Arrosa-landaketak: paisaiarik inpresionistena
Kolore biziko hainbat puntu, plastikozko oihal batek babestuta, hango berotan haz daitezen. Paisaia inpresionista hori ageri da te-arrosak landatzen dituzten eremuetan. Arrosen familiako espezie hibridoa da horrako hori, eta lurrin bizi-bizia dauka.
Berotegietan landatu eta bildu
Berotegietan landatzen dira arrosak. Era horretan lortzen da eremu txikian ahalik eta ekoizpen handiena ateratzea, eta tenperatura eta hezetasuna kontrolatzea. Lehen zazpi edo zortzi hilabeteetan, lurrean sustraitzen da landarea, edo substratu hidroponikotan. Landare bakoitzetik, arrosa bat eta sei arrosa artean atera daitezke, eta urtean lautan ematen dute lorea berotegian. Udaberri hasieran hasten dira loreak biltzen, eta udazken amaieran bukatzen dute; negua, berriz, inausteko erabiltzen dute, horixe da-eta garairik onena. Egunsentian edo arratsaldeko azken orduan, berotegiko korridoreetan barrena joaten da ekoizlea, ohiko guraizeak eskuan, alerik ederrenak mozteko prest. Zurtoinik luzeenak dituzten arrosak maite ditu jendeak. Arrosa gehiegi ireki bada, berriz, ezingo da saldu, ez banaka, ez sorta batean; haren hostoak bai, erabil daitezke, lore-apaingarriak egiteko.
Izurriteei aurrea hartu
Arrosa-landaketak emaitza ona emateko, erabat kontrolatu behar dira lurraren pH-a, ureztatzea, ongarri kopurua, eta tenperatura eta hezetasuna; horrez gain, beharrezkoa da izurriterik ez izatea. Arrosen etsairik ohikoenak zerrendatzen hasita, honako hauek nabarmendu behar dira: intsektu ñimiño hegaldunak, oidioa edo zurina (landarea lehortzen duen onddo bizkarroi bat da, sufrez desagerrarazten dena), landare-zorria eta armiarma gorria (akaro aseezina da, landare-izerdiz elikatzen dena, eta lupa batekin soilik ikus daiteke). Izurriteak ager ez daitezen, prebentzioa da neurririk onena: belar txarrak kendu, banda itsasgarriak jarri, eta abar.
Berotegitik etxera
Arrosa asko inportatzen dira Herbehereetatik, Kolonbiatik eta Ekuadortik, esaterako, baina Espainiako Estatuan ere asko landatzen dituzte, eta, zenbaitetan, bildu eta berehala eskura daitezke. Zurtoinak berdindu, eta berotegian bertan sailkatzen eta babesten dituzte. Jarraian, biltegietara eramaten dituzte, beste banatzaileei saltzeko edo inguruko loradendei zuzenean. Mota askotakoak arrosak izaten dira salgai, eta kolore harrigarriak dituzten hibridoak ere aurki litezke maiz.