Kombucha. Hartzigarriak baino gehiago
Indarrez iritsi da kombucha. Ia inork ez ezagutzetik, supermerkatuetako apalategietan agertzera igaro da urte gutxian. Gero eta marka eta zapore gehiagotakoak daude, baina oraindik ere ezjakintasun handia dago horien inguruan, eta horrek zaildu egiten du bat edo bestea hautatzeko erabakia.
Kombucha edari hartzitua da, tearekin egiten dena (berdea edo beltza izaten da gehienean). Lehenik infusio bat prestatzen da azukrearekin, eta ondoren bakterio eta legamia kultibo bat eransten zaio, SCOBY izenekoa (Symbiotic Culture Of Bacteria and Yeast). Hartzitzeko prozesuan, mikroorganismo horiek eraldatu egiten dute azukrearen zati bat eta zenbait konposatu sortzen dira hortik, besteak beste azido organikoak, karbono dioxidoa eta alkohol kantitate txikiak.
Erosketa gida hau egiteko, hamar kombucha hautatu ditugu, puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute bereziki azukreek.
- Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat te duten jakiteko eta bestelako osagai nobleak erantsi dizkioten ikusteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2026ko ekainean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Tearekin hasten da dena
Tea da kombucharen osagai nagusia, eta ondorioz, tearen ezaugarriek zuzenean eragiten dute zaporean eta lurrinean. Hainbat eratakoak dauden arren, guztiak datoz landare beretik (Camellia sinensis), eta uzta bildu ondoren hostoei ematen dieten tratamenduak bereizten ditu batez ere.
- Te zuria. Ez da egoten beste batzuk bezain prozesatua. Hosto samurrak bildu eta lehortzera uzten dira. Zapore leuna, delikatua eta zertxobait gozoa izaten dute. SoulK etxekoak bakarrik darabil, te berdearekin konbinatuta.
- Te berdea. Uzta bildu eta hostoak berotu egiten dira handik gutxira, ez daitezen herdoildu. Zapore freskoa izaten du, belar ukitukoa. Aztertu ditugun gehienetan ageri da: Flax, Mun, Santiveri, Kombeauty eta SoulK.
- Te beltza. Herdoiltze prozesu bat igarotzen dute hostoek, eta zapore bizi eta sendoagoa izaten du, espezia ukituekin. Te hori darabilte Cupper eta Kombeauty etxeetakoek.
Aztertu ditugun kombucha guztietatik, hiruk ez dute adierazten zer-nolako tea darabilten. Ez da nahitaez eman beharreko informazioa, baina datu baliagarria da kontsumitzaileentzat, edariak zer-nolako zaporea izango duen antzemateko batez ere.
Edari osasungarri gisa aurkezten dute kombucha. Marka batzuek indartu egiten dute irudi hori zenbait mezurekin (osasunari on egiten diola nabarmenduz), nahiz eta era horretako aipuak beti ez dauden baimenduta. Hori gertatzen da, adibidez, Flax, Mun eta Komvida etxeetakoekin. Ohikoa izaten da, halaber, mikroorganismo biziak dituela nabarmentzea eta azukrerik gabeko edaritzat jotzea.
Baina kontua dezente konplexuagoa da. Ez dagoenez pasteurizatua, bakterio eta legamia biziak ditu. Baina, oraingoz, ebidentzia zientifikoa ez da behar bezain sendoa eta ez daiteke baieztatu kombucha komertzialek izaten dituzten mikroorganismo horiek onuragarriak direnik osasunerako. Eta azukrea ohiko freskagarriek baino gutxiago izaten duten arren, batzuek dezente ematen dute.
Azkenik, hartzitze prozesuan alkohol kantitate txikiak eratzen dira. Ez dute asko izaten (%1,2 baino gutxiago), baina gutxi horrekin, ez da egokia haurrek, haurdunek eta bularra ematen ari direnek hartzeko.
Zapore ukitua
Ia kombucha guztiek izaten dituzte frutak, belarrak eta landare jatorriko bestelako osagai batzuk lurrina eta zaporea emateko. Santiveri da salbuespena, te berdearekin bakarrik egiten dute eta. Kombeauty etxekoak ere formula sinpleagoa darabil, te berde eta beltzean oinarritua, bergamota lurrinarekin. Zukua edo fruta mamia erabiltzea izaten da ohikoena. Laranja darabil Cupper etxekoak; limoia Flax eta Komvida etxeetakoek; lima eta pitaia Flaxek ; anana Víverek; mertxika eta mahatsa Veritasek ; eta fruitu gorriak Mun eta Eroskik.
Fruta kopurua asko aldatzen da marka batzuetatik besteetara. Flax etxekoak, adibidez, %8,1 dauka limoi eta lima zukua eta pitaia mamia, eta Veritas etxekoak %0,2 baino ez mertxika zukua. Ontzian fruta hori nabarmenduta agertu arren, botila batean 0,5 ml baino ez da mertxika eta mahats zukua.
Frutaz gain, batzuek bestelako osagai aromatikoak ere izaten dituzte, adibidez jengibrea (Komvida eta SoulK), hibisko lorea (Mun), kurkuma (SoulK), menda (Veritas), mendafina (Víver), laranjaren olio esentziala (Cupper) eta bergamota lurrina (Kombeauty).
Nondik ateratzen dira burbuilak?
Hartzitze prozesuan karbono dioxidoa sortzen da, zeinak azidotasun puntu bat eta burbuila txikiak sorrarazten dituen. Baina gas guztia beti ez dator prozesu natural horretatik: marka batzuek karbono dioxidoa eransten dute prozesuaren amaieran. Hauek, esaterako: Cupper, Flax, Kombeauty, SoulK, Víver eta Eroski. Beste batzuk, aldiz, gehiago hurbiltzen dira elaborazio modu tradizionalera, non gasa hartzidurak bakarrik ematen dien: Komvida, Mun, Santiveri eta Veritas.

Uste baino azukre gehiago
Aztertu ditugun kombucha guztiek daukate azukrea. Osagai hori ezinbestekoa da edaria egiteko, elikagaia ematen baitie hartziduraz arduratzen diren bakterio eta legamiei. Prozesu horretan, azukrearen zati handi bat kontsumitu egiten da, baina beti gelditzen da hondarren bat.
Marka batzuek “kanabera azukrea” aipatzen dute etiketan (Cupper, Mun, Santiveri, Veritas eta Víver). Horrela esanda, norbaitek pentsa dezake azukre beltza dela, baina hala izango balitz, “kanabera azukre beltza” jarri behar luke. Segur aski, kanaberatik lortzen den azukre findua izango da, hau da, ohiko azukrea. Nutrizioaren ikuspegitik, aldea hutsaren hurrengoa da, bai kanabera azukrea eta erremolatxarena, biak sakarosaz osatuta baitaude nagusiki.
Azukre kopurua asko aldatzen da azken produktuan. Ontzi bakoitzak zenbat duen aztertuz gero –aldi bakarrean normalki kontsumitzen dena–, Cupper eta Kombeauty etxeetakoek ematen dute gehien, 12 gramo inguru, hiru koilarakadatxo. Atzetik datozkie Víver, Komvida eta SoulK, 8 eta 10 gramo ingururekin. Eroski eta Flax 6 gramo inguruan dabiltza, eta Santiveri (4,5 gramo), Mun (3,5 gramo) eta Veritas (1,25 gramo) dira gutxien dutenak.
Alde horiek azaltzeko, jakin behar da edari askok fruten edo bestelako begetalen zukuak izaten dituztela, eta horiek ere azukreak ematen dituzte. Guztietan gertatzen da hori, Kombeauty eta Santiveri etxeetakoetan izan ezik. Batzuek, gainera, behar baino azukre gehiago izaten dute, hartzitze prozesuan erabiltzeko behar izaten dutelako, eta horren zati bat edarian gelditzen da eta gozotasuna ematen du. Horregatik, Kombeauty eta Santiveri etxeetakoek %3,5 eta %1,8 dute azukrea, hurrenez hurren, nahiz eta zukurik ez eduki. Kontuan izan behar da produktu batzuek eragin eztitzailea duten osagaiak ere eduki ditzaketela.

Eztitzaileen alde iluna
Mun eta Veritas etxeetakoek Stevia rebaudianaren hostoen infusioa daukate. Landare horrek estebiol glukosidoak ematen ditu, eta zapore gozoko konposatu horiek estebia egiteko ere erabiltzen dira (E960). Horrek azalduko luke bi edari horiek zergatik duten azukre gutxiago: %1,4 dauka Mun etxekoak eta %0,5 Veritasek. Hau da, infusio hori erabiltzen ariko lirateke gozotasuna emateko azukre gehiago erantsi beharrik gabe.
Edari batek eztitzaileak darabiltzanean, berariaz adierazi behar du etiketan. Bi horiek ez dute hala egiten, baina legearen ikuspegitik gauza ez dago hain argi, berez ez zaielako eztitzailerik erantsi, infusioa baizik (funtzio bera egiten ariko litzatekeena). Nolanahi ere, azalpenik ez ematea nahasgarria izan daiteke.
- Te mota. Zaporearen zati handi bat markatzen du. Te beltzak ukitu bizi eta sendoagoak ematen ditu, eta zuria leunagoa eta zertxobait gozoa da; berdea, berriz, freskoagoa da, belar ukituekin.
- Azukreak. Guztiek daukate azukrea, nahitaezkoa delako hartzidura gerta dadin, baina azken kopurua asko aldatzen da. Gutxien dutenak aukeratzea komeni da.
- Eztitzaileak. Batzuek Stevia rebaudianaren hostoekin egindako infusioa daramate, zeinak zapore gozoko konposatuak ematen dituen, eta azukre gutxiago erabiltzeko aukera.
- Beste osagai batzuk. Askok fruta zukuak, belarrak edo espeziak darabiltzate. Kopuruak aztertzea komeni da, osagai nabarmendu batzuk oso kopuru txikietan agertzen baitira, nahiz eta ontzian nabarmenduta egon.
- Ontzia. Ez da nahiko 10 ml bakoitzeko balioei begiratzea. Ontzi osoak zer ematen duen ikusi behar da, normalean kantitate hori hartzen da eta.
- Prezioa. Aldeak nabarmenak dira, eta beti ez dagozkio osaerari edo kalitate hobeari.
Nutrizio arloko nota
Edari horiek ia ez dute ematen gantzik, proteinarik, zuntzik eta gatzik. Hori dela eta, nutrizioaren ikuspegitik, azukreak eta energia dira alderdirik aipagarrienak. Ontzia osorik hartzen badugu, gehienak 42,5 kcal (Komvida) eta 52,8 kcal artean dabiltza (Flax eta Kombeauty). Hauek dute kaloria gutxien: Veritas (5 kcal), Mun (15 kcal), Santiveri (20 kcal) eta Eroski (25 kcal). Alderatzen hasita, kolazko freskagarri batek 139 kcal ematen ditu.
Produkturik gehienez C bat lortu dute Nutri-Score sisteman, azukreen eraginez. Santiveri eta Flax dira salbuespenak, B bat daukate eta. Nahiz eta Mun eta Veritas etxeetakoek azukre gutxiago duten osotara, Santiveri rebaudiana infusioa darabilte, eztitzaile gisa jokatzen duena, eta horrek jaitsi egiten du puntuazioa.
Merezi al du gehiago ordaintzea?
Prezioetan alde nabarmenak daude. 100 ml bakoitzeko alderatzen baditugu, SoulK etxekoak 1,12 euro balio du eta Kombeautyk 0,69 euro. Hau da, kombucha merkeenak halako bi balio du ia garestienak. Garestienen artean daude SoulK (1,12 euro), Komvida (1,06 euro), Santiveri (1,04 euro) eta Cupper (euro bat). Beste muturrean, berriz, hauek ageri dira: Kombeauty (0,69 euro), Víver eta Eroski (0,75 euro) eta Flax (0,78 euro). Alde horien zergatiak ez daude osaerari lotuta eta kontsumitzaileak erraz antzemateko moduko arrazoiei ere ez, adibidez etiketari edo ontziari.

Osaera kontuan hartuta, bi eratako kombuchak bereiz ditzakegu:
- Formula sinpleak. Tea, azukreak eta hartzigarriak izaten dituzte. Multzo horretakoa da Santiveri, eta hor sar dezakegu Kombeauty ere, zeinak bergamota lurrina eta karbono dioxidoa baino ez dituen erantsita.
- Formula konplexuagoak. Oinarrizko osagaiez gain, fruta zukuak, usain belarrak, espeziak eta bestelako osagai begetalak ere izaten dituzte. Osagai horiek lurrina eta zaporea ematen dute, baina azukre kopurua handitu ere egin dezakete. Flax etxekoak du gehien (%8,1 fruta zukua eta mamia). Beste muturrean, Veritas dago, %0,2 baino ez duena mertxika eta mahats zukua.
Osaerari eta etiketak ematen duen informazioari begiratzen badiogu, Santiveri da aukerarik interesgarriena. Kombucharik sinpleenetakoa da, azukre gutxi dauka eta ez darabil eztitzailerik.
Horretaz gain prezioa ere kontuan hartzen badugu, hauek dute kalitate-preziorik onena: Flax, Kombeauty eta Santiveri.