Zahartzearen etorkizuna. Ezinezkoa da betiereko gaztetasuna eskuratzea, baina lor dezakegu beranduago eta mantsoago zahartzea
Luze gabe, 2050. urtean, 15 eta 24 urte arteko nerabe eta gazteak baino gehiago izango dira 60 urte edo gehiagoko pertsonak, datu hori eman du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Espainiako Estatuan ere antzekoak dira aurreikuspenak. Espainiako Estatistika Institutuak dioenez (INE), mende erdira iristen garenean, 65 urte baino gehiago edukiko du populazioaren %31,4k eta 80tik gora ibiliko dira %11,6. Medikuntzak eta zientziak aurrera egin dutelako betetzen dugu urte gehiago, baina orain gakoa da nola lortuko dugun adin horietara osasuntsu iristea eta ahalik eta kalitate onenarekin bizi izatea. Munduko hainbat laborategitan ikertzen ari diren guztiak dagoeneko sortu du -eta gero ere sortuko du- ezinbestekoa izango den jakintza baldintzarik onenetan zahartu gaitezen, eta agerian utzi du sekulako erronka soziosanitarioa dugula aurrean.
Batez besteko bizi itxaropena 83 urtekoa zen 2019an Espainiako Estatuan, baina bizi itxaropen osasungarria, aldiz, 72 urtekoa. Horrek esan nahi du gure bizitzako azken hamarraldia ez dugula bete-betean bizi izaten. “Ikertzaileon helburua ez da zahartzaroari buelta emanaraztea, baizik eta bizi itxaropena luzatzearekin batean osasun ona izatea”, adierazi du Diana Guallarrek, zeina Medikuntza Molekularreko eta Gaixotasun Kronikoetako Ikerkuntza Zentroko ikertzaile nagusia den Santiagoko Unibertsitatean (CIMUS). Zahartzaroa geldiarazteko helburu horrekin, hain zuzen, laborategietan zenbat teknika lantzen ari dira, eta zelulen birprogramazioa da horietako bat.
Zelulen birprogramazioa: abiapuntura itzultzea.
“Teknika horrekin zelula somatiko bat hartzen da –zelula anitzeko izaki bizidun baten ehunen eta organoen hazkundea eragiten dutenak, adibidez odolekoa, gernukoa edo larruazalekoa–, eta zelula pluripotente enbrionario bihurtzen da”, azaldu du Guallarrek. Beste hitz batzuetan esanda, berritzeko gaitasun mugatua duen zelula heldu batetik abiatuta, genetikoki haren berdinak diren zelula osasuntsuak sortu beharrean, gai gara organismoko edozein tipo zelular sor dezakeen zelula bat lortzeko. “Pluripotentzia esaten diogu horri, ugaltzeko gaitasun mugagabea eta jatorriko zelulak zituen zahartze zantzuak galdu dituena”, erantsi du.
Prozesu horrek lortu egiten du gure zelulen zahartzeari buelta emanaraztea –zientzia fikzioa dirudi hein batean–, eta horretarako, proteina batzuk txertatzen dira, genomaren funtzioa antola dezaten (proteina horiek oso kopuru handian egoten dira enbrioian). Honako lau proteina hauek –Oct4, Sox2, Klf4 eta Myc– aski dira zelula helduaren nortasuna ezabatzeko eta enbrioi-zelularen nortasuna aktibatzeko. “Aurkikuntza hori egin zuen Yamanaka doktoreak gidatzen zuen taldeak 2006an; orduko hartan, sagu baten larruazaleko zelula helduak birprogramatzea lortu zuten lehen aldiz eta enbrioi batek umetokian ezarri aurretik izaten dituen enbrioi-zelulen oso antzeko bihurtu zituzten”, azaldu du ikertzaileak. Aurkikuntza horrek erakutsi zuen zahartze prozesuan atzera egin daitekeela eta biologian nagusi zen dogma bat ezeztatu zuen, zeinak esaten duen enbrioien bilakaera noranzko bakarrean gertatzen dela eta zelula helduak ez daitezkeela enbrioi-egoerara eraman.
Arn-a moldatzea endekapenezko gaixotasunei aurre egiteko.
Aurkikuntza iraultzaile hori egin zenetik, hainbat taldek aztertu izan du birprogramazioa ikuspegi batetik baino gehiagotatik. Diana Guallar eta haren taldea, adibidez, ikuspegi berri batetik ari dira aztertzen zelulen gaztetzea: ARNaren aldaketa kimikoen ikuspegitik. “Orain denok aditu dugu ARNari buruzko zerbait Covid-19aren aurka sortu diren txerto berriekin. Bada, gauza jakina da ARNko molekulen jarduna moldatu egin dezakegula kimikoki eraldatuz. Nire laborategian eraldaketa horiek aztertu nahi ditugu, ikusi egin nahi dugu prozesu patologikoek nola eragiten dieten eta nola eman ahal zaien buelta zahartzaroan gertatzen diren endekapenezko gaixotasunak edo prozesuak arintzeko edo tratatzeko”, azaldu du.
Guallarrek onartu du, dena den, asko aurreratzea lortu den arren oraindik ere badirela muga teknikoak zelulak birsortzeko, eta, horregatik, beharrezkoa dela eremu itxaropentsu horretan ikertzen jarraitzea. Zientzialari talde horren eta beste askoren erronka oraintxe bertan hauxe da: saguekin egin dituzten ikerketa horiek guztiak gizakietara ekartzea. Horrek esan nahiko du Alzheimerra, minbizia, diabestea eta adinari oso lotuta dauden gaixotasun gehienak iraganeko kontua izango direla. Baina, genetikari guztien arabera, urteak beharko dira egoera horretara iristeko. Salvador Macip ikertzaileak dioenez (genetikaria da eta Leicesterreko Unibertsitateko irakaslea, Ingalaterran), epe motzean aurrerapen nabarmena egingo da zahartzeari aurre egiteko. “Datozen urteetan ikusiko ditugu, zelulen birprogramazioa terapia gisa ezarri aurretik, zahartzaroarekin zerikusia duten gaixotasunetan erabiliko diren lehenbiziko sendagaiak”, iragarri du Macip-ek.
Lehenik endekapenezko gaixotasunak tratatuko dituzten sendagaiak iritsiko dira, eta etorkizunean beste batzuk osasuntsu dauden pertsonetan zahartze prozesua galgatzeko.
Sendagaiak zelula zaharrei erasotzeko.
Zahartzearen arloan azken urteetan egin den aurkikuntzarik garrantzitsuena The Mayo Clinic College of Medicine and Science (MCCMS) delakoaren lana izango da, 2011koa, zeinak frogatu egin baitzuen sagu baten zelula zaharrak (edo seneszenteak) desagerrarazita, luzaroago eta hobeto bizi izaten direla. Ordutik, gizakiekin gauza bera egiteko modua bilatzen ari dira, eta antzeko eragina duten sendagai batzuekin proba klinikoak egiten hasiak dira. Salvador Macip-ek ikerketa bat gidatu du ildo horretan (Nature aldizkarian argitaratu zuten 2021aren bukaeran); bere laborategian diseinaturiko antigorputz batean oinarritzen da ikerketa, zeinak antzeman egiten dituen zelula zahartuak eta desegin.
“Zelula zaharrak selektiboki desagerraraz ditzaketen sendagaien bigarren belaunaldia diseinatzen ari gara. Horrek hobetu egingo lituzke orain probatzen ari direnak, ez baitira oso espezifikoak. Guk “bonba adimenduna” esaten dioguna eraiki dugu: zelula zaharrak antzematen dituen antigorputz bat eta, aurkitzen dituenean, karga toxiko bat askatzen du haien barnean eta desegin egiten ditu. Horrela ez die kalterik egiten gorputzeko beste zelulei. Ikusi genuen guk erabili dugun teknologia baliagarria zela minbizia tratatzeko, eta moldatu egin dugu zahartze prozesuan erabiltzeko”, argitu du zientzialariak.
Eta denen burutan dabilen galdera: noizko egongo dira prest “pilula miragarri” horiek? “Lehenik zahartzaroko gaixotasunak tratatuko dituzten sendagaiak iritsiko dira, Alzheimerra eta fibrosia esaterako, eta etorkizunean beste batzuk etorriko dira osasuntsu dauden pertsonetan zahartzea prozesua galgatzeko. Agian ez dute erabat desagerraraziko zenbait gaixotasun, adibidez dementzia, baina segur aski hobetzeko modua emango dute. Aurrerapen zientifiko guztiak bezala, aukera hori lehenik pertsona edo herrialde aberatsen esku egongo da (Covid-aren aurkako txertoekin gertatu den bezala), baina espero izatekoa da une batetik aurrera edozeinen eskura egongo direla”, aurreratu du zientzialariak.
Macip eta haren taldea egiten ari diren ikerlan horri gehitu behar zaio Corina Amor immunologoa egiten ari dena. Scott Lowe estatubatuar biologoak gidatzen du Amor-en taldea, eta estrategia bat sortu dute pazienteari globulu zuri batzuk erauzteko —T linfozitoak, normalean eragile infekziosoak antzematen dituzten zelulak, adibidez birusak, baina baita tumoreak ere— eta laborategian birprogramatzeko, behin organismoaren barnean sartzen direnean gai izan daitezen zehazki zelula seneszenteak ezagutu eta desegiteko. Saguekin egindako probak duela bi urte argitaratu zituzten Nature aldizkarian, eta argi ikusten zen karraskarien bizitza luzatu egin zela, baina batez ere urte gehiago egiten zituztela osasuntsu. Adibidez, egiaztatu zen saguek egoera fisiko hobea zutela eta glukosarekiko tolerantzia askoz hobea urteak bete ahala.
Artrosiaren “sendabidea”: gertuago ehunen ingeniaritzari esker.
Gaixotasun kronikoen artean prebalentzia handiena duenetakoa da artrosia eta, aldi berean, herrialde aurreratuetan desgaitasun gehien sortzen duten 10 gaixotasunetako bat ere bada; gaixotasun hori, gainera, areagotu egiten da adinarekin eta gizentasunarekin. Mugimenduaren artikulazioei eragiten dien patologia bat da, eta gehienean kartilagoa degradatu delako agertzen da (artikulazioak estaltzen dituen ehuna da kartilagoa). Espainian, populazioa oso zahartua dago, 12 milioi paziente baino gehiago daude erreuma gaixotasunekin eta gihar-hezurduretakoekin, eta artrosiak berak bakarrik 65 urtetik gorako pertsonen %70i erasaten die. Egia da 20 urteko pertsona batzuek ere agertzen dituztela sintomak (gutxi dira kopuruz), baina normalean 40 urtetik aurrera agertzen da eta adinarekin areagotu egiten da. Aurreikuspenek diote Espainian 84 urtera igoko dela bizi itxaropena eta Japoniaren mailara hurbilduko dela (herrialde hori ageri da sailkapenaren buruan), eta pentsatzekoa da artrosiaren eragina handitu egingo dela.
Terapia Zelularreko eta Medikuntza Erregeneratiboko Taldea ikerketa bat egiten ari da artrosiari “sendabidea” jartzeko ehunen ingeniaritza erabiliz (Inibic A Coruñako Ikerkuntza Biomedikoko Institutuan dihardu talde horrek). Ehun bat sortu nahi dute laborategian kartilago kaltetua ordezkatzeko. “Aurrea hartu behar diogu etorkizunean izango dugun arazo bati. Kontua ez da 80 edo 90 urtera iristea, nola iritsiko garen baizik. Laborategi asko ari den arren gaixotasun horren inguruan ikertzen, gaur-gaurkoz ez du sendabiderik eta, gainera, sintomak beranduegi denean agertzen dira”, adierazi du talde horretako zuzendari Silvia Maria Diaz Pradok.
Alde ona du gauza asko dakigula hari buruz eta ikerketa lerro bat baino gehiago dagoela zabalik erantzun bat aurkitzeko. Diaz Padrok gidatzen duen taldeak urteak daramatza kartilagoaren zeregina ikertzen, zein den bertan dagoen zelula talde bakarraren jokabidea (kontrozitoena). Ehunen ingeniaritza da ikerlan horren gakoetako bat, “zeina saiatzen den organo kaltetu bat birsortzen edo sendatzen laborategian sorturiko ehunekin”, azaldu du ikertzaileak.
Helburu nagusia da kartilago kaltetu baten ordez laborategian sorturiko ehun bat jartzea, materialak, hazkunde faktoreak eta zelulak erabiliz, eta beran txertatzea jatorrizko kartilagoak egiten zuen funtzio berbera bete dezan. “Horretarako konbinazio perfektua bilatu behar da: material, zelula eta hazkunde faktore perfektuak aurkitu behar dira (substantzia multzo bat dira, proteinak nagusiki, gure odol sistemako plasman eta plaketetan egoten direnak eta ezinbestekoak direnak zelulak sendatzeko eta birsortzeko prozesuetan)”, adierazi du Diaz Pradok.
Orain arte in vitro ereduak erabili dituzte laborategian eta hurrengo bost urteetarako talde horren itxaropena da aurrerapen handiak egingo dituztela ikerkuntzan eta paziente askoren mesedetan gertatuko dela.
Muturreko longebitatea edo bizitza-luzera esaten zaio 100 urtera iristeari, eta horretan zerikusia izaten du genetikak, baina osasuntsu zahartzeak (70-80 urtera iristea 40-50 urteko heldu baten immunitate sistemarekin) zerikusi handiagoa du gure ohiturekin. Gure bizialdian egiten dugunak badu zeresana zahartzeko moduan. Zenbait ikerketaren arabera, geneek %20 baldintzatzen dute bizitza-luzera. Beste faktore batzuen eragina, berriz, %80rainokoa da. Hauxe egin behar da ahalik eta gehiena bizi izateko:
1. Gehiegizko pisua: gorabeherak eragiten ditu immunitate sisteman
Ez dago ehun urtetara iritsi den pertsona gizenik. Gehiegizko pisuak hantura handia eragiten du eta nahasi egiten ditu gure defentsak. Gehiegi jatea txarra da, baina gaizki jatea ere bai, eta, horrexegatik, kontrolatu egin behar da zer jaten den eta zenbat. Murriztu egin behar dira elikagai azukretsuak eta prozesatuak, kontrolatu egin behar da zenbat haragi gorri jaten den eta, batez ere, antioxidatzaile asko duten elikagaiak jan behar dira, horiek hanturen aurka egiteko gaitasuna ere badute eta (berdurak eta frutak, lekaleak eta zerealak). Urteekin, gainera, kaloria gutxiago hartu behar da. 35-40 urtetik aurrera, Espainiako Kardiologia Elkarteak gomendatzen du hamarkada bakoitzean %10 murriztea egunean hartzen diren kaloriak. Kaloria gutxiago hartzeak bi eratako eragina du. Lehenik, murriztu egiten da elikagaien bidez hartzen ditugun substantzia oxidatzaileen ekoizpena, edo elikagaiak jatean sortzen duguna, batez ere gantzetatik datozenak. Baina, bigarrenik, gorputzaren birprogramazio metabolikoa eragiten du, eta murriztu egiten da kardiopatiak, diabetesa eta beste gaixotasun batzuk izateko arriskua.
2. Ariketa: 80 urtera iristea 30eko metabolismoarekin
Oro har, ariketa eginda arrisku kardiako gutxiago izaten da, giharrak indartu egiten dira eta oxigenazio hobea lortzen da. Garrantzitsua den arren bizi osoan modu jarraituan egitea, ikerketa batzuek diote gaitasun kognitiboak nabarmen hobetu zaizkiela ariketa egiteko ohitura helduaroan hartu zuten pertsonei. Berdin gertatzen da ariketaren intentsitatearekin ere. Egia da ariketa aerobiko moderatuak adin guztietako pertsonei egiten diela mesede, baina Londresko King’s College-ko eta Birminghameko Unibertsitateko ikertzaileek duela pare bat urte egin zuten ikerketa batean ageri denez, emaitza sinestezinak izaten dira gorputza “zertxobait gehiago” lantzen dutenentzat. Zehazki, ikertzaile horiek ibilbide luzeak egiten dituzten 125 txirrindulariri egin zieten jarraipena; 80 urte zituzten, eta bizitza osoa zeramaten kirol hori egiten, eta ikusi zuten gehienek 30 urte inguruko immunitate sistema zeukatela. Dena den, ez da erresistentziako ariketa bizi-bizia egin beharrik onurak eskuratzeko. Lasterka egitera ateratze hutsarekin, oinez bizi samar ibilita edo egunean 10.000 pauso emanda, aktibatu egiten dira giharrak eta hezurdura, eta suspertu egiten ditu makrofagoak (organismo kaltegarriak antzeman eta desegiten dituzten zelulak dira).
3. Txertoak: defentsak bizkortzeko
Babesak hondatu egiten dira adinarekin (T zelula birjinak murriztu egiten dira, infekzio berrietatik babesten gaituztenak), eta, ondorioz, okerrago erantzuten diegu antigeno berriei. Funtsezkoa da gaztetan hastea txertoak hartzen, antigeno berriei modu eraginkor eta sendoan erantzuteko gai garen garaian. Txerto bakoitzarekin bizkortu egiten dugu immunitate sistema, erantzun bat sortzen dugu, eta zahartzen garenean babestu egingo gaitu horrek.
4. Estresa: neurriz kanpo kalte egiten du, baina dosi txikietan lagungarria da
Objektiboki “kaltegarriak” izan daitezkeen faktore batzuk, adibidez estresa (kortisolak, estresatuta gaudenean askatzen den hormonak, inhibitu edo galarazi egiten du immunitate sistema), dosi txikietan onuragarriak izan daitezke, defentsa gehiago sorrarazten baitute. Horixe da hormesia esaten zaionaren oinarria: estres txikiak dira, handiak hobeto eramaten laguntzen dutenak. Gauza askorekin sortzen da hormesia, ariketa fisikoarekin, dietarekin, lagunartean egonez, irakurrita, ikasita… Jarduera horiek guztiek estres txikiak dakarzkiote gorputzari (doitu egin behar izaten du tenperatura, energia iturri bat baino gehiago erabili edo baliabideak xahutu, adibidez kontzentratzeko), eta moderatuak direnez, defentsa edo babes hobeak izateko modua ematen digute eta mantsoago zahartzen gara.
5. Zoriontasuna: aldarteak badu eragina
Luzaroago bizi izateko, osasun ona eduki behar da, eta horretan eragina du gure sistema homeostatikoak elkarrekin lanean aritzeak (nerbio sistema, sistema endokrinoa eta immunitate sistema), beti komunikazioan baitaude. Zientziak frogatu du elkarrekin konektaturik daudela bizitza-luzera eta zoriontasuna. Triste eta bakarrik sentitzen garenean edo emozio ezkorrak ditugunean, gure immunitate sistema hondatu egiten da, eta horregatik dugu joera handiagoa infekzioak izateko.
Ehun urteko pertsonen eredua: bizi estiloa eta genetika.
Consuelo Borras ikertzaile nagusia da Zahartze Osasungarriaren Ikerketa Taldean (INCLIVA eta CIBERFES erakundeen mendekoa da), eta adierazi du zientzialarientzat garrantzitsua dela oso luze bizi izan diren pertsonak aztertzea: “Ehun urtera iritsi diren pertsonekin ikusten da zer den osasuntsu zahartzea, eta ez bakarrik luze bizi izaten direlako, batez ere hobeto bizi direlako baizik. 80-85 urte egindakoan, gainerakoak zahartzearen ondorioak pairatzen hasten direnean, funtzionaltasuna galduz, ahulduz edo gaixotuz, ehun urtera iristen diren pertsona horiei ez diete erasaten”, aztertu du Borrasek.
Ehun urtera iristen den jendea aztertzeak informazio asko ematen die ikertzaileei. Alde batetik, haien bizi estiloari buruz eta, bestetik, haien genetikarekin eta epigenetikarekin zerikusia duten datu biologikoei buruz. “Ikusi egin dezakegu haiek zer daukaten eta simulatzen saiatu gaitezke estrategia egingarri batekin, adibidez fisiologikoarekin, ariketak eginez esaterako, farmakologikoarekin eta nutrizio arlokoarekin”, adierazi du Borrasek.
Inor ez dagoen arren libre kalte oxidatibotik, kalte hori oso handia ez denean aukera ematen du egokitzapenak garatu ditzagun kalte handiagoen aurrean babes gaitzaten, eragin hormetikoa esaten diogun hori. Baina kaltea nabarmenagoa denean, orduan bai, gorabeherak gertatzen dira zelulen funtzioan eta kaltegarria da organismorako. “Ehun urtera iristen diren pertsonek hobeto kontrolatzen dute kalte oxidatiboa eta 70-80 urteko pertsonek baino maila apalagoak izaten dituzte”, jakinarazi du zientzialariak.
Zahartzearen arloko adituak azaldu duenez, arrasto genetikoa eratzen duten gene sorta bat dugu, eta bereizgarri hori izaten dute ehun urteko pertsonek, eta ikusi dutenez, haien oinordekoek ere jasotzen dute herentzia hori. Hau da, ehun urtera iristen direnen seme-alabek ere gurasoen arrasto genetiko hori izaten dute, eta patologia gutxiago eduki ohi dute zahartzaroan. “1.700 gene inguru daude arrasto horretan, baina denak multzokatu daitezke funtzioaren arabera. Era berean, Bcl-xL delakoan biltzen dira gene horiek guztiak, eta guk horixe ikertu dugu. Gene horrek prebenitu egiten du apostosia, zelulen heriotza programatua alegia. Zelula batek kalte bat jasaten duenean, “bere buruaz beste” egiten du kaltea ez dadin zabaldu. Bcl-xL horrek inhibitu egiten du prozesu hori eta aukera ematen du zelulak gehixeago iraun dezan bere burua lesionatu gabe”, nabarmendu du Borrasek.
Ehun urteko pertsonekin ikusten da zer den osasuntsu zahartzea, eta ez bakarrik luze bizi izaten direlako, batez ere hobeto bizi direlako baizik.
Robotika: erorikoak saihestu eta mugikortasuna hobetu.
Espainiako Neurologia Elkartearen arabera (SEN), Espainian 120.000 iktus gertatzen dira urtero. Gaixotasunik ohikoenetakoa da 55 urtetik aurrera, eta OMEk dioenez, kalkuluek diote 2050ean adin horretako herritarren %46k izango dutela gaitza pairatzeko arriskua. Iktusa aipatzeko arrazoia hauxe da: gaitz horrekin %75eko probabilitatea izaten da ondorioak gelditu daitezen, batez ere goialdeko gorputz atalei eragiten dietenak (besoak, eskuak, hatzak) eta jasan dutenen artean %20k baino ez dute lehengo mugikortasuna eskuratzen sei hilabeteko errehabilitazioa egin ondoren. “Mugikortasuna osagai funtsezkoa da osasunean eta beharrezkoa da adineko helduek autonomia izan dezaten. Hain zuzen, 65 urtetik gorakoek erabiltzen dituzte oinez ibiltzeko lagungarriak diren gailuen %64. Eskumakilak, gurpil aulkiak eta taka-takak laguntza ona ematen dute oinez ibiltzeko, baina adineko jende gehienarentzat ez da aski. Hain zuzen, pausoaren egonkortasun faltak, giharren ahultasunak eta arazo kognitiboek eragotzi egiten dute adineko pertsonek beren independentzia mantendu dezatela”, azaldu du Borja Bonail ingeniariak, zeina proiektuen kudeatzailea den eta Tecnalia Ikerkuntza eta Garapen Teknologikoko Zentroko ikertzailea.
Zerbait gehiago behar da, eta hor sartzen dira jokoan exohezurdurak, soinean janzten diren robot batzuk, zeinak irtenbide itxaropentsu gisa sortu diren jarduera fisikoak egiten laguntzeko garaian eta mugimenduak lagundu eta indartzen dituzten indar mekanikoaren bidez. “Gailu horiek gidatu egin dezakete adineko pertsona oinez ibiltzeko garaian, orekari eutsi diezaion eta mugimenduak egin ditzan. Batzuek frogatu dute gai direla nekea murrizteko edo giharren kontrol galera partziala konpontzeko, mugitzeko askatasuna mugatu gabe desgaitasun arinak dituzten pertsonetan. Baina, gainera, exohezurdura horiek gai dira datuak bildu eta alertak bidaltzeko familiakoei edo mediku zerbitzuei, eta pazientearen bizitza arriskuan jarriko lukeen egoera bat gertatuko balitz, errazagoa izango litzateke gainbegiratu edo esku hartzea”, adierazi du Tecnaliako arduradunak.
Teknologia horren lehen urratsetan gaude, baina oso berria izanik ere, adituak dio luze gabe agertuko direla merkatuan exohexurduna gero eta aurreratuagoak eta espezializatuagoak adineko pertsonentzat, eta horrek gero eta autonomia handiagoa emango die. “Ez da izango 10 urte baino lehen. Ordu arte ezin izango dugu baieztatu exohezurdurak benetan barneratuta daudela gizartearen egunerokoan”, azpimarratu du Bonailek.
Exohezurdura zurrunak dira aukera bat, egitura gogorrez hornituak, adibidez aluminiozko barraz, karbono zuntzez, pisua altxatzen laguntzeko eta indar goratuagoa egiteko, baina exojantziak edo arropa monitorizatua ere ikertzen ari dira. Exohexurdura guriak esaten zaie, arropan txertaturik joaten direnak. Enpresa batzuek dagoeneko sortu dute teknologia hori soldaduek tresneria eraman dezaten neke handirik pilatu gabe eta erresistentzia hobea izan dezaten, baina orain ikertzen ari dira nola ezar daitezkeen garun-hodietako istripuak izan dituzten pazienteetan, mugitzeko indarra eta erraztasuna lehengora itzul dakien. Neoprenozko jantzi baten antzeko zerbait izango litzateke, barnean konputagailu bat duena, jantziak pazientearen egiazko giharrekin batean lan egin dezan. Badira bestelako gailu batzuk ere zuzenean josten direnak erabiltzailearen arropara eta lagundu egiten dutenak mugimendu egokiak suspertzen.
Zertarako behar dugu urte gehiago bizi, baldin eta bizitzak opari egiten digun denbora hori ez bada kalitatezkoa? Zientzialariek behin eta berriz azpimarratzen dute alferrekoa dela hilezkortasunarekin obsesionatzea. Ulertu egin behar genuke helburua ez dela horretara iristea, bizi garen denboran ahalik eta osasun onenarekin bizi izatea baizik. Zahartzaroa iritsiko da, baina zientziak egiten dituen aurrerapenei esker eta aurrerapen horiek hobeto ulertzeko gaitasunari esker, baliteke gero eta beranduago iristea.
Funtsezkoa da parkinsona eta alzheimerra hobeto ulertzeko
Iaz gizakia eratzen duten proteina guztiak identifikatzea lortu zen (iazko aurkikuntza zientifiko handienetakoen multzoan sartu du Science aldizkariak). Giza proteoma aurkitu izana funtsezkoa da gaixotasunek eta zahartzaroak nolako bilakaera izaten duten jakiteko. Mugarri handia da biologiarako, agian giza genoma osorik identifikatu izanarekin parekatu daitekeena (duela 20 urte izan zen). Zahartzearen ezaugarrietako bat izaten da galdu egiten dela proteomaren oreka, eta berdin gertatzen da adin handiari loturiko gaixotasunekin ere. Haren egonkortasuna ezinbestekoa da zelulak osasuntsu egon daitezen, eta lagundu egiten du organismoa ere hala egon dadin. Adinarekin, hutsegiteak gertatzen dira sobera dauden proteinak edo kalteturik daudenak desagerrarazteko prozesuetan, eta, ondorioz, proteinak metatu egin daitezke. Horixe gertatzen da Alzheimerraren gaixotasunarekin –proteina betaalmiloidea metatu egiten da–, minbiziarekin eta Parkinsonarekin. Proteina horien karakterizazioak esan nahi du identifikatu egin direla genomak dituen 22.000 geneek kodetzen dituzten guztiak eta bakoitzaren funtzioak zehaztu; horrek lagundu egingo du aipatu ditugun gaixotasunak hobeto ulertzen eta tratatzen, eta lagundu egingo du, halaber, pazienteari egokitzen zaion sendagairik onena zein den diagnostikatzen eta jakiten ere.