Gehigarriak. Promesen eta arriskuen artean
Gehigarriak erremedio azkarrak bihurtu dira ia gauza guztietarako: kontzentrazioa hobetu, gau osoan lo egin, ilea sendotu, energia lehengoratu… Presaka bizi garen garaiotan, berehalako irtenbideak nahi ditugu, eta produktu horiek ezinbesteko gisa ikusten ditugu. Eta datuek berretsi egiten dute hori: gero eta jende gehiagok erosten ditu. Ipsos etxeak emandako datuen arabera, covid-19aren pandemiak areagotu egin zuen belaunaldi berriek osasunaren eta ongizatearen inguruan duten kezka. Testuinguru horretan, pertsona askok erabiltzen dituzte gehigarriak eguneroko errutinetan. Eta sare sozialek ere bere lana egin dute horretan, non ospetsu egin den biohacking delakoa: gorputza “optimizatzeko” modua eskaintzen du dieten, gehigarrien, burua lantzeko tekniken eta teknologiaren bidez.
Badira prozesu hori bizkortu duten beste faktore batzuk ere: konposatu kimikoen inguruko errezeloak (kimifobia), prestakuntza zientifikorik gabeko influenceren eragin handi eta suntsigarria, zeinak era horretako produktuak gomendatzen dituzten, eta arazo konplexuei irtenbide azkarrak bilatzeko joera. Emaitza: elikadura arloko gehigarrien salmentak gora egin du azken urteetan. Fakturazioa 2.000 milioi eurokoa izan den 2023an Espainiako Estatuan, 2017an baino 300 milioi handiagoa, datu hori eman du Elikagai eta Edari Industrien Espainiako Federazioak (FIAB). Garbi dago negozioa haize alde ari dela, baina gehigarri horiek egiaz ematen al dute agintzen dutena?
Produktu bat landare jatorrikoa izateak ez du esan nahi segurua denik. Araudi zorrotzik ez izateak eta estraktu kontzentrazio handia edukitzeak arriskuan jar dezakete gure osasuna:
Ashwagandha (Withania somnifera). Gehienean, estresa, antsietatea eta insomnioa tratatzeko erabiltzen da landare hori, baina medikuntzako literaturan ikusten da gibeleko lesioak eragin izan dituela ikteriziarekin, eta egoera larriak ere bai aurrez gibeleko gaitzak zituzten pertsonetan.
Aloe vera. Ahotik hartuta, idorreria edo “digestio astunak” arintzeko erabiltzen da sarri, baina ikusi izan da hepatitis toxiko idiosinkratikoa agerrarazi izan duela (hobetu egiten da hartzeari utzita).
Kurkuma eta kurkumina. Antiinflamatorio natural gisa erabiltzen dira artikulazioetako minarentzat, baina hepatotoxikotasunaren seinaleak ere ikusi izan dira gehigarri gisa hartzen denean, bereziki xurgapena areagotzen duten formulazioetan hartuta. Adibidez, piperina/piperbeltz beltzarekin konbinatuta. Bartzelonako Hospital Clinic-ek ohartarazten du konbinazio horiek arriskutsuak direla gibelerako.
Te berdearen estraktua. Batez ere herdoilaren aurka egiteko eta “gantzak erretzeko” erabiltzen da. Kontsumitzeko moduan dago alderik handiena: ez da hartzen ohiko infusio bat bezala, estraktu kontzentratu gisa baizik kapsuletan, eta gibelean kalteak eragin izan ditu. Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA) aztertu egin zituen te berdearen katekinak zein neurritan agertzen diren gehigarrietan, eta kopuru kezkagarrietan erabiltzen dela ohartarazi zuen.
Legamia gorriz egindako arroza. “Alternatiba natural” gisa erabiltzen da kolesterola jaisteko, baina osagai aktibo nagusia (monakolina K) estatinaren baliokidea da kimikoki, eta horrexegatik sor ditzake antzeko eragin kaltegarriak (giharretako mina, miopia eta, gutxitan bada ere, arazo larriagoak). Gibeleko kalteak ere eragin ditzake.
Behar al dugu gehigarririk?
Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiak 2023. urtean egin zuen ikerlan batean ageri denez, Espainiako Estatuko herritarren %75ek aitortu dute gehigarriren bat hartu izan dutela azken urtean, eta 10etik zazpik “osasun egoera hobetzeko” egin dute. Eduard Baladía dietista-nutrizionista izan da ikerlanaren egileetako bat, eta haren iritziz, %75 hori gehiegizkoa da. “Gehigarriak ez ditu behar hainbeste jendek. Badago marketin fenomeno bat, eta gehienetan ez da gehigarririk behar izaten gabezia argi bat izan ezean”, azaldu du Baladiak.
“Egoera batzuetan gehigarriak behar izaten dira: adibidez, haurdunaldian burdina faltaren diagnostikoa egin denean edo azido folikoarena”, adierazi du Baladiak. Berdin gertatzen da B12 bitaminarekin pertsona begano eta begetarianoetan. Beatriz Collado doktorea da Biokimikan eta Biologia molekularrean eta farmazialari komunitarioa ere bai, eta haren ustez, gerta liteke egungo dietak gabezia batzuk izatea bitamina eta mineral batzuetan. “Populazioak maila apaletan izaten du D bitamina gehigarririk hartu ezean”. Gehienetan, ordea, ez da izaten horien beharrik. “Osasuntsu dagoen pertsona batek ongi jaten badu eta behar beste atseden hartzen badu, ez du behar izaten aparteko laguntzarik. Marketinak sinetsarazi egin digu gure dieta ez dela aski, eta mezu hori oso arriskutsua da, garrantzia kentzen diolako egiazko janariari”, erantsi du Baladiak.
Egiaz gehigarri bat behar dugun jakiteko, Colladok eta Baladiak nabarmentzen dute osasun arloko profesionalengana joan behar dela, horiek erabaki behar dutelako behar den edo ez, eta bereziki azpimarratzen dute urrundu egin behar dela marketinetik eta formazio zientifikorik ez duten influenceren eraginetik, dakitenek gainbegiratu gabe hartzeak osasun arazoak sorraraz ditzakeelako, larriak ere bai tartean.
Hobe al da naturala izatea?
Gehigarriak landareetatik etor daitezke, adibidez kurkuma; animalietatik ere bai, esaterako arrain olioa; edo laborategi batean sintetizatu ditzakete. Naturaletan, iturri biologiko batetik zuzenean arautzen dituzte substantziak, eta sintetikoak, berriz, erreplika kimiko berdin-berdinak dira, modu kontrolatuan ekoitziak. Baina bereizketa hori funtzionala baino gehiago da komertziala; gure gorputzarentzat C bitaminaren molekula bat berdin-berdina da laranja batetik etorri edo probeta batetik, eta jatorri “naturalekoak” ez du zertan seguruagoa izan eta “sintetikoak” ez du zertan arriskutsua izan.
“Dietista-nutrizionista naizen aldetik, ‘naturala’ etiketa sobera dagoela esan behar dut. Gehigarriak beharrezkoa izan behar du edo ez, eraginkorra edo ez”. Collado ados dago (Farmazialarien Madrilgo Elkargo Ofizialeko Elikadura eta Nutrizio arloko bozeramailea ere bada), eta zera erantsi du: “Jendeak nutrizio arloko gehigarri bat hartu nahi izaten du, ondorio kaltegarririk gabea, eta ‘naturalari’ atxikitzen diote dohain hori, baina hori ez da hala. Gauza natural askok eragin ditzakete ondorio kaltegarriak”. Askok gehigarri naturalen alde egiten dute farmaindustriaren negozioari hausporik ez emateko, baina Eduard Baladiak dioenez, “askotan farmaziako industria berberek saltzen dituzte produktu horiek, eta azkenean betikoak aberasten ditugu”.
Gehigarriak merkaturatzeko garaian, zerrenda sistema bat erabiltzen da Europako Batasunean, eta horrela sailkatzen da osagai bakoitzaren segurtasuna. Zerrenda batzuk positiboak dira, eta onartuta dauden gehigarriak agertzen dira hor; beste batzuk negatiboak dira, eta substantzia galaraziak edo mugatuak ageri dira, toxikoak direlako edo eragin farmakologiko handia dutelako. Baina badago “eremu gris” bat ere, konposatu botanikoak eta eragin fisiologikoa duten beste substantzia batzuk biltzen dituena. Mikromantenugaiekin ez bezala, ez dago landare baimenduak biltzen dituen zerrenda bakarra EB osoan: herrialde batean galarazia dagoena onartua egon daiteke beste batean.
Arazo horrek izen tekniko bat dauka: elkar aitortzearen printzipioa. Horrek zera esan nahi du: EB-ko herrialde batek esaten badu landare bat segurua dela eta saltzeko baimena ematen badu, Espainia behartuta dago landare horri saltzeko baimena ematera bere lurraldean, nahiz eta Elikadura arloko Segurtasunaren Espainiako Agentziako adituek uste izan landare hori arriskutsua dela edo sendagai bat izan behar lukeela. Hori gertatzen da Santio belarrarekin, zeina antidepresibo ahaltsua den eta interakzioa eragiten duen sendagai askorekin. Espainiako Estatuan, araudi zorrotzaren pean saldu behar litzateke Santio belarra, baina elkar aitortzearen printzipioak agintzen duenez, Santio belarrarekin formulatuta dauden produktu batzuk errezetarik gabe saldu daitezke Espainian, belar dendetan eta bestelako saltokietan, EB-ko beste herrialde batzuetan baimenduta dagoelako horiek salmenta libreko sendagai gisa edo gehigarri gisa saltzea, adibidez Alemanian, Austrian eta Frantzian.
Produktu horien arriskuak
Publizitateak eragin handia du, gehigarriak oso-oso erraz eros daitezke, eta kontsumitzaileei arriskurik gabeak iruditzen zaizkie; horrek guztiak arriskuan jar dezake pertsonen osasuna zenbaitetan. Onenean, dirua galtzen ariko gara funtzionatzen ez duten produktuetan, baina eragin kaltegarriak ere sor daitezke, eta horiekin handiagoa izan daiteke galera.
- Interakzioa beste sendagai batzuekin. Gehigarriak hartzean, aldatu edo murriztu egin daiteke sendagai batzuen erabilera terapeutikoa. Beatriz Colladok adibide bat eman du: “Ashwagandha adaptogeno bat da, oso eraginkorra (organismoari lagundu egiten dio egokitzen estres fisikora, mentalera eta emozionalera), baina metabolizatu egiten da gibelean. Paziente bat estatinak hartzen ari bada kolesterola jaisteko, sendagai hori transformatzeko mekanismoa ere gibelera pasatzen da, eta organo horri, zeina lan gehiago egiten ari den egoera patologiko bat gainditu nahian, ashwagandha gehitzen badiozu, arazoak ager daitezke”. Beste adibide bat. Santio belarra (Hypericum perforatum) antidepresibo natural gisa erabiltzen da, eta aldarazi egiten du gibeleko metabolismoa (ohi baino azkarrago desagerrarazten ditu sendagaiak); horrek ekar dezake kontrazepzio pilularen eragina aldatzea eta, antidepresiboekin batean hartzen denean, muturreko aztoramendua eragin dezake, takikardia, haluzinazioak, espasmoak eta sukar handia.
- Diagnostikoa atzeratzea. Gehigarri natural batek batzuetan estali egin ditzake gaixotasun baten sintomak, eta horrek atzeratu egiten du medikuaren kontsultara joatea. “Paziente batek gehigarri bat hartzen badu norbaitek esan diolako ongi etorriko zaiola, gerta liteke aukera bat galtzea egiazko diagnostikoa egiteko eta gaixotzeari uzteko. Gero askoz ere gaixoago dagoen pertsona bat tratatu beharko dugu”, adierazi du Eduard Baladiak.
- Kalte zuzenak. Edozein tratamendu hartzen dugula, izan sendagaia edo izan gehigarria, onuragarria izan daiteke, baina kalteak ere agerraraz ditzake. Askotan, gehigarrien nahi gabeko ondorioak arinak izaten dira, urdail-hesteetako arazo batzuk, goragalea edo goitika egitea, baina zenbaitetan handiagoa izan daiteke arazoa, bereziki haurren eta haurdun daudenen artean.
- Esan gabeko substantziekin kutsatzea. 2017an egin zuten ikerlan batean ondorioztatu zutenez (Eduard Baladiak ere parte hartu zuen), aztertu zituzten kirol-gehigarri askok, %12-%57k, dopin substantziak zeramatzaten eta etiketan ez ziren ageri: estimulatzaileak, esteroide anabolikoak eta deribatu hormonalak, adibidez testosterona, androsterona eta nandrolona. “Gehigarri batzuek ez lituzkete eduki behar halako konposatuak, eta hori zigortu egin behar da”, nabarmendu du Baladiak. Dopinaren aurkako Ameriketako Agentziak (USADA) gomendio batzuk ematen ditu bere web-orrian produktu susmagarriak antzemateko. Erakunde horrek dio ez direla fidatzekoak eta saihestu egin behar direla emaitza “azkarrak” eta “miragarriak” agintzen dituzten produktuak edo “aurkikuntza zientifiko berritzat” aurkezten dituztenak, sendagai errezetatuen alternatiba gisa sustatzen dituztenak, osagaietan izen konplexuak, zenbakiak edo -ol, -diol edo -stene bukaerak dituztenak, edo Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak, USADAK edo Dopinaren aurkako Mundu Agentziak (AMA) onartuak direla esaten dutenak, erakunde horiek ez baitute onartzen ezein gehigarri.
Nork zaintzen du zer hartzen dugun?
Europako Batasunean 2002/46/CE zuzentarauak arautzen ditu elikadura arloko gehigarriak. Eta hor denetarik sartzen da, bitaminak, mineralak, “gantzak erretzekoak” eta kapsuletan datozen konposatu botanikoak, besteren artean. Lege horrek ez du bermatzen seguruak izango direnik, elikagaitzat hartzen direlako, eta elikagaiei ez zaielako aurretiazko ebaluazio bat eskatzen salgai jartzeko. Hortaz, “eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko egiten zaizkien probek ez dute inolako zerikusirik sendagaiei egiten zaizkienekin, nahiz eta askotan sendagai gisa edo sendagaien ordezko gisa erabiltzen dituzten”, azaldu du dietista-nutrizionistak.
“Sendagai batek oso araudi zorrotza bete behar izaten du, eta Sendagaien Europako Agentziaren edo Sendagaien Espainiako Agentziaren eskuetatik pasatzen da. Kontrolak pasarazten dizkiete, nutrizio arloko gehigarri bati inoiz egingo ez dizkiotenak, zoritxarrez”, ohartarazi du Colladok. Elikadura arloko gehigarriekin, ekoizle batek propietate osasungarriei buruzko aipu bat erabil dezake, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA) onartzen duena; hau adibidez: “Omega 3ak lagundu egiten du bihotzak normal funtziona dezan”, baldin eta konposatu hori gutxieneko kopuru jakin batean badu.
“Gehigarriak ere sendagaiena bezalako legedi batekin arautu behar lirateke, baina elikagaien legedi berbera ezartzen zaie”, erantsi du Beatriz Collado farmazialariak. Araudiak dituen hutsune horien eraginez, merkatuan berdin-berdin aurki ditzakegu ongi formulatuta dauden eta kalitatezko osagaiak dituzten gehigarriak eta kalitate negargarria dutenak eta agintzen duten hori betetzen ez dutenak.
Azken batean, gehigarri bat “naturaltzat” aurkezteak ez du esan nahi beharrezkoa, eraginkorra eta kaltegabea denik. Pilulak edo estraktuak hartzen hasi aurretik, geure buruari galdetu behar diogu egiaz behar ditugun edo gabezia horiek estali ote ditzakegun modu orekatuan elikatuz eta ohitura osasungarriekin. Osasuntsu dauden pertsonarik gehienek ez dute behar gehigarririk, eta halakoak hartzea komeni denean, osasun arloko profesional batek aginduta egin behar da.
Ebidentzia zientifikorik ez duten terminoekin beteta dago gehigarrien mundua.
- Adaptogenoak. “Estresera egokitzen laguntzen duten” landareak. Kontzeptu hori ez dute onartzen agentzia arautzaileek, baina oso modu malguan erabiltzen da publizitatean.
- Bioeskuragarritasun hobetua. Kontzeptu hori benetakoa da eta adierazten du sendagai edo mantenugai bat kopuru handiagoan eta azkarrago xurgatzen dela, baina batzuetan erabiltzen da produktuak garestiago saltzeko, nahiz eta merkatuan lehendik ere badiren ongi xurgatzen diren forma estandarrak.
- “Biohacking”. “Zaintzearen” sinonimoa da, bilgarri teknologikoarekin eta gehigarri garestiekin. Kontu asko, zientzia gutxi.
- “Detox”. Ez dago desintoxikatzen duen gehigarririk: funtzio hori gibelak eta giltzurrunek egiten dute.
- Onddo funtzionalak. Reishi, Cordyceps, Ahuntz bizarra… Aurretiazko ikerlanetan bakarrik oinarritzen da horien eraginkortasuna, eta ez dago estandarrik ez dosiei buruz eta ez produktuaren kalitateei buruz ere.
- Nootropikoak. Memoriaren eta kontzentrazioaren indartzaileak. Ebidentzia mugatua.
- Superelikagaia. Ezein elikagaik edo gehigarrik ez ditu berdintzen gaizki elikatzearen ondorioak.