GPSa duten ordulariak eta adingabeak: bikote ona?

Haurrentzako kokapen gailuek esan egiten dute haurra non dagoen une bakoitzean, eta laguntza eskatzeko aukera ere ematen die behar izanez gero. Telefono mugikorrekin hasi aurreko pausoa da, eta laguntza ona izan daitezke autonomia eta segurtasuna emateko. Hori bai, neurriz kanpo erabiliz gero, kontrako eraginak eduki ditzakete.
1 uztaila de 2022

GPSa duten ordulariak eta adingabeak: bikote ona?

Bizimodua errazagoa edo segurua egitea da teknologiaren zeregin erakargarrienetakoa, eta zer esanik ez tartean gure seme-alabak daudenean. Ordulari adimendunak kirolerako eta entrenamenduetarako sortu ziren berez, baina garai batetik hona bestelako erabilera bat ere eman zaie, gurasoak lasai egon daitezen seme-alabak non dabiltzan jakinda edo haiekin harremanetan jartzeko modua izan dezaten larrialdiren bat gertatuz gero mugikorraren beharrik gabe. Funtsean, neska-mutilek erabiltzeko ordulari GPSdunak ez dira oso desberdinak helduek ibiltzen dituztenetatik. Produktu horiek, dena den, haurren multzorako espezializatu dira eta funtziorik oinarrizkoenak hauexek dituzte: eramailea non dagoen jakitea, harekin komunikatzea eta, nola ez, ordua adieraztea. Gehienek ez dute uzten beste aplikazio, kontu edo zerbitzu batzuk instalatzen, eta diseinua haurren gustuetara egokitua dago, bai estetikaz eta bai erresistentziaz ere, higadura jasateko gai izan daitezen.

Eskumuturrekoak bezalakoak al dira?

Helduentzako merkatuan bezala, haurrentzat ere badira GPSa duten ordulariak eta eskumuturrekoak. Baina lehenbizikoek bakarrik eskaintzen dituzte aparteko funtzioak haurren kokapena eta segurtasuna zaintzeko. “Haurrentzat” iragartzen diren eskumuturreko ia guztiek diseinu erakargarri samarra baino ez dute eskaintzen, baina gurasoek bilatzen dituzten zerbitzuak eskaini gabe. Ez dute izaten GPSrik eta mugikorrera konektatu beharra dago bluetooth bidez datuak jaso ahal izateko; hortaz, ez dira gailu autonomoak.

Haurrentzako GPSak dituzten ordulari horiek berezi egiten dituenak funtzio jakin batzuk dira, ia denek eskaintzen dituztenak, edo onenek behintzat bai. Lehenik eta behin, geofencing esaten zaiona edo segurtasun guneak. Ordulari horiek guztiek aplikazio bat izaten dute atxikita, eta gurasoek gune batzuk ezarri ditzakete haurrak libreki mugi daitezen horietan barrena, eta jakinarazpen bat jasotzen dute eremu horietatik ateratzen direnean. Sofistikatuenek, berriz, gailua mugitzen ari den edo luzaroan geldirik dagoen antzematen duten sistemak ere izaten dituzte, eta horrek adieraziko luke haurrak kendu egin duela.

Kontuz obsesioarekin

Noiz dira erabilgarriak eta noiz saihestu behar dira

Haurrentzako ordulari GPSdunek sustatu egin dezakete neska-mutilen autonomia eta erantzukizuna egoera jakinetan erabiliz gero. Adibidez, eskolara edo eskolaz kanpoko jardueretara bakarrik doazenean, lagunekin ateratzen direnean edo eremu handi eta jendetsuetan dabiltzanean. Baina gehiegizko kontrola ezarriz gero, beldurrak ere txertatu ditzakete haurrengan. Josevi Baeza psikologoa da eta hezkuntza eta familia arloetako aholkularia, eta haren iritziz, gailu horiek “elikatu egin dezakete haurren beldurra, eta pentsa dezakete mundua beldurgarria dela eta ez daudela prestaturik bizirik irauteko”.

“Babesteko eta lagun egiteko zereginetatik libratuko gaituzten tresnak edukita, gerta daiteke gai handietan ere neurriz kanpo lasaitzea. Gure kezka izan behar luke egiteko moduko erronkak eskaintzea, haien gaitasunak garatu ditzaten inguru seguru baina desafiatzaile batean”, adierazi du psikologoak.

Mugikorrak eskumuturrean

Produktu horiek behar den guztia daukate deiak eta bideodeiak egiteko, mugikorrek bezalaxe. Haurrarekin harremanetan nor jartzen den kontrolatzeko, gehienek solaskide seguruen agenda bat izaten dute. Gurasoen mugikorrean instalatuta dagoen aplikazioaren bidez, mugatu egin dezakete nork deitu dezakeen haurraren ordularira eta hark nori deitu diezaiokeen. Bideodeiak egiteko, gailu horiek mikrofono bat, bozgorailu bat eta kamera bat izaten dute argazkiak eta bideoak egiteko. Guraso kontrolerako funtzioen artean, modelo askok aukera eskaintzen dute ordularia daraman haurraren inguruan dagoena ikusi eta entzuteko. Hortik aurrera, guraso edo tutoreek neurtu behar dute gainbegiratzeko funtzio hori erabili edo beren buruei ere muga batzuk ezarri.

Ohikoena izaten da kamera ordulariaren esferan egotea, eta horrek erraztu egiten du bideodeia eskumuturretik bertatik egitea. Baina modelo batzuek uhalean edo karkasaren albo batean izaten dute, eta horiekin zailagoa izaten da bideodeiak egitea, kosta egiten baita haurraren aurpegia enfokatzea. Gailuak tenporizadore bat edo erabilera programatzeko bat izanez gero, mugatu egin daiteke haurrak zenbat denboran erabil ditzakeen aparteko funtzioak, adibidez kamera.

Sim txartel bat behar dute

Nahiz eta badiren bluetooth konexioa bakarrik duten ordulari adimendunak, produktu mota honetan ezinbestekoa izaten da etengabe egon daitezela Internetera konektaturik. Horrek esan nahi du datu tarifa bat ordaindu beharko dela eta, agian, baita geokokapen zerbitzuari dagokiona ere. Konexio hori egiteko, gailu horiek mikroSIM edo eSIM txartel bat eduki beharko dute. Baten eta bestearen arteko desberdintasuna hauxe da: mikroSIM txartelarekin bateragarriak diren gailuei txartel fisiko bat sartu behar izaten zaie dagokien portuan, eta eSIM aukera dutenek, modernoagoak izaki, txip bat izaten dute hardwarean sartuta, eta operadorearekin konfiguratu ondoren, hark egiten ditu funtzio horiek guztiak. Gailu batzuek sarbide irekia izaten dute Internetera, mezularitzara eta sare sozialetara. Baina haurraren babesa handitzeko, beste zerbitzu edo web-orrietara konektatu ez daitezkeen gailuak hautatzea komeni da.

Legezkoa al da erabiltzea?

Gailu horiek erostea eta erabiltzea guztiz legezkoa da. Horren erakusgarri, operadoreek eurek eskaini egiten dituzte beren katalogoaren barnean. Gurasoen edo tutoreen zeregina eta ardura da horiek modu arduratsuan erabiltzea haurrekin. Ez dago adin gomendaturik gailuek eurek diseinuaren bidez erakarri nahi duten adin multzotik harago. Produkturik gehienak 4 eta 10 urte arteko erabiltzaileei zuzenduta daude, eta ondorioz, aparteko funtzioak marrazki bizidunetako eta jolasetako pertsonaiekin lotuta egoten dira. Baina ekoizle batzuk, adibidez SaveFamily espainiarra, hasiak dira diseinu askoz ere soilagoak eta “nagusien ordulari” itxurakoak eskaintzen, nerabezaroaren atarian dauden gaztetxoentzat bereziki.

Legearen ikuspegi hutsetik, dena den, alderdi lauso asko samar dago ordulari horien inguruan, eta gauza bera gertatzen da adingabeen kokapen aplikazioekin eta mugikorrekin ere (ez da nahasi behar guraso kontrolerako moduekin, horiek ez direlako hain intrusiboak eta erabilera mugatzea bilatzen dutelako). Kode Zibileko 154. artikulua hartu beharra dago kontuan, non esaten den, adingabearen osotasun fisikoa zaintzeko erabiltzen denean arakatzailea edo desagertzea edo bahitzea prebenitzeko, baimendua dagoela. Baina horrek talka egiten du, batez ere nerabeez ari garenean, Konstituzioak zaindu beharrekotzat jotzen dituen zenbait eskubiderekin: ohorea, norberaren eta familiaren intimitatea, eta norberaren irudia. Legelariek diote kontrolatu daitekeela, baina “ez inoren intimitatea espiatu” arrazoi justifikaturik gabe. Nolanahi ere, gatazkaren bat sortuko balitz, beti epaileak izango luke azken hitza.

Seguruak al dira?

Edozein zerbitzu edo teknologia haurren esku jartzeko garaian, horixe da, agian, galderarik garrantzitsuena.  Norbaitek izan al dezake modua haur bat non dagoen edo non ibiltzen den jakiteko? Gailu horiek 2019an ospetsu egin zirenean eta Eguberrietan ohiko opari bihurtu zirenean, aditu askok ohartarazi zuten ez zela fidatu behar markarik merkeenekin, zeinak inportazioko merkataritza plataformetan eskaintzen dituzten.   Gomendagarriena izaten da produktu bakoitzaren ahuluneak zein diren jakitea eta, erosteko asmotan bagabiltza, xehetasunei erreparatzea eta ikustea ea ekoizleak ongi egin dituen etxeko lanak:

• Konexio ez-zifratuak. Komunikazioak gaizki zifratuta egonez gero, Man in the middle (MITM) erako erasoak gerta daitezke, non piratek eskuratu egin ditzaketen ordulariaren eta zerbitzariaren arteko komunikazioak, datuak ez baitaude zifratuta. Horri esker, hackerak eskura eduki dezake informazioa, adibidez zein diren ezarrita dauden gune seguruak, irakurri egin ditzake mezuak eta entzun eta ikusi ere bai haurraren inguruan zer gertatzen ari den ordulariak mikrofonoa eta kamera izanez gero. Horren adibide da Shenzhen i365 etxeko T8 Mini modeloa, zeinak aurretiaz ezarritako pasahitz ahulak erabiltzen dituen oso (123456) eta zifratu gabeak; aldatu ezean, erasoek erraz gainditu ditzakete.

• Hardwarea manipulatzea. Ordularirik gehienak SIM txartelarekin datoz, konektibitate iraunkorra bermatzeko, baina seguruenek bakarrik bidaltzen dute abisu bat baimenik gabe kentzen denean edo gailua moduren batean manipulatzen denean.

Huts egin al dezakete?

Gailu horiei eskatzen zaien funtzioak etsai nagusi bat izaten du: estaldura falta. Espainian 4G teknologiako estaldura dago lurraldearen %99an, baina eraikin batzuen barnealdean seinalea ahulagoa izaten da, arrazoi batengatik edo besteagatik. Gailu horietako gehienek, mugikorrek bezalaxe, larrialdi deiak egin ditzakete, baita estaldurarik gabe ere, GPRS seinalearen bidez. GPSaren kokapenak, berriz, maiztasun edo frekuentzia inhibitzaileek bakarrik desagerraraz ditzakete, eta horren aurrean ezer gutxi egin daiteke.

Zenbateko erresistentzia dute?

GPSa duen ordulari bat erostean haurrentzat, bada kontuan hartu beharreko beste ezaugarri bat ere: nolako erresistentzia duen uraren, kolpeen eta hautsaren aurrean. Hori neurtzeko, IP babesa edo Ingress Protection delakoa erabiltzen da (material batean objektuak sartzearen aurkako babesa). Materialen industriak ezartzen duen estandar bat da, eta horrek zehazten du nolako gaitasuna duen gailu batek barnealdera substantzia edo material bati pasatzen uzteko. Erresistentzia handia duten gailuak hautatzea gomendatzen da, IP68, eta horrekin bainatu ere egin daitezke haurrak igerilekuan.