Ester Bueno, Hogares Verdes programaren koordinatzailea, Ingurumen Heziketako Espainiako Zentroarena (Ceneam)

"Hauxe da gure leloa: mundu aldatu aurretik, eman hiru itzuli zure etxetik"

1 noviembre de 2016
Img entrevista 2 listado 339

Espainiako etxe bakoitzak urtean 300 euro aurrezteko modua izango luke, gasaren eta argindarraren fakturaren %27, halaxe dio Gas Natural Fenosa Fundazioak egindako azterlan batek, “Energia Eraginkortasunaren Indizea” izenekoak. Zergatik xahutzen dugu hainbeste energia eta diru?

Ingalaterran adina energia gastatzen dugu Espainian, nahiz eta argi ordu gehiago izan eta ‘per capita’ errenta txikiagoa. Tarte handia dugu hobetzeko. Adibidez: Espainiako herritarren %56k ez dakite etxetresnen etiketa energetikoa interpretatzen, eta hori funtsezkoa da zer-nolako energia eraginkortasuna duten jakiteko eta gutxiago gastatzeko.

Urtean 5.350 milioi euro aurrezteko ahalmena galtzen dugu familiek. Nondik hasi behar genuke?

LED bonbillek argi erakusten dute teknologia eraginkorrak nola laguntzen digun aurrezten: goritasunezkoek baino %88 energia gutxiago gastatzen dute, argiztapenean kalitaterik galdu gabe. Etxeko tenperatura eroso egoteko modukoa izatea ere funtsezko aholkua da (20 ºC-koa negua eta 26 ºC-koa udan). Neguan igotzen dugun gradu bakoitzeko, %7 handitzen da kontsumoa. Termostatoa zorrotz zaintzea oso erraza izan daiteke, etxean jertse on bat eta edredoi bero bat erabiltzea bezain erraza. Aurrezteko beste modu erraz bat izaten da etxetresnen entxufea ateratzea stand by egoeran daudenean, horrela eragotzi egiten baita alferreko energia gastu fantasma bat egitea, gailua piztuta dagoenean gastatzen denaren %15 izatera ere irits daitekeena.

Negua badator. Ba al dago beste trikimailurik etxea berotu eta hilabete bukaeran gutxiago ordaintzeko?

Bai. Programatzen diren termostatoek aukera ematen dute energia aurrezteko, berogailuetan ezartzen diren balbula termostatikoek bezalaxe, zeinak ireki eta itxi egiten duten ur beroaren pasabidea gela bakoitzeko tenperatura doitzeko. Eta etxean bero gutxiago galtzea nahi badugu, jar ditzagun xafla islatzaile batzuk berogailuen atzean: xafla malguak dira, apar isolatzailez egindako geruza bat eta metalezko gainazala dutenak, eta berogailuaren energiaren %20 aurrezten dute, bestela paretan barrena galduko litzatekeena. Gure etxea ongi isolatzea eta argi naturalari probetxua ateratzea ere aholku onak dira. Baina garrantzitsuak dira egiturazko neurriak ere, adibidez alderaketa egitea energia konpainia aukeratu aurretik edo etxerako kontratatu dugun potentzia jaistea.

Etxe bateko energia gastuaren %60 sukaldean egiten dela dio Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE). Nola murriztu dezakegu?

Hozkailuari heldu behar zaio lehenbizi. Neurriak axola du: zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta gehiago kontsumituko du. Gutxiago gasta dezan, garrantzitsua da atzealdean airea ibiltzeko tokia uztea eta bero iturrietatik edo eguzkiak zuzenean jotzen duten lekuetatik urrutiratzea. Gainera, izotzik gabe eduki behar dugu, eta ateetako gomak egoera onean egon daitezen zaindu. Behin termostatoa doitu ondoren (5 ºC hozkailuan eta -18 ºC izozkailuan), ongi erabili behar da: ez da ibili behar etengabe ireki eta ixten, sutan egindako jakiak hoztera utzi behar dira hozkailuan sartu aurretik eta janari izoztua hozkailuan bertan desizoztu behar da. Trikimailu horiek lagundu egiten dute energia gutxiago gastatzen. Gainerako etxetresnak, adibidez arropa eta ontzi garbigailuak, labea edo mikrouhin labea, buruarekin erabili behar dira. Eraginkorrenak hautatzea komeni da, programa motzak jartzea, ongi beteta, eta garbigailua jarritakoan, hotzean edo tenperatura txikian garbitzea, zeren energia kontsumoaren %80 ura berotzeko izaten baita.

Nola aurreztu sukaldean?

Jakiak bitrozeramikan prestatzen baditugu, erabil ditzagun suak bezalako diametroa edo handiagoa duten ontziak, berorik ez dadin alferrik galdu. Tapa jarrita, gainera, %65eraino aurrezten da energia. Presioko eltzeak aukera ematen du jakiak azkarrago prestatzeko, eta, horretaz gain, sua itzali ere egin dezakegu eta hondar beroari probetxua atera.

Komunean, zein dira gastu handiena eragiten duten gailuak?

Hodi malguari dutxako ihinztagailu bat lotuta, minutuan 6 edo 7 litro ur gastatuko ditugu, eta ohikoekin, 12 edo 15 litro. Dutxak ur beroarekin izaten direnez, hor ere aurreztuko dugu energia. Ez hori bakarrik, dutxaren eta hodiaren artean jarritako urkila batek aginte bakarreko txorrotaren funtzioa egiten du: itxi egiten da presio egindakoan, urari ez dio uzten ateratzen xaboia eman bitartean eta irekitakoan berriz ere ura ateratzen hasten da guk nahi dugun tenperaturan. Eta 3 euro baino ez du balioa. Hogares Verdesen blogean (https://hogares-verdes.blogspot.com.es) badira produktu gehiago etxean ura eta energia aurrezteko.

Ba al dago modurik planeta hobeto zaindu eta gutxiago gastatzeko?

Gure esku dago etxean energia aurreztea, eta, gainera, guztion ardura da baliabideak zaintzea eta ingurumena babestea. Hogares Verdesek lagundu egin nahi du etxeetan ere ekin diezaiogun ardura gehiagoz kontsumitzearen bidaia interesgarri horri. Hauxe da gure leloa: mundu aldatu aurretik, eman hiru itzuli zure etxetik.