Elkarrizketa: Alberto Garzón, Kontsumo ministroa
Espainian, pisu handiegia dute haurren %40k. 10 zenbakitan, Consumer Eroskik aztertu egingo ditu osasun publikoari dagokion arazo larri honen arrazoiak, eta zerikusia duten eragile guztien ikuspuntuak bilduko ditu. Eztabaida dezente sortu duten bi neurri jarri ditu abian Espainiako Kontsumo Ministerioak haur gizentasunaren arazo kezkagarriari aurre egiteko: BEZa igo die edari azukretsuei eta oniritzia eman dio Nutri-Score etiketari ekoizleek beren borondatez ezar dezaten. Komunikabideetan hautsak harrotu dituzte bi erabaki horiek, baina jakina da horrekin bakarrik ezin zaiola aurre egin arazo konplexu horri. Alberto Garzon ministroak nabarmendu du Gobernuan Ministerio hori egote hutsa pauso handia dela Europako beste herrialde batzuen mailara heltzen saiatzeko (abantaila handia lortu baitute bizimodu eta elikadura osasungarriaren inguruko kontzientziazioan) edo publizitatearen arauak zorrozteko.
Aladino 2019 txostenean ageri diren datuetan, zer iruditu zaizu kezkagarriena? Oso lan zabala da eta ikuspegi askotatik hel dakioke, baina guri beti iruditu zaizkigu bereziki kezkagarriak haur gizentasunaren kopuruak. Nahiz eta egonkor samar iraun duten urteetan, oso kezkagarriak dira. Ikusten dugu 6 eta 9 urte arteko 10 adingabetatik 4k pisu handiegia dutela. Ñabardura asko daude hor, eta horietako bat “klase korrelazioa” da; hau da, errenta apaleneko familietan bi aldiz handiagoa da haurren gizentasun tasa errenta handienetan baino. Eta horrek esan nahi du errentari loturako desberdinkeria dagoela, pobrezia, ohitura txarrak. Argazki problematikoa da, eta gure gizarteko sektorerik zaurgarrienari eragiten dio: haurrei.
Zer egin daiteke arrakala hori arintzeko, familia zaurgarrietara iristeko eta arreta horiengan jartzeko? Fenomeno sozioekonomiko bati buruz ari gara, ez ohiturei buruz bakarrik. Lehenik ere behin, borrokatu egin behar dugu pobrezia, eta estatu sozialak funtzionatu egin behar du; herritar guztien bizimodua hobetu, baina bereziki herritar zaurgarriena. Horrek erraztu egingo du kontsumoari eta ariketa fisikoari loturiko ereduak aldatzen. Guk hainbat alderditatik sustatuko dugu. Eta arauak ere egingo ditugu, jakina: fiskalitatearen arlokoak, sentsibilizazioari dagozkionak, haurren publizitateari, etiketan eman beharreko informazioari… Lan ildo bat baino gehiago dugu, guztiak ere arazo bera zeharkatzen dutenak, eta egiturazko erreformekin bat egin behar dute. Pobrezia ez da apaltzen arauekin bakarrik; gure herrialdean, egiturak aldatu beharra dago, zeren azken 10 urteetan bi krisi ekonomiko izan baititugu, eta horiek beti egiten diote kalte jenderik pobreenari. Eta oraindik ez dakigu pandemiak nola eragin dien estratu horiei.
Hain zuzen, badirudi pandemiak eta itxialdiak ere kalte egingo diotela gizentasunari eta desberdinkeriari. Aurreikusi al duzue ekintza edo politika berezirik horri aurre egiteko? Pandemiak, segur aski, atzeraldi oso handia ekarriko du, kontsumo ereduak lotuta baitoaz eguneroko bizimoduari. Itxialdian hainbeste denboraz herritar guztiak etxean atxikita, haurrak bereziki, eta bizi baldintza guztiak hankaz gora jarrita, kaltea oso handia izango da. Horri gehitu behar zaio familiarik zaurgarrienetan izan duen eragin ekonomikoa, eta Gobernu hau saiatu du hori ahalik eta gehiena arintzen babes sozialeko neurriekin. Baina, hala ere, bistakoa da, krisi ekonomiko batean, gehiago sufritzen dutela familiarik apalenek. Eta diru gutxiago edukitzeak berekin dakar hain osasungarria ez den produktu mota bat kontsumitzea. Pandemiaren ondoren, are gehiago indartu behar dugu hasieratik bertatik aurreikusia genuen lan ildoa.
Edari azukretsuei aurten igoko al zaie BEZa?
Estatuko Aurrekontu Orokorrei dagokien zatia indarrean da. Kontsumoa jaisteko neurri bat da, ez dirua biltzeko. Izan ere, kuantitatiboki, produktu bakoitza ez da zentimo asko igotzen. Egiten duena da osasun publikoari loturiko mezu bat helarazi agintariengandik gizartera: “Produktu mota hori ez da osasungarria eta maizegi hartzeak oso ondorio txarrak utz ditzake epe ertain eta luzean haurren gizentasunean”. Jakina den bezala, haurtzaroko gizentasunak lotura zuzena du helduarokoarekin, eta, aldi berean, okertu egiten du hainbat gaixotasunen pronostikoa. Berriki zenbait proba pilotu egin dira munduan –Kataluniakoa jar dezakegu adibide gisa–, eta funtzionatu egin dute; ondoren egiten diren inkestek esaten dute jendeak ulertzen duela mezua eta saiatzen dela ohiturak aldatzen. Bistan dena, horrek bakarrik ez du konponduko arazoa. Konbinatu egin behar da, baina aukera genuen aurrekontuetan berehala txertatzeko. Oso adi jarraituko dugu bilakaera, inkestak egingo ditugu funtzionatu duen jakiteko, zenbateraino balio izan duen egiaztatzeko eta aztertu egingo dugu nola indartu daitekeen.
Zergatik erabaki da freskagarriei bakarrik igotzea zerga eta ez azukre ugariko beste produktu ultraprozesatu batzuei ere? Proba pilotu moduko bat da. Produktu batzuekin probatuko dugu, osasun ikuspegitik kaltegarrienak direnekin, nola funtzionatzen duen ikusteko. Ondoren, jarraipena egingo dugu, kontrol politika bat. Funtzionatu duela ikusten badugu, zabaldu egin beharko dugu. Kezka hau, nahiz eta asko zabaldu den azken urteetan, berri samarra da. Hau da, orain dela 30 urte inor ez zen kezkatzen kontsumo osasungarriarekin eta, horregatik, politika publikoak ere berriak dira. Ikusi egin behar dugu nola egin politika publiko arrakastatsuak. Ez gara ari lerroburu bila. Gai hau, gainera, ez da bereziki erakargarria. Besterik gabe, iruditzen zaigu baliagarria dela haurren gizentasuna murrizteko. Eta neurri sorta baten zati da.
Produktu osasungaitzenei zergak igotzeaz gain, pentsatu al duzue elikagai osasungarrien kontsumoa sustatzeko pizgarriak edo zerga kenkariak ezartzea? Jendeari ez diogu esaten zer jan behar duen: nahi duena jan dezake. Baina ulertu behar da heziketaren alderdia funtsezkoa dela eta, ondorioz, saiatzen gara araudi bidez seinaleak ematen, adibidez fiskalitatearekin; edo informazio kanpainekin erakusten, etiketa erabilgarria eta gardenagoekin. Dena den, behar-beharrezkoa dela ikusten dugunean, zuzenean jotzen dugu arautzera. Hori gertatzen da haurren publizitatearekin; iruditzen zaigu gainditu egin dela muga, eta edozein produktu eskaintzen ari zaiola edozein pertsonari, eta haurrei buruz ari gara, sektore bereziki zaurgarriari buruz.
Nola sustatu nahi duzue kontsumo osasungarriagoa? Askotariko neurriekin. Adibidez, produktu osasungarri gehienek ahal den BEZik murriztuena dute. Dieta osasungarriaren zati diren produktuez ari gara, zeinak galtzen joan diren. Gure herrialdean zorionekoak gara dieta mediterraneoa dugulako, baina galtzen ari da kontsumo ohitura gisa, eta bereziki familiarik pobreenetan, arrazoi askok eraginda, batez ere sozioekonomikoek: denbora gutxiago dugu, maizago joaten gara janari lasterreko jatetxeetara, eta horrek eragin kaltegarriagoak ditu… Osotasun batean erantzun behar zaio horri, baina ez da erraza. Batez ere, Ministeriora iritsi garenean ohartu garelako bazela horri guztiari aurre egiteko joera, baina sakabanatua eta ez oso tinkoa. Kontsumo Ministerioa izatea bera bada mezu bat berez. Eta uste dut lagundu dezakeela norabide horretan.
Iristear da. Osasun Ministerioaren helburua da uda ondoren arautzea Nutri-Score etiketa ezartzeko modua, enpresek egoki erabil dezaten. Borondatezkoa izango da oraingoz, nahitaezko bihurtzeko eskumena Europako Batzordearena baita. Nutri-Score ezartzen denean, gainera, formazio ekintzaz betetako kanpaina bat jarriko da abian, kontsumitzaileei azaltzeko zertarako balio duen eta nola erabiltzen den tresna hori. Baina zergatik hautatu da sistema hori eta ez beste bat? Ministeriotik onartu dute sistema hori ez dela perfektua, baina babes handia eskuratu du komunitate zientifikoan. Gainera, inguruko herrialde batzuetan ezarria dagoenez, adibidez Frantzian, Belgikan eta Alemanian, Espainiako enpresak baldintza berdinetan lehiatu ahalko dira merkatu horietan. Arautu ondoren, publizitatearen txanda etorriko da. Ministerioko iturrien arabera, etiketa horrek nutrizio profil batzuk emango ditu eta oinarri gisa erabiliko dira urte bukaeran produktu osasungaitzen publizitatea arautzeko, non arreta berezia jarriko zaion haurrei zuzentzen zaionari.
Espainian beti harro esan izan dugu dieta mediterraneoa dugula, baina haur gizentasunaren daturik kaskarrenetakoak ditu Europan; zergatik?
Bibliografia asko saiatu da azaltzen azken hamarkadetan zergatik utzi den bazterrera dieta mediterraneoa. Gako batzuk ikerketa batean eta bestean ageri dira: saltoki handiak hedatu izana, non produktu gehienak prozesatuak eta ultraprozesatuak diren, hurbileko saltokien kaltetan; kontsumo eta aisialdi ohiturak aldatu izana, eta lehentasuna ematea erosketak azkar eta luzarorako egiteari lanaldi luzeen eraginez; publizitatearen zeregina, zeinak elikadura prozesatua “erraza, modernoa, eskuragarria eta osasungarria” dela sinetsarazi duen… Faktore asko dago. Lanean ari gara elementuen analisi ona izateko eta politika egoki eta eraginkorrak landu ahal izateko.
NAOS estrategiak 15 urte egin ditu gizentasunaren prebentzioan, baina ez dirudi oso eraginkorra denik: Europan gizentasun tasa handienetakoa duen herrialde da Espainia. Datuen argitan, zentzuzkoa al da apustu hori egiten jarraitzea? NAOS estregiak gauza on asko eta asko dauka, eta aukera eman du jauzi bat aurrera egiteko ezertxo ere ez zeukan herrialde batean, baina egia da berebiziko garrantzia duten elementu batzuek, adibidez haurren publizitatea arautzeko PAOS kodeak, huts egin dutela argi eta garbi: industriaren borondatearen mende dago, eta industriaren irizpide nagusia, berez, etekinak handitzea da. Gatazka bat dago haurren osasunean sortzen duten eraginaren eta etekin horiek lortzeko erabiltzen diren marketin estrategien artean.
Zer egin daiteke? Bi alabaren aita naiz, batek bi urte pasatxo ditu eta besteak urtebete, jabetzen naiz zaharrena hasi dela haurrentzako publizitatea xurgatzen, askotan oso modu oldarkorrean emana, produktu mota jakin bat erabil dezan, eta badakigu ez direla osasungarriak. Hori ez daiteke onartu. Osasunaren ikuspegitik, kodea ez daiteke izan hain leuna. Hizketan ari gara berritzeko, baina helburua da publizitate mota hori galaraztea. Ez dezakegu onartu, eremu batzuetan ezin da amore eman, zerikusia baitute gauzarik oinarrizkoenekin, osasunarekin alegia. Bereziki, haurren osasunarekin.
Publizitatea bezala, marketin estrategiak kontrolatzeko ere aurreikusi al duzue moduren bat, adibidez 2×1 sustapenak, deskontuak, XXL formatuak edo produktuak leku jakinetan kokatzeko joera supermerkatuetan? Gauza guztiei heldu nahi diegu. Baina iritsi eta ohartu ginenean zenbat gauza zegoen egiteko, gaindituta sentitu ginen. Aldaketa horietako bakoitzak negoziazioak eskatzen ditu, eta batzuetan ez dago horretarako denborarik. Gakoa da ulertzea haurrena kolektibo zaurgarria dela, sentiberagoa dela publizitatearen aurrean. Gure alabak bere marrazki bizidun kuttunak ikusten dituenean produktu batean, hura nahi izaten du. Ez gara ari 30, 40 edo 50 urteko pertsona batez, hari ez diogu esango zer jan behar duen, baina haurrak bereziki zaurgarriak dira eta babestu egin behar dira. Eta arauek izugarri zorrotzak izan behar dute. Baina gaur egun ez dira hala, borondate onaren mende daudelako. Eta ongi dago industriaren borondate ona, baina frogatzen bada ez duela funtzionatzen, arauak jarri beharra dago.
Europako Batzordeak onartu du Kontsumitzailearen Agenda, eta hori osorik ezartzea eta aurkeztea da Kontsumo Ministerioak bere buruari aurten jarri dion helburuetako bat. Pandemiak utzi zuen leku berean hartu dute, eta helburua da kontsumitzaileen babesa hobetzea merkataritza digitalean, kontsumo ekologikoa eta jasangarria sustatzea produktu iraunkorragoekin eta zirkularrekin, eta kolektibo zaurgarrienak babestea, adibidez haurrak. Azken puntu hori urtarrilean onartu zen Errege Dekretulege batekin, non enpresei ardura eskatzen zaien kolektibo horrengana zuzentzen direnean (haurrak, adin handiko pertsonak, ezgaitasun funtzionala, intelektuala, kognitiboa edo sentsoriala dutenak, digitalizazio maila apala dutenak), informazio argiagoa eta gardena eman dezaten publizitate kanpainetan edo etiketan, eta erraztasunak eskaini ditzaten erreklamazioak kudeatzeko. Kontsumitzailearen Agenda sortu zen, nagusiki, kontsumitzaileak babesteko helburuarekin pandemiaren une berezi honetan. Aztertu egingo du Covid-19ak nolako eragina izan duen kontsumo ereduetan, eta politika berriak sustatuko ditu kontsumitzaileak babesteko bere mugen barrenean, on-line eta offline.
Pentsatu al duzue nutrizio arloko heziketa eskoletan txertatzea?
Bai, jakina. Autonomia erkidego batzuetan nutrizio arloko heziketa hori dagoeneko txertatua dago eskola jantokietako kontratazio pleguetan. Baina zer hobetu asko dago. Plan osoagoetara jo behar du, non familiek ere lekua izango duten, eta hobetu egin behar da nutrizio arloko ezagutza, garbi adierazteko zein diren gako nagusiak dieta osasungarria egiteko, jasangarria, eskuragarria eta denborarik kenduko ez duena. Gako horiek funtsezkoak dira ohituretan sartu nahi diren aldaketak errealistak izan daitezen egungo gizartearekin.
Nutri-Score etiketa aurten sartuko al da indarrean? Nutri-Score etiketa uda ondoren arautuko da eta borondatezkoa izango da. Era, gainera, Gobernu akordioaren barnean dago. Uste dugu 2021a dela unerik onena. Jabetzen gara Nutri-Score tresna lagungarria dela, baina ez da perfektua. Gabezia garrantzitsu batzuk ditu. Azken batean, algoritmo bat da, informazio asko irudi bakarrean laburbiltzen duen adierazle sintetiko bat, eta horrek hutsuneak ditu. Segur aski, Europako egungo legedian egon litekeen onena izango da, baina baditu gabeziak. Lanean ari gara horiek zuzentzeko.
Zer nahi da zuzendu? Adibidez, osagai bakarreko produktuekin gertatzen dena, oliba olioarekin esaterako. Algoritmoak zigortu egiten ditu, eta ez da bidezkoa, zeren ez baita egokia, ikuspegi zientifikotik, olioa osasunerako kaltegarria dela esatea. Osagai bakarrekoak ez badaude ongi sailkatuta, ez ditugu sartu nahi. Ez dugu helarazi nahi zientifikoa ez den mezurik, eta, beraz, oliba olioaren babesa bermatua dago.
Zer ekarriko du sistema horrek? Lagundu egingo du enpresak algoritmora egokitu daitezen eta beren osagaiak aldatu ditzaten, baina ez borondate ona erakusteko bakarrik edo kontsumitzaileen nahietara egokitzeko, horiek ere gero eta eskakizun zorrotzagoak egiten dituzte eta. Nutri-Score, halaber, gonbidapen bat da enpresek era guztietako aldaketak egin ditzaten mota guztietako produktuetan, eskaintza askoz osasungarriagoa izan dadin. Eta kontsumituko duenak jakin egingo du zer ari den erosten, eta erabakia ez dute baldintzatuko –edo, gutxienez, askoz zailagoa izango da– enpresa batzuek askotan zabaltzen dituzten informazio oker horiek.
Nutri-Scorek eztabaida handia eragin du. Kontuan hartu al duzue gure inguruko beste herrialde batzuek zer egiten duten? Berrikitan parte hartu dugu nazioarteko jardunaldi batean, eta ezarri duten herrialde dezente ere bazeuden. Nutri-Score-ren Batzorde Errektorean, Frantzia dago, Alemania… eta Espainia ere bai. Oraindik ezarri ez dugun arren, barnean gaude. Argi dugu aurrera aterako dela. EB-n abian jar dezakegun sistema onena da Nutri-Score. Kanpoan badira beste etiketa batzuk. Eta batzuk OMEk berak gomendatzen dituenak, adibidez Txilekoa, zeina bestelako eredu bat baita, nahitaezkoa da eta. Baina Europako araudiak, oraingoz, ez du onartzen kide diren herrialdeetan. Nutri-Score-ren Batzorde Errektorean, non poliki-poliki ari garen lekua hartzen, saiatuko gara aurrera egiten eta aldatzen, industriak ere laguntza eman beharra izan dezan gobernuei eta arauetara egokitu beharra izan dezan, lehen baino lehen pasa gaitezen Nutri-Score baino hobea den zerbait izatera. Baina, oraingoz, Nutri-Scorek jauzi kualitatiboa ekarriko du, gaur egun ez dagoelako ezer.
Ez al duzu uste Nutri-Scorek arrakala bat sor lezakeela enpresa ekoizleen artean? Batetik, baliabide gehien dutenak inbertsioa egin eta produktuak birformulatzeko, eta bestetik, baliabiderik ez daukatenak. Ez da egiazko arriskua. Zure produktua kontsumo osasungarriagora egokitzeko egin behar diren inbertsioak ez dira aipagarriak. Lehen egin ez dena egin behar da, lehen kontzientziarik ez baitzegoen. Ez da kontu morala. Lehen, sinpleki esateko, herritarrek ez zuten egiten halako eskaririk; ez zegoen ezagutza zientifiko bat, ez genekien produktu jakin batzuek nolako eragina izango zuten epe ertain eta luzean. Gauza denak ari dira aldatzen, eta enpresa askok dagoeneko aldatu ditu beren produktu izarren osagairik gehienak, osagai kaltegarriak egokituta edo gutxituta.
Denak jabetu direla iruditzen al zaizu? Bai, eta aldaketek jarraitu egin behar diote araudiari. Guk bultza egiten diegu horretara osasun publikoari dagozkion arrazoiengatik, ez apeta daukagulako: uste duzu azkarrago egin beharra dagoela. Hau da, enpresak ez ditugu behartzen beren ekoizpen eremua aldatzera; ez saltzen dutena eta ez banatzeko modua. Kontsumitzaileak adierazle bat izango du eskura, eta horrek esango dio produktua hobea edo txarragoa den. Eta gero, bistan denez, egoki iruditzen zaiona egingo du. Enpresek pizgarri bat edukiko dute produktuak hobetzeko, inork ez baitu eduki nahi adierazle bat zeina kontsumitzaileek arriskutsutzat har dezaketen.
Hitz egin dezagun beste politika batzuez. Hartzen al dituzue beste adibide batzuk, Erresuma Batukoa esaterako, publizitatea arautzeko garaian?
Adi gaude nazioarteko esperientzia guztiei. Espainian lehenengo aldiz daukagu Kontsumo Ministerio bat, baina beste herrialde batzuetan, bereziki anglo-saxoietan, oso eskumen landua da eta aspalditik datorren kezka. Europako Batzordeak baditu lan ildo batzuk, eta gu atzeratuta goaz dagoeneko; azkartu egin nahi ditugu horiek. Hor dago, esaterako, Kontsumitzailearen Agenda berria, zeina 2020-2025rako aurreikusten den eta kontsumo ekologikoa aipatzen duen, kontsumitzaileen eskubideak, etiketa, informazioa hobetzea… Beste herrialde batzuetan askoz aurreratuagoa daukate hori, eta hango industriak ere askoz aurreratuagoak daude.
Gaur egun, Espainiako supermerkatuetan dagoeneko badira Nutri-Score daramaten produktuak marketin tresna gisa, baina baita haien jatorrizko herrialdeetan ezarria dagoelako ere. Ekoizle eta banatzaile batzuek lagundu egin nahi dute herritarrak modu osasungarrian elikatu daitezen, eta bereziki haurrak. Zer bide jarraitzeko esango zenieke? Enpresa batzuek kontzientzia handia dute zeregin horretan. Beren negozioa da, eta oso ongi ezagutzen dituzte herritarren eskari aldakorrak. Orain dela 30 urte ez zegoen halako eskaririk. Enpresek badakite, merkatu azterketak egiten dituzte eta oso ongi dakite jendeak produktu naturalagoak eskatzen dituela, ez hain ultraprozesatuak. Hurbileko produktu gehiago, tokikoari lotuagoak. Hori guztia badakite eta egokitzen ari dira. Gai honekin sentsibilizatuta dauden enpresa horiei, ez bakarrik negozio arrazoiengatik, baita barneratuta dutelako ere krisi ekologiko batean gaudela, haurren gizentasuna egoera arriskutsua dela, gonbita egiten diegu azkarrago joan daitezen. Norabide horretan joango direnek sari moduko bat izango dute Nutri-Score etiketarekin. Nolako saria? Esan nahi dut jendeak lehenago erosiko dituela hain kaltegarriak ez diren produktuak. Eta, ildo horretan, bat egingo dute batzuen eta besteen interesek. Egon daitezke erresistentziak, baina horiek etorriko dira osasunerako txarrak diren produktuak eginez bizi diren enpresetatik. Hau da, denbora utziko dugu egokitzeko, baina Gobernu gisa ez dezakegu onartu inork arriskuan jartzea haurren bizitza.
Zer-nolako helburu errealistak, lorgarriak jarri dituzu legealdi honetarako? Zaila da… Niri, lanbidearen ajeek bultzaturik, ekonomialari gisa, asko gustatzen zaizkit zenbakiak. Eta, gainera, uste dut lehengairik gabe, daturik gabe, ez daitekeela ongi egin politika publikoa. Baina pandemia bat egokitu zaigu eta distortsionatu egin du denbora serie guztia. Hau da, bazegoen bilakaera mantso baina positiboa adierazleetan. Eta, orain, batbatean, epidemiak eta krisi ekonomikoak ekarri dute hori guztia distortsionatzea. Ez dakigu zehazki non gauden. Informazioa eta datu berriak eduki ezean –adierazle konplexuak dira, denbora gehiago behar izaten da eskuratzeko–, zaila da osotasuneko helburu bat jartzea.
Ministerio bakar bat gai izan ote liteke haur gizentasunarena bezalako arazo bati aurre egiteko? Haur gizentasunarena bezalako fenomeno batek eskatzen du dimentsio askotatik hurbiltzea. Kontsumo Ministeriotik saiatzen gara apaltasunez indar gehien egingo duen palanka izaten, gaitasun handia baitugu arauak egiteko. Baina ertz asko duen fenomeno bati buruz ari gara, familien heziketa, enpresek informazioa emateko duten gaitasuna eta modua, komunikabideak… Denok gaude mezu katearen barnean sartuta, eta mezu horiek daude, azken batean, gure kontsumo ereduen atzean.
Eta hirigintzarekin ere badu zerikusia: haurrek ba al dute modurik beren auzoetan ariketa fisikoa egiteko? Nolako hiriak eraikitzen ari gara, apustu etxeak bakarrik dituztenak? Ministerioan ahal dugun guztia egingo dugu, eta uste dut ongi ari garela. Baina jabetzen gara administrazio guztien eta gizarte zibilaren lana behar dela. Gero eta kontzientzia handiagoa dago gai horien inguruan, bai alderdi ekologikoan eta bai osasunari dagokion alderdian. Ondorioz, kontsumo arduratsua eta osasungarria bi ildo garrantzitsu dira. Baina erresistentzia sendoak daude botere ekonomiko handiei lotuak; horiek etekin handiak atera dituzte negozio eredu horrekin, eta ez dute aldatu nahi. Aldatzeko modua egingo dugu.
Zer dago egiteko? Oraindik erronka asko daukagu. Bultzatu diren politikek, nahiz eta lortu duten haur gizentasunaren adierazleak hain bizkor igotzeari uztea, ez dute lortu jaistea. Familiako nutrizio ohiturak hobetzea, ariketa fisikoa sustatzea, publizitatea askoz zorrotzago kontrolatzeko neurriak ezartzea eta administrazio publikoetatik ahalegin handiagoak egitea elikagaiak erosteko irizpideetan leku egoki bat izan dezaten ingurumenak, kulturak eta nutrizioak. Horra hor erronka batzuk.