Nicolas Palacios, Elikagai Bankuen Espainiako Federazioko presidentea

"Elikagai bankuek 1,5 milioi pertsona laguntzen dituzte, baina urtero gero eta jende gehiagok behar du laguntza"

1 diciembre de 2014
Img entrevista listado 977

Zein da Espainiako elikagai bankuen helburu nagusia?

Funtsezko bi helburu daude. Behar dutenei laguntzea da lehenbizikoa, egunean otordu bat, behintzat, egin dezaten lortzea. Bigarren erronka elikagaiak xahutzearen aurka borrokatzea da, neurrigabe galtzen baitira alferrik. Datuek esaten dute janarien eta kontsumo-ondasunen %40 alferrik galtzen direla Espainian eta zaborretara joaten direla.

Herritar bakoitzak 63 kilo janari galtzen ditu alferrik urtean, FAOren arabera. Eta, bitartean, hiru milioi herritar pobrezia larrian bizi dira, Cáritasen arabera.

Premiazkoa da elikagaiak alferrik galtzeari uztea. Galtzen denaren zati handi bat etxeetan egiten da. Oraingoz, hala ere, zaila da eremu horretan esku hartzea. Federazioak proiektu berri bat du Espainiako saltoki handiek eta supermerkatuek baztertzen dituzten elikagaiei probetxua ateratzeko eta zaborretan buka dezatela saihesteko. Hori abian jartzeko, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin harremanetan gaude, nahiz eta elikagai banku batzuk dagoeneko hasiak diren beren bidetxoa egiten.

Urtean zenbat kilo elikagai biltzen eta banatzen ditu federazioak?

Azken urtean, 120 milioi kilo elikagai banatu ditugu 1,5 milioi pertsonaren artean. Horrek esan nahi du pertsona bakoitzari 80 kilo banatu zaizkiola urte horretan.

Aski al da?

Ez, zoritxarrez. Pertsona batek egunean otordu bat egin dezan, urtean 100 kilo janari behar dira pertsona bakoitzarentzat. Zifra horretara iristea da gure helburua. Urtero, gero eta jende gehiagok behar izaten du laguntza, baina, zoritxarrez, gugana iristen diren elikagai kiloak ez dira erritmo berean handitzen. Kezkagarria iruditzen zaigu hori, eta borrokan ari gara joera hori iraultzeko.

Nolakoa da zuen lan prozesua?

Gure bitartekoak erabiliz, eskaintzen digutena biltzen dugu, dagoen tokian dagoela. Zeregin horretan, funtsezkoa da boluntarioen lana. Adibidez, gerta daiteke merkatu batetik deitzea goizeko seietan, elikagaiak soberan gelditu zaizkielako. Bankuko boluntario batek kudeatzen du deia, eta talde txiki bat antolatzen du elikagaiak biltzeko. Enpresa pribatu batzuen laguntza ere badugu elikagaiak Espainian barrena garraiatzeko inolako kosturik gabe. Horrek mugikortasun handia ematen digu. Eta, hortik, behar duten pertsonengana. Hori da. Ongintzako elkarteen bidez banatzen ditugu elikagaiak, zeinak zuzeneko harremanean baitaude behar duten pertsonekin. Elikagaiz hornitzen ditugu eta haiek helarazten dizkiete. Produktu ez-galkorrak (lekaleak, arroza, pasta) hilean behar ematen dizkiegu eta galkorrak (frutak, berdurak, arraina, haragia) berehala banatu behar izaten dira.

Pobreziak bost heldutatik bati eragiten dio Espainian eta lau haurretatik bati, Bizi-Baldintzen Inkestaren arabera (Espainiako Estatistika Institutuak egina da). Pasatu al dugu krisiaren garairik txarrena?

Nekazaritza ministroak, Isabel Garcia Tejerinak, zera galdetu zidan duela gutxi, ea sumatzen ote nuen hobekuntzarik egoera ekonomikoan. Eta, egia esan, ez, gure beharra dutenek oraindik ez dute sumatu. Elikagai Bankuak milioi bat pertsona laguntzen zituen 2011. urtean, eta 1,5 milioi laguntzen ari da orain. Bi milioi lagun gehiago bi urtean. Langabeziak oraingo mailan jarraitzen duen bitartean, behar dutenen kopurua ez da jaitsiko.

Zer da “Elikagaien Bilketa Handia” proiektua?

Janari bilketa erraldoia da, supermerkatuetan egiten dena. Bi egunetan, 18 milioi kilo elikagai biltzera irits gaitezke, eta horregatik da garrantzitsua. 84.000 lagun inguru behar ditugu. Asko dirudi, baina beti agertzen da laguntzeko prest dagoen jendea. Zoragarria da, herritarrek bere egin dutelako proiektua. Batez ere krisia iritsi denetik. Saltoki berean, hilabete berean, boluntario berberak lanean ari direla, lehen halako bi edo hiru biltzen dugu.

EROSKIk berriki jaso du Urrezko Galburua saria. Elikagaien bankuarentzat zenbateko garrantzia du ekimen pribatuaren lanak?

Gure proiektua gehien laguntzen duten elkarteei ematen diegu sari hori. EROSKI taldeak 1997. urtean sinatu zuen lehen akordioa, Bizkaiko Elikagai Bankuarekin, hain zuzen. Ondoren, Federazioarekin ere hasi zen lankidetzan. Ekimen pribatu horren beharra dugu gutxien dauzkagun elikagaiak eskuratzeko, adibidez lekaleak.

EROSKI Fundazioak ere laguntza emango dio federazioari Eguberri hauetan.

Elkarrekin bultzatu dugun proiektu bat da; Elkartasun poltsaren eta “Bezero bakoitzak Euro bat” kanpainaren bidez gauzatuko da, eta elikagai gehiago biltzeko modua emango digu. Eguberrietakoa sentimenduen garaia izaten da. Behar handia dago, eta jendea erruz datorkigu janari eske.