Guakamolea

Ba al dauka ahuakaterik?

Produktu batzuk interesgarriak izan daitezke sukaldean denbora eta lana aurrezteko, baina denak ez dira berdinak: batzuek ahuakate gutxi dute, eta haien osaera hala moduzkoa da.
1 maiatza de 2024

Guakamolea. Ba al dauka ahuakaterik?

Bi hamarkada eskasetan, guakamolea elikagai exotiko eta ez oso ezaguna izatetik gure egunerokotasunean erabat txertatuta egotera igaro da. Hainbat arrazoik azaltzen dute bilakaera hori: orain ahuakateak eskuragarriagoak dira gure inguruan, joera handiagoa dago dietan beste lurralde batzuetako platerak sartzeko eta elikadura osasungarriarekiko kezka ere handiagoa da. Horren erakusgarri da gaur egun edozein supermerkatutan izaten dela guakamole ontziratua jateko prest. Gero eta aukera gehiago dugu, eta hori abantaila bat da, baina eragozpen txiki bat ere badu, aukeraketa zaildu egin baitezake. Horregatik, garrantzitsua da funtsezko alderdi batzuk kontuan hartzea.

Hiru produktu mota.

Lehen begiratuan, ahuakatez egindako produktuek oso antzekoak dirudite: antzeko forma eta tamaina duten potoetan merkaturatzen dira, eta “guakamole” hitza ageri da, prestakin horren edo egiteko erabiltzen diren ahuakateen irudiekin batera. Baina xehetasunei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu batzuetan desberdintasun handiak daudela.

Zehazki, salmenta izenari begiratu behar genioke (normalean osagaien zerrendaren ondoan agertzen da). Horrela, hiru eratako produktuak bereizi ahalko ditugu: ahuakate mamia (Los Cursos), guakamolea (Eroski, Avomix eta Frudel)  eta guakamole saltsa (Zanuy, Santa María, Old El Paso eta Herdez). Guakamolea eta ahuakatez egindako gainerako produktuak ez daude legerian zehaztuta, eta horrek zaildu egiten du sailkatzeko modua. Adibidez, ez da esaten zenbat ahuakate eduki behar duten gutxienez. Horregatik, salmenta izen gisa erabiltzen dena mundu guztiak ezagutzen duen izena da, edo, bestela, produktuaren deskribapen bat. Hala, jakina da guakamolea ahuakate birrinduz egindako prestakina dela, eta osagai hori dela nagusi eta proportzio handietan dagoela. Horretaz gain, beste osagai batzuk ere eransten dizkiete kopuru txikietan, gatza edo limoi ura esaterako.

Saltsa batean, ahuakateen proportzioa askoz txikiagoa da. Arazoa da produktu batzuetan hori ez dela argi geratzen. Zanuy etxekoan, esaterako, “guakamole” hitza nabarmenduta ageri da, eta “saltsa” hitza, berriz, ia ez da antzematen. Old El Paso etxekoarekin ere antzera gertatzen da; aurrealdean “guakamole leuna” hitzak nabarmentzen dira, nahiz eta ahuakatea %15,4 baino ez eduki eta salmenta izena “guakamole saltsa” izan. Guakamole kopuruak bereizten ditu batzuk eta besteak.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, ahuakatez egindako hamar produktu hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Gantzek eta gatzak asko baldintzatzen dute azken emaitza.
  • Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko, bereziki zenbat ahuakate duten eta zenbat olio, barazki edo antioxidatzaile erabili den.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2024ko martxoan bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Zenbat ahuakate daukate?

Kopuru handiena Los Cursos etxekoak du, %98, ahuakate mamia da eta. Guakamoleak ere antzeko kopuruetan dabiltza: Avomix, Avomix mina eta Eroski leuna (%95 guztiek), Eroski mina (%92) eta Frudel (%90).

Guakamole saltsetan, Old El Paso etxekoak %15,4 baino ez du ahuakatea, eta gainerako saltsetan, berriz, askoz kopuru txikiagoak daude: Herdez etxekoak %4 du; Santa Mariak %1,5 eta Zanuyk %0,7 baino ez (ahuakate hautsa). Produktu horietako gehienetan, ura da lehen osagaia, eta bigarrena, tipula (Zanuy eta Santa Maria) edo tomate berdea (Herdez). Old El Pason bakarrik aurkitzen dugu ahuakatea bigarren osagai gisa, baina kantitate txikian.

Beste osagai erantsi batzuk.

Osagaien zerrenda aletzea erraza da ahuakate mamia edo guakamolea izeneko produktuetan. Hala, lehen taldekoa dela adierazten duen produktu bakarrean honako hauek daude: ahuakatea (% 8); azido zitrikoa, ukitu azidoa emateko eta hobeto kontserbatzeko erabiltzen dena; azido askorbikoa, oxidazioa saihesteko erabiltzen dena; eta gatza, zaporea indartzen duena. Guakamoleetan, prestakin horretan ohikoak diren osagaiak erabiltzen dira, hala nola tipula, piper gorria, baratxuria, martorria, lima edo limoi zukua. Gainera, azidulatzaileak edo antioxidatzaileak ere erabiltzen dira normalean: azido zitrikoa eta azido askorbikoa. Frudel etxekoak limoia, baratxuria eta gatza baino ez ditu (limoiak azidulatzaile eta antioxidatzaile gisa balio du, azido zitrikoa eta azido askorbikoa modu naturalean dituelako), eta Avomix etxekoek sodio alginatoa ere badute, lodigarri gisa erabiltzen dena.

Guakamole saltsetan, osagaien zerrenda irakurtzea eta interpretatzea zailagoa da. Oro har, urez eta gantzez osatutako emultsio gisa uler ditzakegu produktu horiek, eta beste osagai batzuk gehitzen dizkiete ezaugarri organoleptiko jakin batzuk lortzeko:

  • Materia gantzatsua. Olio mota bat baino gehiago erabiltzen da. Santa María etxekoan, ekilorea; Old El Pason, nabinarena, koltza olioa alegia, eta Zanuy etxekoan, koltza eta koko olioak. Bestalde, Herdezen etiketan “landare olioa” adierazten da, baina ez da zehazten zein den, eta horrek urratu egiten du Europako legeria.
  • Landare jatorriko osagaiak. Guztietan aurkitzen ditugu guakamolean erabili ohi diren elementuak: tipula, tomatea, txilea edo martorria.
  • Beste osagai batzuk. Azidulatzaileak ere erabiltzen dira, azido zitrikoa esaterako, edo antioxidatzaileak, adibidez azido askorbikoa. Gainera, ezaugarri organoleptikoak aldatzeko erabiltzen diren beste asko gehitu behar dira: azukreak, zaporea hobetzeko; koloratzaileak (kurkumina), kolorea emateko; lurrinak, zaporea eta usaina emateko; lodigarriak, gorputza emateko (almidoia, esneki seruma, xantana goma) eta emultsionatzaileak, osagaiak modu homogeneoan nahastea lortzeko. Berriz ere, Herdez etxekoaren etiketak ez du legedia betetzen, ez baitira zehazten zer-nolako funtzioak betetzen dituzten gehigarriek.

Zergatik irauten du hainbeste denbora?

Kontsumitzeko prest saltzen den guakamoleak duen abantailarik handienetakoa da askoz ere gehiago irauten duela. Hori lortzeko, hainbat estrategia erabil daitezke, produktu motaren araberakoak:

  1. Normalean, guakamole saltsek tratamendu termikoa jasotzen dute, hau da, tenperatura handiak ematen zaizkie mikroorganismo patogenoak ezabatzeko. 
  2. Egin berri gisa merkaturatzen diren guakamoleei, mikroorganismo patogenoen garapena eta produktuaren oxidazioa zailtzen duten azidulatzaileak eta antioxidatzaileak gehitu ohi dizkiete. Gainera, hozkailuan edukitzen dituzte. 
  3. Egin berri gisa merkaturatzen diren produktu horietako askotan, presio handiak ezartzen zaizkio jada ontziratuta dagoen produktuari. Horrela, mikroorganismo patogenoak ezabatu egiten dira, produktuaren osaera eta ezaugarri organoleptikoak aldatu gabe, tratamendu termiko bat ematean ez bezala.

Gantza da mantenugai nagusia.

Nutrizio arloko informazioari erreparatzen badiogu, deigarria da zenbat gantz daukaten. Zifrak Old El Pasoren %3,2 eta Avomixen %17,2 artekoak dira. Produktu moten artean bereizketak egiten baditugu, Los Cursos ahuakate mamiak %11,7 du gantza; guakamoleen artean, proportzioak % 10etik hasi (Frudel eta Eroski) eta %17,2ra iristen dira (Avomix); eta guakamole saltsetan, Old El Pasok %3,2 dauka eta Herdezek %14,7. Gantz saturatuei dagokienez, ez dago hainbesteko alderik. Zifrak nahiko antzekoak dira: gehienetan %2,5 ingurukoak. Hiruk bakarrik dituzte balio txikiagoak: Frudel (%1,15), agian darabilten ahuakate motaren ondorioz; Santa María (%1,1), ekilore olioa darabilelako; eta Old El Paso (%0,6), koltza olioa duelako.

Gantz guztia ez da berdina.

Kantitateaz haratago, dena den, garrantzitsua da kontuan hartzea gantz guztiak ez direla berdinak. Ahuakatetik datozenak osasungarritzat jo daitezke, baina ezin dugu gauza bera esan saltsak egiteko erabiltzen diren olio mota guztiei buruz. Horrela, koltza olioa hobea izango litzateke ekilore olioa baino, eta koko olioa, berriz, denetan kaskarrena. Herdez etxekoak ez du zehazten zer-nolako olioa duen eta, gainera, trans gantzen kopurua adierazten du. Bi xehetasun horiek ez dute betetzen Europako legedia: nutrizio arloko informazioa estandarizatuta dago nahasmendurik ez sortzeko eta merkataritza jardunbide txarrak saihesteko. Nolanahi ere, azken informazio horrek esan nahi du olio hori ez dela oso osasungarria, trans gantzak dituelako, eta horiek saihestea komeni da.

Zenbat kaloria daukate?

Produktu horietan, gantz kantitateak lotura estua du energia kantitatearekin. Horregatik, kaloria gutxien duena Old El Paso da (77 kcal/100 g); gehien duena, berriz, Avomix (182 kcal/100 g). Ideia bat egiteko, sagar batek 85 kcal ematen ditu eta 100 gramo arroz egosik 130 kcal inguru. Dena den, ez da gauza bera kaloriak elikagai batzuetatik edo beste batzuetatik lortzea. Adibidez, sagarra, ahuakatea edo guakamolea interesgarriagoak dira guakamole saltsa baino.

Interesgarria al da jateko prest dagoen ahuakatea?

Produktu mota hori aukera ona ote den baloratzeko, komeni da abantailak eta eragozpenak aztertzea, bai eta etxekoarekin dituen aldeak ere.

Osasungarria?

Ahuakateak eta ahuakatearekin egindako produktuek, guakamoleak esaterako, mesfidantza sortzen jarraitzen dute pertsona batzuen artean, oraindik ere gantzek duten ospe txarra dela eta. Baina gantzak beharrezkoak dira organismoak ongi funtziona dezan. Garrantzitsuena da elikagai osasungarrietatik etortzea, ahuakatetik adibidez. Beraz, osagai osasungarriekin egindako guakamolea ere hala da (ahuakateak, tipula edo tomatea).

Etxean egina baino hobea?

Kontsumitzeko prest dauden produktuek hainbat abantaila dituzte etxean egindako prestakinekin alderatuta: ez dute eskatzen prestatzeko denborarik edo ahaleginik, eta, gainera, bizitza erabilgarri nahiko handia dute, nahiz eta iraupen hori produktuaren eta kontserbazio tratamenduaren araberakoa izan. Baina zenbait eragozpen ere kontuan hartu behar dira: batzuek osaera txarragoa dute (ahuakate gutxi), prezio nahiko handia eta gatz asko). Ez ditzakegu aukeratu osagaiak eta horien proportzioak, etxeko errezeta batean gertatzen den bezala, eta, gainera, ingurumenaren gainean eragin handiagoa dute, bilgarria eta hotza behar dutelako.

Batzuek gatz gehiegi daukate.

Kontuan hartu beharreko alderdi garrantzitsuenetako bat gatz kantitatea da, produktu batzuetan gehiegizkoa delako. Elikagai batek gatz gehiegi daukala esaten da %1,25 baino gehiago duenean. Horixe gertatzen da aztertu ditugun bost produktutan: Zanuy (%1,7), Herdez (%1,6), Santa María (%1,5) eta Avomix eta Avomix mina (biak %1,3rekin). Ildo horretan, gomendagarrienak Eroskiren produktuak dira, gatz gutxien dutenak (biak %0,8rekin). Nabarmendu behar da Herdez saltsak ez duela betetzen Europako legeria, sodio kantitatea adierazten baitu gatzaren ordez.

Nutri-scorek emandako puntuazioa.

Produktu horiek Nutri-score sisteman jasotzen dituzten puntuazioak desberdinak dira. Notarik onena Eroski, Frudel eta Los Cursos produktuek lortu dute: B bat. Txarrena, berriz, Zanuy etxekoak: D Gainerakoek C bat daukate. Desberdintasunak, batez ere, gatz kantitateak eta ahuakate kantitateak azaltzen dituzte, horiek baitira puntuazioa zehazten duten elementuak.

Zenbat ematen du errazio batek?

Orain arte, 100 gramoko kantitatea kontuan hartuta aztertu dugu produktuen osaera. Hori baliagarria izan daiteke ezaugarriak baloratzeko eta alderaketak egiteko, baina, agian, ez da oso errealista izaten zenbaitetan, batzuetan janaldi bakar batean kontsumitzen diren kantitateak txikiagoak izaten baitira. 50 gramoko errazioa hartzen badugu kontuan, erakutsi ditugun balioak erdira murriztuko lirateke.

Kalitate-prezioak.

Berez, ahuakate kantitateak zehaztu beharko luke prezioa, osagai nagusia delako eta garestia delako. Hala gertatzen da Los Cursosekin; %98 du ahuakatea, eta horixe da produkturik garestiena da: 1,80 euro 100 gramoko. Baina ez da berdin gertatzen guztiekin. Merkeena, esaterako, Avomix da; 0,98 € balio dute 100 gramok, eta ahuakatea %95 dauka. Horren erakusgarri nabarmenena honako hauek dira: Herdez etxekoak %4 dauka ahuakatea, eta 1,66 euro balio dute 100 gramok, eta Santa Maríak %1,5 dauka ahuakate, eta 1,51 euro dira 100 gramo.

 Ahuakate kantitatearen eta prezioaren arteko harremana kontuan hartzen badugu, produktu interesgarrienak hauek dira, ordena honetan: Avomix, Avomix mina eta b. Eremu horretan saltsak ateratzen dira galtzaile, batez ere Zanuy, prezioa 1,18 eurokoa baitu 100 gramo bakoitzeko, eta ahuakate hautsa %0,7 baino ez, eta Santa María ere bai, 1,51 euroko prezioa duena 100 gramoko eta ahuakatea %1,5.

Erosteko gomendioak
  1. Produktu mota. Aukera onena ahuakate mamia eta guakamolea dira. Txarrena, berriz, guakamole saltsa.
  2. Ahuakate proportzioa. Zenbat eta gehiago, hainbat hobeto.
  3. Beste osagai batzuk. Saltsetan, kontuan hartu behar da zer-nolako olioa erabili duten, osasungarria izatea komeni baita. Koltza eta ekilorea hobeak dira koko olio baino.
  4. Gatz kantitatea. %1,25etik gora gehiegizkotzat jotzen da.
  5. Kontuz prezioarekin. Alde handiak egon daitezke.

Ondorioak

Ahuakatez egindako produktuen artean hiru mota daude:

  • Mami birrindua. Los Cursos. Aukera ona da, ahuakate asko du-eta (%98), baina gatza ere bai (%1,1) eta prezio handia (1,8 €/100 g).
  • Guakamolea. Ahuakate kantitatea kontuan hartzen badugu, produktu interesgarrienak Avomix etxeko biak eta Eroski leuna izango lirateke, horietako bakoitzak %95 baitu ahuakatea. Lehenengoek, dena den, gatz gehiegi dute (%1,3). Alde horretatik, hobe litzateke Eroski leuna hautatzea, gatz gutxiago du-eta (%0,8).
  • Guakamole saltsa. Ahuakate oso gutxi izaten dute eta, beraz, ez dira interesgarriak guakamolearekin alderatzen baditugu, batez ere kontuan hartuta batzuk garestiagoak direla. Bat aukeratu beharko bagenu, Old El Paso izango litzateke egokiena: %15,4 du ahuakate, eta gatz kantitatea erdibidekoa (%0,85), prezioarekin gertatzen den bezala (1,05 euro/100 g).

Produktu guztiak hartuta, gomendagarriena Eroski leuna guakamolea litzateke, hainbat ezaugarri interesgarri dituelako: ahuakate asko (%95) eta gatza ez hainbeste (%0,8); prezioa, gainera, merkeenetakoa du (1,05 euro/100 g).