Gure garuna ere “kutsatu” egiten da

2050ean, munduan 153 milioi pertsonak dementzia izango dutela kalkulatzen da. Ebidentzia zientifikoak lotu egiten ditu atmosferako kutsatzaileen eraginpean luzaro egotea eta gaixotasun neurodegeneratiboen arriskua eta prebalentzia handitzea.
1 azaroa de 2023

Gure garuna ere “kutsatu” egiten da

Egunean 10.000 eta 12.000 litro aire hartzen eta kanporatzen dugu bizirik irauteko. Arnasa hartzen dugunean, ez gara jabetzen airea kutsatzen duten mikropartikulen eraginpean gaudela etengabe. Hirietako kutsatzaileak gizakiaren etsai isilak dira, biriketako eta bihotz-hodietako osasunari kalte egiteaz gain, estuki lotuta daudelako gaixotasun neurodegeneratiboetan eragiten duen neurohanturarekin (dementzia, alzheimerra, parkinsona, esklerosi anizkoitza edo ELA alboko esklerosi amiotrofikoa).

Azken urteotan, ebidentzia zientifikoak ohartarazi du kutsadurak berekin dakarrela gaitasun intelektualak, gaitasun kognitiboa eta oroimena murriztea. Hau da, atmosfera oso kutsatuta duen hiri handi batean arnaste hutsagatik, arrisku handiagoa dugu estres oxidatiboa pairatzeko eta nerbio sistema zentralaren narritadura goiztiarra izateko. Ikerketa epidemiologikoek etorkizunean sor daitezkeen egoerez ere ohartarazten dute, eta ikusten da, biztanleriaren zahartzeak ez ezik, airearen poluzioak ere narritadura kognitiboa eragingo duela (goiztiarragoa eta pertsona gehiagori). Global Burden of Disease azterlana argitaratu da berrikitan The Lancet aldizkarian; dementziaren prebalentziari buruzkoa da (204 herrialde hartzen ditu lagin gisa), eta hor esaten denez, dementzia duten pertsonak 2019an 57 milioi izatetik, 2050ean 153 milioi izatera pasatuko dira.

Nola iristen dira kutsatzaileak nerbio sistema zentralera

BEGIETATIK

  • Begia-Sudurra-Garuna

ARNASTUTA

  • Arnasketa sistematik odolera igarotzen dira

IRENSKETA BIDEZ

  • Sistema linfatikoa
  • Gibela

LARRUAZALETIK

  • Nerbio trigeminala
  • Usaimen nerbioa
  • Usaimen erraboila
  • Bronkio trakeala
  • Bihotz-hodien sistema
  • Ileko albeoloen hesia
  • Larruazaletik begietara iristen da igurzten ditugunean
  • Larruazaletik urdailera pasatzen da ahoa ukitzen dugunean

Zer-nolako neurotoxikoak arnasten ditugu?

Garunari eragiten dioten kutsatzaileez ari garenean, ez gara ari berotegi efektuko gasez —karbono dioxidoaz, esaterako—; atmosferan gertatzen diren aldaketen eta berotze globalaren erantzule dira horiek, baina ez dute hanturarik eragiten. Osasun neurologikorako arriskutsuena den kutsatzailea materia partikulatua da (PM 2.5 eta PM 10), hau da, hauts-partikulak, kedarra, errautsak, zementua, hondakinak eta airean dauden metalak, 2,5 eta 10 mikroi bitarteko diametroa dutenak. Baita karbono monoxidoa (CO2), ozonoa (O3), nitrogeno dioxidoa (NO2) eta sufre dioxidoa ere (SO2).

“Gehien kezkatzen gaituena ibilgailuen zirkulaziotik datozen kutsatzaileak dira, bai motorraren errekuntzatik bai balazta eta pneumatikoen higaduratik ere. Airean dauden partikulen artean, Espainian herritarrek batez beste arnasten dutenaren %30 inguru errepideko ibilgailuetatik datorrela kalkulatzen da. Balio mugatu batzuk daude egun eta urte bakoitzeko, neurtuak eta legez arautuak 2,5eko PMetarako eta10eko PMetarako. Baina 0,1 mikroi baino diametro txikiagoa duten partikulak ez daude araututa, eta errazago pasa daitezke odol emarira. Oraindik ikerketak egiten ari dira, bai haien mailei bai osasunean duten eraginari buruzkoak”, adierazi du Xavier Querolek, CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Ingurumen Diagnostikoaren eta Uraren Azterlanen Institutuko ikertzaileak.

Europako Ingurumen Agentziak 2020an egindako Europako airearen kalitatea 2022 txostenaren arabera, Munduko Osasun Erakundeak partikula finentzat (PM 2.5) segurua jotzen duen kontzentrazioa baino handiagoa pairatu zuten Europako Batasuneko hirietan bizi diren biztanleen %96k. Gainera, 2020an 238.000 heriotza goiztiar gertatu ziren horren ondorioz.

Eraginpean egotearen ondorioak.

Zer gerta daiteke partikula kutsatzaile horien eraginpean jarraitzen badugu? Harvardeko Osasun Publikoko Eskolako ikertzaileek berriki egindako metaanalisi batek 2.000 azterketa berrikusi eta 51 nabarmendu ditu. Ikerketa horietan, lotura egiten du dementzia izateko arriskua handitzearen eta PM 2.5 delakoaren eraginpean egotearen artean (nitrogeno dioxidoa eta nitrogeno oxidoa). Hong Kongeko Unibertsitate Bataiatzaileko Biologia sailak antzeko ondorioak atera zituen beste metaanalisi batean. Metaanalisi horrek hiriko kutsatzaileen eta alzheimerra izateko arriskuaren arteko lotura ezartzen duen ebidentzia berria aztertu eta egiaztatu zuen.

Murriztu al daiteke arriskua?

Xavier querol irakasleak hamarkadak daramatza airearen kutsadurari aplikaturiko geokimikoa aztertzen. Ingurumen diagnostikoaren eta uraren azterlanen institutuko ikertzaileak da bera (idaea), zeina ikerketa zientifikoen kontseilu gorenaren mendekoa baita (CSIC). Neurri batzuk proposatzen dizkie erakundeei, arnasten dugun airearen kalitatea hobetzeko.

Garraio publikoa sustatzea

Hiri handien barruan ez ezik, baita hiri inguruko eremuetan ere, hor sortzen dira-eta hiri barruko joan-etorri handiak. “Madril edo Bartzelonako autoen %60 lanerako mugitzen den jendearenak dira. Garraio publiko metropolitarra jatorrizko hirietako disuasio-aparkalekuen ondoan antolatu behar litzateke, autobus edo tren geltokietatik hurbil, maiztasun egokiarekin”, dio ikertzaileak.

Ibilgailu pribatuak murriztea

“Kontua ez da auto elektriko edo hibridoekin zirkulazioan kolapso bera eragitea”, azaldu du CSICeko ikertzaileak. Neurri eraginkorraren adibide bat Milan hiria da. 2015ean bidesari handi bat ezarri zuten hirian, eta horrek ibilgailuen zirkulazioa %35 murriztea ekarri du. Kalean aparkatzeko aukera auzotarrek bakarrik eduki behar lukete.

Ibilgailu kutsatzaileak mugatzea

“Zirkulazioan dauden ibilgailuen %30 murriztea lortzen bada, gainerako %70ek ahalik eta gutxiena kutsatu beharko lukete”, dio Xavier Querolek. Zirkulazioari buruzko Lege berriak areagotu egin ditu zigorrak Emisio Gutxiko Eremuetan ibilgailu zahar eta kutsagarriekin ibiltzeagatik; eremu horiek 50.000 biztanletik gorako 149 udalerritan daude Estatuan. Autoak berritu eta ibilgailu hibridoak, entxufagarriak edo elektrikoak sustatu beharko lirateke.

Banaketa laguntzea eta taxi elektrikoak

“Egunean 10-12 orduz hirian ibiltzen diren ibilgailuek behar dituzte gehien hibridaziorako eta elektrifikaziorako laguntzak, besteak beste banaketakoek eta taxiek”, dio Querolek. Autoak berritzeko laguntza kanpainek Emisio Gutxiko Eremuetan eta egunero kilometro asko egiten dituzten ibilgailuetan jarri beharko lukete arreta.

Ondasunen banaketa optimizatzea

New Yorken jatetxe txiki batek egunean zazpi furgoneta jasotzen dituela kalkulatu da. Ibilgailu kopurua murrizteko, hainbat neurri proposatu dira, hala nola gaueko banaketa egitea, ibilgailu elektrikoekin, erdigunean dagoen plaza batetik irtenda, eta kamioi handi batekin, zeinak ondasunak edo salgaiak bildu eta banatu egiten dituen jatetxe edo behar den lekura eramateko. “Logistika adimentsuagoa behar dugu, banaketarako hainbeste ibilgailu eskatzen ez duena, aplikazio mugikorrak ere bai leku berera doazenek taxiak partekatu dezaten eta hutsik zirkulatzen dutenak murrizteko”, esan du. Horri esaten zaio “azken milia optimizatzea”.

Hiria berriz diseinatzea

“Kale bat oinezkoentzat jartzeak trafikoa ondoko kalera eramatea baino ez du esan nahi. Hiriak berriz diseinatzeko lanean, haurrentzako jolas parke bat eraikitzen badugu, zirkulazio handiko kale baten ondoan jarri beharrean, etxadi isolatu baten barruan kokatu beharko litzateke: haurrek kutsadura gutxiago arnastuko dute. Eta gauza bera egin beharko litzateke geriatrikoekin, lehen mailako arreta zentroekin, ospitaleekin, ikastetxeekin”, dio Querol-ek. Herritarren osasuna babestuko duen hiri baten helburuak izan beharko luke inguruetan gune berdeak jartzea, hirigunetik trafikoa ateratzea eta herritarrengandik hurbil dauden ibilgailuen kopurua murriztea.

 

Nola gertatzen da neurohantura?

“Azken urteotan ikasi dugu mota horretako mikropartikulak begitik edo azaletik arnastuz sar daitezkeela, eta horrek nahasmenduak eragiten dituela maila molekularrean.

Sarrerako bide horietatik, partikula horiek zirkulaziora igarotzen dira, eta disfuntzio bat eragiten dute odol-hodietako paretan eta oxidazio-estresa ere bai, eta horrek hainbat organori eragiten die, besteak beste, garunari, eta horrek aukera ematen du toxikotasun hori zabaltzeko. Garunean eragina izaten du neuronen arteko komunikazioan, garuna mantentzeko mekanismoetan, eta areagotu egiten du iktusa izateko arriskua, bai iskemikoa (enbolia bidez), bai hemorragikoa, bai narritadura kognitiboa izateko arriskua ere”, azaldu du Javier Camiña neurologoak, Espainiako Neurologia Elkarteko kideak. “Orain, dementzia duten milioi bat pertsona ditugu Espainian, eta horietatik 800.000 inguruk alzheimerra dute. Kalkuluek diotenez, datozen 20 urteetan dementzia izango duten bi milioi eta erdi edo hiru milioi pertsona izango dira”. Kanadako Ikerketa eta Ingurumen Osasunaren Zientzietako Bulegoak 2019an argitaratu zuen beste azterlan batek lotura egiten du aireko kutsatzaileen —hain zuzen, nanopartikula, aireko partikula eta ozonoaren— eta arazo neurologiko eta psikiatrikoen artean (narritadura kognitiboa, dementzia, antsietatea, depresioa eta suizidioa). Badirudi estresa dela gakoa, garuna bereziki sentibera baita; itxuraz, bi kutsatzaile jakinek (PM eta ozonoa) pizten dute estresa. Nola gertatzen da? “Ebidentzia berrienek erakutsi dutenez, PMak eta ozonoak ezaugarri eta erreaktibotasun desberdineko bi kutsatzaile komun dituzte, hipotalamoa-pituitaria-giltzurrun gaina ardatza (HPA) aktiba dezakete eta estresaren hormonak askatu, kortisola alegia. Hormona horiek kognizioari eta buru osasunari eragiten diete. HPA ardatzaren aktibazio kronikoak eta desarautzeak kontrako ondorioak sorrarazten dituztela dirudi, besteak beste, neurotoxikotasuna, oxidazio-estresa eta hantura prozesuen kontrol eskasa”. Horrela, kutsaduraren eta estres kroniko edo akutuaren eraginpean luzaro egonez gero, garunean aldaketak gerta daitezke, egiturazkoak eta biokimikoak, kutsatzaileek nerbio sistema zentralean duten eraginarekin zerikusia dutenak.

Prozesu oxidatiboen, hanturazkoen eta metabolikoen abiarazle direnen eragina mugatzeko irtenbide bakarra izango litzateke atmosferako kutsadura murrizteko neurriak bizkortzea, gutxiago kutsatzen duten energia eta garraio iturrien erabileraz herritarrak kontzientziatzea eta zaurgarriak diren biztanleen aire zabaleko esposizioa murriztea kutsadura handiko garaietan.