Andropausia

Andropausia. Ezagutza txikia eta tabu handiak

Berrogei urtetik gorako gizonen %10 eta %30 izan daitezke testosterona beheraldi bat pairatu eta ongizate fisiko eta emozionalean kalteak sumatzen dituztenak. Prozesu horren inguruan, dena den, uste okerrak ere badira, eta askotan, horien erruz atzeratu egiten da diagnostikoa.
1 apirila de 2026

Andropausia. Ezagutza txikia eta tabu handiak

Komunikabideetan eta kaleko elkarrizketetan gero eta maizago ageri da “andropausia” kontzeptua. Testosterona mantso-mantso jaisteko prozesuari esaten zaio (gizonen sexu hormona nagusia da testosterona, eta zahartze prozesuaren ondorioz joaten da apaltzen). Urteek aurrera egin ahala, maila jaitsi egiten da (urtean %1 inguru), eta 70 urtera iristean, gaztaroan baino %30 gutxiago izaten dute gizonek hormona hori. Sintoma horiek pairatzen dituzten gizonak, dena den, %10 eta %30 artean izaten dira: libidoa jaistea, gihar masa galtzea, gorputzeko gantza areagotzea, gogo-aldarteak aldatzea… Mediku azterketa bat egin behar izaten da halakoetan, eta batzuetan, tratamendua jarri. Hori dela eta, adituek nabarmentzen dute ez dela gaixotasun bat, prozesu naturala baizik, zeinak gizonen bizi kalitateari eragin diezaiokeen egoera jakin batzuetan.

Gizonen sexu osasunaren eremuan diharduten profesionalek, hala ere, hipogonadismo berantiarra edo testosterona gabeziaren sindromea (ADAM sindromea) esaten diote. Esau Fernandez andrologoa da Madrilgo La Paz Unibertsitate Ospitalean, eta haren esanetan, ADAM sindromea izen teknikoaren barnean sartzen dira gizon helduetan testosterona murrizteak sorrarazten dituen sintomak eta seinaleak: “Bi kontzeptuak egoera berari buruz ari diren arren, ADAM sindromeak irizpide zehatzagoak ditu diagnostikoa egiteko, eta horixe erabiltzen da jardun klinikoan”.

“Medikuok ez dugu atsegin ‘andropausia’ terminoa”, erantsi du Josep Torremade doktoreak, zeina Andrologia taldeko koordinatzailea den Espainiako Urologia Elkartean, eta azaldu du kontzeptuaren etimologiak berak ez duela adierazten gizonek zer pairatzen duten egiaz, ez baitute pausa edo geldialdia pairatzen testosteronaren ekoizpenean, jaitsiera geldo eta jarraitua baizik: grezierazko andros (gizona) eta pausis (pausa edo geldialdia) hitzek osatzen dute terminoa.

Esau Fernandezen esanetan, medikuen artean gero eta kontzientzia handiagoa ageri da azken urteetan ADAM sindromearen inguruan. Herritarren artean, ordea, ezagutza falta sumatzen da oraindik ere. “Gizon askok ez dute galdetzen sintomen inguruan, ezagutza faltagatik edo gizontasunari atxikitzen zaizkion tabuen eraginez”, jakinarazi du Espainiako Andrologia????? Elkarteko bozeramaileak, zeinari ezinbestekoa iruditzen zaion heziketa eta sentsibilizazioa sustatzea bai medikuntzako eremuan eta bai herritarren artean ere, gizonak gai izan daitezen sintomak identifikatzeko eta diagnostiko eta tratamendu egokiak eskuratzeko.

Uste okerrak argituz

Sexu osasunarekin zerikusia duten prozesu fisiologiko guztiak bezala, andropausia ere mito askoren eta erdizkako egien iturburu amaigabea da. Adituekin aztertu ditugu horietako batzuk.

  • Testosterona da gizontasunaren eta betiereko gaztetasunaren hormona. Instagram, TikTok eta beste sare sozial batzuetan, milaka kontutan sustatzen dira testosterona probak eta tratamenduak maskulinitate egoki bat gauzatzeko. Horixe salatu du Social Science & Medicine aldizkarian berrikitan argitaratu den ikerlan batek. Testosterona maila handiak izatea, gainera, hobeto zahartzearekin ere lotzen da kontu horietan, betiereko gaztetasunerako pilula balitz bezala. Baina ez da hala, inondik ere. Testosterona mailak handitzea, beharrezkoa ez denean eta medikuak agindu eta gainbegiratu gabe, arriskutsua izan daiteke osasunerako.
  • Andropausia ez da arazo bat, asmatu egin dute. Inola ere ez. Adituek dioten moduan, errealitate kliniko bat da eta gizonen osasun globalari eragiten dio; ondorio fisiko, emozional eta sozialak eduki ditzake. “Haren sintomak gutxiesteak eta tabutzat hartzeak zaildu besterik ez du egiten diagnostiko eta tratamendu egoki bat egin ahal izatea. Garrantzitsua da ikuspegi integralarekin eta aurreiritzirik gabe heltzea andropausiari”, nabarmendu du Espainiako Andrologia Elkarteko bozeramaileak.
  • Berdin eragiten die gizon guztiei. Gizon guztiei apaltzen zaie testosterona adinean aurrera egin ahala, baina gutxi batzuengan bakarrik agertzen dira hipogonadismo berantiarraren sintomak, andropausia esaten diogun hori. Beste faktore batzuek ere eragina dute testosterona mailetan, adibidez genetikak, gorputzeko gantzak, gaixotasun kronikoek (diabetesa), sendagai batzuek eta bizimoduak.
  • Testosterona bidezko tratamenduak handitu egiten du bihotz-hodietako arriskua. Testosterona gabeziak lotura izan dezake bihotz-hodietako arazoak izateko arriskua handitzearekin, adibidez hipertentsioa, diabetesa eta dislipidemia izateko arriskuarekin. Baina hormona horren mailak beharrik gabe handitzeak, medikuak agindu eta gainbegiratu gabe, horrek ere bai. Berrikitan egin diren ikerlanek erakutsi dute testosterona bidezko tratamendua behar bezala kontrolatzen duenean mediku batek, ez duela areagotzen bihotz-hodietako gertaera handiak izateko arrisku globala.

Alerta seinaleak

Andropausiari atxikitzen zaizkion sintomak 40-50 urtetik aurrera agertzen dira, nahiz eta hasierako adina eta sintomen indarra faktore indibidualen eta bizimoduaren araberakoak diren. Ohikoenen artean daude, Esau Fernandezen esanetan, libidoa jaistea, nekea, gihar masa galtzea, gorputzeko gantza areagotzea, gogo-aldarteak aldatzea, kontzentratzeko zailtasunak izatea eta loaldia nahastea. Sintoma horiek guztiek eragin nabarmena eduki dezakete gizon horien bizi kalitatean, halaxe baieztatu du andrologoak. “Energia gutxitzeak, gogo-aldarteetan aldaketak sumatzeak eta sexurako interesa galtzeak ondorioak izan ditzake harreman pertsonaletan, autoestimuan eta lan errendimenduan. Gainera, gaixotasun metabolikoak eta bihotz-hodietako gaitzak izateko arriskua areagotzeak, testosterona gabeziak eraginda, ondorioak izan ditzake epe luzera”, azaldu du.

Sintoma horietako asko, Josep Torremadek dioen bezala, nahiko zehaztugabeak dira. Aditu horren esanetan, dena den, hiru dira pazienteari kontsultara joateko erabakia harrarazten diotenak: libidoa edo sexu grina gutxitzea, erekzio funtzioa galtzea edo apaltzea eta gauetan edo goizetan nahi gabe izaten diren erekzioak gutxitzea. Beste sintoma batzuk, adibidez aldaketak izatea gogo-aldarteetan, insomnioa pairatzea edo gihar masa galtzea hainbat arrazoirengatik gerta daitezke.

Diagnostiko indibidualizatua

Torremadek ñabardura bat egin nahi izan du, hala ere: sintoma horiek izateak ez du esan nahi ADAM sindromea duenik, horietako asko beste patologia batzuen eraginez ager baitaitezke, adibidez depresioaren, hipotiroidismoaren, diabetesaren eta hipertentsioaren eraginez. “Garrantzitsua da barneratzea testosterona maila apalak dituzten gizon guztiek ez dutela zertan sintomarik eduki eta sintoma guztiak ez zaizkiola zor nahitaez testosteronari”, erantsi du Fernandezek.

ADAM sindromearen diagnostikoa egiteko, sintomatologia aztertzen da eta odoleko testosterona maila neurtzen, eta bi horiek konbinatuz ateratzen da. Ildo horretan, adituek diote funtsezkoa dela azterketa kliniko osatu bat egitea eta sintomen atzean egon daitezkeen beste arrazoi batzuk baztertzea, adibidez gaixotasun kronikoak, tiroideko nahasmenduak edo arazo psikologikoak. Diagnostikoak, nolanahi ere, indibidualizatua izan behar du eta andrologian esperientzia duen profesional batek egina.

Zertan bereizten da menopausiatik?

Sintomak desberdinak dira eta osasunean duten eragina ere bai (menopausiak handiagoa izaten du), baina nagusiki bi desberdintasun daude bi etapa horien artean. Lehenbizikoa da menopausia esaten zaion prozesu fisiologikoa emakume guztiei gertatzen zaiela, eta andropausia, aldiz, gizon batzuei baino ez.

Bigarren desberdintasuna prozesuaren intentsitatean dago. Gizonetan, andropausiak mantso-mantso geldotzen du testosteronaren ekoizpena, baina sekula ez da desagertzen. Menopausiarekin, aldiz, bat-batean erortzen dira emakumeen sexu hormonak eta bortizki eteten da obulutegien funtzioa eta hilekoa.

Zein da tratamendua

Tratamendu nagusia testosterona ordezkatzea izaten da hormonen bidez. “Hipotiroidismoa dutenekin bezala, funtsean. Barrabilak ez badira gai osasun ona izateko behar den adina testosterona sortzeko, kanpotik ematen dugu behar den gehigarri hori”, azaldu du Torremadek.

Terapia horri ekin aurretik, zenbait faktore hartu behar dira kontuan. Alde batetik, aztertu egin behar da prostatak zer-nolako osasuna duen, zeren tumore bat edukiz gero, nahiz oraindik ez agertu, hormona bidezko terapiak azkartu egin dezake haren bilakaera. Bihotz-hodien azterketa bat egitea ere beharrezkoa izaten da aurretik, eta monitorizazio mediko jarraitu bat ezartzea tratamenduan zehar. Azken ikerlanek iradokitzen dute terapia horrek ez duela nabarmen areagotzen bihotz-hodietako gertaerak izateko arriskua, baina gauza jakina da testosteronak bizkortu egiten duela globulu gorrien ekoizpena; ondorioz, gehiegizko igoera batek loditu egin dezake odola eta areagotu tronboak, bihotzekoak edo bihotz-hodietako istripuak izateko arriskua. Azkenik, kontuan hartu behar da, gizon gazteetan bereziki, eragina izaten duela ugalkortasunean, ordezko hormona bidezko terapiaren ondorioz organismoak utzi egiten baitio bere testosterona ekoizteari, eta horrek geldiarazi egiten du esperma ekoizpena.

Izen bat edo bestea erabili prozesu hori definitzeko, garrantzitsuena da gizonen bizitzako aldi gisa ulertzea, zahartzeari lotua dagoena eta informazio zorrotza eta medikuaren arreta eskatzen duena sintomek bizi kalitateari erasaten diotenean. Diagnostiko indibidualizatua egitea da gakoa, eta gogoan izatea ohitura onek markatu dezaketela benetan aldea.

10 aholku gure hormonen osasuna hobetzeko
  1. Ariketa egitea. Astean 1,5 eta 2,5 ordu arteko jarduera egiteak lagundu egiten du gorputzak hormonak ekoitzi ditzan modu osasungarriagoan.
  2. Elikadura zaintzea. Ugari jan fruta freskoa, berdura eta osoko zerealak, eta ahalik eta gehiena murriztu elikagai prozesatuak, zeinak intsulinarekiko erresistentzia agerraraz dezaketen eta horrek, aldi berean, desorekatu egiten ditu beste hormona batzuk, adibidez testosterona.
  3. D bitamina maila onean mantentzea. Hori bereziki garrantzitsua da udazkenean eta neguan, eguzki gutxiago izaten den garaietan. D bitaminak, egiaz, prohormona gisa jokatzen du, zeina funtsezkoa den immunitate sistemaren osasunerako eta sexu hormonak orekan egoteko.
  4. Behar adina iodo hartzea. Gure dietan lekua egin behar zaie iodo asko duten jakiei: itsaskia, algak, arrautzak eta esnekiak. Iodoa ezinbesteko minerala da tiroideko hormonen sintesia egiteko.
  5. Kaltzioa ez ahaztea. Esnea, jogurtak, almendrak eta hosto berdeko berdurak aproposak dira kaltzioa hartzeko. Mantenugai hori funtsezkoa da hezurretarako, eta zeregin aipagarria du, gainera, nerbioen transmisioan eta hormonen orekan.
  6. Nahiko lo egitea eta kalitatez. Gutxienez zazpi ordu gauean eta, ahal dela, beti ordutegi berdinean. Atseden faltak igoarazi egiten du kortisola (estresaren hormona da), eta murriztu egiten du hazkundearen hormona, eta horrek kalte egiten dio metabolismoari eta zelulen birsortzeari.
  7. Lehentasuna ematea beirazko ontziei eta altzairu herdoilgaitzari. Plastiko askok konposatu kimikoak izaten dituzte, hormonak “imitatzen” dituztenak, eta nahasi egiten dute sistema endokrinoa; disruptore endokrinoak esaten zaie.
  8. Etxea aireztatzea eta barneko airearen kalitatea hobetzea. Aireak, etxe barnekoak bezala kanpokoak, disruptore endokrinoak eduki ditzake. Xurgatzea, hautsa kentzea eta maiz-maiz aireztatzea ezinbestekoa da hauts partikulak murrizteko.
  9. Ongi aukeratzea kosmetikako produktuak. Askok disruptore hormonalak izaten dituzte. Aplikazio batzuek aukera ematen dute kosmetikoen osaera aztertzeko, adibidez INCI Beauty-k.
  10. Sintomei adi egotea. Libidoa jaitsi dela sumatuz gero, nekea agertzen dela, gihar masa galdu dugula, gorputzeko gantza ugaritu zaigula, gogo-aldarteak aldatu, kontzentratu ezinik gabiltzala edo loaldian gorabeherak izan ditugula, medikuari galdetzea komeni da.