Nolatan dago hainbeste kontraesan nutrizioaren arloan?
Oraintxe ez dakigu zer jan eta zer ez! Zenbat aldiz entzun edo esan izan ote dugu esaldi hori. Ez da harritzekoa; elikadura tartean dagoenean, izan ere, iristen zaizkigun mezuak nahasgarriak dira batzuetan, eta elkarren kontrakoak ere bai zenbaitetan. Arrautzaren adibidea izango litzateke ezagunenetakoa. Lehen esaten zen “txarra” zela, “kolesterola igoarazi” egiten zuelako, eta astean gehienez ere hiru jateko gomendioa egiten zuten. Orain, aldiz, badirudi “ona” dela, eta lasai asko jan dezakegula.
Pentsa genezake gomendioetan gisa horretako aldaketak egitea espero izatekoa dela, zientziak aurrerapenak egiten dituelako eta hobeto ezagutzen ditugulako elikagaiak eta horiek osasunean dituzten eraginak. Baina azalpen horrek ere ez du guztia azaltzen, eta zaila da ulertzen nolatan egon daitezkeen hainbesteko kontraesanak gaur egun iristen zaizkigun gomendio eta informazioetan. Adibidez, egun batean prentsan irakurriko dugu egunean ardo kopa bat hartzea “onuragarria” dela osasunerako, eta hurrengo astean egunkari berean esango digute “edozein alkohol dosi kaltegarria” dela. Non dago egia?
Konfiantza gutxiko giroa
Horrek guztiak zalantza eta konfiantza falta eragiten du, eta esaldi honek ongi laburbiltzen du egoera: “Nola jakingo duzu zer jan, nutrizionistek eurek ere ez dakite eta?”. Egia esan behar bada, nutrizioaren mundua ez da hain “kaotikoa”. Kontraesan horiek zergatik sortzen diren ulertzeak lagundu egin gaitzake egoera hobeto ulertzen eta oinarri-oinarrizko galderari behingoz erantzuten: zer jan behar genuke?
Ezagutzan aurrera
Aspaldidanik izan dugu jakin-mina elikagaiek gure organismoan nola jokatzen duten jakiteko, baina orain dela gutxi hasi gara metodo zientifiko batekin aztertzen. Ideia bat izateko, aminoazido esentzialak, hau da, gure organismoak sintetizatu ez ditzakeenak eta dietaren bidez hartu behar ditugunak, William Cumming Rose estatubatuar biokimikariak identifikatu zituen, duela 100 urte. Hau da, nutrizioa oso zientzia gaztea da, eta horrexegatik da hain aldakorra.
Duela hamarkada batzuk, oso ezagutza gutxi zegoen eremu horretan, baina denborarekin asko ugaritu da jakintza: baliabide gehiago jartzen da ikerketarako, ezagutza gehiago metatu da, hobetu egin dira metodologia eta teknologia… Laburbilduz, ezagutza aurrera egiten ari da eta batzuetan berraztertu egin behar izaten dugu ordu arte jakintzat eman duguna: zenbaitetan baliagarria izaten jarraituko du, baina beste zenbaitetan ñabardurak egin beharko zaizkio edo erabat baztertu beharko da. Horrelaxe funtzionatzen du zientziak.
Nahasgarriak izan daitezkeen lerroburu deigarriak
Nutrizioari buruz egiten diren ikerketen emaitzak prentsa ohar bidez bidaltzen zaizkio kazetari askori, eta horiek argitaratu egiten dituzte komunikabideetan. Horregatik irakurtzen ditugu gisa honetako goiburuak dituzten artikuluak: “Garagardoak indarberritu egiten gaitu kirola egin ostean”.
Elikagai edo mantenugai jakin bati buruzko osasun aipuak egiteko, oniritzia eman behar die Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA), eta horretarako adostasun zientifikoa behar da, hau da, pisuzko ebidentzia zientifikoak behar dira oinarrian. Hori nahitaezkoa da elikagai baten etiketan zerbait jarri nahi denean edo publizitate kanpaina bat egin nahi denean, baina ez egunkarian artikulu bat argitaratzean. Hau da, ardo baten etiketan sekula ez dugu ikusiko era honetako mezurik: “Onuragarria da bihotzerako, polifenolak dituelako”, galarazia baitago hori egitea, baina komunikabideetan, aldiz, lasai asko ager daitezke gisa horretako esaldiak, batez ere aldizkari digitaletan. Eta gauza are okerragoak ere bai, honelakoak esaterako: “Gimnasioan ordubetez aritzearen pare da ardo kopa bat hartzea”. Eta askotan ez da izaten ikerketa batek hitzez hitz hori esan duelako, komunikabide batzuk goiburu deigarriak egiten dituztelako baizik irakurleen arreta erakarri eta onura ekonomikoak lortzeko.
Nolakoa litzateke ikerkuntza ideala
Esan berri dugun hori zientziaren ahultasun gisa ikusten du jende askok, agian erabateko ziurtasun eztabaidaezinak espero dituztelako zientziarengandik. Zientziak ez du horrela funtzionatzen. Inguratzen gaituen mundua ezagutzeko tresna bat da, baina beti ez dezakegu egin ziurtasun maila berarekin. Gaur egun badakigu, ziurtasun osoz, proteinak aminoazidoz osatuta daudela, baina ez dezakegu ziurtasun berdinarekin esan elikagai bat jateak zer-nolako eragina duen gure osasunean, oso gauza konplexua delako, non hainbat faktorek esku hartzen duten.
Haragi gorriak gure osasunean nolako eragina duen aztertu nahiko bagenu, egokiena litzateke guztiz berdinak diren bi pertsona multzo hartzea (bikiak), baldintza guztiz berdinetan jarri (leku berean bizitzen, jarduera berberak egiten…) eta elikatzeko ere gauza berak ematea, salbu eta batzuei haragi gorria emango geniekeela eta besteei ez. Premisa horiekin, haien osasun egoera aztertzeko modua izango genuke zenbait hamarkadatan, eta elikagai horrek zer-nolako eragina izan duen ikusi. Horixe da, labur esanda, ausazko entsegu kliniko kontrolatu bat, eta horrexek eskaintzen du ziurtasun gehien. Baina ia ezinezkoa da baldintza horiek lortzea. Ondorioz, ahalik eta gehiena hurbiltzeko ahalegina egiten da, eta, hala ere, oso zaila da era horretako ikerlanak egitea.
Honelakoak dira ikerketarik gehienak
Nutrizioan ohikoa da behaketa bidezko azterlanak egitea: populazio talde handi-handi baten datuak hartu eta aztertu nahi diren aldagaietan jartzen da arreta. Adibidez, haragi gorri asko jaten duten pertsonek zer-nolako osasuna duten aztertzen da eta alderatu egiten da haragi gorria gutxiagotan jaten dutenek edo sekula jaten ez dutenek ageri duten egoerarekin. Bestelako faktore askok ere badute eragina osasunean, ariketa egiteak adibidez, alkohol kontsumoak edo tabakismoak, eta horiek ere hartzen dira kontuan. Era horretako azterketek, ordea, aurrekoek baino ziurtasun gutxiago eskaintzen dute, eta okerreko ondorioak ateratzeko arriskua izaten da.
Horrela, metodologia ez bada ongi diseinatzen eta emaitzak ez badira zorrotz interpretatzen, baliteke ateratzen diren ondorioak okerrekoak izatea. Ikerlanak egiteko zailtasun horiek eta batzuetan gertatzen diren hutsegiteek azaltzen dute, hein batean, nutrizioaren arloan zergatik izaten diren halako kontraesanak. Gertatu izan baita, adibidez, elikagai batzuek minbizia sortzeko arriskua handitu egiten dutela baieztatzea argitalpen batzuetan, eta prebenitu egiten dutela esatea besteetan. Arazo horiei erantzun bat emateko, ikerlan horiek guztiak bildu eta berrikusketa sistematikoen eta meta-analisien bidez aztertzen dira, horietan lortzen da-eta ebidentzia mailarik handiena eta ondoriorik erabatekoenak.
Ba al dago interes ekonomikorik?
Ikerlanen emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen dira, eta halaxe jakinarazten zaizkio komunitate zientifikoari eta gizarteari, oro har. Argitalpen sistema horren funtzionamenduak baditu eragozpen batzuk, eta horrek eragina eduki dezake elikagai batzuen inguruko pertzepzioan. Ohikoa izaten da, adibidez, emaitza deigarriak dituzten ikerlanak bakarrik argitaratzea, eta gainerakoak ez dira argitaratu ere egiten, ez dutelako interesik sorrarazten.
Demagun 10 ikerketa egiten direla ikusteko kuiatxoak zer-nolako eragina duen gibeleko minbizian: horietako bederatzitan ez dute antzeman inolako aldaketarik, baina batean ikusi dute murriztu egin dezakeela gaitza agerrarazteko probabilitatea. Hori gertatuko balitz, pentsa liteke lehenbiziko bederatziak tiradera batean geldituko liratekeela eta ez lituzketela argitaratuko, eta azken hori, aldiz, bai iritsiko litzateke zientzia aldizkarietara, eta jendeari emango litzaiokeen ideia izango litzateke kuiatxoak eragin hori duela osasunean, nahiz eta oinarri gutxi egon hori esateko.
“Argitalpen lerratua” esaten zaio horri, eta askotan gertatzen da. Sektore batzuetan, gainera, nahita egiten dute, interes ekonomiko batzuen alde egiteko. Hori gertatzen da, esaterako, elikagai jakin batzuen alde ari diren presio taldeekin, adibidez ogia, ardoa, garagardoa, azukrea, freskagarriak, haragia eta esnea sustatu nahi dituztenekin. Adibide bat jartzearren: elikagai ekoizleen elkarte batek azterketa zientifikoak eskatzen –edo finantzatzen– baditu zer-nolako onurak dituen jakiteko, oso litekeena da haren aldeko ondorioei jartzea arreta guztia eta bazterrean uztea ondorio neutroak edo kontrakoak proposatzen dituztenak. Horrek ez du esan nahi erakunde pribatuek finantzatzen dituzten artikulu guztiak baliogabeak direnik.
Hor ere zeresan handia du metodologiak: funtsezkoa da ongi diseinatuta egon dadila ikerlana zorrotza izan dadin. Gerta daiteke ikerketa bat berariaz diseinatzea norbaiti komeni zaizkion ondorioak lor ditzan. Demagun ikertu egin nahi dela garagardoak zer-nolako eragina duen gorputza mantenugaiz hornitzeko ariketa fisikoa egin ondoren, eta urak duenarekin alderatzen dela. Nabarmen samarra da lehenbizikoak irabaziko duela, mantenugai gehiago du eta. Baina horrek ez du esan nahi osasungarria denik eta ezta gomendagarria ere. Garagardoa eta esnea alderatuko bagenitu, berriz, oso litekeena da azken horrek irabaztea.
Ikerketa lerratuen ondorioak ere iristen dira nutrizio arloko profesionalengana, batzuetan eragina izaten du haien iritzi profesionalean, eta azkenik horixe adierazten zaie herritarrei. Horrexegatik da funtsezkoa profesional horiek formazio egokia eduki dezatela, irizpidez jantzi dezatela beren burua, independenteak izan daitezela eta eguneratuta egon. Eta gauza bera esan liteke beste zientzia diziplina batzuei buruz ere, gertatzen dena ez baita nutrizioaren arloan bakarrik gertatzen.
Publizitateak badu eragina gure ohituretan
Diruaren itzala ageri da enpresek egiten dituzten kanpainen eta hedatzen dituzten mezuen atzean; beren produktuak sustatzea eta saltzea beste helbururik ez dute eta, azken batean, etekin ekonomikoak lortzea. Arazoa da, elikagaiez ari garenean, mezu horietako asko engainagarriak izan daitezkeela edo, gutxien-gutxienik, zehaztugabeak edo nahasgarriak.
Gosaritako produktuak egiten dituzten marka askok, esaterako (kakao hauts azukretsua, zukuak, gailetak, zerealak), mezu zaharkituak edo oinarririk gabeak ematen dituzte, era honetakoak: “Gosaria da eguneko otordurik garrantzitsuena”, “gosarian esnea, zerealak eta fruta hartu behar dira”, kakao eta gailetak omen dira “atleten gosaria”…
Ohiko estrategia izaten da, halaber, osasun eta nutrizio arloko aipuak erabiltzea mantenugairen bat daukala edo ez daukala nabarmentzeko eta osasunean zer-nolako eragin onuragarria duen adierazteko. “Gosaritako” zereal marka batzuek edo zenbait gailetak bitaminak eta mineralak eransten dizkiete beren produktuei elikagai osasungarri gisa aurkezteko, eta honelako mezuak eransten dizkiete: “D bitamina hartzeko iturria”, “lagundu egiten du hezurrak garatzen”. “Dieta” egiteko produktuetan ere oso ohikoa da nutrizio arloko aipuak aurkitzea, besteak beste “light”, “zero”, “kaloria gutxikoa”, “gantz gutxikoa”…; halakoak oso maiz ageri dira freskagarrietan, indioilar bularkian, gailetetan eta beste hainbatetan.
Mezu horiek ere betikotu egiten dituzte uste okerrak edo zaharkituak, adibidez dietaren muina gantzei eta kaloriei lotzeko joera, eta horrekin jendeari pentsarazten zaio “light” erako produktuak “osasungarriak” direla eta “gizentasunik ez” dutela eragiten eta dieta osasungarri batek gantz eta kaloria gutxi eman behar duela.
Ohiko hizkeran elikagai “onak” eta “txarrak” bereizten ditugu, baina ez da gauzarik egokiena, konnotazio moral bat daukalako eta okerreko eragina eduki dezakeelako gure elikaduran. Adibidez, madalenak “txarrak” direla esaten badugu, oso litekeena da errudun sentitzea horiek jatean eta horrek ekar dezake harreman osasungaitza edukitzea janariarekin edo, okerragoa dena, elikadura arloko jokabideetan nahasmenduak agertzea. Bestalde, brokolia “ona” dela esaten badugu, gerta daiteke “antidoto” edo “talisman” gisa ikustea eta gure ohitura txarren aurka egiteko edo “gure erruak ezabatzeko” balio duela pentsatzea. Hori baino egokiagoa litzateke elikagai “osasungarriak” eta “ez hain osasungarriak” bereiztea eta konnotazio moral horiek saihesten saiatzea janariarekin dugun harremana osasungarria izan dadin, baita noizbehinka hain gomendagarriak ez diren elikagaiak janda ere.
Zer da nutrizionismoa?
Elikadura modu horretan ulertzeko joera, hau da, mantenugaiak modu isolatuan hartzea eta ez begiratzea elikadurari bere osoan, ez da publizitatean ikusten den kontua bakarrik. Nutrizioaren barneko korronte bat da, nutrizionismoa esaten zaiona, eta oraindik ere profesional askoren atxikimendua dauka. Baina ikuspegi hori oso murriztailea da eta zaharkitua dago. Gaur egun badakigu gantz eta kaloria kopuruak ez duela erabakitzen elikagai batek zer-nolako propietateak dituen osasunaren ikuspegitik; adibidez, fruitu lehorrak osasungarriak dira, nahiz eta ugari ematen dituzten gantza eta kaloriak; azukrerik gabeko freskagarri bat, aldiz, ez da osasungarria, nahiz eta ez duen ez kaloriarik, ez gantzik eta ez azukrerik. Osasunaren gain ez dute eragiten mantenugaiek modu isolatuan hartuta bakarrik, elikagaiak bere osoan baizik.
Zergatik ez dira ados jartzen?
Arlo guztietan gertatzen den bezala, nutrizioarenean ere era guztietako profesionalak daude. Horrek azaltzen du batzuen eta besteen mezuak zergatik diren hain desberdinak zenbaitetan. Kontsulta batzuetan, esaterako, gaur egun oraindik ere dieta estandarrak jartzen dituzte, ez pertsonalizatuak, eta nagusiki kaloriei begiratuz; gomendioak ere zaharkituak eta oinarririk gabeak izaten dira, eta elikagai gomendagarritzat jotzen ez direnak ere sartzen dituzte batzuek: gailetak, urdaiazpiko egosia…
Eguneratu gabe daudelako edo ezagutza falta dutelako gertatzen dira halakoak. Baina zenbaitetan ikusten ditugun kontraesanak ez zaizkio zor horri bakarrik. Norberaren ikuspegi lerratuek ere badute zerikusia –badaude, esaterako, dieta beganoei mesfidantzaz begiratzen diotenak–, interes ekonomikoek ere bai edo, besterik gabe, zientziak dituen muga teknikoen ondorio dira.
Interpretazioa
Nutrizioaren inguruan jasotzen dugun irudia ez dute baldintzatzen guri iristen zaizkigun mezuek bakarrik, horiek interpretatzeko moduak ere badu eragina. Hor garrantzia du norberak zenbateko ezagutza duen –elikaduraren arloan ez da oso handia izaten, hezkuntza sisteman ia ez baitu lekurik–, edo norberaren esperientziek edo joerek –adibidez, ardoa maite badugu, errazago onartuko ditugu edari horren ustezko onuren inguruko mezuak.
Ohikoa izaten da tresna eta ezagutza gutxi izatea nutrizio arloko mezu bat egia den edo ez erabakitzeko edo zerekin fidatu gaitezkeen jakiteko. Azkenerako, nahasmena eta konfiantza falta nagusitzen dira jende askorengan.
Zer jan behar genuke?
Badirudi ez gaitezkeela fidatu ez ezerekin eta ez inorekin. Ez da hala, inola ere, baina horixe pentsatzen dute “denetarik pixka bat eta neurrian” jateko gomendioa aintzat hartzen dutenek, “beti hala egin delako” nonbait. Aholku hori oso zabaldua dago, besteak beste Francisco Grande Covian-ek zabaldu zuelako bere garaian, nutrizioaren gurasotzat jotzen den adituak, baina aipu horrek testuinguru jakin batean balio zuen, elikagairik gehienak freskoak edo gutxi prozesatuak ziren garaian eta gaur egungo elikagai eskaintzarik ez zegoenean. Gaur egun jarraibide hori hitzez hitz beteko bagenu, esan nahiko luke elikagai hauek sartuko liratekeela “denetarik” horretan: azenarioak, gailetak, tomateak, kremazko opilak… Oso kontuan hartu behar da, izan ere, gure inguruan leku handia hartzen dutela batere gomendagarriak ez diren elikagaiek, osasungarritzat jotzen direnek baino askoz handiagoa; adibidez, zinemetan, zerbitzuguneetan, kioskoetan eta aireportuetan lehenbizikoak bakarrik aurkituko ditugu gehienean.
Horrela, berebiziko garrantzia du ezagutza eguneratzeak, “denetarik pixka bat” jateko gomendioak dagoeneko ez baitu balio gure testuinguruan. Horretan jarraitu nahi badugu, ñabardura garrantzitsu bat egin beharko genioke eta oso argi utzi denetarik pixka bat jan behar dela, baina elikagai osasungarriak bakarrik aukeratuz.
Eta horretara iritsita, norbaitek berriz ere zalantzan jan lezake zer den osasungarria eta zer ez. Baina egiaz ez da hala. Ez dago zalantzarik –eta sekula ez da egon– elikagai freskoak eta gutxi prozesaturiko begetalak osasungarriak direla: frutak, berdurak, barazkiak, lekaleak… Horiek osatu behar lukete gure dietaren oinarria, eta lekua egin diezaiekegu, halaber, beste jaki osasungarri batzuei: arrautzak, arraina, oliba olioa…