Eztabaidarako gaia: Makillaje iraunkorra

APETAK GUTXIAGO IRAUTEN DUENEAN LARRUAZALEAN

Hamabi europarretatik batek tatuaje bat darama gutxienez. Eta 2003. urtetik aurrera portzentajea %7 handitu da. Baina ez da larruazala `apaintzeko' modu bakarra. Joera horri beste bat erantsi zaio orain, eta puri-purian dago, gainera: begietako, bekainetako eta ezpainetako makillaje iraunkorra. Iraupen txikiagoa dauka, baina helburu estetikoekin egiten da eta osasun arloko onurak ikusi zaizkio, kirurgia ostekoak. Bi adituk aztertu dituzte gorantz datorren moda horren alde onak eta arriskuak.
1 julio de 2018
Img entrevista 2 listado 393

Aukera ona al da makillaje iraunkorra?

Ordezko erraza da ohiko makillajearentzat. Ezpainetan, bekainetan eta begietan erabiltzen da, eta pare bat urte inguru irauten du. Lagungarria da makillajearekiko alergia dutenentzat, ikusmen arazoak dituztenentzat edo aurpegia margotzeko modurik ez dutenentzat eskuetan dardara edo artrosia dutelako edo parkinsona.

Orduan, ez da izenak pentsarazten duen bezain iraunkorra…

Ez, ez da iraunkorra. Egiaz, zehatzagoa litzateke makillaje erdi-iraunkorra esatea. Tatuaje artistikoa ez bezala, makillaje hau berritu egin behar izaten da. Erabiltzen diren tintak degradatzeko sortuak dira, eta horrek irudia aldatzeko aukera ematen du moda aldatu delako edo urteekin aldatu egiten delako aurpegiaren egitura.

Eztabaida sortu izan da tatuajeen tinten inguruan, osasunean daukaten eragina dela eta. Teknika honek ere kolorazio berberak erabiltzen al ditu?

Ez, ez dira berdinak. Tatuaje artistikoak pigmentu sintetiko organikoak erabiltzen ditu, azoiko motakoak biziak sortzen dituzten konposatuekin, eta iraunkorrak, berriz, pigmentu ez-organikoak darabiltza, gatz metalikoak, adibidez burdin oxidoa, titanio dioxidoa eta zink oxidoa. Iraunkorraren tintak, gainera, geruza azalekoagoetan jartzen dira, eta degradatu egiten dira denborarekin.

Eta seguruak al dira pigmentu horiek?

Makillaje iraunkorraren tintak seguruagoak dira, eta arriskurik ez da izaten ia batere. Tatuaje artistikoan erabiltzen diren kolorazioak ez bezala, banakako ontzietan etorri ohi dira, zeinak esterilak diren erabili bitartean.

Orduan, aski al da egiten zaizkien kontrolekin?

Makillaje iraunkorrean eta tatuajeetan erabiltzen diren tinten inguruan Espainiak duen legedia Europako zorrotzenetakoa da, eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren bitartez kontrolatzen dira. Baina Espainian -eta Europako gainerako herrialdeetan – tatuaje artistikoak egiteko erabiltzen diren tinta asko ez daude homologatuta, Ameriketako Estatu Batuetatik baitatoz, eta han sendagaiak arautzen dituen agentziak (Food and Drug Administration, FDA) ez ditu hainbeste kontrolatzen. Eta horri gehitzen badiogu tintak Internet bidez ere erosten direla, zaila gertatzen da tinten merkatua kontrolatzea. Kontua aldatu egiten da makillaje iraunkorrean: Espainia ereduzko herrialdea da mikropigmentaziorako tintak sortzen eta esportatzen, eta horiek behar bezalako segurtasun baldintzak dituzte.

Zure esperientziatik mintzatuz, ba al du osasunarentzat arriskurik makillaje iraunkor bat egiteak?

Arriskuak txikiak dira, makillaje artistikoan izaten direnak baino txikiagoak. Tatuaje kosmetikoek osagai naturalak erabiltzen dituzte, orain dela ehunka urte ezagutzen ditugunak. Arrisku urria izaten da alergia agertzeko, tintak gatz metalikoak direlako funtsean. Dena den, ager daitezke: azkura eta hantura sumatuz gero, dermatologoarengana joan beharra dago, hark esan dezan tintak sortu duen erreakzioa edo orbaintzen laguntzeko kremak.

Azkenaldian, asko aipatzen dira medikuntzan eduki ditzakeen erabilera interesgarriak

Europako ospitale batzuek titiburua eta bularreko areolak lehengoratzen dituzte 3D-ko tatuajeen bidez, eta emaitzak ikusgarriak dira. Makillaje iraunkorrak, gainera, baditu beste erabilera batzuk ere osasun arloan: baliagarria da zenbait orbain zuzentzeko, erbi ezpainaren marra, bitiligoa despigmentatzeak agerrarazten dituen orban zuriak eta baita bekain eta betileetako alopezia edo burukoa ere.

Zer aholku emango zenioke makillaje iraunkorra egin nahi duen norbaiti?

Lehenik eta behin, bildu dezala informazioa eta ongi gogoetatu dezala erabakia. Ez da komeni bulkadei jarraitzea, eta lasaitasunez aukeratu behar da diseinua. Horrekin batean, garrantzitsua da osasun agintariek homologatu duten zentro batera joatea beti, eta sekula ez jartzea osasun kontroletik kanpo dauden afizionatuen, sarkinen edo etxe partikularren eskuetan.

Eta makillatzailea hautatzean, nola jakin fidatzekoa dela?

Oso garrantzitsua da ziurtatzea makillatzaileak behar bezalako prestakuntza profesional eta artistikoa duela guk nahi dugun makillaje iraunkorra egiteko. Eta segurtatzea tinta homologatuak erabiltzen dituela, erabilera bakarreko ontzietan datozenak banaka-banaka. Horretaz guztiaz gain, komeni da mugikorrarekin argazki bat ateratzea tintaren potoari. Etiketan agertu egin behar du ekoizlearen markak, osasun erregistroko zenbakiak, kolorearen indizeak, osaerak eta sorta zenbakiak. Informazio hori garrantzitsua da konplikazioren bat sortuz gero ere, eta oso baliagarria izango da dermatologoarentzat ere.

Kasuren batean, dena den, ager daiteke hantura eta zarakarraren gisako gogortasun bat gorputz atalean…

Hala da, hanturazko erreakzio akutua da. Makillaje iraunkorra egin eta berehala agertzen da. Larruazala gorritu egiten da, puztu eta narritatu. Erreakzioa gogorragoa edo arinagoa izango da, larruazalak nolako sentiberatasuna duen. Hantura hori orratzek edo tintak eragiten dute, baina ez da larria izaten. Medikuaren esku-hartzea eskatzen duten erreakzioak ere arin samarrak izaten dira eta egun batzuetan onbideratzen dira edo, asko jota, bizpahiru astetan.

Eta tatuajearekin gertatzen den bezala, izango da makillaje iraunkorra egin eta damutu denik ere, ezta?

Bai, hori gertatzen da makillatzaileak diseinu txar bat egin duenean edo emaitza ez denean norberak nahi duena. Beste batzuetan, pigmentuak migratu egiten du, mugitu egiten da jatorrizko lekutik, eta emaitza ez da izaten batere estetikoa. Tinduaren mugimendu horrek bereziki hondatzen du alderdi estetikoa begiak nabarmentzeko irudi iraunkorra betazaletarantz mugitzen denean, abaniko itxurako bat sortzen duela. Maiz samar gertatzen da, azkenik, pigmentuaren zati batek bakarrik irautea, gune jakin batean; hori ohikoa izaten da ezpainak nabarmentzean, atal horretan ehun bat baino gehiago izaten delako. Eta emaitza ez da izaten estetikoa.

Halakoetan, ba al da modurik makillaje iraunkorra erraz samar kentzeko?

Egin daiteke, bai. Ezabatze teknikak Q-Switched erako laserrak darabiltza (argi indartsuko pul- tsioekin), tatuaje artistikoak ezabatzeko erabiltzen diren horiek. Oro har, makillajea errazago ezabatzen da, pigmentua azalerago dagoelako: saio bat eta hiru saio artean behar izaten dira osorik desagerrarazteko, tatuaje artistikoa baino dezente gutxiago.

Orduan, zuk gomendatuko al zenuke makillaje iraunkor bat egitea apeta hutsagatik?

Aukera erabat pertsonala da, baina nire aholkua da arduraz jokatzea, ongi gogoetatzea eta ez arinegi ibiltzea. Garrantzitsua da aholkuak entzutea eta lehendik egina duten pertsonei galdetzea. Eta ezinbestekoa da egiaztatzea egingo digun pertsonak badituela ziurtagiriak eta profesional ona dela ikuspegi artistikotik ere. Gainerakoan, negargarria izan daiteke emaitza.

Zifrak larruazalean
  • 2 urte irauten du, batez beste, makillaje iraunkorrak.
  • 2 eta 3 aste arteko epea behar izaten du desagertzeko makillaje iraunkor batek eragindako hantura akutu batek (ez da ohikoa izaten).
  • %80 dira makillaje iraunkorreko tinten artean Europan eginak; gainerakoak AEBetatik eta Asiatik datoz.
  • 5 saio behar dira makillaje iraunkorra kentzeko Q-switched laserrarekin (intentsitate handiko argi pultsioa).
  • 300-500