Argaltzeko zentroak: 110 aztertu ditugu Espainiako Estatuko 18 hiritan

Zentroen erdiek 'produktu izarretan' oinarritutako dieta-tratamenduak gomendatzen dituzte

Dietaren inguruko kontsulta horietan ari diren lau profesionaletatik batek ez dauka formazio kualifikaturik
1 ekaina de 2011
Img tema listado 170

Zentroen erdiek 'produktu izarretan' oinarritutako dieta-tratamenduak gomendatzen dituzte

/imgs/20110601/tema1.jpg
Uda hurbiltzearekin batera, bainujantziaren bila hasten dira asko eta asko. Soinean jantzi, eta aurreko urtean baino estuxeago sumatzen duenik ere bada, eta ez da izaten urak hartu duelako, jakina. Okerreko elikadurak eta bizimodu sedentarioak bere arrastoa uzten dute gorputzean. Hain zuzen, 18 urtetik gorako espainiarren % 37k pisu gehiegia daukate, eta % 17 gizenak daude (INEk emandako azken datuak dira). Kiloak ohartu gabe itsasten dira, baina ederki kostatzen da gainetik kentzea; hortxe hasten da argaltzeko zentro askoren negozioa, mirarizko irtenbideak eskainiz ahaleginik egin gabe argaltzeko. Askotan, ordea, arriskuan jartzen dute bezeroaren osasuna… eta sakela.

Zentro horiek tratamendu osasungarriak eta eraginkorrak eskaintzen dituzten egiaztatzeko, bertako langileak behar bezala prestatuak dauden jakiteko, eta osasun-berme onak ematen dituzte ikusteko, EROSKI CONSUMERek 110 zentro bisitatu ditu maiatzean, Espainiako Estatuko 18 hiritan. Aldizkariaren teknikariak bezero gisa aurkeztu dira zentro horietan, eta argaltzeko nahia adiezari dute; aitzakia horrekin, 10 zentro aztertu dituzte Bartzelonan eta Madrilen; 7 Bilbon, Valentzian, Malagan, Sevillan eta Zaragozan; eta 5 A Coruñan, Alacanten, Donostian, Gasteizen, Granadan, Iruñean, Kordoban, Murtzian, Oviedon, Santanderren eta Valladoliden. Azterketan parte hartu duten 18 teknikarietatik, 1. mailako pisu gehiegia eduki dute zortzik, 2. mailakoa lauk, beste lauk gizentasun arina, eta azken biek neurriko gizentasuna (2. mailakoa).

Erdiek baino gehiagok ez dute gainditu azterketa

/imgs/20110601/tema2.jpg
Zentroen azterketa egiteko, dietetika eta nutrizio arloko adituek landutako jarraibide batzuk erabili dituzte teknikariek. Irizpide horiei esker, teknikariek jakin ahal izan dute zer zentrok eskaintzen duten modu eraginkor eta errealistan argaltzeko tratamendua, eta, batez ere, modu osasungarrian. Honako alderdi hauei erreparatu diete teknikariek: pisu gehiegiaren arazoa identifikatzeko urratsak egokiak izan diren; tratamenduaren azalpena nolakoa izan den (produktu izarretan oinarritua izan den edo programa pertsonalizatua izan den, dieta eta ariketa fisikoa uztartzen dituena); zer-nolako eraginkortasuna eduki duen; eta zentroko langileek nolako profesionaltasuna eta arreta erakutsi duten. 110 zentro horiek bisitatu ondoren, guztiek gauza bera agintzen dutela esan liteke: bezeroak pisua galduko duela (batzuetan, erritmo ez batere osasungarrian). Bisitatu ditugun zentroen erdiek baino zertxobait gehiagok (% 55ek) ez dute gainditu azterketa. Duela lau urte ere antzeko ikerketa bat egin genuen, eta orduko hartan, % 64 geratu ziren gainditu gabe. Gainerako zentroen artetik, emaitza ‘onargarria’ baino ez dute atera % 34k, eta ‘ona’ lortu dute, berriz, % 11k. Emaitza aski apalak dira, eta zer pentsatua ematen du, azterketa gainditu ez dutenen % 38k emaitza ‘txarra’ edo ‘oso txarra’ eskuratu izanak. Duela lau urtetik, dena den, hobera egin du egoerak, orduan % 84k atera baitzituzten emaitza txar horiek.

Emaitzak atalka aztertuta ere, ildo beretik doaz ondorioak: profesionaltasunean eta bezeroari eskaintzen dioten arretan soilik lortu dituzte emaitza txukun samarrak (‘ona’ bietan ere). Aldiz, emaitza kaskarrak atera dituzte bai pisu gehiegiaren arazoa identifikatzeari dagokion atalean (‘onargarria’ baino ez, 2007an bezala), bai tratamendua azaltzeari eta zehazteari dagokion atalean ere (emaitza ‘txarra’ aurten, eta ‘oso txarra’ 2007an). Hona hemen adibide batzuk: zentroen % 80k ez dute egoki identifikatu pisu gehiegiaren arazoa, eta ia erdiek, produktu izarretan soilik oinarritzen dute argaltzeko tratamendua.

Hiriz hiriko emaitzei erreparatuta, honako hiri hauek lortu dituzte emaitzarik onenak: A Coruña, Granada, Kordoba, Malaga, Oviedo, Santander eta Zaragoza, nahiz eta guztiek ere maila ‘onargarria’ baino ez duten eman. Bartzelona, Bilbo, Donostia, Iruñea, Madril, Sevilla, Valentzia eta Valladolid, berriz, azterketa gainditu ezinik geratu dira (‘hala-holako’ emaitza atera dute), eta Alacant, Murtzia eta Gasteiz are okerrago ibili dira: emaitza ‘txarra’ eskuratu dute. Emaitza orokorra aski apala izan da (‘hala-holakoa), baina, halere, orain lau urteko baino hobea, orduan ‘txarra’ izan baitzen. Dena den, bada zer hobetua.

Beharrezkoa da pisua galtzea?

Pisu gehiegiaren arazoa ongi identifikatu gabe, deus gutxirako balio du bezeroari argaltzeko tratamendu bat edo bestea jartzeak. Bisitatu ditugun zentroek ez dute azterketa gainditu arazoa identifikatzeari dagokion atalean (‘hala-hokako’ emaitza atera dute): zentroen % 44k ez dituzte behar bezala neurtzen identifikatze-parametroak. Beraz, arazoa zer-nolakoa den jakin gabe, nola eskain ditzakete tratamenduak? EROSKI CONSUMERek aztertu dituenetatik, % 20k soilik identifikatu dute modu egokian pisu gehiegiaren arazoa.

Antzeman ditugun gabezien artean, honako hauek izan dira azpimarragarrienak: aztertutako 110 zentroetatik, % 28tan soilik egin diete azterketa fisikoa bezeroari, eta berriki odol-analisirik egin duten edo ez jakin nahi izan dutenak % 66 izan dira; bi alderdi horiek funtsezkoak dira diagnostiko egokia egiteko. Bezeroaren beraren edo familiaren aurrekariak ikertzea ere garrantzitsua izaten da, baina % 42k soilik galdetu diete bezeroei hiru aurrekari edo gehiagoren inguruan, eta botika edo sendagairik hartzen ari diren ere, 110 zentroetatik 66tan baino ez dute galdetu (funtsezko alderdia da hori ere, zenbaitetan tratamendua bera eta haren nahi gabeko ondorioak baldintzatu ditzakeena).

Miaketa fisikoa egin ondoren, azterketa antropometrikoa egin behar izaten da, eta horren bidez jakiten da bezeroak kiloak soberan dauzkan edo ez, eta zenbat gantz eta nola banatuta daukan. Azterketa honetan parte hartu duten zentroen % 16k ez dute egin azterketa antropometrikoa.

Egiaz komeni zait argaltzea?
  • Ez dira gauza bera argaldu nahi izatea eta argaldu behar izatea; alde handia dago bi egoera horien artean. Argaltzekotan, pisu gehiegiak osasunari eragiten dionean argaldu behar da, eta ez arrazoi estetikoengatik.
  • Hauxe da funtsezkoena: elikadura arloan aditua den profesional baten eskuetan jartzea; ez da egin behar dietarik norbere kontura eta, zer esanik ez, ez da hartu behar pastilla miragarririk. Produktu izarretan oinarritzen diren tratamenduek norbera motibaziorik gabe uzteko baino ez dute balio; izan ere, emaitza handiak agintzen dituzte (beti ahaleginik gabe), eta iristen ez direnez, konfiantzarik eza eta ezinegona eragiten dute.
  • Nola jakin kiloak soberan ditugun edo ez? Gorputz Masaren Indizea (GMI) da erreferentziarik erabiliena pisuaren muga non dagoen jakiteko. 25 urtetik gorako helduentzat soilik balio du. Honako formula hau erabili behar da:
GMI (Kg/m2) = PISUA (Kg) / [LUZERA (m) x LUZERA (m)]
GMI Emaitzak
< 18,5 Pisu gutxiegi
18,5 – 24,9 Pisu egokia (normopisua)
25,0 – 26,9 Pisu gehiegia, I mailakoa
27,0 – 29,9 Pisu gehiegia, II mailakoa (gizentasunaren atarikoa)
30,0 – 34,9 Gizentasuna, I motakoa (arina)
35,0 – 39,9 Gizentasuna, II motakoa (neurrikoa)
40,0 – 49,9 Gizentasuna, III motakoa (morbidoa)
> 50 Gizentasuna, IV motakoa (muturrekoa)

Emaitzen arabera, pisu egokiaren gainetik bagaude, aztertu egin beharko dugu kontsulta dietetiko batera joan edo ez, elikadura-ohiturak hobetze aldera, eta, horrez gain, ariketa fisiko gehiago egiteko aukera ere aztertu beharko dugu. Aldiz, gure pisua behar baino txikiagoa bada edo egokia bada, baina gorputzeko zenbait atal moldatu nahi baditugu (ipurmasailak, aldakak, eta abar) ariketa fisikoa egiten has gaitezke, eta atal jakin horiek lantzeko tratamendu estetikoak hartzen, zeinak lagun baikaitzakete gure gorputza moldatzen; halakoetan, sekula ez da egin behar argaltzeko dietarik.

'Produktu izarrak': tratamenduetan nagusi

/imgs/20110601/tema5.jpg
Argaltzeko zentro horietara joaten den bezeroak, behin proba guztiak eginda, tratmendu dietetikoa nolakoa den azal diezaiotela nahi izaten du, xehe-xehe. EROSKI CONSUMERen teknikariek egiaztatu dutenez, profesionalen % 36k informazio onargarria eskaini dute bezeroak aukeran dituen tratamenduen inguruan. Azpimarratzekoa da, tratamenduei dagokienez, produktu izarretan oinarritzen direnak erabiltzen dituztela zentroen % 47k, eta hori desegokitzat jo dugu gure azterketan, ez dutelako balio elikadura-ohitura egokiak erakusteko, ez eta argaltzeko joerari epe luzean eusteko ere. Halaxe jokatu dute Bartzelonako zazpi zentrok, Bilbo eta Sevillako bostek, Madril, Alacant, Zaragoza, Murtzia eta Valentziako lauk; Donostia eta Valladolideko hiruk; A Coruña, Santander, Gasteiz, Granada eta Malagako bik, eta Iruñeko eta Oviedoko batek. Kordoba izan da halako tratamendurik erabiltzen ez duen hiri bakarra, eta kabinako saiorik ere ez dute gomendatu.

Tratamenduaren iraupenari dagokionez ere, emaitzak ez dira batere onak: osasun arloko profesionalek esaten dutenari jarraiki, hasieran jarritako helburua lortu arte iraun behar luke tratamenduak. Guk aztertu ditugun zentroetan, ordea, % 55ek soilik betetzen dute arau hori; gainerakoek, data jakin bat ezartzen dute (% 22k), edo bezeroaren esku uzten dute epea jartzea (% 23k).

Zentroen % 26ak bakarrik
identifikatu du ongi
gehiegizko pisuaren jatorria

Tratamendua osasungarria bada, astean 0,5-1 kilo galtzea izaten da erritmo egokia, hilean hiru eta lau kilo artean (halaxe gomendatzen dute aztertu ditugun zentroen % 89k). Ez da komeni astean kilo bat baino gehiago galtzea, eta, beraz, tratamenduaren iraupenak kontuan hartu behar du osasun-irizpide hori.

Berariazko prestakuntzarik gabeko profesionalak

Edozeinek ez du gaitasunik elikadura arloko balorazioak eta dieta-gomendioak egiteko. Medikuek soilik egin ditzakete (endokrinoek edo nutrizio arloko espezialistek), edo, bestela, dietetika arloko diplomadunek edo goi mailako teknikariek. Atal horretan, emaitza egokia lortu dute zentroek (‘ona’ aurten, eta orain lau urte, ‘onargarria’): behar bezalako prestakuntzarik eduki ez duten profesionalak, lau zentrotatik batean soilik aurkitu ditugu.

Bezeroari eskaintzen dioten arretari dagokionez, ia ez da izan kexarik atal horretan. Zentroen % 5etan soilik izan da tratua ‘hala-holakoa’ (Murtzian eta Alacanten aztertu ditugun ia erdietan), eta Murtziako beste batean, ‘oso txarra’.

Argaltzearen prezioa eta konparaketako taula

Aztertu ditugun lau zentrotatik hirutan, doakoa izan da lehen kontsulta, eta ordaindu behar izan denetan, 35 eurokoa izan da batez besteko prezioa.

Tratamenduari dagokionez, zenbait zentrotan, osorik ordaindu behar izaten da hasieratik (hirutik batean baino gehiagotan), eta beste batzuek, bisita bakoitzeko kobratzen dute (hirutik ia bitan, guk aztertu ditugunen % 63tan, alegia). Tratamendua osorik ordaindu behar denetan, 1.437 eurokoa izan da batez besteko prezioa (2007an baino % 3 gehiago; KPIa % 11 igo da tarte horretan). Batez besteko horren gainetik ibili dira Zaragozan, Donostian, Sevillan, Gasteizen, Bilbon, Valladoliden eta Alicanten bisitatu ditugunak (1.629 euroren eta 3.235 euroren artean). Bestalde, batez besteko prezioaren azpitik ibili dira Granadan (444 euro, batez beste), Malagan (590 euro), A Coruñan (738), Valentzian (792 euro), Santanderren (930 euro baino zertxobait gutxiago), Oviedon, Iruñean, Bartzelonan (azken hiru horiek, 1.000 euroren inguruan ibili dira), Murtzian (1.295 euro) eta Madrilen (1.382 euro). Kontsulta bakoitzaren edo saltzen dituzten produktuen truke kobratzen duten zentroetan tratamenduak zer prezio izango lukeen kalkulatzeko, hilabete batean egindako bisitak eta erositako produktuak hartu dira oinarritzat: hilean, batez beste, 78 euro aterako litzateke (2007an halako bi ia).

Argaltzeko zentro on bat hautatzeko

Aukeratu dugun kontsulta dietetikoa konfiantzazkoa den edo ez jakiteko, zenbait alderdiri erreparatu behar zaie:

Bezeroari zerbitzua ematera etorri den profesionalak fitxa bat bete behar du, eta honako datuak bildu:

  • Datu orokorrak: adina, pisua, neurria eta kontsultara joateko arrazoia
  • Historia klinikoa eta miaketa fisikoa
  • Bizi-estiloa eta gisako datuak
  • Historia dietetikoa (pisua galtzeko beste tratamenduak, gorabeherak…)

Azkenik, norberaren kasuari egokitzen zaion dieta aurkeztu behar digute, mantenugaietan orekatua (ezin da falta izan elikagai oinarrizko bat ere: esnekiak, laboreak, fekulak -patata- eta lekaleak, haragia, arrainak, arrautza eta haren eratorriak, berdurak eta frutak, eta gantz erantsiak); dietak ezin du eduki elikadura-gabeziarik, eta astean kilo bat inguru galtzeko pentsatua egon behar du, nahiz eta galera-erritmoa aldatu egin daitekeen pertsona batetik bestera; gainera, jarraipena ere egin behar zaio dietari, behin argaldu ondoren, berriz ez gizentzeko. Kontu handia eduki behar da beren produktu izarrak saltzea beste helbururik ez duten zentroekin; askotan ez dute behar bezala identifikatzen pisu gehiegiaren arazoa, eta eskaintzen duten tratamendua ez da izaten batere osasungarria.