Zorroko zopak

Zorroko zopak: haragi gutxi eta gatz asko

Erraz eta azkar prestatzen dira produktu deshidratatu horiek, eta etxe askotan irtenbide egokiak dira kozinatzeko denborarik gabe dabiltzanean. Ontzietan etxeko plater baten irudia ageri den arren, aukera gomendagarriak al dira egiaz?
1 urria de 2021

Zorroko zopak: haragi gutxi eta gatz asko

Arrain eta berdura kontserbekin gertatzen den bezala, zorroko zopak ere ohikoak izaten dira etxeetako biltegietan, zer gerta ere. Hau da, beti etxean izatea komeni diren horietakoak dira, ezustekoren bat gertatzen denerako, oso iraupen luzea izaten dutelako eta erraz eta azkar prestatzen direlako. Baina jendeak ez ditu erosten horregatik bakarrik. Askok eta askok maiz-maiz hartzen ditu. Ez da harritzekoa, oraintxe aipatu ditugun abantailez gain beste batzuk ere badituzte eta, adibidez prezio apala, garraiatzeko eta biltegian gordetzeko erraztasuna, eta zapore eta errezeta aniztasuna, gero eta handiagoa hain zuzen. Azken hori, itxuraz onerako dena, eragozpen ere izan daiteke erosketa egiteko garaian, hainbeste aukerarekin zailagoa izaten baita erabakiak hartzea.

Itxurak engainatu egin dezake

Begiratu batean, produktu horietako gehienak oso antzekoak direla dirudi. Guztiek formatu bereko ontzia daukate: zorroan datoz, eta neurriak berdin-berdinak dira ia denetan. Estetika ere oso antzekoa dute: produktuaren izena (adibidez, “oilasko zopa” edo “txahal zopa”), plater prestatuaren irudia eta osagaietako batzuk.

Izena eta irudia bakarrik hartzen baditugu, pentsa liteke produktu horiek nagusiki haragiz osatuak daudela (esaterako, oilaskoz edo txahalez), baina ez da hala benetan. Argibide bat aurki dezakegu ontzi horien aurreko aldean, non plater prestatu baten irudia ageri den. Hor ikusiko dugu zopa horietan pasta dela osagai nagusia (fideoak, izarrak…).

Zehatz-mehatz zerekin osatuak dauden jakin nahi badugu, etiketa arretaz aztertzea izaten da beti onena. Elementurik garrantzitsuenetakoa legezko salmenta izena da, non produktuaren ezaugarrietako batzuk ageri diren (Adibidez, “hegazti zopa deshidratatua fideoekin”). Osagaien zerrendan, gehien duenetik gutxien duenera ordenatuta agertzen dira osagaiak. Gainera, ontzian osagairen bat nabarmentzen denean, izan hitzen bidez edo irudi bidez, etiketan esan egin behar da zehazki zenbat duen. Argibide horiekin askoz ere garbiago jakin dezakegu produktu bakoitza egiaz nola osatua dagoen. Horrela egiaztatuko dugu oilasko, hegazti eta txahal zopetan osagai nagusia ez dela haragia, pasta baizik: %69 dauka Knorr etxeko Oilasko Zopak eta %76 Gallina Blanca etxeko Hegazti eta Fideo Zopak.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, zorroko zopak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Gatz kantitateak bereziki baldintzatzen du balorazioa.
  • Osagaiak. Produktuaren kalitate komertzialaren berri ematen dute, eta alderatu egin daiteke zein diren ugarienak eta zein ontzian nabarmentzen direnak.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Zenbat haragi daukate?

Ohiko hizkeran “oilasko zopa” edo “txahal zopa” esaten diogu haragia eta barazkiak egosi eta salda horri pasta erantsiz lortzen den elikagaiari. Haragia eta barazkiak gehienean kendu egiten zaizkio pasta erantsi aurretik, eta azken platerean ia ez da gelditzen horien arrastorik, salbu eta zaporea, lurrina eta zatitxoren bat. Zopa komertzialekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Zopa horiek oso kopuru txikietan izaten dute haragia: Eroski etxeko Hegazti Zopak, esaterako, %2 dauka, eta etxe bereko Txahal Zopak %0,5. Hain gutxi izanik ere, izenaren zati nabarmen bat hartzen du osagai horrek: “oilasko” zopa, “hegazti” zopa edo “txahal” zopa.

Jokabide hori engainagarria dela esan daiteke, eta zorrotz hartuta, egokiagoa litzateke “pasta zopa” esatea, hori baita osagai nagusia. Baina etxean ere izen horiek erabiltzen ditugunez, esan liteke aski ezagunak direla eta ongi dakigula zeri buruz ari diren, eta ez dagoela iruzurrik. Hau da, erabilerak errotu duen izen bat da, eta horregatik erabiltzen dira salmenta izen bezala ere. Produktu hauetan oso proportzio txikian ageri da haragia, %2 eta %0,5 artean. Hain gutxi izanik ere, izenaren zati nabarmen bat hartzen du osagai horrek: “oilasko” zopa, “hegazti” zopa edo “txahal” zopa. Zorrotzak izanda, egokiagoa litzateke “pasta zopa” esatea, hori baita osagai nagusia. Baina etxean ere izen horiek erabiltzen ditugunez, esan liteke aski ezagunak direla eta ongi dakigula zeri buruz ari diren, eta ez dagoela iruzurrik. Hau da, erabilerak errotu duen izen bat da, eta horregatik erabiltzen dira salmenta izen bezala ere.

Eta berdurak? 

Tipula Zopa eta Hamabi Barazkiko Zopa izenekoek (Knorr etxekoak biak) kopuru aipagarrietan dituzte izenak aipatzen dituen osagaiak: lehenbizikoak %34 dauka tipula eta bigarrenak %32 barazkiak. Hori bai, Knorr etxeko Hamabi Barazkiko Zopak hamar berdura eta barazki baino ez ditu (hamaika, patata kontuan hartuz gero), eta ez hamabi, izenak dioen bezala. Zehazki, honako hauek ageri dira: azenarioa, porrua, lekak, apioa, kalabaza, azalorea, tipula, ilarra, txiribia eta arbia.

Nola indartzen diete zaporea?

Osagairik nobleenen ondoan (berdurak, haragia edo pasta) beste hainbat ere ageri dira, eta bakoitzak du bere funtzioa. Horien artean daude zapore-indargarriak, eta izenak dioen bezala, zaporeak eta lurrinak nabarmentzeko eransten zaizkie. Ezagunena, zalantzarik gabe, monosodio glutamatoa da; mesfidantza sortzen duen gehigarria da, mito asko dagoelako haren inguruan, adibidez arriskutsua dela eta eragin kaltegarriak sortzen dituela, besteak beste buruko mina. Konposatu hori, dena den, segurua da. Izan ere, azido glutamikoaren forma ionizatua da glutamatoa, eta azido hori aminoazidorik ugarienetakoa da gure organismoan eta funtzio metaboliko garrantzitsuak betetzen ditu. Organismo batzuetan, gainera, monosodio glutamato gisa ageri da, adibidez algetan.

Gehigarri horrek indartu egiten ditu zaporeak, baina ukitu berezia ere ematen du, oso gustu berezia baitauka. Umami esaten zaio, eta oinarrizko zaporeetako bat da gozoarekin, gaziarekin, azidoarekin eta mikatzarekin batean. Zapore hori berezkoa dute zenbait elikagaiak, adibidez algek, gazta onduak eta urdaiazpikoak, eta aurrez kozinatuta dauden produktu askotan ere ageri da, glutamatoa erantsi egiten baitiete. Produktu prestatu horietako askotan glutamatoaren zaporea biziegia izaten da eta estali egiten du gainerako osagaien zaporea; hori dela eta, pertsona askok nahiago du glutamatoa saihestu eta etxeko errezeten zaporera ahalik eta gehiena hurbildu. Arrazoi horregatik, eta ospe txarra bereganatu duelako ere bai, ekoizle askok utzi egin dio erabiltzeari. Horrek ez du esan nahi zapore-indargarririk ez darabiltela, beste batzuk hautatzen dituztela baizik. Aztertu ditugun guztietan, Knorr etxeko Hegazti Zopan eta Oilasko Zopan izan ezik (horiek sodio glutamatoa darabilte), legamia estraktuak edo proteina begetal hidrolizatua darabilte.

Osagai horiek berez daukate azido glutamikoa eta, beraz, sodio glutamatoa erabiltzea bezala da. Desberdintasuna da beste horiek oharkabean gelditzen direla osagaien zerrendan, ekoizleak ez baititu aurkezten zapore-indargarri gisa, nahiz eta funtzio hori eduki.

“Naturalak” saldu egiten du

Elikagaiak sustatzeko garaian, ohiko estrategia izaten da “naturala”, “tradizionala” edo “etxekoa” kontzeptuak erabiltzea, kontsumitzaileen begietara osasungarriak, seguruak eta gustagarriak direlakoan. Zopa hauetakoren batean ere ikusten da hori. Adibidez, Knorr eta Gallina Blanca etxekoetan nabarmenduta ageri da “kontserbagarririk gabea” mezua, eta horrekin pentsarazi nahi da “naturalagoak” direla, nahiz eta produktu mota honek berez ez duen behar gehigarririk, deshidrataturik daude eta. “Natura” hitza ere nabarmenduta ageri da Knorr zopetan, non esaten den nekazaritza jasangarritik lortuak direla osagaiak. Azken hori ez dago legez arautua, eta ontzian ere ez da inola justifikatzen. Gainera, formulazioan osagai batzuk ordezkatu egiten dira edo, besterik gabe, zerrendan beste modu batez izendatzen dira, etiketa “garbiagoa” lortu nahian. Etxeko produktu baten irudia. Produktu horien ontziak mezuz eta aipuz beteak daude, eta nabarmendu egiten dute gehigarri batzuk gabe eginak daudela.

Etiketa “garbiaren” alde

Jokabide horrekin, ekoizleek izen arrotzak edo “naturalak” ez direnak desagerrarazi egiten dituzte osagaien zerrendatik, kontsumitzaileek harrera hobea egin diezaieten. Estrategia horri “etiketa garbia” edo clean label esaten zaio. Adibidez, Knorr etxeko Hamabi Barazkiko Zopak butilhidroxianisol izeneko antioxidatzailea (E320) darabil, baina Knorr etxeko eta Eroskiko gainerako zopetan erromero estraktua darabilte haren ordez, irudi hobea baitu. Gehigarriak bere izenarekin azaldu daitezke osagaien zerrendan (erromero estraktua) edo kodearekin (E392), baina ekoizleen hautua izaten da errezelo gutxien sortuko duena erabiltzea.

Hori bai, osagaiaren aurretik beti adierazi behar da elikagaian zer-nolako funtzioa betetzen duen. Antioxidatzailearekin hala egin dute, baina beste batzuekin ez, adibidez legamia estraktuarekin eta proteina begetal hidrolizatuarekin, zeinak zapore-indargarri gisa jarduten duten. Antzeko zerbait gertatzen da koloragarri batzuekin. Produktu batzuek karamelua darabilte, eta halaxe ageri da; adibidez, Eroskiren Txahal Zopan. Baina beste batzuetan, Knorr etxeko produktu guztietan adibidez, karamelu ziropa erabiltzen da koloragarri gisa, baina ez du adierazten funtzioaren berri.

Gainerako konposatuak

Orain arte aipatu ditugun osagaiekin batean, zopetan beste batzuk ere erabiltzen dira bestelako funtzio batzuk betetzeko, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Lurrinak eta espeziak. Produktuari lurrina, zaporea eta kolorea emateko erabiltzen dira.
  • Lodigarriak. Patata fekula, arto almidoia eta gari irina eransten dizkiete saldari gorputza emateko.
  • Gantzak. Batez ere, zaporea eta testura hobea emateko eransten zaizkie. Gantz mota aldatu egiten da produktu batzuetatik besteetara.
  • Gatza. Gehienek asko samar daukate: 2 gramo inguru errazio bakoitzeko.

Nutrizio arloko informazioa

Produktu mota horretan zenbaitetan zaila gerta daiteke nutrizio arloko informazioa interpretatzea, ageri diren datuak beti ez baitira egoera berdinean dagoen produktuarenak. Aztertu ditugun zopa gehienetan, adibidez, produktu berreginaren 100 mililitrori dagozkio datuak, hau da, behin ura erantsi eta hartzeko prest dagoen produktuarenak dira. Beste batzuetan, ordea, hauts eran dagoen produktuaren 100 gramori buruzko informazioa izan daiteke, hau da, zopa deshidratatuarena, Eroski etxeko zopetan gertatzen den bezala.

Bi aukerak daude onartuta, baina hori bai, gaizki ulertuak saihesteko, xehetasun hori arretaz aztertu behar da (nutrizio arloko informazioa emateko taularen ondoan ageri den testuak argitzen du). Hartzeko prest dagoen produktuaren 10 mililitrori buruzko informazioak duen abantaila zera da: erraz interpretatzen eta alderatzen dela. Produktu deshidratatuari buruzkoak, berriz, aukera ematen du jakiteko mantenugai bakoitza zenbateko proportzioan ageri den hauts eran dagoen produktuan. Horregatik ageri dira hain alde handiak zenbait mantenugaitan. Adibidez, produktu prestatuaren informazioa ematen denean, gatz kantitatea 0,8 gramokoa da gutxi gorabehera, eta, aldiz, produktu deshidratatuaz ari denean, gatz kantitatea 11 gramo ingurukoa da. Zorro batek 75 gramo inguru izaten du produktu deshidratatuarena, eta horiekin 250 ml-ko lau errazio prestatzen dira (litro bat zopa); beraz, errazio bakoitzak 2 gramo gatz inguru izango du.

Produktu guztiek esaten dute zenbat mantenugai duen produktu prestatuaren errazio batek (250 ml). Horiek dira egiaz datu interesgarriak harraldi bakoitzean zenbat mantenugai hartuko dugun jakin nahi badugu.

Mantenugai gutxi eta gatz asko

Produktu horiek ageri dituzten datuak ikusten baditugu, ohartuko gara nahiko eskasak direla nutrizioaren ikuspegitik. Ez da harritzekoa ere, zoparen zatirik handiena ura baita.

  • Karbohidratoak. Mantenugairik ugariena da, eta errazio bakoitzak 12 gramo inguru ematen ditu, salbu eta Tipula Zopak eta Hamabi Berdurako Zopak, biak ere Knorr etxekoak, non lehenak 7 gramo dituen eta bigarrenak 5 gramo. Baina hidrato denak ez dira berdinak. Bi produktu horienak gomendagarriagoak dira, konplexuak direlako, eta gainerakoetan, berriz, pastatik datoz, hau da, nagusiki almidoiz osatuak daude, eta almidoia oso azkar bihurtzen da karbohidrato sinple barneratzen dugunean.
  • Gantzak. Karbohidratoekin gertatzen den bezala, garrantzitsua da gantzak ere nondik datozen jakitea, eta horretarako beharrezkoa da osagaien zerrendan begiratzea. Produktu batzuetan oilasko edo haragi gantza erabiltzen da, besteetan oliba olioa, zeina guztietan estimatuena eta garestiena den, eta beste batzuetan palma olioa, merkeena eta ez oso gomendagarria. Horregatik, produktu batzuek nabarmendu egiten dute olio hori ez daramatela, adibidez Eroski etxekoek. Nolanahi ere, zopa horiek oso gantz gutxi izaten dute. Adibidez, oliba olioa %0,09 eta %0,7 artean dabil; Eroski etxeko Oilasko Zopak du gutxien eta etxeko bereko Haragi Zopak gehien. Hau da, onenean ere, 250 ml-ko errazio batek duen oliba olio kantitatea ez da iristen postreko koilarakadatxo baten erdira ere. Izan oliba olioa edo izan palma olioa, zopa horietan dagoen kantitatea hutsaren hurrengoa da: 0,4 gramo errazio bakoitzeko. Zertxobait gehiago duen produktu bakarra Knorr etxeko Tipula Zopa da: 1,1 gramo ditu errazio bakoitzeko, eta hori ere oso gutxi da. Horregatik, produktu batzuetan, adibidez Knorr eta Eroski etxekoetan “gantz gutxikoa” mezua ageri da, eta aipu hori lege barnean dagoela esan behar da, 100 gramo bakoitzeko 3 gramo gantz baino gutxiago ematen duten elikagaiek bakarrik eduki baitezakete (edo likidoetan, 1,5 gramo baino gutxiago dutenek 100 ml bakoitzeko), eta bi horietan halaxe gertatzen da.
  • Proteinak. Horiek ere oso kopuru txikietan ematen dituzte zopa hauek, 2 gramo inguru errazio bakoitzeko, salbu eta Knorr etxeko Hamabi Barazkiko Zopak, zeinak 0,6 gramo dituen. Horregatik da deigarria zenbait produktutan “proteina iturria” dela nabarmenduta agertzea, adibidez Eroski etxekoetan. Horrek ere badu azalpen bat; izan ere, legeak esaten du, nutrizio arloko aipu hori egin ahal izateko, proteinek energia balio guztiaren %12 eman behar dutela. Baldintza hori bete egiten da: energiaren %15 inguru ematen dute. Dena den, ez dugu pentsatu behar proteina asko ematen dutelako gertatzen dela hori, energia balioa oso txikia delako baizik, 21 kcal ingurukoa 100 ml bakoitzeko. Alderaketa bat egiteko, zopa horien errazio batek 53 kcal ematen ditu gutxi gorabehera, sagar erdi batek ematen duen kantitate berdina.
  • Zuntza. Proteinekin gertatzen den bezala, hutsaren hurrengoa da mantenugai hori ere (0,5 gramo errazio bakoitzeko), eta ez da harritzekoa ere, berdurak eta barazkiak oso gutxi ageri baitira. Horregatik da harrigarria Knorr etxeko Hamabi Barazkiko Zopak “zuntz iturria” dela esatea. Oraingo honetan ere, antzeko azalpena dauka. Ez da zuntz asko duelako, kaloria gutxi ematen duelako baizik. Legeak onartzen du mezu hori agertzea baldin eta zuntza, gutxienez, 3 gramoko kopuruan badauka 100 gramo bakoitzeko, edo 1,5 gramo zuntz badauka 100 kcal bakoitzeko. Zopa horrek 0,36 gramo zuntz dauka 100 ml bakoitzeko, eta hori oso gutxi da, baina egoki betetzen du baldintza. 100 kcal lortzeko, litro bat zopa hartu behar litzateke, eta kopuru horretan bai, 1,5 gramo zuntz baino gehiago aurkituko genuke.
  • Gatza. Produktu hauen gauzarik aipagarriena da, errazio bakoitzak 1,9 gramo inguru baitu gatza, eta hori asko samar da. Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa da egunean 5 gramo gatz baino gutxiago hartzea; hortaz, zopa horiek hartzen baditugu, egunaren buruan jaten dugunarekin 3,1 gramo gatz bakarrik hartu ahal izango dugu muga hori ez gainditzeko, eta hori ez da batere erraza. Segur aski, gainditu egingo dugu 5 gramoko muga.

Azken batean, oso produktu eskasa da nutrizioaren ikuspegitik; ia ez du ematen mantenugairik eta energiarik, eta, gainera, gatz asko samar dauka. Nutri-Score sistemaren puntuazioa kalkulatzeko, produktu prestatuaren 100 ml hartzen dira, eta gehienek C letra lortu dute, salbu eta Knorr tipula Zopa, zeinak B letra ageri duen.

Ondorioak

Bi multzo handi bereizi ditzakegu produktu mota honetan:

  • Haragiz, oilasko edo txahalez eginda dauden zopak, non pasta den osagai nagusia (produktuaren % inguru). Haragi kopurua hutsaren hurrengoa da (%, ingurukoa).
  • Barazkiz eginak, non berdurak diren osagai nagusia (produktuaren %). Gainerako osagaiak lodigarriak dira batez ere, adibidez gari irina edo patata fekula, eta produktuari gorputza ematea da horien helburua, eta beste osagai batzuk ere ageri dira bi multzoetan, adibidez zaporeindargarriak, lurrinak, gantzak eta gatza.

Nolanahi ere, oso produktu eskasak dira nutrizioaren ikuspegitik; ia ez dute ematen kaloriarik eta mantenugairik, eta, gainera, gatz asko samar daukate. Horregatik dira oso noizbehinka jatekoak. Guztien artean, barazkiz egindakoek dituzte ezaugarririk onenak (adibidez, berdura eta barazki gehiago daukate eta zuntz gehiago ematen dute). Bereziki nabarmentzen da Knorr Tipula Zopa, gatz gutxien duelako eta kalitate-prezioetan onena delako, eta ondotik heldu dira Eroski etxeko Oilasko Zopa eta Hegazti Zopa.

Hainbat zopa mota, prezio berdina

Marka bakoitzak prezio bera jartzen die bere produktu guztiei, mota batekoa izan edo bestekoa. Horrela, Eroski zopak dira merkeenak (0,10 euro errazioak), Gallina Blanca etxekoak datoz ondoren (0,14 euro) eta Knorr etxekoak azkenik (0,17 euro). Nahiko deigarria da hori, zopa mota bakoitzak era bateko osagaiak dituelako eta, berez, kostu eta prezioa ere bakoitzak berea eduki beharko luke. Agian izan liteke osagai garestiak oso kopuru txikietan dituztelako (haragia, oliba olioa…) eta elaborazio prozesuaren kostu nagusia prozesuan bertan dagoelako eta, zehazkiago, deshidratazioan.

Nola egiten dituzte 

Zopa mota honek mesfidantza eragiten dio hainbat jenderi, batez ere hauts eran datorrelako eta, ondorioz, begiratu batean ez direlako bereizten osagaiak; hori dela eta, jendeak ez du oso argi izaten zein den jatorria eta osaera. Konfiantza falta hori areagotu egiten du, halaber, produktu horiek egiteko prozesua zein den ez jakiteak. Horregatik, marka batzuek ontzian azaltzen dute osagaiek zer-nolako ezaugarriak dituzten eta elaborazio prozesua nolakoa izan den, adibidez Gallina Blancak. Egia esateko, ez dago gauza arrarorik. Osagai “nobleak” zatitu egiten dituzte (berdurak, haragia…) eta kendu egiten diete ura; horretarako, deshidratatu egiten dituzte ur beroarekin.

Erosteko gomendioak 

Lau puntutan laburbildu daitezke aukera on bat egiteko gakoak:

  1. Osagai nagusia. Hobe da osagai nagusi gisa barazkiak dituztenak hautatzea.
  2. Proportzioak. Ez da egon behar ontzian nabarmenduta ageri diren osagaiei begira, horietako bakoitzak osagaien zerrendan hartzen duen proportzioari baizik.
  3. Gantza. Oliba olioa dutenei eman behar zaie lehentasuna, eta ez beste olio batzuei, adibidez palma olioari.
  4. Gatza. Zenbat eta gutxiago izan, hainbat hobeto.

Nabarmentzen den osagaia ez da beti ugariena