Opor teknologikoak

Oporrik ez, sakelakorik gabe, Internetik gabe, mp3-rik gabe...

Teknologia berriei esker, oporretan ere esku-eskura eduki ditzakegu aro digitalak eskaintzen dituen erosotasunak
1 uztaila de 2010
Img internet listado 598

Oporrik ez, sakelakorik gabe, Internetik gabe, mp3-rik gabe...

/imgs/20100701/internet1.jpg
Zenbait jendek ezin izaten du moztu Internetera lotzen duen haria, ezta oporretan ere. Itsasoan ere badira uhinak, eta han ere nabigatu daiteke, baina ez, Interneten behar du izan! Jasangaitza egiten zaie astebetez saretik kanpo egotea, posta elektronikoari begiratu bat eman gabe, solaskideek Facebook-en jarri dituzten argazkiak ikusi gabe, bideo-jokoetan aritu gabe, ordenagailuan edo sakelakoan telesailak ikusi gabe… Urteko egun guztiak hori egiten pasatu, eta a zer lanak orain oporretan, horiek burutik kentzeko. Oporrak gorrotatzera iritsi baino lehen, ordea, badira bestelako irtenbideak, eta bada modua teknologia ere gurekin oporretara eramateko; komeni da, dena den, zenbait aholku kontuan hartzea, tresnak ongi zaindu beharra izaten da eta.

Ez da guztiz arraroa izaten haur eta gazteak bideo-kontsolarekin jolasean ikustea itsasertzean eta igerilekuetan. Udatiarrak ere ibiltzen dira han eta hemen sakelakoarekin edo ordenagailu eramangarriarekin nabigatzen edo hizketan, itsasoko haizeak ematen dien bitartean. Gerta daiteke, ordea, olatu bat lehertzea edo oharkabean deskuidu bat gertatzea eta eskuan dituzten gailuak matxuratzea, ur gaziak kalte handia egiten baitie mikrotxipekin eginda dauden tresnei.

Antzeko zerbait gerta daiteke mendian ere. Gaur egun, erraza izaten da mendi buelta bat egitea bizkar-zorroan liburu-irakurgailu elektroniko bat daramagula, iPhone bat edo antzeko ezaugarriak dituen telefono bat, ordenagailu eramangarri arin bat, edo bideo-kontsola bat. Baina oso adi ibili behar da horiei kolperik ez emateko (erorita edo zerbaitekin gogor igurtzita), apurtu egin litezke eta. Hori dela eta, bigungarriz egoki babestuta eraman behar dira tresnak edo bizkar-zorroa bera.

Bidelagun ezinbestekoa: Internet

Bidaian goazela Internet eskura edukitzeko modurik errazena, telefono adimendunak erabiltzea da (smartphones direlakoak), edo 3G txartelak erosi eta ordenagailu eramangarriari USB atakan jartzea (telefonia operadore nagusiek saltzen dituzte halakoak). Interneterako konexioa eskaintzen dute, aski modu errazean, tethering deitzen den prozesu baten bidez. Gailu horiek erabiltzeko, ordea, herri edo hiri handietatik gertu samar egon behar dugu.

Kontuan hartu behar da, dena den, nahiko tarifa garestia izaten dutela konexio-bide horiek, eta datu kopuru mugatu bat jaisteko aukera ematen dutela. Zenbaitetan, gainera, muga hori gaindituz gero, izugarri garesti kobratzen dute kontsumitzen den megabyte bakoitza. Ez da, beraz, erabateko irtenbidea ere, eta badu zer hobetua, eskaintzen duten banda-zabalera eta kobratzen duten prezioa ez datoz-eta bat.

Ordenagailura edo MP3 erreproduktorera zerbait deskargatu nahi izanez gero, etxetik irten aurretik egitea komeni da, eta Interneterako sarbidea oso gauza jakinetarako erabiltzea. Interneteko bideoak ikusteko erabiltzea edo musika streaming bidez entzuteko erabiltzea ez da batere errentagarria. Gainera, landa eremuetan edo gune turistikoetatik urrun dauden lekuetan, oso estaldura kaskarra ematen dute.

Kontuz ‘roaming’ delakoarekin

Hotelek edo apartamenduek wifi bidezko konexioa eskaintzen badute, ez da arazorik izaten Internetera sartzeko, batik bat eramangarri ultra-arinekin edo iPad gisako tableta berriekin (oraintsu jarri dituzte merkatuan). Ostatua non hartuko dugun erabakitzerakoan, garrantzitsua izan daiteke jakitea ea wifi bidezko konexiorik baden leku horretan; hartara, gure ordenagailutik sartu ahal izango gara erabili ohi ditugun zerbitzu guztietara.

Espainiatik kanpora ateratzen denarentzat, wifia izaten da alternatiba bideragarri bakarra, zeren gainerako gailuak, 3G txartela eta sakelakoak, alegia, roaming moduan sartzen dira (ibiltari), eta askoz garestiagoa izaten da horien bidez hitz egitea edo konektatzea, herrialde bateko eta besteko konpainiek ados jarri behar izaten dute-eta sarbidea emateko. Europako Batasuneko herrialdeek onartu eta sinatu dute roaming bidez hitz egiteko tarifak kontrolatzeko akordioa, baina ez datuak jaisteko tarifei buruzkoa; ondorioz, oso garestia gertatzen da zerbitzu hori erabiltzea.

Kontuan hartzeko neurriak eta aholkuak

Tresna informatikoak eta digitalak lehen baino prestatuagoak daude etxetik kanpora atera ahal izateko. Dena den, ez daude behar bezain babestuak nolanahi garraiatzeko eta mendian eta hondartzan luzaroan erabiltzeko. Horrexegatik, zenbait neurri hartzea komeni da.

  • Babes-zorroak eta zorro isolatzaileak. Sakelakoentzat, era askotakoak eta prezio ugaritakoak daude. Horiek dira sistema onenak gailu mota horrentzat. Bideo-kontsolak eramateko ere badira kautxuzko zorro bereziak, erorikoen aurkakoak.
  • Bizkar-zorro bigungarridunak. Tresnak eramateko, bigungarriz ongi babestuta dagoen bizkar-zorroa behar du, ahal dela neoprenoz estalia; sakela ugari izatea komeni da, eta konpartimendu irazgaitzak edukitzea. Kolpeak eta erorikoak saihesteaz gain, eragotzi egin behar dute barrenera ura edo harea sartzea, biak ere oso kaltegarriak baitira. Ordezko bateriak ere eraman behar izaten dira gailuaren autonomia handitzeko, eta kargagailuak eta hariak ere bai, horiek kargatzeko. Horretarako datoz ongi sakelak eta gisakoak.
  • Kargagailuak. Tresna bakoitzak bere kargagailua izaten du baterientzat, eta luzaroan egon behar badugu etxetik kanpo, funtsezkoa da horiek hartzea. Telefonoa, kamera, ordenagailua eta bideo-kontsola eraman nahi baditugu, adibidez, lau kargagailu beharko ditugu, beren hari eta guzti. Horiek guztiak poltsa berezi batean jartzea da onena. Bestalde, ibili behar dugun lekuren batean entxuferik izango ez bada, egokia izan liteke eguzki-indarrez dabilen kargagailu bat eramatea. Jaka modukoak izaten dira, eta kirol denda espezializatuetan saltzen dituzte (hainbat eratako bateriak kargatzeko gaitasuna eduki ohi dute).
  • Segurtasun-kopiak. Irten aurretik, komeni izaten da segurtasun-kopia egitea ordenagailuaren disko gogorrari, nabigatzailearen historiala garbitzea eta, oporretan gaudenean, modu pribatuan jartzea (nabigatzaile nagusiek eskaintzen dute aukera hori). Era horretan, ordenagailua desagertzen bazaigu, inork ezingo ditu ikusi erabiltzailearen datuak.
  • Tresna matxuratuak. Txipak dituen gailu bat uretara erortzen bada, kalteak sor daitezke zenbait elementutan. Hala ere, saia liteke horiek lehengoratzen. Tresna desmuntatu egin behar da (ahal dugun guztia). Ur gazitan erori bada, ur gozotan sartu behar ditugu desmuntatu dizkiogun osagaiak, eta hamabi orduz hantxe utzi (lau orduz behin ura aldatuko diogu, gatza kentzeko). Ondoren, eguzkitan jarriko ditugu lehortzera, eta haizeak ere ahalik eta gehien ematea komeni da (egun oso batez utziko ditugu hola). Ile-lehorgailu bat erabiltzea ere irtenbide ona izan liteke. Denbora hori igaro denean, pieza bakoitza bere lekuan jarri, eta zer gertatzen den ikusiko dugu.
  • Bermeak. Bidaia hasi aurretik, egiaztatu egin behar da tresnek bermerik baduten edo ez, epe barrenean dauden edo ez, istripu bat gertatzen bada ere.
  • Asegurua kontratatu. Aseguru teknologiko bat kontratatzea ere ez da burugabea. Gero eta jende gehiagok egiten du (batez ere, tresna garestiak dituztenek).