Haurrentzako elikagaiak
Haurrentzako elikagaien korridorea gero eta luzeagoa eta korapilatsuagoa da, eta ohikoa izaten da gurasoek produktuen zorroetan agertzen diren mezuei jarraituz erostea. Azken batean, beti nahi dugu onena gure seme-alabentzat. Baina egiaz al da onena? Eskaintzen dizkiguten aukerak bat al datoz pediatrek, nutrizionistek eta osasun arloko agintariek garai berezi horretako elikadurari buruz esaten dutenarekin? Berrikitan egin den ikerlan bati esker, badugu galdera horren erantzuna, eta aski kezkagarria da: Espainiako Estatuan haurrentzat merkaturatzen diren produktuen %20k bakarrik betetzen dituzte Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezartzen dituen nutrizio irizpideak.
‘Infantbase’ proiektua
Gaur egun bularreko haurrentzat eta adin txikiko umeentzat saltzen diren produktuek egiaz zer daramaten jakin dezakegu Baby & Toddler Food Composition Database–InfantBase datu baseari esker. Nancy Babiok koordinatzen du proiektua, Rovira i Virgili Unibertsitateko ikertzaileak (Giza Nutrizioaren Unitatean aritzen da), eta unibertsitate horrek berak eta Reus-ko Pere Virgili Osasun Ikerketarako Institutuak landu dute. Datu base horretan, 42 markatako 850 erreferentziaren informazioa biltzen da, nutrizio arlokoa eta osagaiei buruzkoa, 2023ko ekainetik urrira bildua herrialdeko supermerkatu nagusietan eta on-line plataformetan. “Datu base horren asmoa da merkatuko egoera zein den ikusaraztea datu objektibo eta alderagarriekin”, azaldu digu Nancy Babiok. Pediatrei eta dietista-nutrizionistei produktu jakinak aztertzeko modua eman nahi die tresna horrek. “Sekulako balioa du pediatra taldeentzat, Lehen mailako Arretan ari diren pediatrentzat eta pediatriako erizainentzat”, nabarmendu du Pepe Serranok, Lehen mailako Arretan diharduen pediatrak “Azken batean, gure ardura da haurtzaroko garai goiztiar horretan zer jan behar luketen gomendatzea”, erantsi du Serranok. Datua baseak espezialistei aukera ematen die produktu horietan gomendagarriak zein diren eta zein ez diren bereizteko.
Baina beste helburu bat ere badu datu baseak: informazioa ematea eta politika publikoan eragitea gisa horretako produktuen araudia hobetzeko, bereziki publizitateari dagokion atala. “Ikerlan horrek frogatzen du politika publikoetan benetako aldaketak eragin ditzakeela eta eragin behar dituela, eta espero dut onartuko dutela haurrei zuzenduriko Publizitateari buruzko Errege Dekretua”, azaldu du Babiok.
Infant base: Baby & toddler food composition database.
Bularreko haur eta adin txikiko neska-mutilentzat Espainian merkaturatzen diren produktuen osaera taula.
Metodologia
Bularreko haurrei eta hiru urtez azpiko neska-mutilei zuzenduriko 67 marka identifikatu ziren eta 850 produktu aztertu. Hor sartzen dira zukuak, infusioak, zereal lehorrak (ahiak egiteko edo biberoiari eransteko), pureak, janari pototxoak, jogurtak eta beste esneki batzuk, eta zizka-mizkak.
Azukrez blai
Ikerlanak hainbat ondorio ateratzen ditu, zeinak European Journal of Pediatrics aldizkarian argitaratu ziren: “Horietatik guztietatik, kezkagarriena da haurtxoei zuzenduriko produktu asko gozoak direla, aski pobreak nutrizioaren ikuspegitik eta, zenbaitetan, aurkezpen engainagarria dutela OMEren irizpideak kontuan hartuta”, adierazi du Babiok. Zehazki, aztertu diren produktuen %60 inguruk azukre gehiegi daukate, baina fruta pureetan, zifra neurriz kanpokoa da guztiz.
“OMEk irizpideetan ezartzen du 7,5 gramo baino gutxiago eduki behar dituztela 100 kcal bakoitzeko. Baina aztertu diren pureen %99k argi eta garbi gainditzen dute azukre muga hori eta hainbatetan azukre libreen bidez ematen dute ia energia guztia”, jakinarazi du ikertzaileak. Horrek ondorio kaltegarriak ditu ez bakarrik metabolismoan, baina heziketan ere, haurrak ohitu egiten baitira oso zapore gozoetara hasieratik beretik, eta baldintzatu egiten du etorkizunean elikatzeko modua. “Epe ertain eta luzean arazo potoloa dakar horrek, gizentasuna alegia: haurren artean gero eta gizentasun tasa handiagoak ditugu, eta hori bereziki sumatzen da klase zapalduenetan. Horrekin batean agertzen den beste arazo bat 2 motako mellitus diabetesa da, gero eta adin txikiagoetan ikusten duguna”, azaldu du pediatrak.
Araudi argirik gabe
Ikerlanak atera duen beste ondorio batek hauxe dio: lau jakitatik batek eta aztertu ditugun fruta eta berdura pureek energia dentsitate apala dute, hau da, energia gutxi ematen dute 100 gramo bakoitzeko, nahiz eta janari osatu gisa aurkezten duten beren burua. Horretaz gain, “janari gazien” sailekoak diren produktuen %25ek, adibidez berdura pototxoek edo zizka-mizkek, gabeziak dituzte proteinetan, eta elikagaien %7k gainditu egiten dute OMEk sodioarentzat ezartzen duen gehienezko muga: 2 eta 7 urte arteko neska-mutilentzat, 3 gramokoa da gehienez gomendatzen den kopurua, eta bularreko haurretan eta 2 urtetik beherakoetan gomendioa da gatzik ez eranstea eta gatz gehiegi duten jakiak saihestea.
Zifra horiek guztiek erakusten dute haur eta adin txikiko umeentzat merkaturatzen diren produktu gehienek –zehazki, 10etik 8k– ez dutela betetzen OMEk nutrizio arlorako ezartzen dituen lau gomendio hauetakoren bat:
- Onartzen ez direnak. Galarazi egiten ditu zenbait osagai, besteak beste azukre libreak, eztitzaile artifizialak, gozokiak, edari zaporedunak eta trans gantzak.
- Mugatu beharrekoak. Mugatu egiten du fruta kopurua jaki gazietan, zereal lehorrak eta esnekiak. Helburua da merkatuan muga jartzea zenbait elikagairi, fruta eduki arren kopuru handietan ematen dituztelako azukre libreak ere, gantz saturatuak eta sodioa; izan ere, fruta daukatenez, familiek pentsa dezakete osasungarriak direla.
- Gehienezko estandarrak. Mugak ezartzen dizkio energia balioari eta onartzen den azukre, sodio eta gantz kopuruari. Adibidez, zizka-mizka zati bati 50 kcal-eko muga ezartzen zaio gehienez, %15eko muga azukreetatik hartzen den energiari jaki gazietan, eta muga espezifikoak sodioari eta gantzari.
- Gutxieneko estandarrak. Gutxieneko betebeharrak ezartzen zaizkie proteinei eta energia dentsitateari, produktu motaren arabera. Zergatik ez dira betetzen gomendio horiek? “Egungo araudiak tartea uzten duelako”, baieztatu du Nancy Babiok. “Interes komertzial batetik sortzen dira produktu horiek guztiak. Produktu horiek ezinbestean bete behar duten baldintza bakarra da osasun eskakizunak betetzea eta intoxikaziorik ez eragitea, eta hori muturreraino doitzen dute. Doitu gabe gelditzen da, ordea, nutrizioaren ikuspegitik kalitate handikoak izan daitezela”, azpimarratu du Serranok. Legeak ez du esaten ekoizleek jarraitu egin behar dituztenik OMEk ezarritako irizpideak, “baina gure seme-alabak ongi elikatuta egotea nahi badugu eta prebalentzia kronikoak saihestu nahi baditugu, irizpide horiek ezinbestekoak dira”, erantsi du Babiok.
Proteina gutxi eta azukre asko.

Marketin gehiago nutrizioa baino
Produktu horien etiketek eta sustapena egiteko moduak ere kezka sortzen du. Bakar batek ere ez ditu betetzen OMEren irizpide guztiak; besteren artean, bularra emateari buruzko informazioa eskaintzea, adin egokia zein den adieraztea edo osasun aipu engainagarriak ez egitea. Etiketetan (horiek dira amu nagusia gurasoentzat), hutsune asko sumatu da. “Adibidez, ‘txahal purea berdurekin’ jartzen duen produktu batek beste osagai asko eduki dezake, esaterako arroza, fruta eta beste hainbat. Produktu horretan, osagai zerrendaren azken lekuan ageri dira haragia edo berdurak. Irizpideak esaten duena da produktuari izena ematen dio osagaia izan dadila ugariena”, azaldu du Babiok.
Etiketekin zerikusia duen beste arazo bat da, askotan, nahasgarriak direla kontsumitzaileentzat. “Ikerlanaren arabera, sei hilabetetik beherako haurrek hartzeko modukotzat aurkezten diren produktuen ia %30ek zerealak edo eztia daramatzate. Lau eta sei hilabete arteko neska-mutikoei zuzentzen zaizkie, eta osagai horiek ez dira egokiak adin horietarako. Hori larria da”, deitoratu du Babiok.

Premiaz hobetu beharrekoak
InfantBase azterlanaren ondorioak erabatekoak dira: Pediatriako eta dietetikaren eta nutrizioaren arloko profesionalak biltzen dituzten erakundeek araudi zorrotzagoak eskatu behar dizkiote administrazioari nutrizio arloko aipuen eta haurrei zuzenduriko publizitatearen inguruan, nahasteko arriskua gutxitzeko familien eta zaintzaileen artean”. Babioren iritziz, desagerrarazi egin behar lirateke produktuei itxura osasungarria ematen dieten nutrizio aipuak edo haurren gustuko pertsonaiak darabiltzaten ontziak”.
Ontzien itxura ez ezik, barnean daramatena ere arautu egin behar litzateke osagai eta formulazio osasungarriak eduki ditzaten: “Formulazioa arautzeak ez du mugatzen askatasuna, babestu egiten ditu haurrak. Sustatu beharrekoa zera da: industriak kontuan har ditzala irizpide horiek, osasunaren alde lerratu daitezen. Ikertzaile gisa, ebidentzia zientifiko bat eskaini nahi dugu araudi bat landu dezaten eta politika publikoetan islatu dadin”, nabarmendu du ikertzaileak. Pepe Serrano pediatrak sakondu egin du gai horretan: “Legediarekin bakarrik iritsi daiteke kalitate estandar handiago horretara. Legeak behartzen ez dituen bitartean, oso gauza gutxi aldatuko dute”.
InfantBase ikerlanaren emaitzak ikusita, industriaren iritzia bildu nahi izan du CONSUMERek. Haurren Dietetika Produktuen Espainiako Ekoizleen Elkarteak (ANDI) nabarmendu du (sektoreko 15 enpresa biltzen ditu) kide guztiek errespetatzen dituztela Europako eta Espainiako legediak nutrizio osaerarentzat ezartzen dituen betekizun guztiak, eta informazio argi eta egiazkoa ematen dietela gurasoei. “Gure enpresa guztiek egoki betetzen dituzte haurrentzako elikagaiek behar dituzten makro eta mikromantenugaien kopuruak, eta berdin kaltegarriak gerta litezkeen substantzien muga zorrotzak ere”, ziurtatu dute. “Gure helburua da haurtxoen eta haur txikien beharrizanetara egokitzen den nutrizio osaera sustatzea eta etiketetan gardentasuna bermatzea, betiere pediatren gomendioei jarraituz”, erantsi dute. Elkarte horren bidez, inbertsioak egiten dituzte I+G arloan bularreko haurrentzako formulak hobetzeko, eta berdin jarraipen eta hazkunde garaiko prestakinak, haurrentzako zerealak, zizka-mizkak, fruta eta berdura pureak, haurtxoentzako eta hiru urtez azpikoentzako arrain eta haragiak…
Hain garrantzitsua al da aldaketa?
Ez da kontu hutsala, lehen hiru urteetan jaten dena garrantzitsua den bezala, bizitzako lehen 1.000 egunetan jaten dena erabakigarria delako. “Haurtxoaren organismo guztia bilakaera betean egoten da orduan”, azaldu du Serranok. “Sekula ez da ikasten bizitzako lehen hilabeteetan adina. Sekula ez gara hazten hilabete horietan bezainbeste. Gure organoetako bakar bat ere ez da garatzen bizitzako aro horretan beste. Ondorioz, oso kontu handiarekin ibili beharra dago gauza guztiekin. Eta zaintzeko garaian daukagun arma nagusietakoa elikadura da”, nabarmendu du Serranok.
Gainera, elikagai jakin batzuk jateko nahia horiek janez barneratzen da. Eta ongi jaten ikasten badugu, bizitza guztian jango dugu ongi. Nancy Babiok azpimarratzen duenez, “bizitzako lehen urteetan ongi elikatzeak murriztu egiten du gaixotasun kronikoak izateko arriskua, adibidez gizentasuna, diabetesa eta baita bihotz-hodietako gaitzak ere”.
Pepe Serrano. Lehen mailako Arretako pediatra
“Lege eguneratu bat behar da”
Produktuen zati batek bakarrik betetzen ditu gutxieneko nutrizio irizpideak. Zer egin dezakete familiek?
Ohitu egin behar dute produktuen etiketei begiratzera eta ikasi egin behar dute, azaletik bada ere, zein den produktu horiek gehienez eduki behar luketen azukre kopurua eta bete behar lituzketen gutxienekoak. Zalantza izanez gero, pediatrari galde diezaiokete.
Familia batek nola jakin dezake produktu batek noiz ematen duen balioa eta noiz, agian, ez hainbeste?
Gehien-gehienetan, beti ez esateagatik, etiketak publizitatea egiteko amuak baino ez dira. Kontua ez da hainbeste produktu batek zer ematen duen antzematea, baizik eta jakitea produktu horiek askotan ez dutela ezer ematen eta kaltegarriak izan daitezkeela: gantz eta azukre gehiegi izaten dute, eta ahogozoa hobetzeko nahasketak ere bai.
Produktu batzuen etiketan, sei hilabetetik beherakoentzat direla esaten da. Familia batek zer ulertu behar luke era horretako mezuak ikusten dituenean?
Familia batek ikusten duenean produktu baten etiketak hori esaten duela, sei hilabetetik beherakoentzat dela –batzuek diote lau hilabetetik aurrera balio dutela–, pediatra taldeak egin dion gomendioari jarraitu behar lioke, OMEren irizpideen araberakoa izango da eta: amaren esnea edo esne artifiziala bakar-bakarrik sei hilabete egin arte. Adin horretatik behera, non eta pediatrak ez duen besterik esaten arrazoi jakin batengatik, ez da zertan produkturik erantsi elikadurari.
Produktu bakar batek ere ez ditu betetzen OMEk sustapenerako ezarri dituen irizpideak. Zer-nolako hobekuntza errealistak egin behar lirateke?
Produktuak OMEren irizpideetara doitu daitezen, lege eguneratu bat behar da, ebidentzia zientifikoan oinarritua, profesionalek gainbegiratua eta, gainera, nahitaez bete beharrekoa izan behar du. Irizpide horietakoren bat ez badago behar bezala arautua legez eta arau-hausteak ez badira zigortzen, familiak nahasten dituzten mezu anbiguo horiek hortxe jarraituko dute gure seme-alaben dietarako batere osasungarriak ez diren produktuetan.