BETE EZAZU BILTEGIA HURBIL DAUKAZUNAREKIN
Etxe ondoko supermerkatura joan, eta ez litzateke harritzekoa izango Marokoko laranjekin, Kenyako ilarrekin, Argentinako xerra batekin eta Txinako baratxuriekin itzultzea. Ohiko kontua da ekonomia ireki batean eta banaketa sare globalak izanik. Baina kilometro gutxira abelgorri etxaldeak badaude, baratzeak eta lur landuak inguruko herritarren beharrizanak asetzeko, sasoiak sasoiko produktuekin, normala da auzoko jaki horiek nahiago izatea kanpotik edo herrialdeko beste muturretik heldu direnak baino.
Horrexetan datza ahalik eta produkturik hurbilenekoak erosteko joera. Hurbileko produktutzat hartzen dira saltzen diren tokitik 100 kilometrora baino gutxiagora ekoitzi direnak. Beste izen bat ere ematen zaie horiei, “0 kilometrokoak”, eta azpimarratu egiten da zenbat eta ibilbide motzagoa egin orduan eta CO2 gutxiago isuriko dela atmosferara.
Distantziak batzuetan erlatiboak izaten direnez (berdura bat gertuko ustiategi batekoa izan daiteke, baina metodo kutsatzaileekin landua, eta beste bat urrutitik datorrena baina ekologikoa), aditu batzuek zorrotzago jokatzen dute, eta saltzen diren eskualdean bertan ekoitzitakoak bakarrik jotzen dituzte hurbilekotzat edo 0 kilometrokotzat. Kontuan izan behar da Jatorri Izenak eta Adierazpen Geografiko Babestuak beste gauza bat direla; horiek ere babestu egiten dute produktu batzuen kalitatea eta tokian tokiko ekoizpena, baina horiek gertukoak izango dira ekoitzi diren lekutik hurbil merkaturatzen direnean bakarrik.
Datuek diotenez, Europako Batasunean, nekazaritzako sei ustiategitatik batek zuzenean kontsumitzaileei saltzen die ekoizpenaren erdia baino gehiago. Halaxe ageri du Landagunea zure etxean izeneko ikerketak (2015), Pisako Unibertsitateak (Italia) eta Wageningen-ekoak egindakoak (Herbehereak)..
ZER-NOLAKO ABANTAILAK DITUZTE?
Hurbileko elikagaiek askoz karbono arrasto txikiagoa uzten dute ehunka edo milaka kilometro egin behar dituztenek baino (gas kaltegarrien isuri gehiago sortzen dira ekoizpen eta banaketa prozesuan). Urtero, ordea, era guztietako produktuak iristen dira hainbat eta hainbat herrialdetatik. Alimentos Kilométricos izeneko txostenaren arabera (Vigoko eta Sevillako unibertsitateek eta Sevillako Pablo Olavide Unibertsitateak egina da Lurraren Lagunak GKEarentzat), 2011. urtean Espainiak 25,5 milioi tona elikagai inportatu zituen, eta, batez beste, 3.827 kilometroko bidea egin behar izan zuten eta 4,2 milioi tona CO2 sortu zituzten.
Elikagaiak multzoka hartuta, zerealak izan ziren 11,3 milioi tona (1,1 milioi tona CO2 eragin zituen horien garraioak); eta fruta, berdura eta lekaleak 3,9 milioi tona (964.000 tona CO2). Europako Batasunaren arabera, salgaien garraioak berak bakarrik berotegi efektuko gas isurien %20 eragiten ditu kontinentean.
Distantzia handiak egin behar direnean, bilgarri gehiago erabiltzen da eta, ondorioz, hondakin gehiago sortzen da. Hara eta hona ibilita, gainera, askoz elikagai gehiago galtzen da alferrik (erakunde ekologista batzuen esanetan, %30 ere bai). Arrisku erantsi bat: beste herrialde eta kontinente batzuetatik nekazaritzako produktuekin datozen edukiontzi handi horietan espezie inbaditzaileak ere etortzea, adibidez Asiako liztorra eta kakalardoa.
Etxaldeetan, kooperatibetan edo landaketa eremuetan ari diren ekoizle txikiek sustatu egiten dute enplegua eta ehun ekonomikoa, bereziki populazioa etenik gabe (eta agian modu itzulezinean) galtzen ari diren landa eremuetan. 0 kilometroko produktuak kontsumitzeak lagundu egiten du “landatartasuna mantentzen, eta horrek berekin dakar basoak babestea, bioaniztasuna zaintzea, arraza eta espezie begetal autoktonoei eustea eta erraztu egiten du jende gaztea bertan kokatzea”, adierazi du Pedro Burruezok, The Ecologist aldizkariak Espainiarako eta Latinoamerikarako argitaratzen duen argitalpenaren zuzendariak (aldizkari hori orain dela lau hamarkada sortu zuten, Erresuma Batuan).
Europako Batasunean 12 milioi ustiategi daude nekazaritzari lotuak, eta gehienak familien ekimenak dira; horiek guztiek, beren lanarekin, lagundu egiten dute landa eremuen iraunkortasunari eusten, bai ikuspegi sozioekonomikotik eta bai ingurumenaren ikuspegitik ere, eta kate motzeko hornitzaileak izaten dira (nekazariek ia bitartekaririk gabe saltzen dituzte beren produktuak). Landagunea zure etxean izeneko ikerlana egin dutenen esanetan, “aukera horiek eta nekazaritzako beste ustiategi txiki batzuk munduko elikagaien %70 ingururen hornitzaileak dira gaur egun”.
Nork ez du esan noiz edo behin “fruta honek edo tomate honek ez du ezeren zaporerik”? Segur aski, guztiz heldu baino askoz lehenago bildu dutelako izango da. Hurbileko produktu begetalak, aldiz, unerik egokienean eta beren sasoian bildu daitezke, salgai jarri aurretik ez dituzte izozten edo ez diete ematen beste tratamendurik, eta freskotasun handiagoa izaten dute. Eta hori nabaritu egiten da zaporean eta sukaldean.
Hurbileko ekoizleek nabarmentzen dute, garraioan, bilgarrietan eta bitartekarietan gasturik egiten ez dutenez, eta sasoian sasoiko barazkiak merkaturatzen dituztenez (ugari izaten direnean eta uzta guztiari irtenbide bat eman behar diotenean), beren prezioak merkeagoak izaten direla. Baina hori ez da arau finko bat; izan ere, elikagai industrialek ere, bolumen handian datozenean, prezio lehiakorragoak izaten dituzte. Hurbileko zirkuituek, bestalde, beste arau bat ere izaten dute: prezioak bidezkoa izan behar duela onartzen da. Kontsumitzaileek, dena den, beste irizpide batzuk jartzen ditu prezioaren aurretik, adibidez ingurumenaren gaineko kontzientzia, produktuaren freskotasuna edo jaten dutena nondik datorren jakitea.
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ere (MAPA) balio horiek nabarmentzen ditu: “Ekoitzi den lekuarekiko hurbiltasunak eta tokiko produktuen salmentak gero eta garrantzi gehiago dute. Gero eta gehiago, kontsumitzaileek zaporea bilatzen dute, tradizioa eta benetakotasuna, eta kalitatezko produktuak eskatzen dituzte, eta hurbilak ere bai, baina ez bakarrik inguru edo eskualde jakin batekoak, Espainiako produktuak ere nahiago izaten dituzte inportatuak baino”.
Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Agentziak (AESAN), bestalde, lehentasun gisa jarri du “hurbileko elikagaien kontsumoa sustatzea”. Hori lortzeko, bai Espainiako agintariek eta bai Europakoek “malgu jokatzen dute produktu mota horren ekoizpen eta merkaturatze baldintzekin, eta erraztu egiten dute, adibidez, zuzenean kontsumitzaileari saltzea ustiategian bertan edo tokiko merkatuetan. Gainera, produktu freskoak kontsumitzeak sustatu egiten du elikadura osasungarria”.
Nola ezagutu?
Produktu ekologikoek ez bezala, hurbilekoek edo 0 kilometrokoek ez daukate berariazko etiketa edo zigilu ofizialik, eta etiketei eta osasun erregistroari dagozkien araudi orokorrek arautzen dituzte. Gerta daiteke, jakina, hurbileko produktu hori ekologikoa izatea, eta halaxe adieraztea etiketak (ikus goiko koadroa). Hain zuzen, nahiko ohikoa izaten da bi ezaugarri horiek bat egitea: hurbiltasunari balioa eman nahi dion ekoizleak zaindu egingo du datu hori ere etiketan edo ontzian ager dadila.
Eta gauza bera egingo du merkatuko postu batek edo saltoki batek ere frutak, berdurak eta beste produktu fresko batzuk pisura saltzen dituenean. Kontsumitzaileak arreta jarri behar dio informazio horri. Autonomia erkidego batzuek, adibidez Kataluniak eta Andaluziak, legedi bat sortu dute hurbileko elikagaien sektorea hobeto kontrolatzeko, eta erregistro bat sortu dute zuzeneko salmenta egiteko baimena duten ekoizleekin.
ORDUAN, NON AURKI DAITEZKE?
- Ustiategietan eta tokiko merkatu eta azoketan zuzenean saltzeaz zain, saltoki handietan eta banaketa kateetan ere gero eta maizago ikusten dira, saltoki horiek ere gero eta kontzientzia handiagoa baitute tokikoa sustatzeko eta ingurumena babesteko. Banatzaile horiek hitzarmenak egiten dituzte hurbileko ekoizleekin.
- Kontsumo taldeak. Ekoizle txikiak izaten dira, eta antolatu egiten dira produktuak zuzenean edo Internet bidez saltzeko. Eta auto-hornitzeko hiri baratzeetan, aldi berean ekoizle eta kontsumitzaile bihurtzen dira herritarrak. Galde ezazu zure hirian ea baden gisa horretako aukerarik.
- 0 kilometroko produktuak eskuratzeko beste modu bat izaten da Slow Food zigilua duten jatetxeetara joatea (“janari mantsoa” esan nahi du, janari lasterrari kontra egiteko); 120 herrialdetan baino gehiagotan daude. Beste zenbait baldintzaren artean, gisa horretako produktuekin egindako bost plater gutxienez eskaini behar dituzte urte osoan, eta fakturen bidez egiaztatu behar dute tokiko produktuak erabiltzen dituztela egunerokoan eta ekoizle mota bati baino gehiagori erosten diotela.
ATMOSFERAK ERE AURREZTEN DU
Erosketa saskia hurbileko produktuekin beteta, ez dira erabiltzen garraiobide handiak (kamioiak edo itsasontziak), ezta karbono dioxido (CO2) isuri handiak eragiten dituzten makinak eta prozesuak ere. Lau laguneko familia bat hartu, eta hilabete osoko erosketen kalkulua egin dugu, elikagai multzo nagusi guztiak sartuta. Ikus ezazu zenbat isuri kaltegarri saihestu dezakezun hilean produktu bakoitzarekin, adibidez Granadako ahuakateak erosita bakarrik Mexikotik datozenen ordez.
- 28,96 kg berdura: -7,25 kg CO2
- 12,3 kg haragi: -2,88 kg CO2
- 6,26 kg arrain eta itsaski: -3,25 kg CO2
- 1,04 kg lekale: -0,26 kg CO2
- 44 arrautza: -0,58 kg CO2
- 2,75 l ardo: -0,74 kg CO2
- 9,55 kg kafe, infusio eta kakao: -2,10 kg CO2
- 21 l esneki: -4,41 kg CO2
- 15,88 kg zereal eta irin: -1,58 kg CO2
- 31,93 kg fruta: -7,98 kg CO2
- 1,15 kg azukre: -0,4 kg CO2
- 12,46 kg beste elikagai batzuk (1): -3,23 kg CO2
(1) Opilak, saltsak, zopak, kremak…
Elikagaien Kontsumoari buruzko Txostena 2017 (MAPA) lanetatik atera ditugu datuak. Familia batek zenbat elikagai kilo hartzen duen hilabeteko erosketan. Ekoizpen prozesuan zenbat kilo CO2 isurtzen den atmosferara. Erabilitako tresna: alimentoskilometricos.org
Produktu batzuetan Europako logoa aurkituko duzu, elikagai ekologiko gisa sailkatzen dituena. Egiaztatze kodearen ondoan joan ohi da:
- ES= EBko estatua. Kasu horretan, Espainia.
- ECO= Ekologikoa. Beste laburdura hauek ere ager daitezke: BIO (biologikoa) eta ORG (organikoa).
- 000= Egiaztatze erakundearen zenbakia. Espainian 27 daude.
- XX= Autonomia erkidegoa.