiago). Prezio horiek beti ez dute islatzen zerbitzuaren benetako kostua, sarritan Administrazioek bere gain hartzen baitute zati bat. Prezio horietan sartuta egoten dira, gainera, begiraleak eta sukaldeko zerbitzua.
Dekretu berriarekin ez da ezer aldatuko, araudi horretan ez baita preziorik zehazten. Prezioa autonomia erkidegoen eta ikastetxeen esku egongo da gero ere.