Garizko talotxoak

Oso moldakorrak

Aukera asko ematen dute gure plateretan, baina guztiak ez dira berdinak. Osoko irina eta gatz gutxi dutenak aukeratzea da onena. Baina, batez ere, platera osatzeko erabiltzen diren elikagaiei jarri behar zaie arreta.
1 azaroa de 2023

Garizko talotxoak. Oso moldakorrak

Duela zenbait hamarkada agertu ziren gari talotxoak gure inguruan, janari mexikarraren eskutik, edo, hobeto esanda, tex-mex janariaren eskutik; lehenbizikoaren bilakaera da bigarrena, eta Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugatik gertu kontsumitzen da. Gaur egun, gastronomia horri dagozkion platerak egiteko erabiltzen dugu: burritoak, quesadillak, takoak… Baina gure dietan ere sartu ditugu, eta gure lurraldeko elikagaiekin prestatzen ditugu orain errezetak, barazki, arrautza, berdura, eta abarrekin. Hain zuzen, oso moldakorrak izatea da talotxo horien dohain handienetakoa.

Normalean, ez diegu arreta handirik jartzen talotxo horien ezaugarriei, nagusiki talotxo horiekin batera jaten ditugun elikagaiei jartzen diegulako arreta —horixe da, hain zuzen, gomendatzen duguna—, baina baita talotxo guztiak oso antzekoak direla uste dugulako ere. Aldeak, ordea, oso kontuan hartzekoak dira. Talotxo horiek guztiek ezaugarri bat dute elkarrekin: funtsean, gari irina, ura, gantza –landare olioa– eta gatza izaten dute, eta funtzio teknologikoa betetzen duten bestelako osagai batzuk: egonkortzaileak (osagaiak bereiz ez daitezen) edo hezetzaileak (hezetasuna atxikitzeko).

Osagai nagusia.

Aztertu ditugun talotxo guztietan, gari irina da osagai nagusia. Dena den, garrantzitsua da bi alderdi kontuan hartzea:

  • Irin mota. Osoko irinei eman behar zaie lehentasuna, eta ez finduei. Lehenengoak ale osoen bidez lortzen dira, eta, beraz, zati guztiak dituzte (zahia, hozia eta endospermoa); finduak, berriz, zerealaren endospermoa erabiliz baino ez dira lortzen. Horrek esan nahi du osoko irinek osaera hobea dutela eta aberatsagoak direla mantenugaietan (bitaminak, mineralak, gantz azidoak edo zuntza). Gainera, gure organismoan duten eragina ere hobea da, finduak baino motelago metabolizatzen baitira. Azken horiek maizegi edo gehiegi kontsumitzeak lagundu egin dezake gehiegizko pisua, gizentasuna eta eritasun metabolikoak agertzen (adibidez, 2 motako diabetesa). Produktu horietako bi bakarrik daude prestatuta osoko irinekin: Mexifoods osokoak eta Old El Paso Wraps osokoak.
  • Irin kantitatea. Alde nabarmenak daude osagai horren proportzioan: Mission zerealak eta haziak izenekoak, adibidez, %55 dauka gari irina, eta Santa María delakoak %72. Berez, gari irinaren proportzioa ahalik eta handiena izatea komeni da, gainerako osagaiek, olioak izan ezik, garrantzi txikia baitute nutrizioaren, gastronomiaren eta merkataritzaren ikuspegitik. Gainerako osagaietan, izan ere, ura izaten da ugariena. Irin gehien duten produktuen artean, honako hauek daude: Santa María (%72), Old El Paso Wraps osokoak (%68), Rapiditas (%67,7) eta Mexifoods osokoak (%64). Beste muturrean, Mission zerealak eta haziak (%55), Eroski (%56) eta Mission originala daude (%57). Bi produktuk ez dute legea betetzen, ez baitute adierazten gari irina zenbateko proportzioan duten: Old El Paso gari talotxoak eta Zanuy. Informazio hori nahitaezkoa da (1169/2011 Araudia), hainbat arrazoirengatik: garia elikagaiaren izenean ageri da, funtsezkoa da produktu horiek definitzeko eta, gainera, Old El Paso etxekoak ontziaren aurreko aldean nabarmentzen du letra handiz.
Analisia

Erosketa gida hau egiteko, gariz egindako 10 talotxo hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Gatzak, zuntzak eta gantzak asko baldintzatzen dute azken emaitza.
  • Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko, bereziki nolako irina eta zenbat duten jakiteko eta zer-nolako gantza erabili duten ikusteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2023ko irailean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Ba al dute bestelako zerealik?

Garia da aztertu ditugun produktu guztiak egiteko erabiltzen den zereal bakarra, Mission zereal eta haziak izenekoan izan ezik: liho marroi eta horiaren haziak ditu (%0,9), artatxiki haziak (%0,3), olo malutak (%0,3) eta gari malutak (%0,3). Guztiak oso proportzio urrietan daude: guztizko batura %1,8 besterik ez da. Horrek esan nahi du osagaien zerrendan erdi parean edo hortik behera agertu behar luketela. Baina lehenbiziko lekuetan daude, itxuraz kopuru handiagoetan dituzten osagaien aurretik, adibidez uraren eta olioaren aurretik. Ekoizleen estrategia da zerealak eta haziak osagai bakar gisa biltzea (“zerealak eta haziak” [%57]); osagai hori gari irinaren (%55) eta aurreko osagai bakoitzaren baturak osatzen dute, eta hori nahasia eta engainagarria izan daiteke.

Olioa osagai gisa.

Materia gantzatsua talotxoei testura samurra eta leuna emateko erabiltzen da nagusiki, eta ezaugarri horiek luzaroago iraun dezaten, lagundu egiten baitu ura atxiki eta hezetasun galera atzeratzen. Produktu horietan gehien erabiltzen den gantza ekilore olioa da, ia guztietan erabiltzen den bakarra, Old El Paso talotxoak izenekoan izan ezik. Azken horrek nabina olioa ere badu (koltza) eta Santa María etxekoko talotxoek nabina olioa baino ez. Ekilore olioa erabiltzen da merkeagoa delako eta ia ez duelako eraginik zaporean. Nahiko osasungarria da –edo, hobeto esanda, eragin “neutroa” du gure osasunean–, batez ere palma olioarekin alderatuz gero, nahiz eta, jakina, ez den iristen oliba olioaren mailara. Nabina olioak (koltza olioak duen izenetako bat da) ugari ditu omega-3 gantz-azidoak, eta ospe txarra duen arren, segurua da.

Nolanahi ere, olioa aski proportzio txikietan ageri da. Ekilore olioaren inguruko datua ematen duen bakarra Eroski etxekoa da: %5,5 duela esaten du etiketan. Kasu horretan nahitaez sartu beharrekoa da adierazpen hori, ontzian nabarmendu egiten baita ekilore olioa duela. Zanuy etxekoak ere nabarmentzen du, baina ez du zehazten zenbat duen, eta horrek urratu egiten du legedia (1169/2011 Erregelamendua).

Zerekin daude eginak?
  • 53% karbohidratoak
  • 27,75% ura eta bestelako osagai batzuk
  • 8,25% proteinak
  • 5,5% gantza
  • 4,5% zuntza
  • 1% gatza

Zer-nolako mantenugaiak ematen dituzte?

Karbohidratoak dira ugarienak: %55 Santa Maria etxeko talotxoetan eta %42 Mexifoods osokoetan. Aldeak irin kopuruan daude: zenbat eta handiagoa izan, orduan eta karbohidrato gehiago izango du. Datu horietatik abiatuta, zifrarik ageri ez duten produktuek zenbat irin izango duten kalkulatu dezakegu: Old El Paso gari talotxoak eta Zanuy. Karbohidratoak %53 dira bietan, eta gari irina, berriz, %56 inguru.

Proteina kopuruan ere badira aldeak. Talotxo batzuek %9-9,7 dute gutxi gorabehera; zehazki Old El Paso eta Mexifoods osokoak izeneko produktuek, eta gainerakoetan %7 eta %8 artean dabiltza zifrak. Desberdintasun horiek, batzuetan, glutena osagai gisa erabiltzen delako sortzen dira, adibidez El Paso pocket wraps eta Mexifoods osokoak izenekoetan. Konplexu proteiko hori zerealen irinetan egotean da, garian adibidez, eta batzuetan modu isolatuan erabiltzen da, propietate teknologikoak dituelako; izan ere, oreari biskoelastikotasuna ematen dio eta hobetu egiten du testura. Erantsitako glutenik ez duten produktuetan hainbeste proteina agertzeak esan nahi du, seguruenik, indar irinak erabili dituztela, ohiko irinek baino gluten proportzio handiagoa baitute. Old El Paso talotxoak etxekoarekin gertatzen da hori. Nolanahi ere, aldeak ez dira adierazgarriak nutrizioaren ikuspegitik. Gantzei dagokienez, berriz, %3,4 ditu Zanuyk eta %10,7 Old El Paso pocket wraps delakoak. Gehienak %7-7,5 artean dabiltza, besteak beste Mission, Eroski eta Mexifood osokoak. Eroskiren osagai zerrendan zehaztu egiten da ekilore olioa %5,5 duela. Datu horretatik abiatuta, ondoriozta dezakegu gantzen %7-7,5 ematen duten produktuek antzeko olio kopurua dutela, %5,5 inguru. Gainerako gantzak, %7-7,5 hori osatzeraino, irinetik datoz.

Zuntzean ere alde handiak daude, %9,8tik %1,4ra bitartekoak. Osoko irinarekin eginda daudenek ematen dute gehien: Mexifoods osokoak (%9,8) eta Old El Paso Wraps osokoak (%5,5). Beste muturrean daude Old El Paso pocket wraps (%1,4), Old El Paso talotxoak (%1,6) eta Rapiditas (%1,7). Zanuy da datu hori ageri ez duen bakarra (ez da nahitaezkoa).

Zein dira hobeak, gariz edo artoz eginak?

Gida honetan gari irinez egindako talotxoak aztertu ditugu, baina dendetan beste batzuk ere aurki ditzakegu, beste zereal batzuekin eginak, batez ere arto irinarekin.

  • Ezaugarriak. Artozko talotxoek ez dute glutenik; konposatu hori gari irinez egindakoek izaten dute, eta propietate biskoelastikoak ematen dizkie oreei. Artozkoak ez dira hain elastikoak, lehorragoak dira eta ahulagoak.
  • Nutrizio osaera. Bietan karbohidratoak dira nagusi, batez ere almidoia, kasu batean gariarena eta bestean artoarena. Nutrizioaren ikuspegitik, azken horiek oliorik gabe egiten dira, eta, beraz, gantz gutxiago dute (%2 inguru artozkoek eta %7 inguru garizkoek).
  • Prezioa. Artozkoak garestiagoak izaten dira. Hori deigarria da, gehienetan zereal hori garia baino merkeagoa delako eta, gainera, prestatzeko ez delako oliorik erabiltzen. Elaborazio prozesuan dago horren arrazoia: artoarena garestiagoa izaten da egosi egin behar izaten delako urarekin eta karearekin.

Glutenik gabeko dieta egin beharra badugu, artozko talotxoak aukeratu beharko ditugu.

Gatza eta kaloriak.

Elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25 baino gehiago duenean. Horixe gertatzen da gida honetan aztertu ditugun bi produkturekin: Santa María (%1,4) eta Rapiditas (%1,7). Gainerako talotxoak %1 inguruan dabiltza gatzari dagokionez. Balio txikixeagoak dituzten hiru produktu bakarrik daude: Mission zerealak eta haziak (%0,92), Zanuy (%0,9) eta Mexifoods osokoak (0,88). Kaloria kopurua 339 kcl eta 282 kcal artean dabil 100 gramo bakoitzeko. Bistan denez, kaloria gehien ematen duten produktuak gantz edo karbohidrato gehien dutenak dira, esaterako Old El Paso pocket wraps (339 kcal) eta Mission produktuak, baita Eroskirenak ere (315 kcal inguru); beste muturrean, berriz, Zanuy (282 kcal) eta Old El Paso Wraps osokoak daude (292 kcal).

Nutri-scorek emandako puntuazioa.

Orain arte ikusi ditugun desberdintasunak kontuan hartuta, Nutri-Score puntuazioan daudenak ere uler ditzakegu. Oraingo hauek gatz, zuntz eta gantz kopuruak baldintzatzen dituzte batez ere. Horregatik, hiru talotxok C letra daramate (Santa María, Old El Paso Pocket wraps eta Rapiditas), eta gainerakoek B edo A.

Osasungarriak al dira?

Talotxoen osaera bakarka hartuz gero, besterik kontuan hartu gabe, pentsa dezakegu gehienak ez liratekeela oso gomendagarritzat joko. Horietako askotan osagai nagusia gari irin findua da, batzuek gatz gehiegi dute eta, oro har, elikagai interesgarri gutxi. Gauzak hobera egiten du osoko irina eta gatz gutxi dutenak hautatzen baditugu. Baina, edonola ere, benetan garrantzitsua da zer testuingurutan kontsumitzen ditugun: imajina dezakegun bezala, ez da gauza bera talotxo horiek esne-gainarekin eta txokolatearekin jateko erabiltzea, edo elikagai osasungarriak laguntzeko erabiltzea (lekaleak, barazkiak, berdurak….). Hain zuzen ere, oso moldakorrak dira, eta, beraz, badute lekua dieta osasungarri baten barnean. Horrek ez du esan nahi nutrizio ekarpena hutsaren hurrengoa dutenik: ez dezagun ahaztu, adibidez, gatz edo kaloria dezente ematen dutela.

Zer ematen du talotxo batek?

Orain arte, talotxo bakoitzak zer-nolako osaera duen ikusi dugu 100 gramo bakoitzeko, eta hori oso baliagarria da konparazioak egiteko, baina ez da oso errealista. Bi talotxo eta erdi jan beharko lirateke balio horiek lortzeko, gehienek 40 gramo pisatzen baitute. Badira hiru salbuespen: Old El Paso Wraps osokoak, formatu handiagoa dutenak eta pisu gehiago (58 g), eta Old El Paso pocket wraps eta Rapiditas, zeinak txikiagoak baitira eta pisu gutxiagokoak (28 gramo lehenak eta 21 bigarrenak). 40 gramoko talotxoa hartzen badugu, batez besteko ekarpena hau da: 2,2 g gantz, 21 g karbohidrato, 1,8 g zuntz, 3,3 g proteina eta 0,4 g gatz eta 121 kcal. Ideia bat izateko, madalena batek edo hiru laranjak ematen duten energiaren baliokidea da. Esan beharrik ez dago, jakina, hiru elikagaiak oso desberdinak direla nutrizio osaerari dagokionez eta osasunean duten eragina kontuan hartuta.

Kalitate-prezioak.

Prezioak alderatzen baditugu (100 gramo bakoitzeko), alde handiak aurkituko ditugu: 1,52 € balio dute Old El Paso pocket wraps talotxoek eta 0,36 € Eroski etxekoek. Hau da, garestienek baino lau aldiz gutxiago balio dute talotxorik merkeenek. Garestienen artean sartuko ditugu beste bi ere: Rapiditas (1,07 €) eta Old El Paso Wraps osokoak (0,97 €). Kasu batzuetan, formatuari zor zaio desberdintasuna. Merkeenak, adibidez, (Mexifoods, Zanuy eta Eroski) babes atmosferarik gabeko ontzietan merkaturatzen dituzte, eta kontserbagarriei esker lortzen da hain luzaroan irautea (lizunik ez agertzeko eransten dizkiete). Beste produktu batzuetan, bizitza erabilgarria luzatzeko, babes atmosfera duten ontziak erabiltzen dira, hau da, kalterik eragiten ez duten gasen nahasketa bat sartzen da —normalean, oxigenoa, karbono dioxidoa eta nitrogenoa—, lizunik ez sortzeko. Oro har, kontserbagarririk gabeko produktuek bigarren mailako iraungipen-data laburragoa dute, hau da, ireki ondoren denbora gutxiago irauten dute (bi edo hiru egun), adibidez Santa María, Old El Paso, Zanuy eta Rapiditas etxeetakoek.

Produktu garestienen artean, formatuak eta osaerak baldintzatu egin dezake prezioa: Old El Paso pocket wraps plastikozko erretiluetan merkaturatzen da, kartoizko etiketekin, eta gantz gehiago dauka, eta Old El Paso Wraps osokoak, berriz, osoko irinarekin eginak daude eta talotxoa bera handiagoa da. Rapiditas etxekoak, dena den, ez dago argi zergatik diren garestiagoak. Kalitate-prezioetan nabarmentzen diren produktuak honako hauek dira, ordena honetan dira: Eroski, Mexifoods osokoak eta Mission originala.

Erosteko gomendioak
  1. Osokoak hautatu. Osagai nagusia osoko irina dela egiaztatzea komeni da.
  2. Irin kantitatea egiaztatu. Agertu egin behar du osagaien zerrendan. Oro har, zenbat eta gehiago eduki, hainbat hobeto.
  3. Zer-nolako olioa duen jakin. Gehienek ekilore olioa darabilte, nabinarena edo bien nahasketa. Ez dira aukera txarrak. Marka (gutxi) batzuek oliba olioa ere erabiltzen dute (horixe litzateke aukerarik onena) edo palma olioa (ez da gomendagarria).
  4. Erne gatzarekin. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. %1,25etik gora duenean, gehiegizkotzat jotzen da.
  5. Kontuz prezioarekin. Formatu asko daudenez, zaila da alderaketak egitea. Prezioak alderatzeko, kilo bateko neurria hartu behar da (saltokietako prezioen etiketetan halaxe emana etorri behar du).

Ondorioak

Lehen begiratuan, badirudi alde gutxi dagoela talotxoen artean, baina ongi erreparatzen badiogu, ikusiko dugu badirela eta, gainera, ez gutxi. Osagaiei dagokienez, aldeak daude irin motan eta proportzioan. Onena litzateke osoko irina lehenestea, eta proportzio handian egotea komeni da, gainera. Ildo horretan, Old El Paso wraps osokoak nabarmentzen da, zeinak %68 baitu osoko irina.

Gantz motari dagokionez, produktu guztietan ekilore olioa, nabina olioa edo bien nahasketa erabiltzen da. Osasunaren ikuspegitik, agian zertxobait hobea da nabinarena, omega-3 gantz azidoak dituelako. Beraz, alde horretatik Santa María marka litzateke aukerarik onena. Baina aldeak ez dira oso adierazgarriak, batez ere kontuan hartzen badugu talotxoak dieta osoari egiten dion ekarpena.

Komeni da gatz gutxikoak lehenestea (zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto), eta, alde horretatik, aukera onena Mexifoods osokoak izango lirateke.

Prezioari begiratzea ere garrantzitsua da, alde handiak baitaude batetik bestera. Ezaugarri guztiak kontuan hartuz gero, aukerarik onena Mexifoods osokoak izango litzateke: osoko irina dauka, gatz gutxi (%0,88) eta preziorik apalenetakoa (0,64 € 100 gramo bakoitzeko). Kalitate-prezioak kontuan hartuz gero, Eroski etxekoa da aukerarik onena.