Informazio guztia hodeietan

Argazkiak, bideoak, oharrak, dokumentuak... Ordenagailuen disko gogorra txiki gelditzen ari da denborarekin, eta beste aukera batzuk bilatu beharra dago gure bizitza digitala gordetzeko. Gailu elektronikoetan lekua eskas denean, erabiltzaile askok cloud zerbitzuak hautatzen ditu arazoari irtenbidea emateko. Baina zer eskaintzen dute plataforma horiek? Seguruak al dira?
1 iraila de 2021

Informazio guztia hodeietan

Hodeiaren kontzeptua (cloud ingelesez) Internet sortzearekin bat agertu zen, eta zera adierazten du: on-line dagoen sarbide bat erabiliz informatikako zerbitzuak emateko gaitasuna, adibidez aplikazioetarako eta beste funtzio batzuetarako sarbidea, ordenagailuan programarik instalatu behar izan gabe. Joseph Carl Robnett Licklider estatubatuar informatikariak sortu omen zuen definizioa hirurogeiko urteetan, baina 90eko hamarkadan hasi ziren iristen teknologia horretan oinarritzen ziren lehen zerbitzuak zenbait plataformaren bidez; Salesforce izan zen aurrenetakoa, zeinak aplikazioak eskaintzen zituen enpresentzat web-orri baten bidez, eta FilesAnywhere ere bai, zeina lehen zerbitzua izan baitzen erabiltzaileen artxiboak Interneten modu seguruan partekatzeko aukera ematen.

Hodeian biltegiratzeko zerbitzua cloud konputazio horren aplikazio bat da eta erabiltzaileei aukera ematen die on-line leku bat edukitzeko eta bertan beren artxiboak gorde eta partekatzeko; leku horretara sartzeko, gainera, aski da nabigatzaile bat erabiltzea edo, aplikazio bati esker, sinkronizatuta eduki daitezke modu lokalean gailu batean baino gehiagotan (ordenagailua, mugikorra, tableta…). Hodeiaren funtzionalitateak, hala ere, askoz gehiago dira eta ez da mugatzen artxiboak gordetzera; aukera ematen du, halaber, urrutitik zenbait aplikazio erabiltzeko, adibidez testu prozesadoreak, kalkulu orriak, txat-ak edo bideodeiak, horiek ordenagailura deskargatu beharrik izan gabe eta, orain, smartphonera ere ez. Horrela lekua aurrezten da ordenagailuen disko gogorrean, eta ez da pendriveak (USB memoria) edo kanpoko disko gogorrak erabili beharrik (hondatzeko edo galtzeko arriskua izaten dute).

Zerbitzu horiek hodei publikoa esaten zaiona erabiltzen dute, hau da, Interneteko edozein erabiltzaileri zerbitzua eskaintzen diona. Baina badira hodei pribatuak ere, enpresek erabiltzen dituztenak eta sistemaren administratzaileak kontrolatzen, eta badira hibridoak ere, zati batean sarbide publikoa dutenak eta zenbait atal pribatuak.

Nola funtzionatzen du

Norbaitek pentsa dezake hodeiak eskaintzen dituen zerbitzu horiekin datuak Interneten zintzilik edo airean gelditzen direla, baina ez da horrela. Gordetzen dugunean Informazioa hodeian gordetzen dugunean, disko gogor baten zati bat erabiltzen, erosten edo alokatzen ari gara. Hau da, fisikoki ordenagailu baten barnean –edo batean baino gehiagotan– dagoen leku bat da, hainbat gigabyte eskaintzen dituena; eta ordenagailu hori datuak prozesatzeko zentro bateko zati da. Interneteko konexio baten bidez, hodeian gorde ditugun artxibo guztietarako sarbidea eduki dezakegu edozein gailutatik.

Zein herrialdetan gordetzen dira datuak?

Galdera garrantzitsua da; izan ere, artxiboak ordenagailu batean gordetzen badira fisikoki, datuak prozesatzeko zentro batean egon behar du zerbitzari edo leku horrek, eta zentroak ere nonbait egon behar du. Non baina? Oso zaila da jakitea, enpresa handiek mundu osoan barreiatuta izaten baitituzte, adibidez Google eta Amazonek, eta karpeta eta dokumentu guztiak ongi ordenatuta ikusi arren, horietako bakoitza ordenagailu batean egon liteke.

Zer-nolako legediak babesten gaitu zerbitzu horiek erabiltzean? Erantzuna argia da: eskaintzen dituen enpresak egoitza duen herrialdeko araudiak. Google-ren zerbitzuak erabiltzean, adibidez, AEBetako Cloud Act Legeak agintzen du; kDrive izenekoak, berriz, Suitzan du jatorria, eta hor EB-ko araudiak agintzen du. Datuak non dauden jakiteko modu bakarra da enpresa horiekin harremanetan jartzea eta prozesatzeko zentroak non dituzten galdetzea. Pribatutasunaren inguruko kontzientzia handitu egin da aspaldi honetan, eta zerbitzu horietako askok nabarmendu egiten dute alderdi hori, adibidez kDrive-k, zeinak berariaz adierazten duen Europako Batasunean dituela zerbitzari guztiak. Nahiz eta gehienek jakinarazten duten non dituzten prozesatzeko zentroak, ez dute zehazten gure datuak non dauden gordeak, bost kontinenteetan egon litezke-eta (baita itsas azpian ere).

Esazu zeren bila zabiltzan, eta guk esango dizugu zer-nolako zerbitzua behar duzun
  1. Hodeian leku bat nahi badugu ordaindu gabe, Mega da interesgarriena, 20 GB eskaintzen baititu doan, edo Google Drive bestela, 15 GB-ekin.
  2. Beste zerbitzu batzuen osagarria izango denaren bila bagabiltza, Amazon Prime, OneDrive eta iCloud.
  3. Informazio sentibera gorde nahi baduzu, Tresorit da seguruena merkatuan.
  4. Biltegia familiarekin partekatu nahi bada, OneDrive eta Dropbox dira aukerarik onenak.
  5. Hodeian ahalik eta leku gehiena eduki nahi izanez gero, MediaFire hautatu beharko da, 100 TB izateko aukera ematen baitu.
  6. Hileroko edo hiruhileko ordainketak saihestu nahi baditugu, PCcloud-ek bakarrik onartzen du ordainketa bakarra eta biziartekoa egitea hodeian leku bat izateko

Zer egin daiteke hodeian

Funtzio asko eta askotarikoak eskaintzen dituzte, eta zerbitzu bakoitzak baditu bere berezitasunak. Horietako batzuek aukera ematen dute karpetak sinkronizatuta edukitzeko zenbait gailutan, adibidez iCloud, Amazon Cloud Drive eta Google Drive zerbitzuek, eta horrek esan nahi du erabiltzaile bakoitzak dokumentuan egiten duen aldaketa oro berehala gordeko dela. Horrekin batean, aukera ematen dute mugikorrarekin ateratzen diren argazkien kopia bat egiteko. Eta funtzio gehigarri gisa, gure sistema guztiaren segurtasun kopia bat ere gorde daiteke plataforma horietan, PC batena edo mugikor batena, gailua berregin beharra izango bagenu ere arazoren bat sortu delako. Horixe da modurik seguruena gure gailuetan dagoen informazio guztia gordetzeko eta galduz gero edo istripuz bat izanez gero berriz eskuratzeko.

Zerbitzurik gehienetan, ez dago zertan partekatu gure gailuko informazio guztia; hautatu egin dezakegu zer- -nolako karpetak edo artxiboak sinkronizatu nahi ditugun hodeiarekin. Artxiboak eskuz hodeian bertan gordetzeko aukera ere ematen dute, gure disko gogorrean egon ez arren. Horrek aukera ematen digu gure gailuko biltegian gigabyte gehiago edukitzeko eta kanpoko disko gogorren edo memoria txartel gehigarrien beharrik gabe moldatzeko.

Zer-nolako baimenak eskatzen dituzte plataforma horiek

Datuak on-line gordetzeko zerbitzuek zenbait baimen eskatuko digute funtzioak aktibatu nahi ditugunean. Orokorrean, oso seguruak dira eta horietan dauden aplikazioek bermatu egiten dute guk emandako baimenak ez dituztela modu desegokian erabiliko. Nahitaezkoa izaten da gordetzeko baimena ematea, sinkronizatu egingo baititu guk nahi ditugun artxibo eta karpetak. Dropbox eta Google Drive-k, bestalde, mugikorretarako aplikazioetan aukera ematen dute argazkiak atera edo dokumentuak eskanerrean pasatu eta hodeira igotzeko, eta, horregatik, kamera erabiltzeko baimena eskatuko digute. Azkenik, ohikoa izaten da gure solaskideen agendara sartzeko baimena ere eskatzea haiei loturak bidaltzeko, edo karpeta edo artxibo batean aldaketak egiteko baimena galdetzea.

Nola gorde gure artxiboak modu seguruan

Erabiltzaile askok galdetzen dute hodeian dauden zerbitzuak seguruak ote diren. Gertatu izan da on-line zerbitzu horiek hackeatu izana eta pasahitzak babesik gabe gelditu izana, eta halako albisteek beldurra sortzen diote erabiltzaile askori. Dena den, hodeiko datu horiek gure ordenagailuan bezain seguru daude, eta kate mailarik ahulena erabiltzailea eta haren PCa izaten dira, eta ez hainbeste zerbitzaria bera. Horregatik, norberak neurri batzuk hartzea komeni da zerbitzu horiek erabiltzean.

  1. Erabili pasahitz sendoak. Letra larriak, xeheak, zenbakiak eta ikur bereziren bat eduki behar lituzkete (+,*,-,…).
  2. Erabili bi pausotan egiaztatzeko sistema. Hodeian datuak gordetzeko zerbitzu fidagarri eta kalitatezko guztiek izaten dute funtzio hori; hortaz, pasahitzaz gain, SMS bidez iritsiko zaigun kode bat eskatuko digu edo identifikazio biometrikoren bat sar dezagula gure mugikorretik (hatz marka, aurpegia, irisa…).
  3. Zifratu itzazu artxiboak hodeira igo aurretik. Plataformek badituzte zifratze sistemak, norbaitek deskargatuz gero irakurtzeko modurik izan ez dezan, baina guk ere erantsi dezakegu beste segurtasun geruza bat gehiago dokumenturik delikatuenetan: gure ordenagailutik bertatik zifratu ditzakegu horretarako den aplikazioren bat erabilita.
  4. Eduki itzazu aplikazioak eguneratuta, baldin eta sinkronizazio automatikoa erabiltzen baduzu. Arau orokor gisa, informatikako segurtasunean jardunbide egokia izaten da darabiltzagun programen eguneratzeei “paso” ez egitea, hain zuzen konpondu egiten baitituzte antzemandako segurtasun arazoak.

11 hodeirik ezagunenak

OneDrive

Microsoft-en hodeia instalatuta eta prestatua etorri ohi da Windows-en erabiltzeko.

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Bai
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS eta Android
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: Microsoft 365 eskaintzen du Office-rekin ordainpeko bertsioetan, hilean 7 eurotik aurrera.
  • Kontrakoak: Ez daiteke Windows-etik ezabatu, sistemaren zati baita.
  • Prezioak: 5 GB (biltegiratzeko bakarrik): doan / 100 GB (biltegiratzeko bakarrik): hilean 2 euro / 1 TB (erabiltzaile bat): 7 euro hilean (69 euro urtean). / 6 TB (erabiltzaile bat): 2,99 euro hilean. / 6 TB partekatu (6 erabiltzaile): 10 euro hilean (99 euro urtean).

Dropbox

Aukera independentea da, eta aplikazio eta gailu ia gehienekin lan egiteko modua eskaintzen du.

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Bai
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS eta Android
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: Kontu partekatua dauka familientzat. Linux sistema eragilearekin bateragarria den bakarretakoa da.
  • Kontrakoak: Orain ez du aukerarik ematen doako bertsioa handitzeko.
  • Prezioak: 2 TB (sei erabiltzaile): 11,99 euro hilean (119,88 euro urtean). / 2 TB (sei erabiltzaile): 19,99 euro hilean (203,88 euro urtean).

Google Drive

Gmail-eko kontu bat edukitze hutsarekin, 15 GB eskaintzen ditu zerbitzu horrek hodeian.

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Bai
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS eta Android
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: 15 GB eskaintzen ditu doan.
  • Kontrakoak: Google-ren zerbitzu guztiekin partekatzen da lekua (Gmail, Argazkiak…); hau da, leku guztia argazkiz betetzen bada, gerta daiteke mezu elektronikoak ez iristea leku faltagatik. Kendu egin dute argazkiak doan eta mugarik gabe gordetzeko aukera.
  • Prezioak:  15 GB: doan / 100 GB: 1,99 euro hilean (19,99 euro urtean). / 200 GB: 2,99 euro hilean (29,99 euro urtean). / 2 TB: 9,99 euro hilean (99,99 euro urtean).

iCloud

Apple gailuetan heldu den aukera da, erabiltzaileek nahitaez erabili beharrekoa..

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Bai
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: Argazki, mezu, artxibo eta edukien segurtasun kopia automatikoki aktibatzen da.
  • Kontrakoak: Ez dauka Android-erako aplikaziorik, baina nabigatzailearen bidez erabili daiteke gailu horietan.
  • Prezioak: 5 GB: doan / 50 GB: 0,99 euro hilean. / 200 GB: 2,99 euro hilean. / 2 TB: 9,99 euro hilean.

Mega

Doako bertsioetan, zerbitzu honek eskaintzen du leku gehien, eta TB bakoitza merkeen kobratzen duena ere hauxe da.

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Bai
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS eta Android
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: Puntuz puntuko zifratzea eskaintzen du, eta adibidez Google Drive eta Dropbox baino seguruagoa da, horiek kargatu ondoren bakarrik zifratzen baitituzte artxiboak.
  • Kontrakoak: Hilean datuen transferentzia mugatua egin daiteke, hau da, giga kopuru mugatua igo eta deskargatu dezakegu hilero.
  • Prezioak: 20 GB: doan / 400 GB (1 TB transferentziatarako hilean): 4,99 euro hilean (49,99 euro urtean). / 2 TB (2 TB transferentziatarako hilean): 9,99 euro hilean (99,99 euro urtean). / 8 TB (8 TB transferentziatarako hilean): 19,99 euro hilean (199,99 euro urtean). / 16 TB (16 TB transferentziatarako hilean): 29,99 euro hilean (299,99 euro urtean).

Box

Erabiltzaile batek baino gehiagok artxiboetan modu sinkronizatuan lan egiteko pentsatua dago.

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Bai
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS eta Android
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: Proiektuak kudeatzeko eta kolaboraziozko lanak egiteko zerbitzu bat dauka.
  • Kontrakoak: Bai doako bertsioak eta bai profesionalak ere hilean muga bat ezartzen diote artxiboen kargari eta transferentziari.
  • Prezioak: 10 GB (250 MB artxiboak kargatzeko): Doan. / 100 GB: (5 GB artxiboak kargatzeko): 9 euro hilean.

Amazon Cloud Drive 

Amazon Prime zerbitzurako harpidetzaren barnean dago (urtean 36,00 euro), gainerako zerbitzuekin batean.

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Bai
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS eta Android
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: Leku mugagabea dauka mugikorreko edo PC-ko argazkien segurtasun kopia gordetzeko eta 5 GB bideotarako.
  • Kontrakoak: 3 TB-etik aurrera, urteko kuota ordaindu beste aukerarik ez du uzten. Hauxe da garestiena ordainpeko aukera guztietan.
  • Prezioak:  5 GB: Doan (Amazon Prime izanez gero). / 100 GB: 1,99 euro hilean (19,99 euro urtean). / 1 TB: 9,99 euro hilean (99,99 euro urtean). / Aparteko terabyte bakoitzak 10 euro igotzen du hilabeteko kuota edo 100 euro urtekoa.

pCloud

Honek bakarrik ematen du aukera baimen iraunkor bat erosteko eta hilero ordaintzen ez ibiltzeko.

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Ordenagailurako bakarrik
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: Ez
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: Ordainketa bakarra egin daiteke bizi osorako, hilero edo urtero ordaintzen ibili beharrik izan gabe.
  • Kontrakoak: PC-ko segurtasun kopiak bakarrik gordetzen ditu, eta ez mugikorrekoak. Gehigarri bat ordaindu behar da artxiboei zifratze hobetua jartzeko.
  • Prezioak: 500 GB: 175 euro (ordainketa bakarra) edo 47,88 euro urtean. / 2 TB: 350 euro (ordainketa bakarra) edo 95,88 euro urtean. / 2 TB (5 erabiltzaile): 500 euro (ordainketa bakarra).

Tresorit

Merkatuko seguruena da, bai transmisioak eta artxiboak zifratzeko moduagatik eta bai loturak partekatzeko moduagatik.

  • Sinkronizazio automatikoa: Bai
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Bai
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS eta Android
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: Dokumentuak eskanerrean pasatzeko aukera eskaintzen du eta kopiak automatikoki zifratzen ditu, eta Gmail eta Outlook zerbitzuekin bateratzen da postari atxikitako artxiboak zifratzeko.
  • Kontrakoak: Segurtasun funtzio aurreratuak enpresei eskaintzen dizkieten bertsioetan bakarrik daude.
  • Prezioak: 500 GB: 10 euro hilean (99,96 euro urtean). / 2,5 TB: 25 euro hilean (240 euro urtean).

MediaFire

Doako lekua handitzeko aukera eskaintzen duen bakarra da; horretarako, bonus batzuk ematen ditu erabiltzaile berriak ekartzeagatik.

  • Sinkronizazio automatikoa: Ez
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Ez
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: iOS eta Android
  • Kokapena: Ez du esaten zerbitzariak non dauden.
  • Aldekoak: 50 GB eduki ditzakegu doan beste erabiltzaile batzuk gonbidatzeagatik eta erabilera bakarreko deskarga loturak bidaltzeagatik.
  • Kontrakoak: Doako bertsioak publizitatea izaten du artxibo baten lotura partekatzen dugunean.
  • Prezioak: 10 GB: Doan (50 GB-eraino bonusarekin). Artxiboen gehienezko neurria: 4 GB. / 1 TB: 5 dolar hilean (45 dolar urtean). / 100 TB: 50 dolar hilean (480 dolar urtean). Artxiboen gehienezko neurria: 20 GB.

kDrive

Zerbitzu honek bermatu egiten du zerbitzariak Europako Batasunean dituela.

  • Sinkronizazio automatikoa: Ez
  • Segurtasun kopiak (ordenagailuan edo mugikorrean): Ez
  • Bi pausotan egiaztatzea: Bai
  • Mugikorrerako aplikazioa: Ez
  • Kokapena: Zerbitzari guztiak EB-n ditu.
  • Aldekoak: Bermatu egiten dute zerbitzarien segurtasuna, zifratzea eta kokapena.
  • Kontrakoak: Ez dauka euskarririk smartphone eta tabletetarako, Windows, MacOS eta Linux bakarrik.
  • Prezioak: 2 TB: 4,99 euro hilean. / 3 TB: 10 euro hilean. / 6 TB: 19,98 euro hilean.