Ingurumen etiketak

Nola jakin jaten duguna jasangarria ote den

Ingurumen etiketak pisuzko argudio bihurtu dira erosleentzat. Europak oraindik ez ditu arautu gisa horretako etiketak, baina sistema homogeneo bat ezarri nahi du herrialde guztietarako. Eco-score, Enviroscore eta Planet-score dira aurreratuenak. Premiazko da gai hori ere arautzea: hutsune horrek erraztu egiten du zorroztasun gutxiko irizpideetan oinarritzen diren zigiluak agertzea.
1 urria de 2022

Ingurumen etiketak. Nola jakin jaten duguna jasangarria ote den

Nekazaritzako elikagaien sektoreak zeresan handia du klima aldaketan. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera (FAO), 2021. urtean arlo horretatik etorri ziren berotegi efektuko gas isurien %31, lursailetan hasi eta etxeetan bukatzen den prozesua osorik kontuan hartuta. Egoera nahiko kaskarra den arren, haize berriak heldu zaizkigu. Batez beste, elikagaiekin zerikusia duten isuriak bi heren murriztu dira munduan pertsona bakoitzeko, eta azken urtean bi tona CO2koak izan dira. 

Horren arrazoia izan daiteke kontsumitzaileek gero eta balio handiagoa ematen diotela produktuen jasangarritasunari erosketak egiteko orduan. ShopperView azterketaren arabera (Jasangarritasuna, zer da eta nola eragiten die erosteko ohiturei), etxeen %39k utzi egin diote jasangarritzat jotzen ez dituzten markak erosteari (AECOC Kodetze Komertzialeko Espainiako Elkarteak egin du azterlana). Era berean, %41ek hurbileko/0 km-ko produktu gehiago erosten dute, %29k ekologikoak hautatzen dituzte eta %22k landare jatorrikoen alde egiten dute (plant based).

Etiketa gehiegi.

Ekoizleak ohartzen dira joera nondik nora doan. Jabetu dira jasangarritasuna argudio ezin hobea dela saltzeko, eta alderdi hori nabarmentzeari ekin diote ingurumen zigiluen eta etiketen bidez. Benetako boom-a gertatzen ari da mezu horiekin; horietako batzuk irizpide zorrotzetan oinarritzen dira, eta hirugarren erakunde independenteek egiaztatzen dituzte, baina beste asko zalantzazkoagoak dira, eta marketineko amua izateko itxura guztia dute.  Europako Batzordearen arabera, ingurumen etiketa aktiboak 200 baino gehiago dira Europako Batasunean eta 450 baino gehiago mundu guztian (2020ko datuak dira).

Azkenerako, hainbesteko ugaritasunak nahasi egiten du kontsumitzailea. “Kontsumitzaile gehienak, gaiaren sentsibilizaturik egon arren, nahiko nahasita daude, nagusiki produktu batzuek ingurumenari buruzko informazio asko izaten dutelako”, azaldu du Saioa Ramosek, Prozesu Efiziente eta Jasangarrien ataleko ikertzailea AZTI zentro zientifiko eta teknologikoaren Elikagaien Ikerketa Unitatean. 

Eurobarometroaren arabera, erosleen %59k pentsatzen dute produktuen etiketek ez dutela ematen behar adina informazio, eta %48k uste dute ez direla argiak. Gainera, Europako kontsumitzaileen erdiei iruditzen zaie ez direla erraz bereizten ingurumena errespetatzen duten produktuak eta errespetatzen ez dutenak; erdiek baino ez dute konfiantza ingurumen oharrak egiten dituzten produktuen sinesgarritasunean.

‘Greenwashing’

Irudia berdez zuritzea

Greenwashing esaten zaiona marketin berdeak darabilen trikimailu bat da, ingurumenarekin arduraz jokatzen delako itxura emateko. Enpresek asko erabiltzen dute teknika hori, irudi hori eman nahi dutelako, beren produktuen eta erakundeen jasangarritasuna hobetzen ari direlako itxura alegia. Helburua: kontzientzia gehien duten kontsumitzaileen artean salmentak areagotzea. 

Europako Batzordearen ikerketa batek agerian utzi du jardunbide hori. Esparru guztietan diharduten enpresek jasangarritasunaren inguruan egindako 344 aipu aztertu ostean, ondorioztatu dute erdiek baino gehiagok ez dutela ematen behar adina informazioa kontsumitzaileek ziur jakin dezaten jasangarritasunaren inguruko baieztapen horiek egiazkoak diren. Kasuen %37tan, termino lauso eta generikoak ageri ziren baieztapenetan –”kontzientea”, “ekologikoa”, “jasangarria”–, eta %59tan ez zuten ematen baieztapena erraz egiaztatzeko frogarik. Ioannis Virvilis da Europako Batzordeak Espainian duen bozeramailea, eta hark azaldu duenez, “ingurumen aipu generikoegiak edo lausoak dira, produktu baten ingurumen jokabidea bikaina dela pentsarazten dutenak hala izan gabe edo egiaztatzeko modurik eskaini gabe”. Eta erantsi duenez, “jardunbide desleial horiek galarazi egingo dira”.

Araudi berria europan

Greenwashing delakoari muga jartzeko (enpresa askok ingurumen arloan egiten duten zuritze ariketa da), Europako Itun Berdeak esaten du –EB-k trantsizio energetikoa egiteko 2019an onartu zuen ibilbide orria da– “aipu berdeak” egiten dituzten enpresek justifikatu egin behar dutela ingurumenaren gaineko eragina aztertzeko metodologia estandar batekin. Europak Zuzentarau Proposamen bat onartu zuen 2022ko uztailean kontsumitzaileak ahalduntzeko trantsizio ekologikoaren arloan, eta galarazi egiten du ingurumen arloko baieztapen lauso eta generikoak egitea, adibidez “errespetatu egiten du ingurumena”, “eko” edo “berdea”, baldin eta ez badaiteke frogatu produktuak edo merkaturatzaileak ingurumenean aparteko funtzio bat duela. Galarazi egiten du, halaber, hirugarren batek egiaztatu ez dituen jasangarritasun etiketak nork bere borondatez jartzea, eta berdin agintariek onartu gabeak ere. 

Elikagaien sektorean, Etxaldetik mahaira estrategiak zera esaten du (hori ere Europako Itun Berdearen barnean dago): “Batzordeak aztertu egingo du nola harmonizatu borondatezko aipu ekologikoak eta nola sortu etiketa jasangarrien marko bat, zeinak barnean bilduko dituen, zentzuzko beste ekimen batzuekiko sinergian, elikagaien inguruko nutrizio alderdiak, sozialak eta klimari eta ingurumenari lotuak”. 

Estrategiak, beraz, bi erronka ditu aurrez aurre: zehaztu egin behar da elikagaiek nolako eragina duten ingurumenean, balio kateko eragileak hori murrizten saia daitezen, eta horrekin batean, modu argi, erraz eta estandarizatuan komunikatu behar da, kontsumitzaileei erabakiak hartzeko zeregina errazteko irizpide jasangarrietan oinarrituta. 

Produktuaren ingurumen aztarna. 

Europako Batzordeak jendaurreko kontsulta jarri zuen abian 2020an ingurumen arloko arrazoibideak argudiatzeko, erabaki egin nahi baitzuen zer-nolako metodologia erabili behar litzatekeen fidagarriak, alderagarriak eta egiaztagarriak izan daitezen Europako Batasun guztian. Kontsulta horrek agerian utzi du kontsumitzaileentzat tresna eraginkorra dela Produktuaren Ingurumen Aztarna delakoa (PEF Product Environmental Footprint ingelesez), lagundu egiten baitie ingurumena gehiago errespetatzen duten aukeren aldeko hautuak egiten. 

Metodologia horrek produktu baten bizi zikloa aztertuz kalkulatzen du ingurumenean zer-nolako eragina duen, hasi lehengaia erauzten denetik, jarraitu ekoizpenarekin eta erabilerarekin, eta hondakinen kudeaketarekin bukatu. Horretarako 16 sail kontuan hartuta neurtzen du eragina, adibidez klima aldaketa, ur eskasia eta baliabide fosilen erabilera. Metodologia hori harmonizatua dago, eta aukera ematen du sail berekoak diren produktuak alderatzeko EB guztian, nahiz eta oraindik gutxi batzuentzat baino ez dituzten zehaztu kalkulua egiteko irizpideak. 

Baditu beste eragozpen batzuk ere, bereziki nekazaritzako elikagaien sektorerako, zaila delako ekoizpen sistema batzuk eta besteak estandarizatzea. Produktuaren Ingurumen Aztarnak lehentasuna ematen dio ekoizpen kate osoaren efizientziari, baina ez ditu kontuan hartzen lehen mailako ekoizpen estentsiboek edo organikoek inguruarekin eduki ditzaken interakzio batzuk edo eragin positiboak, metodoan ez baitago adostasunik. Muga batzuk ere ikusi zaizkio zenbait alderdi neurtzeko, adibidez giza toxikotasuna pestizidak erabiltzeagatik edo bioaniztasunean duen eragina.

“Pentsatzekoa da, Europako Batzordeak ezarriko duen etiketa ingurumen aztarnan oinarritua egongo den arren, irizpide gehigarriak txertatu beharko direla elikagaien eragina egoki neurtzeko eta Etxaldetik mahaira estrategiarekin lerrokatzeko, zeinak ekintza-lerro batzuk biltzen dituen, adibidez pestiziden erabilera murriztea, produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea eta antibiotikoen erabilera gutxitzea”, adierazi du Cristina Rodriguezek, EROSKIko Jasangarritasun arduradunak.

Fidagarria al da nutrizio arloko aplikazioek ingurumenari buruz ematen duten informazioa?

Nutrizio arloko aplikazioek eskaner bat izaten dute produktu prozesatuak aztertu eta nutrizio balioen inguruko balorazio bat lortzeko (etiketa moduan adierazten du), eta horietako askok ingurumen oharrak eskaintzen dituzte. Yuka eta Open Food Facts dira gisa horretako bi aplikazio. Yukaren helburua, haien webgunean adierazten dutenez, “kontsumitzaileei laguntzea da, erabaki hobeak har ditzaten osasunerako eta katalizatzaile gisa joka dezan industriak produktu hobeak eskain ditzan”. Hain zuzen, bera da Eco-Score etiketaren sustatzaileetako bat. Open Food Facts, bestalde, datu base libre bat da, eta oso kontuan hartzen ditu kontsumitzaileen iritziak. 

Kolaborazioan oinarritzen den plataforma da Open Food Facts, eta edozein sar daiteke sisteman eta datua jarri, eta gerta liteke behar den informaziorik ez edukitzea kalkulu hori egiteko; ondorioz, aplikazioak ageri duen Eco-Score etiketa urruti egon liteke egiazko emaitzatik. Halakoetan, orrialdearen bukaeran zehaztu egiten da alderdi horien inguruko informazioa ez dagoela eskura, baina ez du eragozten ingurumen etiketaren balorazioa globala ager dadin produktuaren ondoan. 

Yuka aplikazioan, berriz, puntuazioaren %40 ez dator nutrizioari loturiko irizpideetatik, eta zifra horretatik, “%10 ematen zaio produktuak EKO araudia betez gero, eta horrek hauxe baino ez du esan nahi du: ekoizpen sistema batekin zerikusia duen legedia bete egiten duela”, azaldu du Beatriz Robles elikagaien teknologoak. Baina “ez du esan nahi egiaz jasangarriagoak direla”, zehaztu du teknologoak. Adibidez, jasangarriagoa da eko etiketarekin Hegoafrikatik datorren produktu bat saltokitik 50 kilometrora dagoen etxealde batetik heldu dena baino? Elikagai batek ingurumenean duen eraginaren kalkulua egiteko, egun etiketan ematen den informazioa baino gehiago behar da.

Frantzia buru-buruan

Ingurumen etiketa modu ofizialean ezartzetik hurbilen dagoen herrialdea Frantzia da Europan. 2021eko uztailean Klimari eta Erresilientziari buruzko Legea onartu zuten, eta testu horretan esaten da beharrezkoa dela ingurumen aztarnan oinarritzen den etiketa sistema bat jartzea elikagaiei eta ehungintzako produktuei. Legeak bost urteko epea jarri zuen ingurumenaren gaineko eraginak kalkulatuko dituzten metodologiak aztertzeko. 2020. urtean Frantziak deialdi bat egin zuen etiketen proposamenak aurkezteko, eta erantzuna oso ona izan zen: 18 aurkeztu ziren. Horietako bik lortu dute nabarmentzea, Eco-Score eta Planet-Score delakoek, eta esperimentatze fasean daude zenbait supermerkatu katetan; pentsa liteke, hortaz, ingurumen etiketa luze gabe iritsiko dela elikagaietara.

Ingurumen aztarnan oinarritzen diren frantziar etiketa horietaz gain, badira beste herrialde batzuetan bidea egin dutenak ere. Espainian, adibidez, AZTI zentro teknologikoak eta Lovainako Unibertsitateak (Belgika) Enviroscore sortu dute. 

Eco-score, planet-score eta enviroscore.

Elikagaiek beren bizi zikloan ingurumenean sortzen duten eragina aztertzen dute hiru etiketa horiek, eta Europako ingurumen aztarnaren 16 sail erabiltzen dituzte, zeinak balorazio global batean biltzen dituzten. Estetika ere antzekoa dute hirurek, eta konbinatu egiten dituzte letrak eta koloreak: “A” letrak (berdea) adierazten du eragin kaltegarririk txikiena ingurumenean, eta “E” letrak (gorria-laranja) handiena. Denek ematen dute aukera, teorian, sail bereko produktuen arteko alderaketak egiteko eta beste sail batzuetakoekin eta bai.  Hau da, sagar ekologiko baten eragina alderatu egin daiteke ekologikoa ez den sagar batek duenarekin, baina baita gaileta batzuenarekin ere. Ikuspegiak, ordea, ez dira berdinak hiruretan.

Enviroscore etiketa da fidelena Europako Batzordeak produktuentzat sortu duen ingurumen aztarnarekin eta, ondorioz, hark dituen muga berberak ageri ditu. Gainera, lehen mailako datu asko behar izaten du bizi zikloaren analisia egiteko, hau da, elikagaiaren ekoizlearen datu espezifikoak. Energia kontsumoari buruzko informazioa, ur kontsumoari buruzkoa, zenbat hondakin sortzen den lantegian edo produktu hori hornitzen duten etxaldeetan, hori guztia jakitea funtsezkoa da neurketa egiteko. Emaitza hurbilago egoten da produktu horren egiazko eraginetik, baina etiketaren kalkulua egitea zaildu egiten die banatzaile eta hornitzaileei. 

Frantziako metodoak, berriz, Agribalyse datu baseko bizi zikloaren analisitik abiatzen dira, zeina Frantziako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Agentziak (ADEME) eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumena Ikertzeko Frantziako Institutuak (INRAE) koordinatzen duten, eta 2.800 elikagai generiko baino gehiago dituen modelizatuta. Hori dela eta, ez da zertan eskuratu hainbeste datu hornitzaileengandik, eta kalkulua asko sinplifikatzen da. Hala ere, produktu bakoitzaren informazio espezifikoren bat behar izaten da, bonus-malus sistema bat baitarabilte produktuen artean bereizketa egiteko edo ingurumen aztarnaren muga batzuei erantzuteko. Hau da, puntu positiboak ematen dituzte teorian elikagaiaren jasangarritasuna hobetzen duten ezaugarriengatik, eta negatiboak okertzen dutenengatik. Horrela, biek ere kontuan hartzen dituzte, adibidez, elikagaiaren jatorria –baina ez dute bereizketarik egiten hurbileko baten eta Frantziako beste leku batetik datorrenaren artean–, ontziaren materialak edo zigilu ekologikoa baduen edo ez.

Bonus-malus sistemak erabilgarriak dira produktu baten ingurumen aztarnak dituen mugei irtenbidea emateko, baina kontuan hartu behar da, halaber, horien definizioa irizpide politikoen araberakoa izaten dela sarritan, eta ez hainbeste erabaki zientifikoen araberakoa, eta, ondorioz, ekoizpen sistema batzuk eta jasangarritasunaren ikuspegi jakin bat sustatzeko erabiltzen dira”, argitu du Cristina Rodriguezek.

Planet-Score-k irizpide gehigarri dezente hartzen ditu kontuan bizi zikloaren analisiarekin batean, eta eraginaren 25 adierazle kuantifikatzera iritsi da. Horretaz gain, nabarmen bereizten ditu ekoizpen sistema intentsiboak eta estentsiboak eta Etxaldetik mahaira estrategiaren lehentasunekin zerikusia duten beste alderdi batzuk ere bai, adibidez deforestazio arriskua pentsuen ekoizpenean edo pestiziden eragina giza osasunean. Gainera, balorazio globalaren hiru atalen puntuazioa bereizita aurkezten die kontsumitzaileei (pestiziden erabilera, bioaniztasunean duen eragina eta klima aldaketan duena), hori ere koloreak eta letrak erabiliz. Eta animalia jatorriko produktuetan, berriz, hazteko sistemen sailkapen bat egiten du. Horrek erraztu egiten du sail bereko produktuak sailkatzea, eta hori beti ez da posible Eco-Score eta Enviroscore sistemekin, baina zailagoa ere gertatzen da kontsumitzaileek uler dezaten.

Hiru etiketa mota

Ingurumen etiketa borondatezkoa da, eta jasangarritasun irizpide batzuk betetzen dituzten produktu edo zerbitzuak identifikatzeko balio du. Baliagarria da, halaber, produktu jakin bat bereizteko sail bereko beste batetik. Nazioarteko ISO 14021, 14024 eta 14025 arauek hiru eratako ingurumen etiketak ezartzen dituzte:

  • 1. motako ingurumen etiketak. Hirugarren batek ematen dituen ingurumen egiaztagiriak dira; hirugarren hori izaten da erakunde egiaztatzailea, eta produktuaren edo zerbitzuaren bizi ziklo osoa hartzen dute. Europako Batasunak 1992an sortu zuen borondatezko etiketa ekologikoa, EU Ekolabel delakoa. Identifikatu egiten ditu elikaduraz kanpoko produktu ekologikoak, zeinak erakunde independenteek egiaztatzen dituzten. 1. motako horien artean, badira erdibideko etiketak ere, eta horietan, bizi zikloaren zati batean egiaztatzen dituzte ingurumen baldintzak modu independentean; gisa horretakoak dira MSC zigilua (arrain jasangarriarentzat) eta FSC (basoko produktuentzat).
  • 2. motako ingurumen etiketak. Ekoizleak berak egiten dituen aipuak dira, egiaztatzaile independenteen esku-hartzerik gabe. Ez dute aintzat hartzen produktuaren bizi ziklo osoa, fase bat edo fase batzuk baino ez. Produktuaren edo ontziaren birziklagarritasuna nabarmentzen dute edo ekoizpen prozesuko CO2 isuriak.  Horiek eragiten dute arazo gehien greenwashingari loturik.
  • 3. motako ingurumen etiketak. Produktu batek ingurumenean duen eraginari buruzko inbentario batean oinarritzen diren ingurumen aipuak dira. Ez du esan nahi gutxieneko baldintza batzuk beteko direla (1. eta 2. motako etiketetan bai, bermatzen da), baina hori bai, egiaztatzaile independente eta baimendua behar izaten da. Txosten tekniko objektibo bat da, produktuak ingurumenean duen eraginaren laburpen batekin, gero adierazle zerrenda batean txertatzeko. Etiketa horiek dauden hurbilen ingurumen aztarnaren neurketatik.

Zein nagusituko da

Oraingoz Europak ez du aukeratu zein izango den zaldi irabazlea. Adituek diotenez, datozen urteetan etorriko den etiketak konbinatu egingo ditu hiruren alderdiak, eta ñabardura edo balorazioren bat erantsiko du. Horretaz gain, etiketan alderdi batzuk sartzea faltako litzateke, adibidez eragin soziala edo animalien ongizatea, hartara produktuaren jasangarritasunari buruzko ikuspegi osatu bat emateko.

“Eskura dauden ereduek badituzte alde ona eta txarrak, eta litekeena da oraindik ere bilakaera ikustea horietan, nagusituko den etiketara iritsi arte. Kontsumitzaileek, ordea, erosten dituzten produktuen ingurumen eraginari buruzko informazio osatuagoa eskatzen digute eta greenwashingaren jardunbideetatik urruntzen dena, enpresa batzuk halakoak egiten ari dira eta. Hortaz, komeni da ingurumen arloan gardentasunaren alde egiten jarraitzea etiketa independente eta argiekin, hoberantz eginez betiere, baldin eta elikagaien ekoizpena eta kontsumoa gero eta jasangarriagoa izatea nahi badugu”, adierazi du Cristina Rodriguezek, EROSKIko Jasangarritasun arduradunak.

Azkenaldian ikusi denez, ugaritzen ari dira kontsumitzaileen artean eta industriari berari nahasmendua eragiten dioten etiketak, eta horen aurrean, Foundation Earth gobernuz kanpoko erakundeak –ingurumen etiketaren proiektuan inplikatua dago– ekainean gutun bat bidali zien Europako Batzordeari eta Erresuma Batuko Gobernuari politikariz eta zientzialariz osaturiko talde batek sinatuta, eta eskatu zieten “alde interesatu guztiak inplikatu daitezela modu irekian, inklusiboan eta lankidetzan jardunez irtenbide egoki eta harmonizatu bat aurkitzeko elikagaien ingurumen etiketari”. Idatzi horretan esaten denez, sistema egoki hori “erakunde independente batek gidatu behar luke, harmonizatua egon behar luke Europako kontinente osoan, Europako Batasunak produktuentzat ezarri duen ingurumen aztarnan oinarritua egon behar luke, lehen mailako ahalik eta datu gehiena erabili eta produktuak alderatzeko aukera eman behar luke produktuari buruzko datu sinesgarri eta sendoetatik abiatuta”.

Europako Batasunaren asmoa da 2024. urterako abian egon dadila kontsumitzen ditugun produktuen ingurumen eragina adieraziko duen adierazgarria. “Europako Batzordeak ez badu etiketarik ateratzen data horretarako, merkatuak berak erabakiko du. Orain da unea: kontsumitzaileak eskatzen ari dira, banatzaileak inplikatzen ari dira eta enpresek apustu egin dute jasangarritasunaren alde. Jakinarazi du Saioa Ramosek, AZTI zentro teknologikoko teknikariak.