Ura, oloa eta askoz gehiago
Edari begetalak aspaldi samar agertu ziren supermerkatuetan, eta nonahi aurki daitezke egun. Lehenik sojaz eginak agertu ziren eta gutxika-gutxika beste aukera batzuk etorri ziren atzetik, oloz egindakoak adibidez. Oso produktu sinpleak direla dirudi, baina marka batzuek berezitasun aipagarriak dituzte, eta horien berri eduki beharra dago gure beharrizanen arabera aukeratzeko.
Nola egiten dituzte?
Norbaitek uste izango du olo malutak uretan birrinduz egiten direla edari horiek, etxean egingo genukeen bezala. Baina horrela egingo balira, produktua trinkoagoa izango litzateke eta ez hain homogeneoa. Horregatik, prestakin komertzialetan, oloa eho egiten da eta urarekin nahasi proportzio jakinetan, eta ondoren entzimak eransten edo aktibatzen zaizkie oloaren almidoiak apurtu eta azukre bihur daitezen, adibidez maltosa eta glukosa. Horrela lortzen da produktua ez dadin izan hain trinkoa, zapore gozoagoa eduki dezan eta almidoiaren digestioa errazagoa izan dadin. Azkenik, iragazi egiten dituzte eta, aztertu ditugun markarik gehienetan, bestelako osagai batzuk eransten dizkiete, adibidez egonkortzaileak, olioak, gatza, zuntz begetalak, bitaminak, mineralak…
Erosketa gida hau egiteko, oloz egindako edariak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute azukreak eta kaloriek.
- Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat olo duten eta nolako osagaiak erantsi dizkioten jakiteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2026ko urtarrilean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Bi osagai baino gehiago
Produktu horiek ura eta oloa izaten dituzte funtsean. Horixe gertatzen da Vegetánea, Veritas eta Eroski etxeetakoekin. Baina gainerako markek beste osagai batzuk ere badituzte erantsita. Olo gehien dutenak Ecocesta (%16), Eroski (%15) eta Vegetánea dira (%15). Beste muturrean, Oatly (%10), ViveSoy azukre gabea (%9) eta Santal daude (%8). Hau da, olo gehien duen produktuak gutxien duenak halako bi dauka. Horrek esan nahi du oloz egindako edari basokada batek lau eta zortzi koilarakada artean duela oloa, markaren arabera.
Uraz eta oloaz gain, edari horietako lauren formulazioan landare jatorriko olioren bat ageri da. Ekilorearena dute hiruk (Alpro, ViveSoy eta Ecocesta). Yospy etxekoak, bestalde, nabinarena darabil, aurrekoa baino hobea, gantz monosaturatugabe ugari izaten duelako eta saturatu gutxi. Produktu horietan, testura hobetzeko erabiltzen da olioa: edariak gorputz gehiago izaten du eta errazago eratzen zaio aparra. Horrexegatik erabiltzen du Yosoy etxekoak, zeinak aparra egiteko jarraibideak ematen dituen ontzian.
Aztertu ditugun edari guztiei gatza eransten diete zaporea indartzeko, hiruri izan ezik (Vegetánea, Veritas eta Eroski). Nolanahi ere, oso kopuru txikietan erabiltzen da eta, beraz, ondorio urria du osasunean. Santal etxekoak du gatz gehien, %0,16 (produktu batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25etik aurrera).

Edari horiei buruz hitz egiten dugunean, saihetsezina da esnearekin alderatzea, askotan modu berdintsuan hartzen direlako: gosaritan, kafearekin… Baina oso produktu desberdinak dira. Gantzen eta proteinen osaera kualitatiboa desberdina da. Edari begetala arinagoa da eta energia gutxiago ematen du, baina baita mantenugai gutxiago ere.

Aberastuta al daude?
Esnearen ordezko gisa erabiltzen dira oloz egindako edariak. Horregatik, beste mantenugai batzuk ere eransten dizkiete batzuei, adibidez kaltzioa eta B12 bitamina, zeina ia ez den agertzen landare jatorriko elikagaietan. Hori lagungarria izan daiteke nutrizio arloko gabeziak saihesteko animalia jatorriko elikagairik hartzen ez duten pertsonetan. Hiru edari aberastuta daude: ViveSoy, Alpro eta Santal. Kaltzioa eta D bitamina dauzkate guztiek, eta bestelako mantenugai batzuk ere bai bakoitzak. Alprok iodoa eta B2 eta B9 bitaminak ditu erantsita; ViveSoyk B12 bitamina, eta Santal etxekoak fosforoa eta A, B1, B3, B6, B9, E eta C bitaminak.
Ba al dute azukrerik?
Aztertu ditugun edariek ez daukate azukre erantsirik, nahiz eta azukrea baduten gehienek, olotik datorrena. Almidoiaren hidrolisiaren bidez lortzen da hori, zeinak azukrea eratzen duen eta gozotasuna ematen. Elaborazio prozesuan, oloa birrintzen denean, azukre horiek libre erakoak bihurtzen dira, eta horiek saihestu egin behar dira ahal den neurrian; elaborazio prozesuaren arabera, alde handiak daude batzuetatik besteetara: gehien dutenak (Vegetánea, Veritas, ViveSoy eta Eroski) %6,6 eta %5 artean dabiltza. Gutxien dutenak, berriz, Alpro (%3,1) eta Santal dira (%1,7), eta hori zuzenki loturik dago olo kopuruari. ViveSoy azukre gabea da salbuespena, ez baitu azukrerik. Almidoiaren hidrolisia saihestuz lortzen da hori, zeina entzimek gauzatzen duten.
Produktu batzuei zuntz begetala eransten diete egonkorragoak izan daitezen eta zapore gozoa emateko ere bai, adibidez Alpro etxekoari, zeinak txikoria zuntza duen.

Proteinak eta gantzak
Proteina proportzioa %1,6aren (Veritas) eta %0,6aren artean dabil (Santal). Hau da, nahiko kopuru eskasa ematen dute guztiek ere eta ez hain osatua esnearekin eta sojazko edariarekin alderatuta, lisina gutxiago daukatelako; aminoazido esentzial bat da, eta gorputzak haren beharra du proteinak modu eraginkorrean eratzeko.
Gantzari dagokionez, %0,7 inguruan dabiltza. Olioa daramatenek gehiago ematen dute: Yosoy (%3,2), Alpro (%1,5), ViveSoy azukre gabea (%1,2) eta Ecocesta (%1). Kontuan izan behar da edari horiek hartzen ditugunean edalontzi bat betetzen dugula (250 ml), eta ondorioz, batzuek gantz dezente ematen dute, Yosoy etxekoak adibidez (8 gramo; bi koilarakadatxo izango lirateke, asko samar). Atzetik datoz Alpro (3,75 g), ViveSoy azukre gabea (3 g) eta Ecocesta (2,5 g). Gainerakoetan, gantz kopurua 1,75 gramokoa da edalontzi batean. Kontuan izan behar da produktu gehienetan olioetatik heldu dela gantz hori, eta ez direla oso interesgarriak nutrizioaren ikuspegitik; horixe gertatzen da ekilore olioarekin esaterako, zeinak funtzio teknologikoa duen nagusiki: testura hobetzea.
- Oloa. Zenbat eta gehiago, hainbat hobeto. Olo gehiago izateak azukre libre gehiago izatea ere ekar dezake, eta beraz, nutrizio arloko informazioa aztertzea komeni da.
- Azukreak. Gehienek azukre libreak dituzte, almidoiaren hidrolisitik datozenak. Hobe da gutxien daukatenak hautatzea, eta olo gehien dutenei ematea lehentasuna.
- Olioa. Edari krematsuagoa maite badugu, olioa dutenak aukeratu ditzakegu, betiere nutrizio profil onena dutenei lehentasuna emanda: hobe nabina olioa duena ekilore olioa duena baino. Baina kantitatea ere kontuan hartu behar da, asko samar eduki dezakete eta: 7,5 gramo edalontziak. Lehentasuna osasunari ematen badiogu, hobe da oliorik ez dutenak hautatzea.
- Bitaminak eta mineralak. Aberastuta daudenak interesgarriak izan daitezke dieta begetarianoak edo beganoak egiten dituztenentzat, kaltzioa eta D eta B12 bitaminak ematen dituzte eta.
- Prezioa. Komeni da alderatzea, desberdintasun handiak egon litezke-eta osagai berdintsuak dituztenen artean ere.
Kaloriak eta Nutri-Score
Mantenugai askorik ez dutenez, kaloriak ere ez dituzte asko ematen. Guztiak ere 65 kcal-en azpitik dabiltza 100 ml bakoitzeko. Yosoy (62 kcal) eta Ecocesta nabarmentzen dira (51 kcal), gantz gehiago dutenak biak ere, eta Vegetánea (51 kcl), azukreak eraginda. Errazio bakoitzak zenbat kaloria ematen duen aztertuz gero (250 ml-ko edalontzi batek), Yosoy etxekoak 155 kcal ematen ditu, eta ondotik datoz Vegetánea eta Ecocesta, 127 kcal-ekin bakoitza. Esne osoaren basokada batek ematen duenaren parekoa da hori (162 kcl) edo erdigaingabetuaren basokada batek (113 kcal).
Nutri-Score sistemari dagokionez, gehienek C edo D letra lortzen dute, batez ere azukre libreak dituztelako eta proteina eta zuntz gutxi ematen dutelako.
Kalitate-prezioak
Edari gehienen prezioa 1,85 euro eta 1,95 euro artekoa da. Badira, dena den, garestiagoak ere: Alpro (1,99 euro) eta Oatly esaterako (2,55 euro), eta badira merkeagoak ere: Eroski (0,95 euro), Santal (1,39 euro) eta Vegetánea (1,6 euro). Horrela, garestienak (Oatly) ia hiru aldiz gehiago balio du merkeenak baino (Eroski), eta ez dirudi osaerak baldintzatzen duenik alde hori, bietan ia osagai berdinak erabiltzen dira eta. Are gehiago: Eroski etxekoak olo gehiago dauka (%15 honek, eta %10 hark). Izan liteke Oatly etxekoa Suediatik inportatzen dutelako eta, gainera, olo ekologikoa duelako (horrek garestitu egiten du produktua). Zigilu hori eramatea eta olioa edukitzea izan litezke arrazoi nagusiak gainerako produktuak garestiagoak izateko.

Esan liteke bi multzo handi daudela produktu hauetan:
- Oloz eta urez bakarrik eginak daudenak, adibidez Vegetánea, Veritas eta Eroski. Oatly etxekoa ere hor sar dezakegu, zeinak gatza ere baduen gainera.
- Osagai gehigarriak dituztenak. Olioa nabarmentzen da hor (Yosoy, Alpro, ViveSoy azukre gabea, Ecocesta) eta mikromantenugaiak dituztenak, hau da, bitaminak eta mineralak (Alpro, Santal eta ViveSoy etxeko produktuak).
Gure gustuen eta beharrizanen araberakoa izango da hautua. Sinplea den zerbait nahi badugu eta etxean egindako edari baten antzeko zerbait, lehen multzoko produktuen artean hauta dezakegu, urez eta oloz bakarrik eginak daudenak. Horien artean, Eroski etxekoa da hauturik onena.
Edariak testura hobea izatea nahi badugu eta aparra ere egin dadila, hobe litzateke olioa dutenak aukeratzea. Horien artean, ViveSoy azukre gabea da onena, zeinak ez duen azukrerik, eta hori hobea da beti. Eta bitaminekin eta mineralekin aberastuta dagoen produktu baten bila bagabiltza, orduan ere horixe bera izango litzateke onena.
Aztertu ditugun alderdi guztiak kontuan hartuz gero, Eroski etxekoa litzateke aukerarik onena, eta atzetik letozke ViveSoy azukre gabea eta Vegetánea.