Amaren esnea

Amaren esnea. Zientziak (oraindik) guztiz argitu ez duen miraria

Laborategiek ez dute lortu osorik kopiatzea. Amaren esnea likido biologiko bizia da, eta aldatu egiten da egunean zehar, egokitu egiten da haurtxoaren hazkunde prozesura eta lagundu egiten du immunitate sistemaren eta mikrobiotaren bilakaeran. Eta hamarkada asko daramatzaten arren esne hori ikertzen, oraindik ere baditu guztiz argitu gabeko hainbat alderdi.
1 uztaila de 2026

Amaren esnea. Zientziak (oraindik) guztiz argitu ez duen miraria

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen du haurtxoak sei hilabete egin arte amaren esnea bakarrik har dezala, eta ikerlan askok frogatu dute haren onurak ez direla mugatzen nutrizio arlora; askoz harago doa. Formulako esneak funtsezko zeregina du amak esnea eman ezin duenean edo aukera hori baztertzen denean, baina amaren esnea likido biologiko konplexua da oso, eta oraingoz inork ez du lortu modu artifizialean birsortzea. Osaera aldatu egiten zaio, egokitu egiten da eta konbinatu egiten ditu mantenugaiak eta konposatu bioaktiboak, zeinak haurtxoarentzat funtsezkoak diren prozesuetan parte hartzen duten, besteak beste hestea heldutasunera heltzeko prozesuan eta immunitate sistemaren garapenean. Zientziak urteak daramatza ikertzen, baina oraindik ez du guztiz ulertu esnearen osagai guztiek zer-nolako interakzioa duten elkarrekin eta nola lortzen duen aldi berean hainbeste prozesu koordinatzea.

Zer dago gizakiaren esnean?

Amaren esnea ez da elikagai estatiko bat, inondik ere. Osaera aldatu egiten zaio hilabeteak pasatu ahala, egunaren buruan ere bai eta are harraldi berean ere. Ama-haurtxoa binomioaren beraren arabera ere aldatu egiten da. “Haurtxoaren adin ebolutiboari egokitzen zaio amaren esnea”, laburbildu du Vanessa Pleguezuelos biologoak, zeina Amaren Esnearen Kataluniako Bankuko arduraduna den. “Azken batean, esnea ekoiztea prozesu bizi eta dinamikoa da”, erantsi du Nadia García Larak, zeina neonatologoa den 12 de Octubre ospitalean eta Amaren Esnearen Eskualde Bankuko koordinatzailea Madrilgo Erkidegoan. Egokitzeko gaitasun hori hain da agerikoa, 2016an argitaratu zen ikerlan batek iradoki baitzuen esnearen osaera “doitu” egin litekeela haurtxoaren beharrizan aldakorretara. Hipotesia liluragarria da eta badaude haren alde egiteko zantzuak, nahiz eta hori azaltzeko mekanismoak ulergaitzak izan oraindik ere.

Gaur egun badakigu zein diren amaren esneak dituen osagaietako asko eta betetzen dituzten funtzio batzuen berri ere badugu, baina oraindik badira argitu beharreko zenbait zalantza ere. Esaten da 200 osagai baino gehiago dituela, besteren artean ura, gan tzak, azukreak, proteinak, hormonak, bitaminak, mineralak, bakterioak eta molekula bioaktibo asko. Baina erronka ez da horiek identifikatzea bakarrik. Zailena da horietako bakoitzak zer-nolako funtzioa betetzen duen jakitea, gainerako osagaiekin nolako interakzioa duten ikastea eta haurtxoaren organismoan nola eragiten duten ulertzea. Bestela esanda, esku artean ditugu puzzlearen pieza asko, baina oraindik ez dakigu zehatz-mehatz nola txertatzen diren guztiak. Osagai zerrendatik harago, gakoa da elkarrekin nola jarduten duten: amaren esneak matriz biologiko gisa jokatzen du, non osagaiak interakzioan dauden elkarrekin eta bereizita ezin azalduzkoak diren eraginak sortzen dituzten.

Bakterio onak elikatzen dituzten azukreak

Amaren esneak dituen mantenugai guztiak ez daude pentsatuta zuzenean haurtxoa elikatzeko. Horietako batzuek bestelako funtzio bat betetzen dute, aski garrantzitsuak horiek ere: haren hestean bizi diren bakterio onuragarriak elikatzen dituzte. Zeregin hori dute, hain zuzen, amaren esneak dituen oligosakaridoek (osagai solidoetan, hirugarren ugariena da laktosaren eta gantzen ondotik). Konposatu horiek ongarri gisa jokatzen dute haurtxoaren mikrobiotarako, eta lagundu egiten dute hesteetan ekosistema osasungarri bat sortzen bizitzako lehen hilabeteetatik bertatik. Gainera, eragotzi egiten dute mikroorganismo patogeno batzuk hestera atxiki daitezela. “Oligosakaridoek eragotzi egiten dute, halaber, patogeno batzuek haurtxoaren hestea kolonizatu dezatela”, azaldu du Vanessa Pleguezuelosek.

Ikerlanek hainbat funtzio atxikitzen dizkiete: lagundu egiten dute bakterio onuragarriak hazten, immunitate sistema heldutasunera eramaten, babestu egiten gaituzte infekzioen aurrean eta gutxitu egiten dute enterokolitis nekrotizatzailea agertzeko arriskua.

Oritzetik esne heldura

Amaren esnea zer den hobeto ulertzeko, jakin egin behar da zer-nolako faseak dituen. Lehenbiziko egunetakoari oritza esaten zaio eta oso zeregin garrantzitsua izaten du. “Kolore horixkagoa dauka, lodiagoa da eta ugari izaten ditu proteinak eta immunoglobulinak” azaldu du Pleguezuelosek. Jaioberriaren immunitate sistema heldutasunik gabea izaten da eta amak haurtxoari ematen dion lehen jariakin edo likido horrek haren esperientzia immunologikoaren zati bat izaten du. Hau da, ekoitzita dauden defentsak pasatzen dizkio. Esan liteke lehen txertoaren pareko zerbait dela. Digestio sistematik pasatuko zaion lehen elikagaia da”, erantsi du adituak. Lehenbiziko esne horrek zenbaitetan kezka sortzen die amei, “gutxi atera” ohi delako, baina esan behar da bolumena bat datorrela jaioberriaren anatomiarekin. Hiru egin behar izaten dira, gutxi gorabehera, esnea igo dadin. Hor hasten da agertzen trantsizioko esnea eta, ondoren, esne heldua, bakoitza bere osaera eta funtzioarekin. “Lehenbiziko asteetan proteikoagoa izaten da, eta haurtxoa handitu ahala, handitu egiten da karbohidratoen eta gantzen kontzentrazioa”, adierazi du Vanessa Pleguezuelosek.

Baina aldaketak ez dira gertatzen egunak edo hilabeteak pasatu ahala bakarrik. Harraldi berean ere aldatu egiten da esnearen osaera. “Haurtxoa bularra hartzen hasten denean, esneak gantz gutxiago izaten du, baina gantz kontzentrazioa handituz joaten da azkenerako”, argitu du Pleguezuelosek. Hori dela eta, espezialistek gomendatzen dute haurtxoak bular bat guztiz hustu dezala hurrengoarekin hasi aurretik. “Harraldiaren bukaeran izaten da zatirik kalorikoena”, adierazi du Garcia Larak.

Esnearen osaeran beste faktore askok ere eragiten dute: amak zer jan duen, egunaren buruan nolako hormona aldaketak gertatu diren, zenbat denbora igaro den azken harralditik edo esnea atera den azken alditik, bularra zenbateraino hustu den eta esnea zuzenean hartu duen haurtxoak edo erauzgailuarekin lortu den. Gainera, emakume bakoitzak osaera zertxobait desberdina izaten du.

Immunitate sistemaren entrenatzailea

Amaren esneak duen funtziorik garrantzitsuenetakoa da jaioberria infekzioetatik babestea. Jaiotzean, immunitate sistemak oraindik ez du izaten heldutasunik, bereziki hesteetan eta arnasbideetan. Testuinguru horretan, gizakiaren esneak amaren eta haurtxoaren arteko zubi immunologiko gisa jokatzen du. “Prebenitu egiten du arnasbideekin eta digestio aparatuarekin zerikusia duten patologia batzuk agertzea”, laburbildu du Garcia Larak. Baina amaren esneak ez du babestu bakarrik egiten, lagundu egiten du, halaber, haurtxoaren immunitate sistema hezten. “Konposatu bioaktiboak ditu, zeinak entrenatzaile immunologiko gisa jokatzen duten eta jaioberriak behar adinako kopuruetan sortzen ez dituen immunoglobulinak ematen dituzten”, azaldu du espezialistak. Antigorputzak dira immunoglobulinak, hau da, birusak, bakterioak eta organismorako kaltegarriak izan daitezkeen beste agente batzuk ezagutzeko eta neutralizatzen laguntzeko gaitasuna duten proteinak.

Haurtxoaren osasuna eta amaren esnearen osaera elkarri eragiten aritzen dira. 2016an Nutrición Hospitalaria aldizkarian argitaratu zen berrikusketa zientifiko batek iradoki zuen antigorputzen ekoizpena handitu egin daitekeela haurtxoak infekzio bat harrapatzen duenean. 2023an Nutrients aldizkarian argitaratu zen beste ikerlan batek ikusi zuenez, haurtxoek arnasbideetako infekzioak dituztenean, esneak aldaketak izaten ditu osaera zelularrean, eta kopuru handiagoan agertzen dira linfozito jakin batzuk eta beste zelula immunitario batzuk. Oraindik ez dakigu mekanismo horiek nola dabiltzan zehatz-mehatz, baina hipotesirik onartuenetakoa da edoskitzea bera dela komunikazio kanala: xurgatzean, haurtxoaren listu kopuru txikiek titiburua eta bularreko hodiak ukitzen dituzte, eta baliteke hori seinale biologiko bat izatea amaren organismorako. Hortik aurrera, doikuntzak gertatuko lirateke immunitate erantzunean eta esnearen osaeran. Oraindik ere ikertzen ari dira prozesu hori, baina indartu egiten du bularra hartzea sistema dinamiko eta interaktiboa delako ideia.

Amaren esneak bakterioak, onddoak eta bakteriofagoak ere izaten ditu (bakterioak kutsatzen dituzten birusak dira azken horiek), zeinak lagundu egiten duten haurtxoaren hestea kolonizatzen eta haren mikrobiota moldatzen. Mikroorganismoen ekosistema horrek funtsezko zeregina du osasunean, eragina duelako hainbat prozesutan: digestioa, metabolismoa, immunitate sistemaren funtzionamendua… “Amaren esneak lagundu egiten du mikrobiota askoz ere osasuntsuago egon dadin epe luzean”, azpimarratu du Garcia Larak.

Baina badira onura gehiago ere. Badirudi eragina duela haurtxoak elikagaiekin izango duen jokabidea doitzeko prozesuan ere. “Zenbait ikerketak lotu egiten dute bularra hartzea eta asetasuna eta gosea doitzeko gaitasuna”, erantsi du 12 de Octubre ospitaleko neonatologoak. Mekanismoak ikertzen ari dira oraindik ere, baina ikerlanek diote esnearen konposatu bioaktibo batzuek eragina izan dezaketela haurtxoa gosearen eta asetasunaren seinaleak ezagutzen ikasteko moduan.

Elikagai bat baino askoz gehiago

Bularra ematea ez da haurtxoa elikatzeko modua bakarrik, horretaz gain lagundu egiten du ama eta haurtxoa osasuntsu egon daitezen eta ongi senti daitezen. Bularra hartzeko garaian, mekanismo fisiologikoak aktibatzen dira, nutriziotik harago doazenak. Gorputzek elkar ukitzeak eta titiburua xurgatzeak lagundu egiten du jaioberriaren maiztasun kardiakoa eta arnasketa egonkortzen, eta murriztu egiten du estresa.

Amarengan, bularra emateak bizkortu egiten du hormonak askatzeko prozesua, adibidez oxitozina eta prolaktina, zeinak eragina duten esnea ekoizteko prozesuan eta zaintzeko jarreran. Prozesu horrek lagundu egiten du erditu osteko egoerara egokitzen eta indartu egiten du bien arteko interakzioa. Hori dela eta, prozesu integratu gisa hartzen da bularra ematea, non sistema beraren zati diren nutrizioa, erregulazio fisiologikoa eta ama-haurtxoa harremana.

Bizitzak salbatzen dituen esnea

Zenbait egoeratan are ageriago gelditzen da haren garrantzia: jaioberrien unitateetan, non garaia baino lehen jaio diren haurtxoak eramaten dituzten. Haur horientzat, amaren esnea ez da elikagaia bakarrik, berealdiko tresna terapeutikoa baizik. “Garaia baino lehen jaio diren haurtxoek arrisku handiagoa izaten dute patologia larriak pairatzeko, adibidez enterokolitisa”, ohartarazi du Vanessa Pleguezuelosek. Hesteetan hantura eragiten du gaitz horrek, eta oso ondorio larriak sorraraz ditzake, haurtxoaren bizitza arriskuan jartzerainokoak.

Nadia Garcia Larak ikerlan bat egin zuen beste zientzialari batzuekin, amaren esnea dohaintzan emateak neonatologian zer-nolako garrantzia duen ikusarazteko (Anales de Pediatría aldizkarian argitaratu zen, 2018an), eta honela laburbiltzen du: “Dohaintzan emandako esneak erakutsi duen onura nagusia da enterokolitis nekrotizatzaileari aurre hartzea”. Garaia baino lehen jaio diren haurrei eragiten die batez ere gaitz horrek, eta hantura larria eragiten du hestean, zeinak desegin egin dezakeen hesteko ehunaren zati bat. Amek ematen duten esne guztia garaia baino lehen jaio diren haurrei zuzentzen zaie. “Beti behar dugu gehiago, odolarekin gertatzen den bezala”, azaldu du Garcia Larak.

Amaren esnea ez da elikagaia bakarrik: jariakin bizia da, aldakorra eta oso konplexua, gai dena haurtxoaren beharrizanetara egokitzeko eta haren garapenerako funtsezkoak diren prozesuetan parte hartzeko. Zientziak gero eta hobeto ezagutzen ditu esne horren funtzioetako asko, baina oraindik ez ditu argitu mekanismo guztiak. Hain zuzen horrexegatik, eta haurtxorik zaurgarrienetan zeregin funtsezkoa duelako, osasun publikoaren arloko kontua da bularra ematearen eta amaren esnea biltzen duten bankuen alde egitea.

Lagundu al dezake amaren esneak bularreko minbizia antzematen?

Biopsia likidoen bidez, seinala molekularrak bilatzen dira gorputzeko jariakinetan, minbizia antzemateko balio izan dezaten tumorearen ehunak erauzten ibili gabe. Odol lagin bat aztertuz egiten dira gehienean, baina Vall d’Hebron Ospitaleko eta Vall d’Hebron Institutu Onkologikoko ikertzaile talde bat ikertzen ari da amaren esneak balio ote dezakeen helburu bera lortzeko. Ustekabean sortu zen ideia. Bularreko minbizia zuen paziente batek esnea izoztu egin zuen diagnostikoa jaso baino 18 hilabete lehenago, eta ikertzaileei eman zien, beldur zelako gaixotasuna transmititu izango ziola alabari, ezinezkoa den arren. “Lagina aztertu genuenean, tumorean ikusi genituen mutazio berberak ikusi genituen esnean”, adierazi du Cristina Saurak, zeina Bularreko Minbiziaren Unitateko burua den Vall d’Hebron Unibertsitate Ospitalean.

Hasierako emaitzek itxaropena eragin dute. Geroztik 15 emakumerekin egin den ikerlanean, ikusi dute nahasmendu genetiko horiek agertzen direla horietako 13ren esnean. Orain ikerketa askoa zabalagoekin berretsi nahi dituzte aurkikuntza horiek. Helburua handinahia da: erditu ostean lortzen den esne lagin bat aski izan dadila oso fase goiztiarretan dauden tumoreak antzemateko, orduan izaten da-eta sendatzeko aukera gehien.