Edari freskagarriak. Terrazetan nagusi... eta azukretan ere bai
Berotzen hasten duenean eta gorputzak bero horri aurre egin nahi dionean, ohikoa izaten da freskagarrietara jotzea. Espainian 120 milioi litro edari saltzen dira otsailean, eta uztail-abuztuetan, berriz, 180 milioira iristen da zifra. Gehien erosten duguna, alde handiarekin gainera, ura da, 61 litro inguru pertsona eta urte bakoitzeko, eta bigarren lekuan edari freskagarriak ageri dira, 39 litrorekin pertsona eta urte bakoitzeko, halaxe dio elikagai kontsumoari buruz 2019an egin zen txostenak, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak landu zuenak. Hau da, freskagarriek leku aipagarria hartzen dute gure dietan, eta, beraz, komeni da horien ezaugarriak zein diren jakitea ahalik eta hautu onena egiteko, denak ez baitira berdinak. Hain zuzen, produktu multzorik askotarikoena osatzen dute, eta era askotako aukerak aurki ditzakegu horien artean.
Zer da freskagarri bat?
Tradizionalki edari karbonatatu zaporedunei esan izan diegu “freskagarri”, batez ere kolazkoei, laranjazkoei eta limoizkoei. Baina edari freskagarrien multzoan (izen hori ematen die legeak) beste batzuk ere sartzen dira, merkatuan orain dela gutxi agertu direnak horietako zenbait, adibidez edari energetikoak -kafeina asko dutelako esaten zaie horrela-, esnez eta zukuz egindako edariak edo ur zaporedunekin eginak daudenak. Edari itsaso horretan argi pixka bat egiteko, legeari begiratu bat ematea komeni da. Produktu horiek arautzen dituen legearen arabera (650/2011 Errege Dekretua), alkohola gehienez ere %0,5 eduki dezaketen produktuak dira, urez eginak eta honako osagai hauetako bat edo gehiago daukatenak: anhidrido karbonikoa, azukreak, zukuak, pureak, fruta edo begetal zati sakabanatuak, estraktu begetalak, bitaminak eta mineralak, lurrinak, gehigarri baimenduak edo elikadura arloko beste osagai batzuk.
Legeak egiten dituen multzoak
Legeak zenbait multzo bereizten ditu: Seltz ura (ura eta anhidrido karbonikoa izaten ditu), soda ura (ura, anhidrido karbonikoa eta sodio bikarbonatoa), ur aromatizatua (ura lurrinekin), gaseosa (edari koloregabea, urez, anhidrido karbonikoz, lurrunez, azukre edo eztitzailez eta gehigarri baimenduz egina) eta bestelako edari freskagarriak. Azken multzo horretan sartzen dira, hain zuzen, ezagutzen ditugun freskagarri gehienak. Esan liteke berezko araudirik ez duten edari guztiak hor sartzen dituztela, nahiz eta batzuek, adibidez energetikoek, oso ezaugarri bereziak dituzten eta premiazkoa den propio horientzat egindako araudi bat sortzea.
Azken batean, produktu horiek guztiek elkarrekin dutena hauxe da, alkohola ez dutela %0,5 baino gehiago eta ura eta bestelako osagai jakin batzuk dituztela. Eta osagai horiek zein eta zenbat diren, horrek bereizten ditu edari batzuk eta besteak, eta ondorioz, xehetasunen berri izateko, etiketa irakurtzea komeni izaten da.
Egiazko izena
Edari horien ontziak nahiko sinpleak izaten dira gehienean, eta ez dute arreta galarazten duen mezu askorik izaten, adibidez nutrizio edo osasun arloko aipuak, irudiak… Horretan ere badira salbuespenak, hala ere. Nolanahi ere, funtsik ez duen informazioari ez ikusiarena egitea komeni izaten da eta benetan garrantzitsuena denari jartzea arreta, etiketan ageri denari alegia. Irakurri beharreko lehen gauza legezko salmenta izena da (osagai zerrendaren ondoan agertu ohi da). Horrek esango digu produktuak zer-nolako ezaugarri orokorrak dituen. Mota honetako edari guztietan “legezko izena” esaten zaionari erreparatu behar genioke, hau da, legeak edari mota horri ematen diona izenari (esan dugu “edari freskagarri” izendatzen dituela). Aztertu ditugun guztiek halaxe ageri dute, salbu eta Vichy laranjak eta Arizona te berdeak; izen hori beharrean, produktuaren deskribapen bat ageri da bi horietan. Horrek informazio gehiago ematen du ezaugarriei buruz, baina pentsa liteke ez direla edari freskagarriak, nahiz eta interpretazio hori okerra den.
Salmenta izenaren ondoan, normalean beste ezaugarri garrantzitsu batzuk ere azaltzen dira, adibidez zer-nolako gozo-emailea erabili duten, azukrea, eztitzailea edo biak.
Edari freskagarriek zukua izatea begi onez ikusten dugu, produktua osasungarriagoa dela iruditzen baitzaigu, frutarekin lotzen dugu eta. Edari horiek, dena den, zuku gutxi daukate eta, frutaz egina egonagatik, ez daiteke parekatu pieza bat jatearekin. Fruta osoaren azukreak, berezko azukre esaten zaienak, ez dira kezkagarriak osasunerako, zelulen barnealdean egoten direlako, eta mantso-mantso askatzen dira, murtxikatu ahala. Gainera, mamiarekin jaten ditugu, eta zuntzak mantsotu egiten du xurgatzeko prozesua. Murtxikatzean, gainera, ase egiten gara gehiago, eta zuku bat hartzean baino azukre gutxiago hartzen dugu.
Laranja bat zukutzen dugunean, apurtu egiten ditugu frutaren zelulak, eta azukreak askatu egiten dira eta zukuan disolbatzen (horregatik esaten zaie azukre libreak). Horrek esan nahi du, guk hartzen ditugunean, oso azkar xurgatzen ditugula, eta, beraz, metabolikoki azukre erantsiek bezala jokatzen dute. Zukua irensteko, gainera, denbora gutxiago behar izaten da hozka eginez jateko baino, eta zuntza ere gutxiago hartzen da. Zukuak, azken batean, ez ditu osasungarri bihurtzen edari horiek. Zuku batek eta freskagarri azukretsu batek, izan ere, oso antzera jokatzen dute azukreak xurgatzeko eta horien metabolismoa egiteko garaian. Nahiz eta desberdintasun handi samarrak dauden bi horien artean; zukuek, adibidez, mantenugai interesgarriak izaten dituzte, bitaminak eta herdoilaren aurkakoak besteren artean, eta freskagarri tradizionalek ez dute ekarpen interesgarririk egiten nutrizioaren ikuspegitik.
Osagaiak deszifratu nahian
Zalantzarik gabe, osagaien zerrenda da etiketak duen zatirik garrantzitsuena, produktua zer-nolako elementuek osatzen duten esaten digulako. Eta ez hori bakarrik. Bakoitza zenbateko kopuruan duen ere esaten digu, garrantziaren arabera zerrendatu beharra dago eta. Gainera, osagairen bat ontzian nabarmenduta agertuz gero, izan irudi bidez edo izan hitzez, adierazi egin behar da zehazki zenbat duten.
Hori kontuan hartuta, ura da osagai nagusia aztertu ditugun produktu guztietan, eta espero izatekoa zen, horixe da-eta produktu mota honen bereizgarria. Alderdi horretan nabarmentzeko moduko gauza bakarra da Vichy etxeko edarian ur hori mineral naturala dela.
Nolanahi ere, desberdintasun horrek ez dauka garrantzi handirik, horrek ekar dezakeen edozein abantaila mozorrotuta gelditzen baita gainerako osagaien pean.
Gasarekin edo gabe?
Edari freskagarriei atxikitzen diegun ezaugarrietako bat gasa izaten da, hau da, burbuilak. Baina guztiak ez dira era horretakoak. Edari karbonatatua den jakiteko, aski da osagaien zerrenda irakurtzea. Tartean ur karbonatatua edo anhidrido karbonikoa ageri bada, esan nahi du edariak karbono dioxidoa duela disolbatuta (karbono dioxidoari anhidrido karbonikoa esaten zitzaion duela urte batzuek, baina egokiagoa da lehenbiziko terminoa erabiltzea). Horrek esan nahi du ontzia ireki eta edaten dugunean, burbuilak eratuko zaizkiola. Horixe gertatzen da gida honetan aztertu ditugun edari guztiekin, salbu eta Bisolán, Nestea, Arizona eta Aquariusekin.
Karbono dioxidoa edukitzeak nabarmen eragiten du ezaugarri organoleptikoetan: ahoan inurritze irudipen berezia eragiten du, edaria arinagoa gertatzen zaigu dastatzean eta baldintzatu egiten ditu lurrina eta zaporea, ukitu azidoa ematen dio eta. Bestalde, gasak puztu egin dezake sabelaldea eta ondoeza eragin digestioa egiteko garaian, bereziki era horretako arazoak dituzten pertsonetan (adibidez, hiatoko hernia dutenetan).
Batzuek zukua dute, baina zenbat?
Zukua ohiko osagaia izaten da freskagarri batzuetan. Normalean, ontzietan nabarmenduta agertzen da –oso argi ikusten da, esaterako, Fanta eta Bisolán etxekoetan–, eta horri esker, jakin egin dezakegu zehazki zenbat duten, osagaien zerrenda irakurrita.
Aztertu ditugun produktuen artean, gehienek daukate zukua: Fanta laranja, Kas laranja, Bisolán, Vichy, Arizona eta Nestea. Edari batzuetan, adibidez Nestea eta Arizona etxekoetan, lurrina eta zaporea emateko erabiltzen da nagusiki, eta horregatik daukate hain kopuru txikian (%0,1 eta %2 hurrenez hurren). Gainerakoetan, osagai nagusietako bat da. Edo horixe pentsarazi nahi dute, behintzat, batzuek. Vichy etxekoak, esaterako, mezu batekin nabarmentzen du 1,2 litro edaritan hiru laranjari dagokien zukua daukala, baina ontzia litro erdikoa denez, horrek esan nahi du botila bakoitzean %10 baino ez dela zukua. Fantak, berriz, esaten du edariak %8 daukala laranja zukua, eta kopuru hori bera dauka Kas etxekoak ere. Alderdi horretan, Bisolán da aipagarriena, %22 baitu zukua: %16 laranja, %3 azenarioa eta %3 limoia.
Aquarius-ek sustapen mezu gisa maiz erabiltzen du gorputza indarberritzeko balio duela, hau da, ariketa bizia edo luzea egitean galtzen den energia eta mantenugaiak lehengoratzeko erabil daitekeela. Ontzian, gainera, “eguneroko hidratazioa” mezua ageri da, eta horrek pentsarazten du egokia dela egunero edateko. Baina, egiaz, freskagarri azukretsu bat baino ez da, indarberritzeko edarien baldintzarik betetzen ez duena eta oso noizbehinka hartzekoa, onenean ere.
Zerekin gozatzen dira edari horiek?
Gaur egun lehen baino askoz arreta handiagoa jartzen diogu edari freskagarrien azukre kantitateari, barneratuta baitugu osasunean zer-nolako ondorioak dituen azukrea maiz edo gehiegi hartzeak (txantxarra, gizentasuna, 2 motako diabetesa…), bereziki likido eran hartzen direnean, hemen gertatzen den bezala. Hori dela eta, ekoizle askok aldatu egin dute beren produktuen formulazioa edo berriak sortu dituzte azukre gutxiagorekin edo batere gabe ere bai. Hori garbi ikusten da aztertu ditugun edari gehienetan. Azukre hutsez gozatua dagoen bakarra Coca Cola da, eta %10,6 dauka. Hau da, lata batek 35 g azukre dauka, ia zortzi koilarakadatxo. Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa da azukre libreek, hau da, azukre erantsiek eta zuku, ziropa eta eztiek, gehienez ere egun osoan hartzen diren kaloria guztien %10 eman behar dutela. Horrek esan nahi du pertsona helduek 50 gramo azukre baino gutxiago hartu behar luketela eta haur eta nerabeek 25-45 gramo baino gutxiago. Horrekin batean, OMEk nabarmentzen duenez, kopurua %5etik behera jaitsiko bagenu mesede gehigarriak sumatuko genituzke (helduek 25 gramo baino gutxiago eta haur eta nerabeek 13-23 gramo baino gutxiago). Baina haur batek Coca Cola lata bat hartzen duenean, gainditu egiten du zifra hori. Hain zuzen, Espainian haur eta nerabeek 50 gramo azukre erantsi hartzen dute egunero, eta horien zati handi bat gisa horretako edarietatik heldu da gainera: zehazki, haurrek hartzen dituzten azukreen %18 ematen dute eta nerabeek hartzen dituztenen %30, Anibes txostenak 2017an emandako datuen arabera.
Aztertu ditugun edarietako batzuek ez daukate azukre erantsirik, eztitzaileak baizik. Hori gertatzen da Coca Cola limoia, Kas laranja, Vichy eta Bisolánekin. Hori bai, horrek ez du esan nahi ez daukatela batere azukrerik. Hain zuzen, Coca Cola limoia da azukrerik ez duen bakarra. Gainerakoek badaukate, osagai gisa erabili diren zukuek emanak. Nolanahi ere, kopurua ez da handia. Bisolán ontzi bakoitzak 5 gramo azukre ditu eta Kas eta Vichy etxeko ontzi bakoitzak 3 gramo. Marka askok azken urteetan darabilten estrategia bat da azukreak eta eztitzaileak konbinatzea. Horrela zapore gustagarriagoa lortzen dute eztitzaileak bakarrik erabilita baino, eta, aldi berean, bertsio normalak baino azukre gutxiagoko produktu bat lortzen dute. Gutxiago bai, baina ez gutxi. Fanta, Schweppes, Nestea eta Aquarius etxekoak 14 eta 15 gramo artean dabiltza lata bakoitzeko, hau da, hiru koilarakadatxo baino gehiago. Arizona etxekoak, berriz, 24 gramo ditu ontzi bakoitzeko, bost koilarakadatxo baino gehiago.
Nondik datoz kaloriak?
Hain zuzen, azukre kantitateak baldintzatzen ditu, neurri handian, edari hauen nutrizio ezaugarriak, ez baitaukate bestelako mantenugairik ematen duen osagairik (gantzak, proteinak, bitaminak…). Horrexegatik, azukre kopuruaren araberakoa da kaloria kopurua ere. Ideia bat egiteko, azukre gehien duen produktuak, Coca Cola normala delakoak, 139 kcal ematen ditu lata bakoitzeko, eta Arizona heldu da ondoren, 95 kcal-ekin. Beste muturrean Coca Cola limoia dago, 3 kcal-ekin, eta gainerakoak tartean dabiltza, 17 eta 66 kcal artean.
Alderaketa egiteko erreferentzia bat izateko, sagar ertain batek 75 kcal ematen ditu. Alderaketa horrek, dena den, ez gaitu nahasi behar, ez baita gauza bera sagar bat jatea eta freskagarri bat edatea. Lehenbizikoa osasungarria da eta hainbat mantenugai ematen du, eta bigarrena ez da batere osasungarria, eta mantenugai bakarra ematen du, ematen duenean: azukrea. Horregatik esaten da produktu horiek kaloria hutsak ematen dituztela. Hori guztia ongi islatzen da Nutri-Score sisteman, nota erabat baldintzatzen du-eta azukre kantitateak. Horrela, puntuaziorik onena lortzen duten produktuak azukrerik ez dutenak dira, adibidez Coca Cola limoia delakoa (B mailan dago); aldiz, gehien ematen dutenak E mailan ageri dira, esaterako Coca Cola normala. Gainerako gehienek D letra ageri dute, salbu eta Bisolán, Vichy eta Kasek, horiek C daukate.
Orain dela urte batzuk arte, azukrearekin gozatzen ziren freskagarri gehienak. Baziren light erakoak ere, azukre gutxi zutenak edo azukre erantsirik gabeak, eztitzaileekin gozatzen zirelako. Baina eskaintza nahiko mugatua zen. Gaur egun askoz aukera gehiago dago, eta badira azukreak dituztenak, azukre eta eztitzaileak nahasian dituztenak edo eztitzaileak bakarrik dituztenak. Azken horien artean, honako hauek erabiltzen dira gehien: K azesulfamoa, estebia (estebiol glukosidoak), sukralosa edo sodio ziklamatoa.
Mito asko dago horien inguruan, eta zenbait gaixotasunekin lotzen dituzte, adibidez minbiziarekin; hori dela eta, pertsona batzuek nahiago dute halakorik ez hartu. Substantzia horiek, dena den, ez dira toxikoak dieta bati dagozkion kontsumo dosietan, ezta maiz samar hartuta ere. Baina horrek ez du esan nahi inolako ondoriorik ez dutela uzten gure osasunean. Ez dago ebidentzia argirik horren inguruan eta, gainera, eztitzaile bakoitzak bere osaera eta ezaugarriak ditu, baina hipotesi batzuek esaten dute substantzia horietako batzuek hesteetako mikrobiotari kalte egin diezaioketela, eta zapore gozoa antzemateko moduan eta gure asetasun mekanismoan ere eragina dutela. Gomendiorik ohikoena izaten da freskagarri azukretsuen ordez eztitzaileak dituztenak hartzea eta mantso-mantso murrizten joatea, ohiko izateari utzi arte.
Ingurumenaren gaineko eraginak gehiago kezkatzen gaitu
Azukreak osasunean eduki dezakeen eraginari buruzko kontzientzia handitu den bezala, gure elikatzeko moduak ingurumenean duen eraginari buruzkoa ere sekula baino handiagoa da. Ontzietan erabiltzen den plastikoak sortzen du kezka gehien, material kutsatzaile gisa ikusten delako eta ingurumenean luze irauten duena.
Baina ontzi batek ingurumenean duen eragina neurtzea ez da hasieran pentsa litekeen bezain intuitiboa, faktore asko hartu behar delako kontuan, baina horietako batzuk ahaztu egiten ditugu. Adibidez, plastikoa nekezago birziklatzen da gehienean beste material batzuen aldean, baina abantailak ere asko ditu: arinagoa da, eta garraioan erregai gutxiago gastatzen da horri esker. Azken batean, ez da batere zeregin erraza, eta askotan nekez lor daitezke ondorio garbiak aurrez azterketa xehea egin gabe.
Nolanahi ere, ekoizle askok islatu egiten dute kezka hori ontzian bertan. Bisolán eta Coca Cola etxeko produktuetan, adibidez, esan egiten da ontziak %100 birziklagarriak direla, eta lata packetan, non aleak uztai bidez lotuta egoten diren, marka batzuek kartoia erabiltzeari ekin diote plastikoaren ordez, Kasek esaterako.
Prezioan badira aldeak
Edari horiek merkeak izaten dira gehienean, osagaiak eta egiteko prozesua ere hala izaten direlako. Aztertu ditugun produktuetan, Kas eta Fanta izan dira merkeenak, 0,18 € 100 ml bakoitzeko, eta Schweppes eta Bisolán garestienak, 0,26-0,27 € 100 ml bakoitzeko. Hau da, merkeenek baino %50 gehiago balio dute garestienek. Batzuetan onargarria izan daiteke alde hori, adibidez Bisolán etxekoan, zukua %22 baitu, eta osagai horrek kostu gehigarri bat dakar halakorik ez daukatenen aldean. Baina beste batzuetan ez da ulertzen zergatia; Aquarius etxekoa, adibidez, garestienen artean dago (0,24 € 100 ml bakoitzeko), eta ez dauka osagai aipagarririk.
Ondorioak
Freskagarrien artean era askotakoak izaten dira, eta osagaietan izaten dituzte alderik handienak. Desberdintasun organoleptikoak eragiten dituztenetatik kanpo (koloragarriak eta lurrinak), gozatzeko erabiltzen direnek daukate garrantzi gehien, bereziki nutrizioaren ikuspegitik. Hori kontuan hartzen badugu eta prezioari begiratzen badiogu, honako hauek izango lirateke aukerarik egokienak: Kas laranja azukrerik gabea, edari gasdunak maite baditugu, eta Bisolán, gasik gabeak maite baditugu. Azken hori da, gainera, zuku gehien duena, eta horixe da guztien artean interesgarriena nutrizioaren ikuspegitik.
Nolanahi ere, edari mota hau ez da osasungarria. Hori gogor samarra izan daiteke halakoak edatera ohituta dauden pertsonentzat, eta horregatik, ñabardura bat egin dezakegu eta esan dezakegu ahal den neurrian saihestu egin behar genituzkeela edo ahalik eta gutxiena edan. Bestela esanda: oso noizbehinka hartu behar genituzke.
- Azukreak edo eztitzaileak? Ikusi egin behar da edariak azukrea duen, eztitzaileak edo bietatik. Gomendagarriena da eztitzaileak dituzten bertsioak hautatzea eta kontsumoa murrizten joatea.
- Zukua. Zukua duten edariak interesgarriagoak dira nutrizioaren ikuspegitik, nahiz eta azukre libreak ematen dituzten, eta horiek azukre erantsiek bezala jokatzen dute metabolikoki.
- Nutrizio alderdiei buruzko informazioa. Hobe da azukre eta kaloria gutxiago duten bertsioak hautatzea.