Mariano Choliz, Psikologia irakaslea Valentziako Unibertsitatean eta Padres 2.0. elkarteko aholkularia

"Gurasoentzako kontrol aplikazioak lagungarriak izan daitezke gazteei arazo larriak saihesteko"

1 febrero de 2016
Img entrevista listado 1081

Internet arriskutsua izan al daiteke haur eta nerabeentzat?

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, eta guztien gainetik Internet eta mugikorrak, bikainak dira eta gizateriaren historian izan diren aurrerapen teknologiko nagusietakoak. Hobetu egiten dute gure bizi-kalitatea, erraztu egiten dituzte gizarte harremanak eta elementu demokratizatzaileak dira, ezagutza partekatzen laguntzen dutenak. Hala ere, tresna ahaltsuak ere badira, eta modu disfuntzionalean edo kaltegarrian erabilita, kontrako eragina sor dezakete: mendetasuna (teknologia ez denean zuk erabiltzen duzun tresna, eta berak gidatzen dituenean zure ekintzak eta berak kontrolatzen zaituenean) edo ziberjazarpena (beste pertsona batzuei kalte egiteko erabiltzen denean teknologia).

Ikus-entzunezkoen Andaluziako Barometroaren arabera, 13 urtez azpiko adingabeak dituzten hiru etxetatik batean haurrei ez diete araurik eta mugarik jartzen Sarea erabiltzeko garaian. Gurasoek mugikorra eta Internet kontrolatzearen alde al zaude?

Kontrola (eta autokontrola) beharrezkoak dira. Adingabeak trebeak izan daitezke teknologiak erabiltzen, baina inondik ere ez dira trebeak beren jokabidea kontrolatzen. Teknologiak ekintza azkarrak eta berehalako ondorioak dakartza, eta horrek eskatzen du erabiltzaileak garatuta eduki behar dituela prozesu psikologiko horiek, eta nerabezaroan oraindik ez dira erabat garatuta egoten. Hortxe dago Interneten eta teknologien arriskua.

BergInsight aholkularitza etxeak egindako azterlan baten arabera, Espainian gurasoek dagoeneko milioi bat aplikazio deskargatu dituzte seme-alaben mugikorra zaintzeko: GPS bidezko bilagailuak, haurrek Whatsapp bidez bidaltzen dituzten mezuak ikusteko aplikazioak, nori deitzen dioten eta zer webgune ikusten duten esaten dutenak… Zuk erabili al dituzu mugikorra blokeatzen duten aplikazioak zure alabak kontrolatzeko? Gomendagarriak iruditzen al zaizkizu?

Nik galdetuko banizu ea zilegi den haien gutunak irakurtzea edo telefono bidezko elkarrizketak entzutea, segur aski erantzungo zenidake hori bakar-bakarrik egin behar litzatekeela susmoren batek esaten digunean zerbait oso larria gertatzen ari dela, intimitatea horrela urratzea baino larriagoa den zerbait. Berdintsu gertatzen da gurasoentzako kontrol aplikazioekin. Ona da halakoak izatea, arazo larriak saihesteko balio dezaketelako. Hori bai, susmo sendoak daudenean bakarrik erabili behar dira, norbait, Internet bidez, adingabearen duintasunaren eta ongizatearen aurkako gehiegikeriak egiten ari dela susmatzen dugunean. Eta, ahal bada, haren onespenarekin.

Interneten inguruan zer behar dugu, orduan: blokeoa edo heziketa?

Teknologiak modu osasungarrian erabiltzen erakustea, hori da ezinbestekoa. Zelatan aritzea edo espiatzea ez da aukera zentzuzkoa, non eta zantzuren batek ez digun esaten segurtasunari edo eskubideei eragiten dien kalte handiago bat gertatzen ari dela. Baina kontrol aplikazioek existitu behar dute, beharrezkoak izan daitezkeelako.

Hala ere, gurasoen erdiek baino gehiagok ez dute pasatzen ordubete baino gehiago seme-alabei erakusten nola zaindu behar duten beren pribatutasuna Sarean, horixe ondorioztatu du Mozillak egindako inkesta batek. Zuk zer hiru gomendio emango zenituzke?

Lehenbizikoa, gurasoentzat: seme-alaben heziketa haien ardura da. Haurrek oraindik ez dituzte garatu beren jokabidea kontrolatzeko gaitasunak, eta ez dira jabetzen zer-nolako ondorioak etor litezkeen. Bigarrena adingabeei zuzendua dago: natibo digitalak diren arren, ez dira informatika programatzaileak. Teknologiak maisutasunez erabiltzen dituztelako uste oker horrek jokabide arriskutsuak eragin ditzake. Eta hirugarrena da erabiltzaileak kontrolatu egin behar duela teknologiaren erabilera, erabaki egin behar du noiz erabili, zertarako eta zenbat denboraz. Ez alderantziz.

Europak onartu egin du datuak babesteko legeari berrikuntza bat egitea, eta horrek ekar lezake 16 urtetik beherako adingabeek gurasoen baimena behar izatea sare sozialetara sartzeko. Zer iruditzen zaizu?

Gehiegizkoa da. Hain zuzen, adingaberik gehienek hamabi urte egin baino lehen erabiltzen dute sare sozial bat. Premiazkoena zera da: sare sozialen jabe diren enpresek ezartzen dituzten gehiegikeriazko klausulak kentzea, hain zuzen informazio pertsonala eta erabiltzaileen datuen jabetza eskuratzeko jartzen dituztenak.

MacAfee etxeak egindako txosten batean ageri denez, adingabeen %70ek onartu dute formulak aurkitu izan dituztela gurasoen kontrolari ihes egiteko. Zer iruditzen zaizu?

Normala da gazteek formulak aurkitzea gurasoen kontrola saihesteko, iruditzen bazaie haiek zelatatzen ari garela edo intimitatea urratzen ari gatzaizkiela. Ulerraraziko bagenie mugikorra kontrolatzea beharrezkoa dela jazarpena saihesteko, haien segurtasunaren eta ongizatearen mesedetan dela eta beharrezko denean bakarrik erabiliko dela, ez dut uste kontrol hori saihesteko interes handirik izango luketenik.