Goi mendietako eski egokitua: zuriz jantzitako erronka

1 otsaila de 2012
Img informe listado 677

Goi mendietako eski egokitua: zuriz jantzitako erronka

Urtarrila, 2012. Eguzkia atera baino lehen, Neguko Kirol Egokituen Zentroan prest daude goi mendietako eski egokitua egiten duten taldekoak. Egunero bezala, Vielha eta Salardutik Baqueira Beretera eramango dituzte, entrenatzera. Javier Gutierrez entrenatzailea da taldearen burua eta Arango bailaran bizi diren bi kirolari doaz harekin, Ursula Pueyo eta Oscar Espallargas. Helburu berbera dute biek buruan: Errusiako Sochi hirian egingo diren 2014ko Olinpiar Jokoetara ahalik eta prestatuen iristea. Halako anbiziriok ez, baina kirolarekiko zaletasun antzekoa du taldeko azken kideak: Jaime Almenar deitzen da, 11 urte ditu eta, momentuz, eskolan oporra duenean joaten da Zentrora.

Segundo milarena limatzen

Baqueirara iritsitakoan, entrenatzaileak pistak ikuskatzen ditu, oraindik zabalik ez daudenean, eta entrenamendurako zirkuitoa prestatzen du. Gaurkoan, eslalom erraldoia egitea erabaki du eta horretarako ateak jartzea da lehen lana. Bederatziak jotzerako, Vancouverreko Jokoetan egotea lortu zuen Ursula eta Oscar lehen jaitsierak egiten hasi dira. Bien bitartean, txikiena, Jaime, bere entrenamenduak hasteko zain dago. Nagusiek goizero egiten dituzte bost edo sei aldiz jaitsiera berberak eta gero elkarrekin ikusten dituzte, Javierrek dena grabatzen baitu. Akatsik txikienari erreparatzen diote, teknika ahalik eta gehien findu eta erlojuari segundoaren milarenak irabazteko.

Kirolaria eta tresneria, puntu-puntuan

Eta goizetan lana baldin badago, zer esanik ez arratsaldeetan. Astean bost aldiz Vielhako kirol instalazioetan entrenatzen dute kirolariek. Normalean, gorputza indartzeko ariketak izaten dira hirutan eta entrenamendu aerobikoa astean bitan. Taldeko kide bakoitzak bere kirol-jarduerari eta lesioari egokitutako ariketak egiten ditu. Horrez gain, astean behin edo birritan, Salarduko zentrora joaten dira, tresneria puntu-puntuan jartzera. Kirolariak fin egon behar baitu, azken batean, baina baita aulkiak, eskiek eta bestelakoek. Javierrek gidatuta ertz eta taulak ongi ikuskatzen dituzte eta behar denean baita leundu eta argizaria eman ere.

Adore gehiago, izen gutxiago

Ursula Vancouverren egon zen eta badu eskarmenturik, beraz, Olinpiar Jokoetan. 2006tik ari da Neguko Kirol Egokituen Zentroan entrenatzen eta berak zein Oscarrek Europako Kopan, Espainiako txapelketetan eta Munduko Kopan dominak irabazi dituzte. Furgonetan mugitzen dira beti halako lehiaketetara. Aldizkarietako azaletan ez dira agertzen eta diru-laguntza publikoak justu iristen direnez, finantzaketa pribatua bilatu behar izaten dute. Baina beharbada hortxe datza egokitutako kirolaren benetakotasuna. Erronka gogorragoa dira kirolariarentzat, bestelako sakrifikatze maila bat eskatzen diote, baina dominak datozenean -eta espero dugu Sochitik batzuk etortzea- aparteko zoriona ematen diote.