Honela aldatzen da garuna haurdunaldian
Haurdunaldiak ez du emakumearen gorputza bakarrik eraldatzen, garunean ere uzten du arrastoa. Ageriko aldaketa fisikoetatik haratago, haurdunaldiak garunaren benetako birmoldaketa eragiten du, zeinak lagundu egiten duen ama hazkunde garairako prestatzen. Aldaketa horiek, hormonen gorabeherekin lotuta, haurrarekiko enpatiari eta loturari eragiten diote, eta agerian uzten dute naturak nola moldatzen duen burua amatasunari aurre egiteko. Aurkikuntza horiek guztiak oso berriak dira; izan ere, azken hamar urteetan argitaratu dira. “Hainbat hamarkadatan, zientziak ez du kontuan hartu amatasunak garuna nola eraldatzen duen, eta gorputzak jasaten dituen aldaketa fisikoetan jarri izan da arreta”, azaldu du Susana Carmonak, Madrilgo Gregorio Marañón Ospitaleko Osasun Ikerketako Institutuan ikerketa Neuromaternalean aritzen den taldeko buruak.
Baina azterketa eremu hori ikusgarritasuna lortzen hasi da Espainiako zientzialarien lan aitzindariari esker. Ikerketa horien arabera, haurdunaldiak aldaketa sakonak eragiten ditu burmuinaren garapenean eta funtzionamenduan, eta haren ondorioak hilabete edo urteetan ere luza daitezke erditu ondoren. Horien lanetatik abiatuta, neurozientzia hasi da aztertzen eraldaketa horiek ama nola prestatzen duten haurra zaintzeko, eta horrekin batean, haren ongizate emozionalean eta hazkuntzarekiko loturan izan lezakeen eragina ere aztertzen du.
Ikerketa horietako lehena 2008an hasi zen, eta iraultza eragin zuen nazioarteko komunitate zientifikoan 2016an Nature aldizkarian argitaratu zenean. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) eta Hospital del Mar Ikerketa Institutuko (IMIM) hiru neurozientzialarik egin zuten lan hura, horien artean Susana Carmonak, eta alderatu egin zuen emakumeen burmuinaren egitura neuroirudien teknikak erabiliz haurdunaldiaren aurretik eta ondoren.
Materia grisak bolumen gutxiago
Ikerketaren emaitzek erakutsi zuten substantzia grisaren bolumena modu simetrikoan murrizten dela garunaren aurrealdeko eta atzealdeko lerro kortikalean, bai eta haurdun dauden emakumeen kortex prefrontaleko eta tenporaleko zati espezifikoetan ere. Eremu horiek mapa bat eratzen dute, eta neurri handi batean, mapa horrek bat egiten du neurozientziak harreman sozialei lotzen dizkion prozesuek eratzen duten sarearekin.
Ez hori bakarrik: eskualde horietako batzuk aktibatu egiten dira emakumeak bere haurraren irudia ikusten duenean (hau da, argiztatu egiten dira garuneko eskaner batean), eta, beraz, “aldaketak garunaren espezializazio bati zor zaizkio segur aski, amatasunak berekin dakartzan erronkei aurre egiteko prestatzen ari delako”, dio Oscar Vilarroya ikerketa egin zuen taldearen zuzendariak.
Aldaketa horiek gutxienez bi urtez irauten zuten, ikertzaileek ikusi ahal izan zutenez. Gainera, egiaztatu zuten garuneko egokitzapenak zenbat eta markatuagoak izan, orduan eta hobeto hautematen zuela amak haurrarekiko lotura. “Azkenean, erantzuna eman ahal izan genion ama guztiek sumatzen zuten horri, baina ez zuen komunitate zientifikoan interesik piztu: emakumearen garuna sakon aldatzen da haurdunaldiarekin, eta aldaketa horiek erraztu egiten dute amatasunezko jokabidea”, azaldu du Carmonak.
Hauek dira Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eta Gregorio Marañón Osasun Ikerketako Institutuak 2025eko urtarrilean Nature aldizkarian argitaratu zuten azterlanaren ondorioak:
- Garunak materia grisaren bolumenaren %4,9raino galtzen du, eta erditu ondoren lehengoratu egiten da zati bat.
- Aldaketek garunaren %94ri eragiten diote, bereziki kognizio sozialarekin lotu dauden eremuei.
- Zerk eragiten du hori: haurdunaldiko estrogenoen fluktuazioek zerikusia dute aldaketa horiekin eta ondorengo errekuperazioarekin.
- Lehengoratzea. Erditu ondoren garun bolumena hobeto berreskuratzen zuten emakumeek lotura emozional handiagoa izan zuten beren haurrarekin sei hilabetera.
Garun dinamikoa
Hortxe ireki zen ikerketa berrietarako atea. 2008an, lanak hasi zirenean, hamar erreferentzia baino ez zeuden, eta gaur egun ehun baino gehiago ditugu haurdun dagoen emakumearen burmuinaren ingurukoak argitu nahian.
Duela hilabete gutxi batzuk, 2025eko urtarrilean, Nature aldizkarian Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eta Gregorio Marañón Osasun Ikerketako Institutuak egin duten azterlan bat argitaratu da, non erakusten den, besteak beste, haurdun dagoen emakumearen garunak aldaketa dinamiko bat izaten duela. “Lehenik eta behin, urritu egiten da materia grisaren bolumen, eta, gero, lehengoratu. Hau da, U formako ibilbidea egiten du”, azaldu du Camila Servin-Barthet ikerketaren ikertzaile nagusiak. “Eta, lehen aldiz, frogatu da ibilbide hori hormona aldaketekin lotuta dagoela: ispilu bat bezalakoa da, eta estrogenoak ugaritu egiten dira haurdunaldian, murriztu egiten da materia grisaren bolumena; erditu ondoren estrogenoak murriztuz doazen heinean, bolumen hori ere lehengoratu egiten da. Goraldi eta jaitsiera horiek argi eta garbi erakusten dute hormonen aldakortasunak garrantzi handia duela garuneko aldaketetan. Azken batean, faktore fisiologiko bat dago argi eta garbi”, azaldu du Servin-Barthetek.
Adituak zehaztu duenez, aldaketek ez diote eragiten eremu bakar bati; ia burmuin osoan gertatzen da U formako ibilbide hori. “Garuna ataletan banatu daiteke, atxikita dituzten funtzioen arabera; sare funtzionalak esaten zaie. Eta ikusi duguna da, aldaketa horiek leku batean edo bestean gertatu, sakonera eta lehengoratzeko gaitasuna desberdinak direla. Enpatiarekin, kognizioarekin eta autopertzepzioarekin lotutako eremuetan ikusi ditugu aldaketa sakonenak. Baina kontua ez da eremu jakin bati buruz hitz egitea, adibidez amigdalari edo kortex prefrontalari buruz, antzeko prozesuetan inplikatuta dauden eremuen sare oso bati buruz baizik”, adierazi du Servin-Barthet ikertzaileak.
Lotura sendotu egiten da
Azken azterlan horrek, halaber, aztertu egin du ea murrizketak eta ondorengo goraldiak zerikusirik baduen amaren eta haurtxoaren arteko loturarekin. “Ikusi dugunez, materia grisaren bolumena zenbat eta gehiago lehengoratu, orduan eta handiagoa eta hobea da lotura horren kalitatea. Horrek bat egiten du harreman hori berretsi duten beste azterlan batzuekin. Eta horrek pentsarazten digu egokitzapenezko aldaketak direla, atxikimendu hori indartzeko orduan eragin onuragarria dutenak”, dio ikertzaileak.
Azterlanaren azken fasea izan zen amen buru osasuna garunaren aldaketekin lotzen saiatzea. “Korrelazio bat ikusi da: zenbat eta gehiago errekuperatu burmuina, orduan eta handiagoa amaren ongizatea eta haurrarekiko atxikimendua”, adierazi du Servin-Barthetek. Hau da, frogatu da harreman bat dagoela hiru aldagaien artean: buru osasuna, garuneko aldaketak eta atxikimendua.
Zer-nolako ondorioak atera daitezke? Gaur egungo azterlanek ezin dute azaldu zein den lotura horiek sortzeko mekanismo espezifikoa. “Ikusten dugu badirela, eta gaur egun ditugun teknikekin oraindik azaldu ezin badugu ere, argi dago hurrengo urteetan fintzen joango dela. Oraingoz, garuneko aldaketak atxikimendu onuragarri batekin lotuta daudela adierazten duten ebidentzia sorta bat dago”, ziurtatu du Servin-Barthetek.

Zer gertatzen da memoriarekin?
Ikusi dugun bezala, zientziak frogatu du materia grisa murriztu egiten dela haurdunaldiarekin, konexioak berregokitzeko eta haurtxoarekiko atxikimendua handitzeko, baina aldaketa horiek eragiten al diote nolabait oroimenari eta amen kontzentrazioari? Ez, zientziak ezin izan du erakutsi materia grisa murrizteak eragina duenik amaren gaitasun kognitiboetan.
“Haurdunen %80, gutxi gorabehera, kexu dira haurdunaldiak eta amatasunak arazoak sortzen dizkielako kontzentrazioarekin eta memoriarekin”, adierazi du Susana Carmonak. Giltzak non utzi diren ahaztea, elkarrizketa baten haria galtzea edo burua ohi baino sakabanatuago sentitzea ohikoak dira emakume askoren artean haurdunaldian eta amatasuneko lehen urteetan. Buruargitasun falta horri eta memoria hutsarteei mommy brain edo amaren garuna esaten zaie; emakume batzuek garai horretan sumatzen dituzten aldaketa kognitikoak deskribatzen dituen terminoa da.
Zientzia oraindik ere ikertzen ari da zehazki zergatik gertatzen den, baina uste da hormonen gorabeherak, lo eza eta amatasunaren eskakizun emozional eta fisiko berriak egon litezkeela fenomeno horren oinarrian. Baina desabantaila bat izan beharrean, adituak hasi dira ulertzen aldaketa horiek burmuina prestatzen ari daitezkeela zeregin konplexuenetako baterako: haurtxoa zaindu eta harekin konektatzea. Hauxe dio zientziak mommy brain delakoari buruz:
- Nerabezaroaren antzekoa. Pubertaroan, estrogenoak eta progesterona areagotu egiten dira, eta jokabide eta emozio aldaketak eragiten dituzte nerabeetan. “Ikerketek erakusten dute haurdunaldiak antzeko aldaketak eragiten dituela; baina orain arte aurkitu dugun ezerk ez ditu aldaketa horiek arazo kognitiboekin lotzen”, esan du Susana Carmona ikertzaileak.
- Pertzepzio subjektiboa da. Amek diote oroimena galdu izanaren irudipena dutela, baina halakorik ez da islatzen garuneko irudietan. Hemen beste aldagai batzuk sartzen dira, halaxe dio Servin-Barthetek: “Giltzak non dauden gogoratzea ez da lehentasuna izango amatasunak hainbeste aldaketa ekarri dizkion batentzat. Beste gauza asko izaten ditu buruan, atseden ordu gutxiago… Buruak zama handia izaten du eta garunak lehentasunak jartzen ditu. Gainera, garrantzitsua da esatea garunean gertatzen diren aldaketek ez dutela dena azaltzen”.
- Hormonek esku hartzen al dute? Ikusi dugunez, hormonek materia grisaren bolumena murrizten dute haurdunaldian. Orduan, haurdun dauden emakume batzuek atzematen dituzten memoria arazoen atzean hormonak al daude? Hainbat azterlanek aztertu dute estradiol, progesterona edo oxitozina mailak korrelazioan ote dauden haurdunaldiko errendimendu kognitiboarekin. “Emaitzak baliogabeak izan dira, ziurrenik orain arte hormona jakin batek une jakin batean duen eragin zuzena neurtzen saiatu direlako, baina giza gorputzean, hormona eta aldagai ugarik eragiten dute aldi berean”, azaldu du Carmonak. Gaur egun, psikearen, garunaren, immunitate sistemaren eta sistema endokrinoaren arteko interakzioa ikertzeko ahaleginean ari dira. “Ez dago gauza guztiak azaltzen dituen faktore bakar bat”, erantsi du.
- Garun gazteagoa. Anne Marie de Lange, Lausanako Unibertsitate Ospitaleko kidea, lanean aritu da garunaren irudiak dituzten datu base handiekin egindako ikerketak biltzen. Eta hauxe da ondorioa: “Amek garun gazteagoa izaten dute”. Garunaren adinetik abiatuta pertsonaren adina ematen duen algoritmo bat erabiliz, ikusi zuen ama izandako emakumeen garuneko ezaugarriak ez zirela seme-alabarik izan ez zutenenak bezain zaharrak. Era berean, ikusi zuen zenbat eta haur gehiago izan, orduan eta gazteago irauten zuela garunak. Joera hori, dena den, irauli egiten da laugarren seme-alabatik aurrera, eta ordutik aurrera azkartu egiten da garuna zahartzeko prozesua. Baina oraindik ez da argitu zer-nolako mekanismoek eragiten duten hori.
Aurkikuntza horiek guztiak izozmendiaren muturra baino ez dira. Haurdunaldian zehar emakumearen burmuinean gertatzen diren aldaketei buruzko ikerketa eremua liluragarria da, eta oraintsu hasi da bidea egiten. Erantzun berri bakoitzak galdera berriak planteatzen ditu, eta amatasunak gorputza ez ezik adimena ere nola moldatzen duen hobeto ulertzera hurbiltzen gaitu, garai berezi horrek dakartzan erronketara eta loturetara egokitzeko.
Beste galderetako bat da ea bikotekideen garuna ere aldatzen ote den haurdunaldian eta erditu ostean. Aldatzen al da horien garuna? 2017ko azterlanak gizonezko bikotekideak hartzen zituen, eta, hortik abiatuta, beste lan batzuek gai horri heldu diote. Horietako batek (Susana Carmonaren taldeak egin du) honako hau adierazi zuen: “Aitengan ere murrizketak gertatzen dira, baina askoz ere sotilagoak amenak baino, eta murrizketa zenbat eta nabarmenagoa izan, orduan eta gehiago aktibatzen zen eremu hori haurtxoaren argazkien aurrean”.
Azterlan batzuk eta besteak laburtuz, Carmonak zera azaldu du: “Mezua sinplifikatuz, amen burmuinean lotu egiten dira haurdunaldiko faktoreak (hormonak, esaterako) eta hazkuntzarekin loturiko ingurumen faktoreak (haurrarekiko interakzioa, adibidez). Aldiz, aitengan, ingurumen faktoreek hartzen dute protagonismo osoa. Nahiz eta zientifikoki oso goiz den ondorio sendoak ateratzeko, badirudi aitak zenbat eta denbora gehiago egin haurra zaintzen (kalitatezko denbora, jakina), burmuina orduan eta gehiago aldatuko zaiola, hormonek egokitzapen handiagoa izango dutela eta gurasotasunari dagokion jokabidea gehiago erraztuko dela. Ikusiko dugu hipotesi hori berresten ote duten urteek eta berrikuspen sistematikoek”.
Eta zer gertatzen da bikotekidea ere emakumea denean? Ildo horretan, bereziki interesgarria izan da 2025eko azterlanean emakume haurdunen emakumezko bikotekideak sartzea. Camila Servin-Barthetek azaltzen duenez, hauxe zen ideia: “Haurdunaldiaren ondorioz gerta zitezkeen aldaketak, hau da, aldaketa fisiologikoak ongi bereiztea hazkuntzari zentzu zabalagoan lotuta daudenetatik”. Emaitzek erakusten dute aldaketa dinamiko horiek, hain sakonak eta zabalak, haurdunetan bakarrik gertatzen direla. “Ez du esan nahi emakumezko bikotekideek ez dutenik aldaketarik izan, baina ondorengo azterlanetan ikusi beharko da”. Azken batean, haurdunaldian gertatzen diren aldaketa sakonak haurdunentzat bakarrik dira; besteak, berriz, erditzearen ondoren agertzen dira, bai aitengan, bai emakumezko bikotekideengan, betiere haurra zaintzen inplikatzen badira.